(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

249/1992 FORU DEKRETUA

249/1992 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 29KOA, ZEZEN IKUSKIZUNEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

(Jatorrizkoa 1992ko 80. NAOn argitaratua, uztailaren 4an; akats zuzenketa, 1992-07-29ko NAOn. Aldaketak: 38/2001 Foru Dekretua, otsailaren 19koa; 183/1997 Foru Dekretua, uztailaren 4koa; 59/2009 Foru Dekretua, uztailaren 2koa)

Atarikoa

Jendaurreko Ikuskizun eta Josteta Iharduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak, Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 44. artikuluak Nafarroari ematen dion ikuskizunen gaineko erabateko eskumenaz baliaturik emanak, haren aplikazio esparrua zabaltzen du zezen ikuskizunetara eta horien xedapenak garatzeko eskumena ematen dio Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako Gobernuak, ekainaren 29an, 152/1989 Foru Legea onetsi zuen, zezen-jaiak baimentzeko baldintzak arautzen dituena, 1962.eko zezen erregelamendua ez bait zen egokitzen administrazio mailako inguruabar berrietara eta Nafarroako Parlamentuak aipatu 2/1989 Foru Legea onetsi bait zuen. Erregelamendu horrek 1962.eko erregelamenduaren alderdi batzuk indargabetzen zituen Nafarroan eta zezen plaza, eritegi, baimen prozedura, lehendakaritza eta agintaritzaren ordezkari, ikusle, zezen eskola eta erregimen zehatzaileari buruzko xedapenak gaurkotzen zituen. Alabaina, ez ziren orduan arautu profesionariak, ganadua edo zezenketen garapena bezalako beste aspektu batzuk, nazioko lurralde osorako arautegi bat behar bait zen. Hori dela eta, 1962.eko erregelamenduak indarra izaten jarraitu zuen, ordezko eskubide gisan, aspektu guzti horietan.

Zezen ikuskizunen gaineko ahalmen administratiboei buruzko apirilaren 4eko 10/1991 Legea eta zezen ikuskizunen estatuko erregelamendu berria otsailaren 28ko 176/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsi zenez geroztik, hainbat berrikuntza sortu dira zezen ikuskizunen erregelamenduan. Berrikuntza horiek egoera berrira egokitzeko bidezkoa da 152/1989 Foru Dekretua aldatzea, hemendik aurrera Nafarroan aplikatu beharreko xedapen guztiak testu bakar batean bilduko direla. Xede horrexekin berrantolatu dira erregelamendu berri honetan 152/1989 Foru Dekretuko xedapen batzuk eta estatuko beste batzuk, lehen indarra zuten arauak aplikatzerakoan esperientziak erakutsitako beharrezko aldaketak eta Nafarroan egiten diren zezen ikuskizunen inguruabar berezien eta bere tradizioen ondorioz sortuak sartu direla.

Horrenbestez, Lehendakaritza Kontseilariaren proposamenez, eta Nafarroako Gobernuak, 1992.eko ekainaren 29an egindako bilkuran, hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Zezen Ikuskizunen Erregelamendua onetsi da. Ondotik ematen da horren testua.

ZEZEN IKUSKIZUNEN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. Xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Xedea eta esparrua.

1. Honako erregelamendu hau Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten diren zezen ikuskizun guztietan bete beharko da. Zezen ikuskizunak abere suharrek parte hartzen dutenetakoak izanen dira.

2. Ez da zezen ikuskizunik egiterik izanen, erregelamendu honetan xedatutako baldintzetan eta bertan jasotzen diren administrazio baimenekin baizik.

II. KAPITULUA. Tokien betebeharrak

Lehen saila. Zezen-plaza finkoak

2. artikulua. Administrazio baimenak.

1. Zezenplaza finkoak eraiki eta zaharberritzeko, dagozkien iharduera eta irekitze baimenak beharko dira, indarra duten arauen arabera eskuduna den Udalak ematekoak.

2. Urtero, edozein zezen ikuskizun egin baino lehen, zezenplazaren enpresa titularrak denboraldirako irekitze baimena eskatu beharko dio Lehendakaritza Departamentuari, eskabidearekin batera honako agiriok aurkeztuko dituela:

a) Arkitektoak, Arkitekto Teknikoak edo Aparejadoreak, dagokion Lanbide Elkargoak ikus-onetsirik, emandako egiaztagiria, zezen plazak erregelamendu honetan eskatutako segurtasun neurriak dituela frogatzen duena.

b) Lehen Osasun Laguntzako Taldeko zuzendariak edo, bestela, herriko mediku titularrak emandako egiaztagiria, plazako eritegiak erregelamendu honetan eskatutako segurtasun neurriak dituela frogatzen duena.

c) Erregelamendu honetan eskatutako baldintzetan, ikuskizunetarako gutxienez anbulantzia bat dagoela frogatzen duen frogagiria.

d) Albaitari eskudunak emandako egiaztagiria, kortek, zezentokiek, ikuiluek, larrutze-gelek eta ganaduarendako beste instalazio guztiek eskatutako osasun eta higienezko baldintzak betetzen dituela frogatzen duena.

Aipatu agiriok aurkeztu gabe ezin emanen da plaza berriz irekitzeko baimenik eta, horrenbestez, ezin emanen da ikuskizunik.

3. Aurreko atalean aipatzen den plaza berriz irekitzeko baimenak zezen denboraldi baterako indarraldia izanen du eta ematen den urteko abenduaren 31n indarra galduko du.

3. artikulua. Kokalekua.

1. Zezenplazak sarbide zabaleko lekuetan kokatu behar dira eta behar diren komunikabideak izan behar dituzte. Aurrekaldeek ibilgailuen zirkulaziorako bide publiko edo gune irekietara jo behar dute.

2. Zezen plazen kapazitatea ondoko bide publiko edo gune irekien araberakoa izanen da, horiek barrutiko okupatzaileak biltzeko adina leku izan behar bait dute.

4.artikulua. Irteerak.

1. Irteeren kokapenak homogeneoa izan behar du. Ate bakoitzaren gutxieneko zabalera 1,80 metrokoa izanen da.

2. Ibilgailuen sarbideak, halakorik badago, eta ikusleenak independienteak izanen dira, eta ez dira kontuan hartuko aurreko atalean ezarritako neurketarako.

3. Ate guztiak ardatz bertikalaren inguruan zabalduko dira, eta kanporantz zabaldu ere, alegia, irekitzerakoan irteerako bidearen zabalera erreala gutxitu gabe. Halaber, zabaltzeko mekanismo errezak izanen dituzte.

4. Tendiduetan gutxienez ere, 1,80 metroko zabalerako eskilara edo arrapalak egonen dira.

5. artikulua. Tokiak.

1. Tokiak jezartzekoak, finkoak eta zenbatuak izanen dira, sakoneran, gutxienez, 0,85 metroko lerrotan banatuak, zeinetatik jezarlekurako izanen bait dira eta 0,45 pasabiderako. Toki bakoitzak, gutxienez, 0,50 metroko zabalera izanen du.

2. Luzerako pasabideek edo biribilek, gutxienez ere, 1,20 metroko zabalera izanen dute.

3. Jezarlekuetara joateko pasabide erradialek, gutxienez ere, metro bateko zabalera izanen dute.

4. 3. atalean aipatutako bi pasabide erradialen artean, tendidu, harmaila eta estalpeko mailetako gehieneko jezarleku kopurua ez da 30 baino gutxiagokoa izanen. Jezarlekuko 12 lerroetatik, 2. atalean aipatutako luzerako pasabide edo pasabide biribil bat egonen da gutxienez ere.

5. Jezarlekuak, zezen plaza zeharo betetzen bada ere, edozeinetatik hondarra osorik ikusi ahal izateko moduan jarriko dira.

6. artikulua. Ikusleak sartu eta egoteko baldintzak.

1. Tendiduetatik kanpo eta jendea igarotzeko dauden galeria edo barnebideek, gutxienez ere, 1,50 metroko zabalera izanen dute.

2. Tendidu, harmaila eta estalpeko mailetako lehen iladan, eta arriskurik baldin badute, baita tarteko pasabideetan ere, barandak edo segurtasun kableak ipini beharko dira. Irteera eragotziko lukeen elementurik jartzea ekidinen da.

3. Ikusleak egon edo igarotzeko tokiek, egoera normalean, beren berezko pisuari ezezik, metro karratuko 400 kilogramoko gainkarga bati ere eutsi ahalko diote gutxienez ere.

7. artikulua. Higienezko zerbitzuak.

1. Zezen plaza guztiak pixatokiz eta komuntzuloz hornituta egonen dira behar diren higienezko baldintzetan. Batzuak nahiz besteak estalpekoak izanen dira eta homogeneoki banatuta egonen dira eraikinean zehar.

2. Gutxienez ere, hiru komuntzulok egon behar dute 500 ikusleko, horietarik bi herenak emakumezkoendako izanen direlarik, eta pixatoki batek 150 gizonendako. Komuntzuloak eta pixatokiak sexuaren araberako gune independienteetan egonen dira banatuta. Konketak ere egonen dira eta kopurua komuntzulo eta pixatokien batuketaren erdia izanen da.

8. artikulua. Hondarra eta barrerak.

1. Zezenplazako hondarrak, gutxienez ere, 35 metroko diametroa izanen du.

2. Hondarraren inguruan 1,60 metroko alturako ba-rrera bat egonen da eta bertan hiru atetzar egonen dira, bi orrikoak eta barrera bezain gotorrak.

3. Barrerek, gutxienez ere, lau ezkutaleku izanen dituzte, beren artean distantzia bera izanen dutenak eta zezenkariei kailejoira behar den seguritateaz igarotzen uzten dietenak.

4. Barrera eta ezkutaleku guztiak berdinduta egonen dira hondarreko aldetik; konkorrik egotea galerazi ezin badaiteke, leundu egin beharko dira, ointokiak ezik.

9. artikulua. Kailejoia.

1. Tendiduei eusten dien murruak, gutxienez ere, 2,20 metroko altura izan beharko du.

2. Barreraren eta tendiduei eusteko murruaren artean 1,50 eta bitarteko kailejoi biribilak egon beharko du.

3. Kailejoian, ikuskizunak egiten diren bitartean Agintaritzaren ordezkariak eta beren ordezkariek, seguritate publikorako ajenteek, osasun langileek, koadrilek, enpresaren eta abeltzainen ordezkariek eta ikuskizunetan zerbitzuren bat eman behar duten pertsonek okupatzeko beste ezkutaleku egonen dira. Plaza berriz irekitzeko baimenean adieraz daiteke non kokatuko diren agintaritzaren ajente eta osasun langileendako ezkutalekuak. Hala ere, langile hauen ezkutalekua eritegiko sarreratik hurbil egonen da.

