Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2013ko 250. NAOn argitaratua, abenduaren 31n. Aldaketak: 115/2014 Foru Agindua, maiatzaren 9koa)
Atarikoa
Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren uztailaren 23ko 341/2013 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean 2014ko jaiegun ordainduak, errekuperatu ezinezkoak, biltzen dituen egutegi ofiziala erabaki ondoren, bidezkoa da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2014ko aste barreneko jaien egutegia eta haien urteko lanordu kopuruaren banaketa onestea, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanorduen kopuruaren arabera.
Foru agindu honetan lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk ere arautzen dira, hala nola: lanaldiko atsedenaldia, prestakuntza ikastaroetara joatea eta arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.
Foru aginduaren edukia behar bezala negoziatu da sindikatuekin mahai orokorrean, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluan xedatutakoarekin bat. Dekretu horren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zen.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Aste barneko jaiegunak zehaztea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aste barreneko jaiegun hauek izanen dituzte 2014an:
–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
–Urtarrilaren 6a: Jaunaren Agerkundea.
–Martxoaren 19a: San Jose.
–Apirilaren 17a: Ostegun Santua.
–Apirilaren 18a: Ostiral Santua.
–Apirilaren 21a: Pazko bigarrena.
–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
–Uztailaren 7a: Sanferminak. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
–Azaroaren 1a: Santu Guztien eguna.
–Azaroaren 29a: San Saturnino. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren eguna.
–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.
–Abenduaren 25a: Jaunaren Jaiotza.
2. Iruñean ari ez diren langileentzat, jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2014ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herriko besta eguna, bai eta herriko bestetako beste egun bat ere, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzen diren langile guztientzat oro har ezartzen duenaren arabera.
3. Herriko festei dagokien jaieguna dela-eta, aurreko idatz-zatitik salbuetsiko dira Antsoainen, Barañainen, Berriozarren, Atarrabian, Burlatan, Zizur Nagusian, Zizurren, Mutiloan eta Sarrigurenen osasun etxe edo herriko kontsultategi batean aritzen diren langileak, Iruñeko udalerrirako kontzeptu horrengatik jaieguntzat ezarri den jaiegun bera izanen baitute (hau da, uztailaren 7a).
2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan urteko lanorduen kopurua 1.592koa izanen da eta honela banatuko da:
1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, ordutegi malgua ezarrita duten unitateetan, martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, ordutegiaren zati finkoa 09:00etatik 14:30ak bitartekoa izanen da. Langileak malgutasunez erabakiko du gainontzeko lanorduak noiz egin, betiere 07:30etik 09:00ak bitarte eta 14:30etik 17:00ak bitarte.
Ordutegi malgua ezarrita ez duten unitateetan, nahitaez 08:00etatik 15:00ak arte aritu beharko da; gainerako 20 minutuak egiteko, langileek malgutasuna izanen dute, 07:40tik 08:00ak arte eta 15:00etatik 15:20ak arte.
3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, Iruñean aritzen diren langileek berezitasun hauek izanen dituzte:
a) Uztailaren 8a, 9a, 10a, 11 eta 14a, Sanferminak: ordutegi finkoa, 09:00etatik 13:00ak arte.
b) Abenduaren 24a eta 31: ordu eta erdiko murrizketa lanaldiaren bukaeran.
c) 16 ordu eta 20 minutuko poltsa bat; denbora hau urtean zehar hartuko da, zerbitzuaren beharren arabera.
4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, Iruñean aritzen ez diren langileek berezitasun hauek izanen dituzte:
a) 24 ordu herriko bestetan eta herriko besta egunean (ofizialki ezarria), kasu bakoitzaren arabera banatzekoak. Murrizketa honek Iruñean diharduten langileei dagokienak bezainbat ordu egiten du.
b) Abenduaren 24a eta 31: ordu eta erdiko murrizketa lanaldiaren bukaeran.
c) 16 ordu eta 20 minutuko poltsa bat; denbora hori urtean zehar hartuko da, zerbitzuaren beharren arabera.
5. Aurreko idatz-zatietan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla-eta, lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat (lana txandaka, gauez, etab.) dutenei, ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.
Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere ezarria dagoen urteko lanorduen kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion mahai orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.
6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetako lan ordutegia ez-bezalakoa izatea baimen dezake, goiko atalean aipatutako mahai orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.
3. artikulua. Lanaldiko atsedenaldia.
Eguneroko 6 ordutik gorako lanaldi jarraitua duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.
4. artikulua. Prestakuntza ikastaroetara joatea.
1. Prestakuntza ikastaroetan emandako denbora lan denboratzat hartuko da ikastaroak lanorduetan egiten badira eta zerbitzuaren beharrek horretarako bide ematen badute.
2. Oro har, lanorduetatik kanpo egindako prestakuntza ikastaroek ez dute eskubiderik sortuko ordu edo diru konpentsazioa jasotzeko. Administrazioak langileari prestakuntza ikastaro batera nahitaez joateko agintzen dionean, lanpostuaren berezko zereginak behar bezala betetzeko ezinbestekoa izateagatik, eta soilik kasu horretan, ikastaroan emandako denbora lan denboratzat hartuko da urteko lanordu kopurua zehaztean, eta langileak eskubidea izanen du zerbitzuan izandako gastuen kalte-ordainak kobratzeko.
5. artikulua. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.
1. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da arrazoia Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia) agertzen diren kasuetako bat bada.
2. Langilearentzako beharrezko laguntza medikoaren kasuetatik aparte, arrazoi partikularrengatik lantokian agertzen ez bada edo lantokitik alde egiten bada eta arrazoia aipatu erregelamenduan finkatzen diren berezko arrazoietako bat ez bada, eginkizun partikularrengatiko baimen ordainduaren orduen kargura egin beharko da nahitaez edo, bestela, foru agindu honen 2. atalean finkatutako orduen poltsaren kargura. Baimentzeko lehentasuna izanen da lantokian ez agertzeko edo lantokitik alde egiteko arrazoia laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotura duten betebeharrak betetzea bada.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.