4. Kailejoiko eta tendiduetako sarrerek independienteak izan beharko dute.

10. artikulua. Kortak.

1. Plazek egiten diren ikuskizun kopuru eta horien ezaugarrietarako behar diren kortak izanen dituzte, atetzarren bidez elkarren arteko pasabideak izanen dituztenak eta batek, gutxienez, zezentokiko pasabiderako bidea izanen du. Korta guztietan ezkutalekuak jarriko dira, abereak behar diren segurtasun baldintzetan aztertu ahal izateko.

2. Abereak sartu eta ateratzeko, korta batek kalerako pasabide bat izan behar du, garraio kamioiak igaro ahal izateko, edo, bestela, operazio bera egin ahal izanen da hondarretik.

11. artikulua. Zezentokiak.

1. Zezentokiak, zortzi gutxienez, abereen mugimenduak behar den seguritateaz egiteko moduan egonen dira eraikita.

2. Zezentoki edo sendaketa-kaiola bat jarri beharko da behar bezala egokituta, hondarretik itzultzen diren aberreak sastakatu, behar diren ebaketa edo sendaketak egin edo ebaketa behar dutenak bolaztatzeko.

12. artikulua. Patioa.

1. Plazak, gutxienez, hondar eta kalerako pasabidea izanen duen patio bat izanen du, abereak herrestan eraman, zaldiak eta koadrilak igaro eta hondarretik kanpo egin behar diren operazio guztiak egiteko adinako zabalera izanen duena.

2. Patioan ikuiluak, zaldi-tresnategiak, haragi-hondakinen nabea eta behar diren beste gelak jarriko dira.

13. artikulua. Ikuiluak.

1. Ikuiluak ikuskizunetan parte hartuko duten zaldiak hartzeko adina toki izanen du eta bertan ganbelak, aska txorrotadunak eta isurbideen aldera makurtutako zoru iragazkaitza egonen dira. Bertan zaldi eritegia kokatzeko beste toki ere egonen da.

2. Zaldi-tresnategiak bere eginkizunak betetzeko beste toki izanen du eta bertan babesak pisatzeko baskula bat egonen da.

14. artikulua. Haragi-hondakinen gela.

1. Haragi-hondakinen gela, zezenketan hil edo ondotik sastakaturiko abereak larrutu eta beren haragi-hondakinak bereizteko da soilik.

2. Aipatu gela hori erabat itxirik izanen da eta beharko du izan ur korrontea, zoru iragaztezina hustubideetara maldatxoa izanik, garbiketa egin ahal izateko moduan, pareta alikatatuak edo aisa garbi daitekeen material iragaztezinez estaliak 1,80 metroko altueraraino, eta argiztapen nahiz aireztapenik aski.

3. Gelan harraskak izan behar dira, barrenkiak eta post-mortem azterketa egiteko behar diren tresnak garbitzeko.

4. Ez da haragi-hondakinen gelarik beharko, zezenketan hiltzen diren abereak onarturiko hiltegi bateraino eraman eta egin beharreko lana, aberea hil eta ondorengo 30 minutuetan egiten ahal bada.

5. Nolanahi ere, haragi-hondakinen gelan edo, bestela, egokia izan daitekeen beste lekuren batean, zezenketan hiltzen diren abereak pisatzeko balio dezakeen baskula bat izan beharko da. Horretaz aparte, enpresak leku berean izanen ditu kutxak, prezinto metalikoak eta, hala denean, aztertu beharreko adarrak kontserbatu eta garraiatzeko behar diren gainerako guztiak.

15. artikulua. Bestelako zerbitzuak.

1. Jarlekuetara joateko pasabideetan edari-saltokiak paratzen ahal dira, ikusleak kanpora ateratzeko behar den zabalera murrizten ez badute. Saltoki horiendako baimena emateko, mota honetako instalazioei, aldi baterako izaten direnei alegia, dagokien arauteria bete beharko da.

2. Aurreko atalean aipatzen diren edari-saltokietan ez da beirazko ontzietan dagoen edaririk saltzen utziko.

16. artikulua. Segurtasuneko beste baldintza batzuk.

1. Eraikuntza guztien egiturak suaren aurkako jasankortasuna beharko dute izan, 60 minutukoa gutxienez.

2. Sail honetan xedatzen ez direnetarako, Suteen aurkako Babes Baldintzak-Eraikuntzako Oinarrizko Arauean xedatzen dena aplikatuko da.

Bigarren saila. Zezenplaza ez-finkoak

17. artikulua.

Hirugarren saila. Zezenplazetatik kanpoko ikuskizunak

18. artikulua. Ikuskizunak burutzeko baldintzak.

1. Zezenplazetatik kanpora, erabat edo neurri batean, abereen heriotza berekin ez dakarren zezen-ikuskizunik burutzen ahal da.

2. Zezenplazetatik kanpora burutzen diren ikuskizunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lekuak edo ibilbideak isolaturik egon behar du, abereak noraezean joan ez daitezen. Isolamendu hori egiteko, behar den lekuetan zurezko zerrakura paratuko da, bai babes gisa erabiltzen duen jendearen pisua bai abereen bultzakada jasateko behar bezain sendoa izanen dena.

b) Ikuskizuna burutzen den leku edo ibilbidean ez da oztoporik izanen, abere edo partehartzaileek igarotzeko eragozpenik izan ez dezaten.

c) Ibilbidean ez da lau metrotik beheitiko zabalera duen tarterik izanen, non eta ez diren herri-tradizioak finkaturik dauzkan ibilbideak.

III. KAPITULUA. Osasun arloko baldintzak

Lehenbiziko saila. Erizaindegiak

19. artikulua. Zezenplazetako erizaindegiak

1. Zezenplaza guztiek erizaindegi bat izan behar dute, hondarretik sarrera zuzena eta kanpora azkar ateratzeko moduko bidea izanen dituena.

2. Zezenplaza ez-finkoek ingurualdean paratzen ahal dute beren erizaindegia, baina, beti ere, hondarretik gehienez ere 50 metrotara.

3. Erizaindegiak bi gela izanen ditu gutxienez, bereiz eta elkarren artean komunikaturik egonen direnak. Bata harreraleku gisa erabiliko da, eta bestea iharduketa-gela izateko prestatuko da. Leku horiek neurri egokiak izan beharko dituzte, bertan egiteko direnak eroso burutzeko aukera eskainiko dutenak. Erosotasun eta egokitasun hori kontutan hartu beharko dira, baita ere, ondoko ataletan aipatzen diren altzariak eta materiala antolatzerakoan.

4. Erizaindegiko gela guztiek aireztapen eta argitasunik aski beharko dute izan, bai eta ur korronte edangarria ere, hotza eta beroa. Larrialdietarako argiztapen sistemaren bat izan beharko da, argi-indarra mozten denerako. Zoru eta pareten estalduretako materialak iragaztezina izan beharko du, aisa garbitu eta desinfekta daitekeena. Erizaindegietan, gutxienez, honako baliabide material hauek izan beharko dira:

a) Ohatila artikulatu bat, eria Trendelemburg jarreran paratu ahal izateko.

b) Mahai txiki bat, material kirurgikoa bertan uzteko.

c) 6 maindire eta 6 oihal kirurgiko, esterilizatuak.

d) 4 bata kirurgiko, esterilizatuak.

e) Eskularru kirurgiko esterilizatuak, 10 pare.

f) Aho-sudurretako maskara kirurgikoak, 4.

g) Konpresa kirurgikoak.

h) Gasak eta kotoia, esterilizatuak.

i) Kirurgiako tresna hauek:

-4 bisturi.

-2 aiztur zuzen.

-2 aiztur kurbo.

-Disekzioko 4 pintza, hortzekikoak.

-Disekzioko 4 pintza, hortzik gabeak.

-Kocher pintzak, 6.

-Pean pintzak, 10.

-4 pintza sendo.

-Iharduketako 10 pintza.

-Farabeuf zabalgailuak, 2.

-2 orratz-eramailu.

-10 orratz.

-Zeta eta catgutezko hariak.

-Trakeotomiarako kanulak.

j) Laringoskopioa.

k) Argi-fokoa, argi zuzena eta orientagarria ematekoa.

l) Oxigenoterapia higigarria eta aho-sudurretako maskarak.

m) Ambu bat.

n) Mayo hodiak, helduendakoak (5 zk.) eta haurrendakoak (2 zk).

ñ) Drainatze kirurgikoak.

o) Esfigmomanometroa eta fonendoskopioa.

p) Xiringak eta neurri eta mota guzietako orratzak.

q) Suero-infusiorako material-sorta, 3.

r) Hemostasiarako mahukatxoa.

s) Botika hauek:

-Adrenalina anpuluak, 4.

-Atropina anpuluak, 4.

-Dipirona anpuluak, 6 (analgesikoak).

-Anpulu fibrinolitikoak, 4 (odoljarioa geldieraztekoak).

-Metilprednisolona anpuluak, 6 (40 mg.koak).

-Anpulu kardiotonikoak, 3.

-Aminofilina anpuluak, 2.

-Lidokaina edo nobokaina anpuluak, 10.

-Anpulu antihistaminikoak, 4.

-Diazepan-10 anpuluak, 10.

-Anpulu antiemetikoak, 4.

-B6 bitaminadun anpuluak, 4 (300 mg.koak).

-Glukosa anpuluak, 4 (zain barnetik sartzekoak).

-Baselina.

-Nitrofurazona, krema.

-Heparinoidea, krema.

-Kortikoide topikoa.

-Tul-koipedun apositoak.

-Antiinflamatorio topikoa, kortikoiderik gabea.

-Alkohola.

-Ur oxigenatua.

-Pobidona.

-Diazepan 5 mg.

-Angor-en kontrakoak (mingain azpirakoak).

-Tiritak.

-Bendak.

-Esparadrapoa.

-Kolirio antiseptiko lasaigarria.

-Tetanoaren kontrako sueroterapia.

-Suero fisiologikoa, 2000 c.c.

-Bikarbonatodun sueroa, 2000 c.c.

-Bolemia haunditzeko sueroa, 2000 c.c.

6. Erizaindegitik ahalik eta hurbilen anbulantzia bat izanen da, edozein ikuskizun hasi baino ordu erdi bat lehenagotik eta ikuskizunak dirauen bitartean han egon beharko duena. Anbulantzia egonen deneko lekua behar bezala seinalizaturik egonen da, eta zauritua kanpora eramatea eragozten ahal duen inolako oztoporik gabe. Ikuskizuna pikadoreekin egiten bada, anbulantzia SAMU-AZU motakoa izanen da.

7. Artikulu honetan eskatzen diren baliabide materialak erizaindegian edo anbulantzian paratzen ahal dira, baldin eta azken hori SAMU-AZU motakoa bada.

20. artikulua. Beste erizaindegiak.

1. Zezenjaiak zezenplazetatik kanpora egiteko, ikuskizuna burutuko deneko lekutik hurbil erizaindegiren bat izan beharko da, bertara joan eta bertatik alde egiteko baldintza egokietan izanen dena.

2. Aurreko atalean aipatu erizaindegiek, aurreko artikuluko 3. eta 4. ataletan zehazten diren baldintza berberak bete beharko dituzte. Dena den, gela bakarrekoak izaten ahal dira, baldin eta neurriz egokiak baldin badira, eta bionbo edo antzekoen bidez bereizketarik egin dadin onartzen badute. Aipatu erizaindegi horiek, gutxienez, honako tresneria hau izan beharko dute:

a) Ohatila bat.

b) Mahai txiki bat, material kirurgikoa bertan uzteko.

c) Azterketarako lanpara higigarria.

d) Bata kirurgikoak.

e) Eskularruak.

f) Oihal kirurgikoak.

g) Maindireak.

h) Konpresa kirurgikoak.

i) Esfigmomanometroa.

j) Fonendoskopioa.

k) Mayo hodiak, 2 eta 5 zk.koak.

l) Oxigenoterapia.

m) Laringoskopioa.

n) Trakeotomiarako kanulak.

ñ) Anbu bat.

o) Hemostasiako mahukatxoak.

p) Honako tresna kirurgiko hauek:

-2 bisturi.

-2 aiztur kurbo.

-2 aiztur zuzen.

-Zeta eta catgutezko hariak.

-Orratzak eta orratz-eramailuak

-Hemostasiako pintzak.

-Disekzioko pintzak.

q) Xiringak eta orratzak.

r) Suero-infusiorako material-sorta.

s) Aurreko artikuluan zehazturiko botika berberak.

4. Erizaindegitik ahalik eta hurbilen anbulantzia bat izanen da, gutxienez, ikuskizuna hasi baino ordu erdi bat lehenagotik eta ikuskizunak dirauen bitartean han egon beharko duena.

21. artikulua. Erantzukizunak eta kontrola.

1. Ikuskizunak antolatzen dituen enpresa arduratuko da erizaindegiaz, aurreko artikuluetan zehazturiko baldintzetan egon eta eskatzen den materialaz behar bezala horniturik izan dadin.

2. Horretarako izendatuko diren Lehen Osasun Laguntzako Taldeko Kideek, edo hauen ezean, tokiko mediku titularrak, ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenago, Eritegia baldintza egokietan dagoenentz ikusi beharko dute eta horren akta jaso. Akta hori enpresari eta agintaritzaren ordezkariari emanen diete, ahalik eta azkarren.

Bigarren saila. Mediku-erizainak

22. artikulua. Eritegietako mediku-erizainak.

Zezenplazetako eritegietan, gutxienez, honako langile hauek egon beharko dute:

a) Zirujau bat.

b) Mediku laguntzaile bat.

c) Osasun Teknikari Laguntzaile bat, edo Erizaintzan Diplomatu bat.

2. Zezenplazetan egiten ez diren ikuskizunetarako eritegietan, gutxienez, honako langile hauek egon beharko dute:

a) Zirugia arloan eskarmentua duen mediku bat.

b) Mediku aurkigarri bat, Lehen Osasun Laguntza Taldeko kidea edo, honen ezean, tokiko mediku titularra izanen dena.

c) Osasun arloko Teknikari Laguntzaile bat edo Erizaintzan Diplomatu bat.

3. Ikuskizuna antolatzen duen enpresak bere gain hartuko du artikulu honetan zehazturiko mediku-erizainei ordaindu eta behar duten materiala helerazteko erantzukizuna.

23. artikulua. Albaitariak.

1. Zezenketa eta pikadoredun nobilladetan hiru albaitari egonen da, Iruñeko zezenplazan salbu, horretan lau egonen baitira. Zezenplazetan eginen diren gainerako ikuskizunetan bi albaitari egonen da.

2. Albaitariek abereei egiten zaizkien aurretiko eta behin betiko errezonozimenduetan egon beharko dute, bai eta abereak banatuak eta torilatuak izan arte egiten diren ekintza guztietan ere.

3. Tokian tokiko albaitarien izendapena, urtero eginen du Lehendakaritza Kontseilariak, denboraldia hasi aurretik. Izendatuak abereen ikuskaketa eta osasunaren arloan eskumena duten zerbitzuetako funtzionari publikoak, ihardunean egon beharko dutenak, izanen dira eta horiei izendapen proposamena eskatuko zaie. Proposamen hori, ahal bada, arlo horretan eskarmentua duten funtzionarien aldekoa edo horretarako prestakuntza berezia eginen dutenen aldekoa izanen da.

4. Osasun Publikoko ikuskaritzako albaitarien eginkizunak honako hauek izanen dira:

-Larrutu, arraiak atera eta haragi-hondakinen gelek erregelamenduetan zehazturiko osasun eta higiene baldintzak betetzen dituztenentz ikuskatzea.

-Aberea hil ondoren, haragia, erraiak eta hondakinak ikuskatzea.

-Albaitarien ikuskapenen ziurtagiriak luzatzea, aurreko atalei dagozkiena.

5. Abeltzaintzako albaitarien eginkizunak honako hauek izanen dira:

-Ikuilu, zezentoki, zalditegi eta abereekin zerikusirik duten instalazioek erregelamenduetan zehazturiko osasun eta higiene baldintzak betetzen dituztenentz ikuskatu eta horren ziurtagiriak luzatzea.

-Animalia biziak garraiatu ahal izateko behar diren osasun arloko baimenak egiaztatzea.

-Abereen osasunaren errekonozimendua.

-Zezenaren errekonozimendu zooteknikoa.

-Zezenketa bukatu ondoren, adarren errekonozimendu eta kontrola egitea.

-Zaldiak garraiatu ahal izateko behar diren osasun arloko baimenak ikuskatzea.

-Zaldien osasunaren errekonozimendua.

-Zaldiak jaialdian erabiltzeko gaitasunaren errekonozimendua.

-Zaldien errekonozimendu zooteknikoa.

6. Ihardungo duten albaitari guztien artean honako eginkizun hauek beteko dituzte:

-Zezenketa egin aurretik, abereen errekonozimendua egitea eta zezenketarako duten gaitasunaren balorazioa.

-Animalien doping-kontrola egitea (zezen eta zaldiei).

-Jaialdian zehar Lehendakaritzari aholkuak ematea.

IV. KAPITULUA. Enpresa, profesionari eta ganadu-etxeen Erregistroa

Lehen saila. Zezen-jaialdietako enpresen erregistroa

24. artikulua. Definizioa eta izen-ematea.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, zezen-jaialdietako enpresak dira zezen jaialdiak antolatu eta, ikuslego eta Administrazioaren aurrean, horiek egitearen ondotik etor daitezkeen erantzukizunak bere gain hartzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

2. Ikuskizun publikoetako enpresek Lehendakaritza Departamentuan izanen den kasuan kasuko erregistroan eman beharko dute izena.

Bigarren saila. Zezenkari profesionalen erregistroa

25. artikulua. Definizioa.

1. Zezen-jaialdietan parte hartu eta diruordainen bat hartzen duten pertsona guztiak hartuko dira zezenkari profesionaltzat.

2. Zezenkari profesionalek, jaialdietan parte hartu ahal izateko, Lehendakaritza Departamentuan dagoen erregistroan izena emana izan beharko dute.

3. Zezenkari profesionalen Erregistroak sail hauek izanen ditu:

I. saila: Zezen-hiltzaileak.

II. saila: Zezenko-hiltzailea, pikadoreekin.

III. saila: Pikadorerik gabeko zezenko-hiltzailea.

IV. saila: Burtzikariak.

V. saila: Banderilari eta pikadoreak.

4. Estatuko Administrazioko edo beste Autonomia Elkarte bateko zezenkari profesionalen erregistroetako inskripzioak Nafarroan baliagarriak izateko, hitzarmena sinatu beharko da.

26. artikulua. Izen-ematea.

1. Zezenkari profesionalen erregistroan izena eman aurretik, interesatuak eskaera egin beharko du, eta horrekin batera dagokion atalean inskribatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Erregistroan honako datu hauek azalduko dira: zezenkariaren datu pertsonalak, izengoitia, lanbide-maila, maila horretan daramatzan urteak, zenbat zezenketatan parte hartu duen denboraldi bakoitzean, aurretik izandako lanbide-mailak eta horietako bakoitzean zenbatetan aritu den, legezko ordezkaria eta lanbideari buruz behar diren gainerako datuak. Halaber eta halakorik balitz, zezenketen inguruan jarri zaizkion zehapenak ere aipatu beharko dira. Aginduzko epeak bukatuta, zehapen horiek erregistrotik ezabatuko dira.

3. Urtero eta denboraldiaren lehenbiziko jaialdian parte hartu aurretik, izen-emateari dagozkion datuak gaurkotu beharko dira.

27. artikulua. Zezen-hiltzaileak.

1. Zezen-hiltzailearen izaera eskuratzeko eta I. Sailean izena eman ahal izateko, interesatuak azkeneko bi denboraldietan pikadoreekin egindako hogeitabost nobilladetan parte hartu duela frogatu beharko du.

2. Behin I. Sailean izena emanda, alternatiba zezenketa batean hartuko da, ohizko eran.

28. artikulua. Zezenko-hiltzaileak, pikadoreekin.

1. Pikadoreekin aritzeko zezenko-hiltzailearen izaera eskuratzeko eta II. Sailean izena eman ahal izateko, interesatuak azkeneko bi denboraldietan pikatzailerik gabeko hogeitabost nobilladetan parte hartu duela frogatu beharko du.

29. artikulua. Pikadorerik gabeko zezenko-hiltzaileak.

1. Pikadorerik gabeko zezenko-hiltzailearen izaera eskuratzeko eta III. Sailean izena eman ahal izateko, toreatzailea profesional batek, ganaduzale edo profesionari talde batek aurkeztu beharko dute, haren gaitasun eta prestasunaren fede eman dezaten.

2. Hauez gain, III. Sail horretan izena eman ahal izanen dute Tauromakia Eskola batean urte batez, gutxienez, aritu direla frogatzen dutenek.

30. artikulua. Burtzikariak.

1. IV. Sailean bi kategoria egonen da:

a) Zezenen burtzikari bezala izena eman ahal izateko, interesatuak azkeneko bi denboraldietan zezenko-burtzikari lanetan hogei jaialditan aritu dela frogatu beharko du.

b) Zezenkoen burtzikari bezala izena eman ahal izateko, burtzikaria profesional batek, ganaduzale edo profesionari talde batek aurkeztu beharko dute, haren gaitasun eta prestasunaren fede eman dezaten.

2. Zezen burtzikariaren izaera emanen dion alternatiba, ohizko eran eginen da.

31. artikulua. Pikadoreak eta Banderilariak.

1. V. Sailean bi kategoria egonen da:

a) Lehenbiziko kategoria. Zezenketetan eta beste edonolako zezen-jaialditan parte hartu ahal izateko.

b) Bigarren kategoria. Zezenketetan ezik, beste edonolako zezen-jaialditan parte hartu ahal izateko.

2. Lehenbiziko kategorian izena eman ahal izateko, interesatuak pikatzaileekin egindako hogei nobilladetan aritu dela frogatu beharko du.

3. Lehenbiziko kategorian banderilari bezala izena eman ahal izateko, interesatuak pikadoreekin egindako hogei nobilladetan parte hartu duela edo aurretik I. edo II. Sailetan inskribaturik egon dela frogatu beharko du.

4. Bigarren kategorian, banderilari edo pikadore bezala izena eman ahal izateko, interesatua profesional batek, ganaduzale edo profesionari talde batek aurkeztu beharko dute, haren gaitasun eta prestasunaren fede eman dezaten.

5. Pikadore edo banderilari izaera emanen dion alternatiba ohizko eran eginen da.

32. artikulua. Publizitatea.

Zezenkari Profesionalen Erregistroa publikoa izanen da, eta edozeinek eskatu ahal izanen du hor dauden datuei buruzko ziurtagiriak luzatzea.

Hirugarren saila. Ganadu Etxeen Erregistroa

33. artikulua. Definizioa.

1. Zezen-jaialdietan, Zezenketarako Abereen Genealogi Liburuen Erregistroetan inskribaturik dauden ganadu-etxeetako animaliak bakarrik erabili ahal izanen dira, kasuan kasuko arauteriaren arabera.

2. Aipatu erregistroetan inskribaturik dauden animalien ferratze ihardueretan, Lehendakaritza Departamentuak eskatu ahal izanen du bere ordezkariak bertan egotea.

V. KAPITULUA. Jaialdien sailkapena eta baimenak

34. artikulua. Ikuskizunen sailkapena.

Zezen-jaialdiak honelakoak izan daitezke:

a) Zezenketak: Ikuskizun hauetan, zezen-hiltzaileek zezenak toreatzen dituzte.

b) Pikadoredun nobilladak: Ikuskizun hauetan, pikadoredun zezenko-hiltzaileek zezenkoak toreatzen dituzte.

c) Pikadorerik gabeko nobilladak: Ikuskizun hauetan, pikadorerik gabeko zezenko-hiltzaileek zezenkoak toreatzen dituzte, bainan pikaldia egin gabe.

d) Burtzi-zezenketak: Ikuskizun hauetan, burtzikariak zezen nahiz zezenkoekin aritzen dira zaldiaren gainean.

e) Zezenketa mistoak: Ikuskizun hauetan, aipaturiko mota horiek tartekatzen dira. Aldi bakoitza kasuan kasuko arauei jarraikiz eginen da.

f) Zekorketak: Ikuskizun hauetan, bi urtetik beheitiko animaliak toreatzen dira. 16 urtetik goitiko zaletuek parte hartu ahal izanen dute, beti ere erregistroko sailen batean izena emana duen profesionari baten ardurapean, honek zezenketaren zuzendaritza eramanen baitu.

g) Jaialdiak: Ikuskizun hauetan adar-puntarik gabeko abereak toreatzen dira. Animaliaren adina zein den haren ohizko zezenketetan izaten diren arau berberak izanen dira jaialdi hauetan ere.

h) Zezenketa barregarriak: Ikuskizun hauetan, aldi batean nahiz zezenketaldi osoan, animaliak jendearen barregarri toreatzen dira.

i) Euskal-Landetar zezenketak: Ikuskizun hauetan, zezenkari koadrila batek, zezenen aurrez aurre, jauziak, aldaketak eta iskintxoak egiten dituzte, animalia hil gabe.

j) Errekorteen lehiaketak: Ikuskizun hauetan, partehartzaileak lehian aritzen dira, animaliei errekorteak egiten edota eraztunak jartzen, beti ere aberea hil gabe.

k) Tradiziozko herri ikuskizunak, entzierroak, bigantxak, sokamuturrak,...e.a.

35. artikulua. Baimenak.

1. Edozein motatako zezen-ikuskizunak antolatzeko Lehendakaritza Departamentuaren baimena beharko da.

2. Ikuskizuna antolatzen duen enpresak baimena eskatu beharko du, gutxienez, egin baino hogei egun natural lehenago. Lehendakaritza Departamentuak ikuskizuna egin aurretik, gutxienez bi egun lehenago ebatzi beharko ditu horri buruzko gorabehera guztiak.

3. Ondorengo artikuluetan zehazturiko eskakizunak betetzen ez badira edo ikuskizunaren aldi bat edo zezenketaldi osoa eginen deneko zezenplazak irekitzeko behar diren baimenak ez baditu, ez da ikuskizuna egiteko baimena emanen.

36. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

1. Zezenketak, nobilladak, burtzi-zekenketak, zezenketa mistoak, jaialdiak, zekorketak edo zezenketa barregarriak antolatzeko eskaerei honako agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Nafarroako Gobernuko kasuan kasuko erregistroan Enpresak dituen inskripzioen datuak. Enpresa Udala edo Kontzejua bada, ikuskizuna antolatzearen erabakiaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

b) Ikuskizunean parte hartzen duten guztiak 16 urtetik gorakoak direla ziurtatzen duen aitorpena, enpresak sinatua eta, hala balitz, 18 urtetik beherakoendako, guraso, tutore edo legezko arduradunek emandako baimena.

c) Ihardun behar duten profesionarien lan kontratuen kopia bat, kasuan kasuko Enplegu Bulegoak ikus-onetsia.

d) Toreatu behar diren animalia guztien jaiotzaren ziurtagiria, soberakoenak barne, erakunde eskudunak emana, bai eta ganadu-etxeak eritasun infekziosoen inguruko saneamendua pasatu duela adierazten duen ziurtagiria ere.

e) Abereak salerosteko kontratuaren ziurtagiria.

f) Ikuskizuna antolatzearen ondorioz etor daitezkeen erantzukizunei aurre egiteko fidantza, banku abal edo kauzio polizaren bidez Nafarroako Gobernuan utzia, honako kopuruetan:

1.500 ikusle bitarteko zezenplazetan, 1.000.000 pezeta.

2.500 ikusle bitarteko zezenplazetan, 2.000.000 pezeta.

4.000 ikusle bitarteko zezenplazetan, 3.000.000 pezeta.

8.000 ikusle bitarteko zezenplazetan, 4.000.000 pezeta.

10.000 ikusle bitarteko zezenplazetan, 5.000.000 pezeta.

Enpresa Administrazio Publikoren bat edo honen menpeko Erakunderen bat denean, ez da fidantza hori ordaindu beharko.

Horiez gain, kasu guztietan, ikuskizuna antolatzearen ondorioz sor daitezkeen kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguruaren kopia. Aseguru honek bete beharko duen gutxieneko kopurua 15.000.000 pezetakoa izanen da.

2. Eskaerarekin batera ikuskizunaren kartel edo programaren hiru ale aurkeztu beharko dira, eta bertan, gutxienez, datu hauek adierazi:

a) Zein toki, egun eta ordutan eginen den.

b) Zezenketako abereen kopurua eta mota, hala nola, zein ganadutegitakoak diren.

c) Parte hartzen duten profesionarien izenak.

d) Enpresa antolatzailea.

3. Eskaeraren ikuskizuna Euskal-Landetar korrida bada, baimen eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Enpresaren inskripzioaren datuak Nafarroako Gobernuaren erregistroan. Enpresa moduan entitate lokal bat ari bada, ikuskizuna antolatzeko erabakiaren ziurtagiria.

b) Zein abere erabili behar diren, haien ganadutegiko Zezenketarako Abereen Genealogia Liburuaren erregistroetan inskribatua izatearen ziurtagiria eta saneamenduarena.

c) Parte hartzen duten profesionarien lan-kontratuaren ale bat, Enplegu Bulegoak ikus-onetsia, edo parte hartzen duten kuadril(ar)en kontratua.

4. Ikuskizuna errekorte lehiaketa bada, baimen eskaerarekin batean, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Enpresaren inskripzioaren datuak Nafarroako Gobernuaren erregistroan. Enpresa moduan entitate lokal bat ari bada, ikuskizuna antolatzeko erabakiaren ziurtagiria.

b) Lehiaketa zuzenduko duen Erregelamendua, inskribatu eta parte hartzeko baldintzak eta emanen diren sariak adierazten dituena.

c) Zein abere erabili behar diren, haien ganadutegiko Zezenketarako Abereen Genealogia Liburuaren erregistroetan inskribatua izatearen ziurtagiria eta saneamenduarena.

d) Lan-kontratuaren ale bat, zezenketako profesionari batena bederen, Enplegu Bulegoak ikus-onetsia.

37. artikulua. Herri ikuskizunetarako eskaera.

1. Zezenplazetan nahiz kanpo egiten diren tradiziozko herri ikuskizunetarako baimen eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresaren inskripzioaren datuak Nafarroako Gobernuaren erregistroan. Enpresa moduan Udal edo Kontzeju bat ari bada, ikuskizuna antolatzeko erabakiaren ziurtagiria.

b) Ikuskizuna zer-nolakoa den eta zein toki edo ibilbidetan eginen den azaltzen duen txostena.

c) Herriko mediku titularrak edo Lehen Osasun Laguntzako Taldeko kideak emandako ziurtagiria, osasun laguntza emateko prestatu den tokiak erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela dioena.

d) Anbulantziaren jabe den enpresak edo erakundeak sinaturiko konpromezua, ikuskizunak dirauen bitartean, bat bederen, hartarako soilik prest utziko duela dioena.

e) Arkitekto, Arkitekto Tekniko edo Aparejadoreak sinaturiko ziurtagiria, Lanbide Elkargoak ikus-onetsia, ibilbide guztia isolatu eta babestua dagoela dioena, kontutan hartuz zein ikuskizun eta abere mota diren.

f) Ingeniari, Ingeniari Tekniko edo Industria arloko Perituaren ziurtagiria, Lanbide Elkargoak ikus-onetsia, ikuskizuna burutzeko argi sistema nahikoa dela dioena, gauez egin behar baldin bada.

g) Istripu eta erantzukizun zibileko aseguru polizaren kopia, ikuskizunak sor ditzakeen arriskuak estaltzeko, gutxieneko diru kopuru hauekin kapital aseguratuari dagokionez:

-15.000.000 pezeta, kalteen erantzukizun zibila estaltzeko.

-4.000.000 pezeta, ikuskizunean istripuz sorturiko heriotza edo elbarrietarako.

h) Lan-kontratuaren ale bat, parte hartzen duen zezenketako profesionariak sinatua eta Enplegu Bulegoak ikus-onetsia. Halaber, beren gogoz laguntza emanen diotenen izen zerrenda erantsiko da.

i) Zein abere erabili behar diren, haien ganadutegiko Zezenketarako Abereen Genealogia Liburuaren erregistroetan inskribatua izatearen ziurtagiria eta saneamenduarena. Arrak erabili behar badira, bakoitzaren jaiotze agiria, gainera.

j) Udalak ikuskizunaren alde emandako agiria, hiriko kaleetan ibilgailuen trafikoan izan behar duen eraginari buruz, eta herri arteko bideetan sartzen bada, antzeko txostena, Herrialdeko Trafiko Zuzendaritzak luzatua.

2. Ikuskizuna antolatzeko baldintzek aurreko atalaren e) letran aipaturiko ziurtagiria, baimen eskaera egiteko eskatzen den epea betez, aurkeztea galerazten badute, eta enpresak horrela agertzen badu, baimena eman ahalko da, baldin eta ikuskizuna egin eta gehienez ere hamar egun naturalen barrenean aipatu ziurtagiria aurkezten bada. Epe horretan ziurtagiria aurkezten ez bada, ikuskizuna baimenik gabekotzat hartuko da.

38. artikulua. Baimena emateko prozedura.

1. Lehendakaritza Departamentuko eskudun zerbitzuek ikuskizunaren baimen eskaerarekin batera aurreko bi artikuluetan aipaturiko agiri guztiak ote dauden begiratuko dute. Baten bat ez dagoela, edo aurkeztutakoen artean akasdunik badela ikusiz gero, enpresari errekerimendua eginen diote, gehienez ere hamar egunetan falta diren dokumentuak igorri edo harrapaturiko akatsak zuzen ditzan.

2. Aurreko atalean aipaturiko epean enpresak ez baditu eskatzen zaizkion datuak osatzen edo akatsak zuzentzen, ezetza emanen zaio bere baimen eskaerari. Halaber, ez da baimenik emanen aurkezten diren dokumentuek edo administrazioaren erregistroek erregelamendu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez direla erakusten badute. Dena den, ezetza ematen duen ebazpena arrazoitu egin beharko da.

3. Baimen eskaera aldi berean ikuskizun bat baino gehiagotarako eginez gero, eta agiri eskasia edo akatsak ikuskizun baterako edo batzuetarako bakarrik bada, baimena eman ahalko da gainerakoak egiteko.

4. Baimen eskaera egin edo kontzesioa eskuratu ondotik enpresak ikuskizunaren zenbait gorabehera aldatu behar badu, horren berri eman beharko dio Lehendakaritza Departamentuari, behar den dokumentazioa aurkeztuz. Lehendakaritza Departamentuak ebazpena eman ahalko du, baimenaren kontrako erabakia hartuz, ikuskizunean egindako aldaketak erregelamendu honetako xedapenak urratzen baditu.

VI. KAPITULUA. Ikuskizunen osotasunerako kontrol eta bermeak

Lehen saila. Lehendakaritza

39. artikulua. Definizioa.

1. Korrida, nobillada, zekorketa, jaialdi eta toreaketa barregarrien Lehendakari, herriko Alkatea izanen da.

2. Alkateak zinegotzi baten esku utzi ahalko du lehendakaritza, edo gaitasun ezaguneko zaletu baten esku.

3. Dena den, lehendakariak agintari kargua izanen du eginkizun horretan ari den bitartean.

4. Lehendakariak, bere eginkizunak betetzeko, abereak aztertzen dituzten albaitarietako bat eta arte-zezenketa arloko aholkulari bat izanen ditu bera laguntzen. Alkateari dagokio aholkulari hori izendatzea, eta erretiroa hartutako profesionariren bat edo gaitasun ezaguneko zaleturen bat beharko du izan, urtero, Lehendakaritza Departamentuak osatuko duen zerrenda batetik aukeratuta, profesionarien elkarte, zaletuen klub eta entitate lokalei entzutea eman ondotik.

40. artikulua. Eginkizunak.

1. Lehendakariaren eginkizuna ikuskizuna zuzentzea da, hura noiz hasi, ekitaldien aldaketa, sariak, zezen-hiltzaileendako abisuak, abereak ordeztu edo bizirik uztea, ikuskizuna bertan behera uztea eta hura ongi burutzeko behar diren gainerako zertzeladak erabakitzea, indarrean dauden arauetan bilduriko ahalmenak erabiltzen dituelarik.

2. Lehendakariak parte hartzerik izanen du ikuskizunaren aurreko zein ondoko eginbide guztietan, hura gainbegiratzeko. Eginbehar horietan Lehendakariak parte hartzen ez duenean, Agintaritzaren Ordezkaria arituko da haren partez.

Bigarren saila. Agintaritzaren Ordezkaria

41. artikulua. Izendapena.

1. Lehendakaritza Departamentuak izendatuko du Agintaritzaren Ordezkaria Foruzaingoko kideen artean.

2. Udaltzaingoa duten Udaletako Alkateek Agintaritzaren Ordezkaria udaltzain bat izan dadin proposatu ahalko dute, behar den prestakuntza teknikoa badute.

3. Foruzaingo zein Udaltzaingoko kideen artean ezin bada Agintaritzaren Ordezkaria izendatu, Estatu Segurtasuneko Indar eta Kidegoetatik hautatuta ere egin daiteke izendapena, Foru Komunitatean Gobernuak duen Ordezkaritzak bere adostasun osoa adierazi ondotik.

42. artikulua. Eginkizunak.

Agintaritzaren Ordezkariak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Lehendakariari laguntza ematea bere eginkizunak betetzen.

b) Ikuskizunaren aurreko eginbehar guztietan parte hartzea, eta indarrean dagoen arauteriak jasotako akta edo agiri guztiak sinatzea.

c) Ordena mantentzea zezenplazaren kailejoian.

d) Ikuskizunak dirauen bitartean arauak bete daitezen zaintzea eta ikusten dituen hutsegite guztien akta jasotzea.

e) Abereak aztertzen eta gainerako azken eginbeharretan parte hartzea, eta aktak eta indarrean dagoen arauterian bildutako dokumentazioa sinatzea.

f) Indarrean dauden arauetan adierazten diren gainerakoak.

2. Agintaritzaren Ordezkariak behar duen jendea izanen du laguntzaile bere eginkizunak betetzeko, eta beti Agintaritzako Agenteak beharko dute izan.

Hirugarren saila. Zezenketarako abereen ezaugarriak

43. artikulua. Adina.

1. Zezenketarako diren abereek adin hau beharko dute izan:

a) Zezen korridetakoek, lau eta sei urte artean.

b) Pikatzaileak dauden nobilladetan, hiru eta lau urte artean.

c) Pikatzailerik gabeko nobilladetan, bi eta hiru urte artean.

d) Burtzi korridetan, bi eta sei urte artean.

e) Zekorketetan, bi urte arte.

2. Urteak egiten diren hilabetea hartuko da, gehienez ere, adinaren muga bezala.

44. artikulua. Sataia eta pisua.

1. Zezen korridetarako nahiz pikatzaileak dituzten nobilladetarako abereek satai onekoak beharko dute izan, zezen plazari begira, eta beren ganadutegiko pisua eta ezaugarri zooteknikoak.

2. Hauxe da gutxieneko pisua zezen korridetako abereentzat: , bizirik, Iruñeko zezen plazan; eta arrastatzerakoan edo, erraiak kenduta, , Nafarroako gainerako zezen plazetan.

3. Hauxe da gehieneko pisua pikatzaileak dituzten nobilladetako abereentzat: , bizirik, Iruñeko zezen plazan; eta arrastatzerakoan edo, erraiak kenduta, , Nafarroako gainerako zezen plazetan.

4. Pikatzailerik gabeko nobilladetako abereen gehieneko pisua izanen da arrastratzerakoan edo, erraiak kenduta, .

5. Iruñeko zezen plazan, zezen korridetarako eta pikatzaileak dituzten nobilladetarako abereak bizirik pisatuko dira. Gainerako kasu eta plazetan, arrastatzerakoan pisatuko dira, odolostu gabe, edo erraiak kenduta, ganaduzaleak edo haren ordezkariak adierazten duen iritziaren arabera. Ondoriozko pisuari bost kilogramo gehituko zaizkio, ustez zezenketan galtzen direnak, hain zuzen ere.

6. Iruñeko zezen plazan, baliabide egokien bidez, jendaurrean jarriko dira abereen pisua, ganadutegia eta jaiotze urtea eta hilabetea, zezenketaren ordenari jarraikiz, korrida eta pikatzaileekin diren nobillada guztietan. Halaber, abere bakoitza plazara atera baino lehen ere jarriko dira ikusgai.

45. artikulua. Adarrak.

1. Zezen korridetan eta pikatzaileekin diren nobilladetan zezenen adarrak ukitu gabe egonen dira.

2. Ganaduzale eta enpresen erantzukizuna da zezenketako abereen osotasuna jendeari bermatzea, eta adarrak ukituz iruzurra egin dadin galeraztea.

46. artikulua. Adarrak moldatzea.

1. Abereek istripua izan eta haien adarrak hondatzen badira, ganaduzaleek baimena eskatu ahalko diote Lehendakaritza Departamentuari haiek moldatzeko, zezenketarako balio dezaten.

2. Eginbeharrekoak Lehendakaritza Departamentuak adierazten duen egun eta orduan burutuko dira, izendatzen dituen ordezkariek eta albaitariek parte hartuko dutelarik.

3. Adarrak moldaturik, eta albaitarien txostena ikusi ondotik, non adar bakoitzaren luzera, kanpotik zein barnetik, agertu beharko baita, Lehendakaritza Departamentuak erabakiko du abere horrek zezenketarako balio duen ala ez.

4. Adarrak moldatu eta 15 egun iragan arte ezin izanen da abere horren zezenketarik egin. Beti ere, zezenplazan jendeari adierazi beharko zaio nola moldatu izan diren aberearen adarrak erregelamendu honen arabera.

47. artikulua. Adar akasdunak eta itxuraldatuak.

1. Adar okerrak, ezpalduak, printzatuak edo puntamotzak, eta adarmotzak dituzten abereak ezin izanen dira toreatu zezen korridetan. Bai, aldiz, pikatzaileak dauden nobilladetan, adar okerrak ezik, jendeari argi eta garbi adieraziz gero zezenketa-erreusak eta akasdunak izanen direla abereak.

Ez dira debeku horretan sartuko zezen korrida aurretik entzierroan, edo geroxeago, adarrak ezpaltzen dituzten abereak.

2. Pikatzailerik gabeko nobidalletan eta burtzi zezenketetan adarrak itxuraldatuak izan ahalko dira jendeari jakin erazi beharko zaiolarik. Adarrak higatzerakoan ezin izanen da hezur iltzea ukitu eta zezenplazan aritzeko izendatzen diren albaitarien arteko baten aurrean egin beharko da.

3. Gainerako zezen ikuskizunetan adarrak itxuraldatu edo bolaztatu ahalko dira, jendeari adierazi beharrik izan gabe.

Laugarren saila. Zezenketa-abereak garraiatzea

48. artikulua. Kaiolan sartzea.

1. Ganadutegiko lurretatik gordeko direneko zezenplazara edo ikuiluetara garraiatu behar diren abereak bakarka sartuko ditu kaioletan abeltzainak. Bakarkako kaiola horiek, batetik, behar bezain zurrunak izan beharko dute eta, bestetik, adarrek kalterik har ez dezaten behar diren materialez babesturik izanen dira. Kaioletara sartzeko ekitaldian, herriko agintaritzaren agenteak bertan badira, hauen aurrean prezintatu beharko dira kutxok.

2. Abereekin batera, abeltzainaren ordezkari batek egon beharko du zaintzako arduraz kargutzeko.

3. Korrida burutuko den zezenplazan edo herri horretako ikuiluetan egon beharko dute abereek, gutxienez, jaialdia hasi baino 24 ordu lehenago. Zezenplaza ez-finkoetan, abereek, gutxienez, ikuskizuna hasi baino 6 ordu lehenago aurkeztu beharko dute.

49. artikulua. Kaiolatik ateratzea.

1. Prezintuak kendu eta abereak kaioletatik ateratzeko, Lehendakaritza Departamentuaren izenean izanen diren ordezkariek bertan egon beharko dute.

2. Kaiolatik ateratzearen berri akta batean jaso beharko da, ekimen honetan parte hartu dutenek sinatu beharko dutelarik.

50. artikulua. Zaintza.

Kaiolatik ateratzen direnetik ikuskizuna hasi artean, enpresak du abereen zaintzaren ardura. Lehendakaritza Departamentuak ezarri ahal izanen ditu zaintzarako neurri osagarriak.

Bostgarren saila. Abereen errekonozimendua

51. artikulua. Aldez aurreko errekonozimendua.

1. Abereen aldez aurreko errekonozimendua, gutxienez, ikuskizuna hasi baino 24 ordu lehenago egin beharko da.

2. Zezenketan parte hartu behar duten mota bereko abereen kopurua sei edo gutxiago bada soberako abere bat eduki beharko du enpresak, eta soberako bi gainontzeko kasuetan. Iruñeko plazan ezinbestekoa izanen da gutxienez bi soberako egotea. Ikuskizun jarraituetan mota bereko abereek hartzen badute parte, soberako abereen gutxieneko kopurua izan beharko da ikuskizun kopuruaren erdia gehi bat.

52. artikulua. Prozedura.

1. Errekonozimendu ekitaldia, Agintaritzaren Ordezkaria bertan dela egin beharko da, eta honekin batera, enpresaria, abeltzaina, eta hala erabakitzen duten iragarritako profesionariak edo haien ordezkariak. Lehendakaritza Departamentuak aukeratuko ditu errekonozimendua eginen duten albaitariak.

Errekonozimenduaren aurretik, animaliak bizirik daukan pisua eskatzen denean, Agintaritzaren Ordezkaria bertan delarik, abereen pisua neurtuko da eta horren akta jasoko.

2. Zezenketan parte hartuko duten abereen defentsa, itxura eta zezenketarako duten erabilgarritasunari buruzkoa izanen da errekonozimendua, beti ere, kasuan kasuko ganadutegiko animalien ezaugarri zooteknikoak kontutan hartuko direlarik.

3. Abereen ezaugarriak zuzenki ebaluatu ahal izateko, albaitariek behar dutena izanen dute, eta ondoren idatzizko txosten arrazoitua emanen, bertan, ikuskizun motaren arauera galda daitezkeen ezaugarri, beharkizun eta baldintzak biltzen diren ala ez jasoko delarik. Akatsen bat dagoela ohartuz gero, Lehendakariari jakin eraziko diote, eta txostenean jasoko, bertan ikusitako akatsak azalduko direlarik.

Albaitariren bat besteen erabakiekin ados ez badago, aparteko txostena egin ahal izanen du, edo bestela, gainontzekoen txosten bakarrean bere ez-adostasunak agertu.

4. Ondoren, Agintaritzaren Ordezkariak abeltzain, enpresari eta dauden profesionari edo horien ordezkarien eritzia entzunen du.

5. Aipatu txostenak ikusi eta egintzan parte hartzen dutenen eritziak entzundakoan, azterturiko abereen zezenketari dagokionez bidezko dena erabakiko du Agintaritzaren Ordezkariak, eta egintza berean hartutako erabakiaren berri eman beharko die interesatuei.

6. Pikadorerik gabeko nobilladetan, abereen adina, jatorria eta nortasun-ezaugarria baizik ez da frogatuko errekonozimenduetan. Halaber, osasun baldintzak ere ebaluatuko dira.

53. artikulua. Behin betiko errekonozimendua.

1. Jaialdiaren egun berean, zozketa eta banaketa egin baino ordu bat lehenago, aurreko artikuluan aurrikusi bezala burutuko da beste errekonozimendu bat. Horren helburua da, alde batetik frogatzea abereek zezenketarako izan behar duten gaitasunean ez dutela inolako gutxitzerik jasan, eta bestetik, justifikaturiko arrazoiak direla eta, lehen errekonozimendua egin ez zaien abereei dagokienez, aurreko artikuluan adierazitako kasuak egiaztatzea.

2. Errekonozimenduak eta beren emaitzak behar diren aktetan jasoko dira, eta horiei, azterturiko abereen dokumentazioa eta albaitarien txostenak erantsiko, ondoren Agintaritzaren Ordezkariari emanen zaizkiolarik.

54. artikulua. Abereak ordezkatzea.

1. Albaitarien eritziz, aberearen adarretan baimenik ez duen ustezko eskukaketarik egin delako, aberea edozein errekonozimendutan bazterturik geratzen denean, abeltzainak eskubide izanen du aipatu animaliaren ordez beste bat aurkezteko, edo bestela, hura zezenketan sartzeko baldin eta erregelamenduko gainontzeko baldintzak betetzen baditu. Azken kasu honetan, adarren azterketatik ateratzen denaren arauerakoa izanen da abeltzainaren erantzukizuna.

2. Enpresariak bazterturik geratu diren abereen ordez beste batzu ekarri beharko ditu, eta hauek ere aztertuko dira. Azken hauen errekonozimendua banaketa-ordua baino lehenago burutu beharko da.

55. artikulua. Post mortem errekonozimendua.

1.Zezen korrida eta nobilladetako abereen zezenketa bukatutakoan, albaitariek post mortem errekonozimendua eginen dute. Azterketa honetara Lehendakaria eta Agintaritzaren Ordezkaria bertaratu ahal izanen dira, hala erabakitzen badute, eta horiekin batera, enpresa eta abeltzaina edo hauen ordezkariak. Errekonozimendu hau aktan jasoko da, eta bertan egon direnek sinatuko dute, ondoren, Agintaritzaren Ordezkariaren esku utziko delarik. Kanalean egiten den ikuskaketa egindakoan, ihardungo duten osasun publikoko albaitariek, hala balitz, gaitasun ziurtagiria luzatuko dute okela horiek kontsumatu ahal izateko.

2. Errekonozimendua egin ahal izateko, enpresak honako gai hauek jarriko ditu albaitarien esku:

a) Oihalezko zinta metrikoa.

b) Adarpuntak garraiatzeko kutxak, metilodun metakrilato birjin gardenaz eginak, eta honako barne-neurriekin: aurrekaldetik 150 milimetro, altueraz 210 milimetro, sakoneraz 60 milimetro, eta lodieraz 4 milimetro. Estalkiak 35 milimetrotako altuera izanen du. Kutxa material bereko lamina bereizleaz horniturik egonen da, bertan kartazal batean sartu ahal izateko aberearen nortasun-datuak, zezenketako eguna eta plaza eta horri buruzko dokumentazioa. Honez gain, belarri itxurako lokailuak izanen ditu prezintatu ahal izateko.

c) Garraio-kutxetarako prezintagailua.

d) Zintadun zerra mekanikoa: 1.385 metro/min-ko gehienezko abiadura, bukaerarik gabeko orria (zabaleraz sei milimetrotakoa) eta hortz-iraganbidea (lau milimetrotakoa).

e) Kalibratzailea edo erregearen oina.

f) Paper engomatua edo zinta itsaskorra.

Aurreko a, b eta c letretan zehazturiko materiala nahitaezkoa izanen da plaza guztietan. Gainerako materiala Iruñeko plazan baizik ez da nahitaezkoa izanen.

3. Lehendakari edo Agintaritzaren Ordezkariaren eritziz, adarren egoerak itxuraldaketaren arrastorik erakusten badu, eta 54. artikuluak aurrikusitako kasuan oinarrituz, abeltzainak galdatzen badu aberea zezenkatzea, kasu guztietan ondorengo eragiketa hauek burutuko dira:

a) Adarra oso osorik neurtuko da zinta metrikoaren laguntzaz: ilea hasten den tokitik adarpuntaraino, barrukaldetik nahiz kanpokaldetik. Luzera osoa zentimetrotan emanen da, eta hori lortzeko, bi neurketen batura zati bi egin beharko da (I. Eranskina).

b) Ondoren, luzeran ebakiko dira zerra mekanikoaren laguntzaz. Horretarako, barne-konkabitate eta kanpo-konbexitatearen erdiko lerroa segituko da norabide dortso-bentralean, eta eragiketa honen ondorioz, adarra bi zatitan geldituko da, alegia, barnekoa edo konkaboa dena, eta kanpokoa edo konbexoa dena (II. Eranskina).

c) Hori egindakoan, kalibragailu edo erregearen oinaren bidez, alde zurrunaren luzera neurtuko da hezurrezko klabijatik adarpuntaraino. Halaber, alde zurruneko muinaren lerro zuria eta bertan dauden bulboak ikuskatuko dira.

4. Egindako neurketen ondorioz, adarraren alde zurrunaren luzera zezen eta zezenkoen adarraren luzeraren zazpirena baino laburragoa bada, edo muinaren lerro zuria erdian ez badago edo hau difuminatzen ez bada eta adarpunta bukatu baino lehen desagertzen bada, edo beste edozein behaketaren ostean, adarren osotasunaz zalantzarik bada edo uste bada eskukaketarik egon dela, edo hala erabakiko diren kasuetan, adarpunta erdi bakoitzaren bost zentrimetro ebakiko dira luzeran. Ondoren, erdi biak paper engomatuaz lotuko dira. Paper horretan argi eta garbi ikusi beharko da zein den eskuineko adarpunta (D letra) eta zein ezkerrekoa (I letra). Halaber, kasuan kasuko aberearen nortasun-datuak jasoko dira, eta azterketa biometrikoarekin batera kutxa batean sartuko. Kutxa hau behar bezala prezintatu eta gero, aldez aurretik erabakitako laborategira igorriko da pieza horien analisi berresleak egiteko. Analisi horiek honako hauen gainean eginen dira: kanpo-kutikula, alde zurrunaren muinaren lerro zuria eta adar-hodien parakuntzaren azterketa histologikoa.

5. Horretaz gain, Lehendakariak edo Agintaritzaren Ordezkariak hala erabakitzen badute, abereen barrukietako lagin biologikoak hartuko dira behar diren laborategietan analisiak egin ahal izateko.

6. Artikulu honek errekonozimendu eta analisirako aipatzen dituen tresnek, bai eta zehazturiko laborategiek ere, Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespena behar dute.

Seigarren saila. Beste neurri batzu

56. artikulua. Zozketa eta banaketa.

1. Zezenketarako abereen artetik, zezenketan zenbat zezen-hiltzailek hartu behar duten parte hainbat lote aterako dituzte zezen-hiltzaileek beraiek edo hauen ordezkariek. Lote horiek ahalik eta orekatuenak beharko dute izan. Ondoren, Lehendakaria edo Agintaritzaren Ordezkaria bertan delarik, zozketa bidez erabakiko da zein lote egokituko zaion bakoitzari.

2. Zozketa egindakoan, abereen banaketa eta torileraketa eginen da, beti ere, zozketa bidez zehaztuko den hondarreratzeko hurrenkeraren arauera.

3. Abereen banaketa irekia bada, debekaturik egonen da bertan dagoen inork abereen arreta erakartzea.

4. Iruñeko zezenplazan parte hartzen duten abereek ganadutegiaren nortasun-dibisak eramanen dituzte, eta beti neurri hauen arauerakoak: 80 milimetroko luzeradun arpoi bikoitza; horietatik 30 milimetrotan arpoi bikoitza, 16 zentimetrotako gehienezko zabalera izanen duena, paratuko da. Gainontzeko plazetan dibisa jartzea ala ez aukeran izanen da.

57. artikulua. Zaldiak.

1. Enpresa antolatzaileak, ikuskizunaren eguneko goizeko 10ak baino lehen, pikatzeko diren zaldiak jaialdia eginen den tokian aurkezteko erantzukizuna dauka. Plaza ez-finkoetan, aski izanen da hiru ordu lehenago aurkeztea.

2. Zaldiek behar bezala heziturik beharko dute izan, eta gainera nahikoa mugikortasuna erakutsi, beti ere, beren portaera aldatuko duen eskukaketarik izan gabe.

3. Pikatzeko diren zaldiek, garbirik edo hornitu gabe, ezin izanen dute baino pisu txikiagorik izan, ez eta 650 baino handiagoa ere.

4. Iruñeko zezenplazan sei zaldi egon beharko dira, eta Nafarroako gainerako zezenplazetan lau.

5. Zaldiak pisatutakoan, eta erregelamenduaren arauera zelatu eta hornitu ondoren, Agintaritzaren Ordezkaria, aukeratutako albaitariak eta enpresaren ordezkariak bertan direla, pikadoreek probatu beharko dituzte. Honen helburua da frogatzea ea nahikoa indarra duten, enbokaturik dauden, alboka eta atzeraka dakien, eta agindurako menekoak direnentz.

6. Erregelamenduak, pisuari dagokionez, galdatzen dituen baldintzak betetzen ez dituzten zaldiak bazterturik geratuko dira, bai eta ondoko hauek ere: albaitarien eritziz, galda daitezkeen gainontzeko baldintzak betetzen ez dituztenak, eritasun infekzioso edo lesioen sintomarik dutenak eta pikaldia zuzen burutzea oztopatuko liekeen mugikortasun falta agerian dutenak. Halaber, animalien portaera artifizialki aldatzeko xedez, eskukaketaren sintomarik erakusten duten zaldiak bazterturik geratuko dira. Halakoetan, albaitariek Agintaritzaren Ordezkariari proposatuko diote behar diren analisiak egitea ustez egin dena egiaztatzeko. Era berean ihardungo da, gero, hondarrean izanen duen portaerak hala gomendatzen badu.

7. Zaldien errekonozimendua eta froga jasoko dira akta batean, eta lehenago aipatu horiek, bertan izan direnek alegia, sinatuko dute.

8. Pikadore guztiek, aintzinatasunaren hurrenkeran, zezenketan erabiliko duten zaldia hautatuko dute, eta albaitariek ontzat emandako zaldirik ezinen dute baztertu.

9. Zezenketan zehar, zaldiren bat zauritu edo ostikari agertuz gero, pikadoreak alda lezake.

58. artikulua. Joaldunak.

1. Korridaren egunean, gutxienez, hiru joaldunen taldea izanen da ikuiluetan, behar izanen balitz, eta Lehendakariak hala agintzen badu, hondarrera irten dadin zezena edo zezenkoa eramateko, beti ere, erregelamendu honek aurrikusitako kasuak direnean.

2. Ezinezkoa bada aberea hondarretik atera, edota ikuskizuna plaza ez-finkoan burutzen bada, Lehendakariak baimenik eman ahal izanen du sastakariak edo, hau ezinezkoa bada, txandan dagoen zezen-hiltzaileak plazan bertan aberea hil dezan.

59. artikulua. Plaza ikuskatzea.

1. Ikuskizunaren egunean, eta behar den denbora aldez aurretik dela, Agintaritzaren Ordezkariak, enpresaren ordezkariak eta zezen-hiltzaileek edo hauen ordezkariek, nahi badute, ikuskatuko dute hondarraren egoera, eta hauek oharterazi ondoren, bertan egon litezkeen akatsak edo gorabeherak zuzendu beharko dira. Era berean, barrera, ezkutaleku eta atetzarren egoera nolakoa den ikusiko da.

2. Aipatu berri den errekonozimendua egindakoan, hondarrean bi borobil kontzentriko marraztuko dira, lehena, barrerako oin-oholetik zazpi metrotara, eta bigarrena hamarretara.

3. Ikuskizunaren eguneko goizean bertan, zezenketan parte hartuko duen abere bakoitzeko lau pare banderila eta bi pare banderila beltz edo zigorrekoak aurkeztuko dizkio enpresak Agintaritzaren Ordezkariari, honek ikuska ditzan. Halaber, hamalau ezten eta behar diren babesak aurkeztuko dizkio. Banderilak, eztenak eta babesak aztertutakoan, prezintatu beharko dira Agintaritzaren Ordezkaria bertan delarik. Prezinto hori, ikuskizuna hasi aurreko bi orduetan ezin izanen da ireki Agintaritzaren Ordezkariaren baimenik gabe.

4. Erregelamenduak zehazten dituen ikuskizun-ihardueretarako beharrezko diren gai materialen eza enpresaren ardura izanen da.

60. artikulua. Banderilak.

1. Banderilak zuzen-zuzenak, gogorrak eta pago nahiz lizarrezkoak izanen dira. Beren makilaren luzera ez da 70 zentimetro baino handiagoa izanen eta beren diametroa 18 milimetrotakoa. Makilaren mutur batean, altzairu moztaile eta zorrotzez egindako arpoia egonen da sarturik, agerian geratzen den zatia 60 milimetrotakoa izanen delarik. Ageriko zati horren 40 milimetro arpoitxorako izanen dira, gehienez, 16 milimetrotako zabalera edukiko duena.

2. Banderila beltz edo zigorrekoen arpoiak agerian duen zatiak 8 zentrimetrotako luzera eta 6 milimetrotako zabalera izanen du. Arpoitxoa duen arpoiaren zatiak 61 milimetrotako luzera eta 20 milimetrotako zabalera izanen du, eta arpoitxoa bukatzen den tokiaren eta arpoitxo-gorputzaren arteko distantzia, berriz, 12 milimetrotakoa izanen da. Banderila beltzek kolore beltzeko makila izanen dute, erdialdean 7 zentimetrotako zerrenda zuri bat.

3. Burtzi-toreaketan erabiliko diren banderilek artikulu honen 1. atalean adierazten diren ezaugarriak izanen dituzte, eta makilaren gehienezko luzera 80 zentimetrotakoa izan ahalko da.

61. artikulua. Eztenak.

1. Eztenek piramide triangeluarraren eitea izanen dute, bai eta arista edo aho zuzenak ere; altzairu moztaile eta zorrotza duelarik, txantiloiaz neurturiko bere dimentsioak hauexek: aho bakoitzaren luzera 29 milimetrotakoa, eta zabalera, berriz, alde edo triangelu bakoitzean 19 milimetrotakoa; beren oinarrian zurezko zatia izanen dute, soka kolatuaz estalirik, aho bakoitzari dagokion zatiaren zabalera 3 milimetrotakoa, 5 milimetro triangelu bakoitzaren oinarriko erdialdetik, behe-oinarrian 30 milimetrotako diametroa eta 60 milimetrotako luzera. Hauen guztien bukaeran altzairuzko gurutze finkoa dago: besoak eite zilindrikokoak, beren muturretatik zurezko topera 50 milimetro eta 8 milimetrotako lodiera (III. Eranskina).

2. Eztena daraman makila pago edo lizar-zurezkoa izanen da, makurxea, eta eztena osatzen duten hiru aldeetako bat gorantz begira geratu beharko da, makilaren alde konbexoarekin bat eginez. Gurutzea horizontalean egonen da eta paraleloki adierazitako aldearen oinarriarekiko.

3. Ezten-hagaren luzera osoa, hau da, makila eta eztena orotara, bi metro eta berrogeitamabost zentimetrotatik bi metro hirurogeitamar zentimetrotara bitartekoa izanen da.

4. Ezaugarri bereko eztenak erabiliko dira nobilada pikatuetan, piramidearen altuerak hiru milimetro gutxiago edukiko duelarik.

62. artikulua. Babesak.

1. Pikaldian erabiltzen diren zaldien babesak material arin eta sendoez eginak izan beharko dira, abereen erasoaldiei eutsi behar dieten zatiak estaltzeko modukoak.

Babesaren gehienezko pisua, kontutan izanik osatzen duten zati guztiak, 30 kilogramotakoa izanen da.

2. Babesak bi gona haundi izanen ditu zaldiaren aurreko eta atzeko aldeetan eta gona ttiki bat eskubiko aldean. Horren beheko ertzak, gutxienez ere, lurretik 65 zentimetrotara egonen dira. Dena dela, babesa edonon jarri ere, ez da zaldia mugitzeko oztopoa izanen. Babesak bi ebaki bertikal izan ahalko ditu eskubiko saihetsean, duen gogortasuna leuntzeko. Zaldien segurtasuna bermatzeko hanka-babesleak erabiliko dira.

3. Koskak barku erakoak izanen dira, ertzarik gabekoak, abereari minik ez egiteko. Ezkerrekoa bakero erakoa izan daiteke.

63. artikulua. Puntzetak.

1. Puntzeten gehienezko luzera 88 zentimetrokoa izanen da, kirtenetik hasi eta puntaraino.

2. Deskabellatzeko puntzetak gurutze erako tope finkoa izanen du, luzeran 78 milimetrotakoa eta hiru gorputzez osatua; bat erdikoa edo eustekoa, ertz biselatuekin, luzeran 22, altueran 15 eta zabaleran 10 milimetro izanen dituena, eta beste biak aldeetan, obalatuak, luzeran 28, altueran 8 eta zabaleran 5 milimetro izanen dituztenak. Topea puntzetaren puntatik 10 zentimetrotara egon beharko du.

64. artikulua. Burtziak.

1. Zigor-burtziek, guztira, 1,60 metroko luzera izanen dute eta hagak 6 zentimetrotako kubo ttikia zezenentzako eta 25 milimetroko ezpata-zabalera. Kubo ttikiaren goikaldean gurutzeta izanen da, luzeran 6 zentimetrokoa eta zigor-burtziaren ezpataren kontrako norabidean 7 milimetroko diametroa.

2. Farpek zigor-burtziak bezalako luzera izanen dute eta arpoiak 7 zentimetroko luzera eta 16 milimetroko zabalera.

3. Hiltzeko burtziek, gehienez ere, ondorengo neurriak izanen dituzte: 1,60 metroko luzera, 10 zentimetroko kubo ttikia eta 25 milimetroko zabalera duten aho biko ezpatak, horien luzera zezenkoentzat 60 zentimetrokoa eta zezenentzat 65 zentimetrokoa izanen delarik.

4. Burtzi-zezenketetako banderila motzak 20 zentimetroko luzera eta 18 milimetroko diametroa duen makila izanen dute eta banderila luzeek bezalako arpoia, gehienez ere, 35 zentimetrokoa. Banderila arrosek 20 zentimetro baino gutxiagoko luzera duen burnizko kirtena izanen dute eta 8 milimetroko lodiera duen arpoia.

VII. KAPITULUA. Zezenketa eta nobilladak nola burutu

Lehenengo saila. Xedapen orokorrak

65. artikulua. Ezpatariek non eta noiz egon behar duten.

1. Zezenkari guztiek zezenketa hasi aurretik, gutxienez ere, 15 minutu lehenago egon behar dute plazan eta ezin izanen dute alde egin ikuskizuna erabat amaitu baino lehen. Justifikatutako arrazoia izanik, ezpatariak Lehendakariari baimena eskatzen badio bere koadrilarekin batera plazatik alde egiteko, baimen hori lortzea izanen du, egin beharreko lana bukatzen duenean, beti ere, hirukotea osatzen duten kideak ados egonez gero.

2. Araubidez dagokion ordezkoa paratu ez diotelako ezpataririk ez balego, gainontzeko zezen-hiltzaileek izanen lukete hura ordezkatzeko eginbeharra, beti ere, toreatu eta ezpataz hil behar zituzten abereei bat gehitzea baldin bada.

3. Iragarritako ezpatari guztiek zezenketa garaian istripua izan eta arauzko ordezkorik baldin bada, horrek eginen du haien lana, ateratzeke dauden abereei heriotza emanez. Ordezkoak ere ezin baldin badu, ikuskizuna amaitutzat emanen da.

66. artikulua. Hasiera.

1. Ikuskizuna hasi aurretik, Agintaritzaren Ordezkariak honako hauek ziurtatuko ditu: arauzko xedapenak bete direla, plazako langile laguntzaileak beren tokian daudela eta kailejoian, berriz, behar bezalako baimena dutenak besterik ez.

2. Lehendakariak emanen dio jarraikiera ikuskizunari, Enpresak emanen dizkion kolore ezberdinetako zapiak erakutsiz:

a) Zuria, ikuskizunaren hasiera, zezenak ateratzeko garaia, aldien aldaketak, abisuak eta saria eman dela jakin erazteko.

b) Berdea, zezena kortara itzuli behar dela adierazteko.

c) Gorria, abereari "banderila beltzak" jartzeko agindua emateko.

d) Urdina, abereari berriz hondarreratzeko baimena eman zaiola adierazteko.

e) Laranja, abereari barkatu zaiola adierazteko.

3. Lehendakariak, Agintaritzaren Ordezkariaren bidez eta edozein unetan oharterazi ahalko ditu zezenketan parte hartzen dutenak.

4. Iragarritako ordua plazako erlojuan azaltzen den unean bertan hasiko da ikuskizuna.

5. Ikuskizunari hasiera emateko ezarritako orduan puntuan, Lehendakariak hasteko agindua emanen du, zapi zuria erakutsiz, turuta eta tinbalak hasiera hori iragarri dezaten. Jarraian, Lehendakariaren baimena izanik, algoaziltxoek hondarra libratuko dute, ezpatari, koadrila, hondarzale, mandazain eta mutil zaldizainekin batera aurkezpena egiteko; gero torilariari toriletako giltza emanen diote eta, guztia libraturik utzita, hondarretik alde eginen dute.

6. Zezenketa garaian eta beren lana behar ez denean, aurretik aipatu profesionariek eta zerbitzuko langileek dagokien ezkutalekuko kailejoian egon beharko dute. Lanean ari diren zezenkariak kenduta, ez da inor egonen ezkutatokietan.

67. artikulua. Koadrilak, zezenketa-zuzendaria eta iharduteko hurrenkera.

1. Ikuskizuna tradiziozko ohiturei zein artikulu honetan eta hurrengoetan xedatutakoari atxikiko zaie.

2. Ezpatarien koadrila bi pikadorek, hiru banderilarik, ezpata-mutil batek eta, behar bada, ezpata-mutilaren laguntzaile batek osatuko dute. Ezpatari batek zezenketa osoa toreatzen badu, bere koadrilaz gain, beste bi aterako ditu. Bi baldin badira aritu behar diren ezpatariak, bakoitzak bere koadrilan pikadore bat eta banderilari bat gehiago izanen ditu.

Zezen-hiltzaile batek abere bat baino gehiago ezpataz hil behar ez duenean, bi banderilari eta pikadore batek osatuko dute bere koadrila. Zezen-hiltzaileak koadrila finkoarekin ibiltzen bada, osorik atera beharko luke.

3. Ezpatari arituenari dagokio zezenketaren zuzendari artistikoa izatea eta beste zezenketariei Erregelamendu honetan agindutakoa betetzen dela bermatzeko egokitzat dituen adierazpenak egiteko ardura izanen du.

Aurrekoa galerazi gabe, ezpatari bakoitzak dagokion zezen-bikotearen zezenketa zuzentzea du. Hala ere, nahitaez onartuko ditu arituenaren zuzenketak.

4. Zezenketaren zuzendari den ezpatariak, barka ezinezko ezjakin edo utzikeriagatik, bere eginbeharrak ez betetzearen ondorioz, zezenketan nahasmendua izateko arriskua sortzen badu, Lehendakariak oharterazia izanen litzateke eta, oharterazpenari jaramonik egiten ez badio, zehapena izanen luke, arau-hauste arinaren egile izateagatik.

5. Iragarritako ezpatariek, lanbidean arituenetik aurrera, ezpataz hilko dituzte zezenketan toreatzen diren abere guztiak, iragarritakoak edo ordezkoak badira ere.

6. Zezenketan ezpatariak zauririk egin edota minik hartuko balu edo gaixotuko balitz, bere kideak ordezkatuko lukete, lanbidean arituenetik aurrera. Aipatutakoa hiltzen hasi eta gero gertatuko balitz, ezpatari arituenak ordezkatuko luke eta bere txanda ez litzateke beste batengana igaroko.

7. Iharduteko txanda ez duen ezpatariak ezin izanen du kailejoitik alde egin Zezenketa-zuzendariaren baimenik gabe, ezta aldi baterako ere.

Bigarren saila. Zezenketaren lehendabiziko ekitaldia

68. artikulua. Aberea ateratzea.

1. Txanda duen ezpatariak aberea toreatu ondoren, Lehendakariak pikadoreak hondarrera ateratzeko agindua emanen du.

2. Aberea korritu eta geldi erazteko, hondarrean hiru banderilari baino gehiago ez da egonen eta aberea hondarrera sartu ahala saiatuko dira hori egiten, alperrikako laisterketak ez izateko.

3. Debekatzen da abereari errekortea egitea, barreraren kontra talka egin dezan kapotearekin nahastea eta izkutatokietan adarkadaka ibil eraztea.

69. artikulua. Pikaldia.

1. Pikadoreak txandaka arituko dira. Aritu behar den pikadorea txandako zezen-hiltzaileak erabaki tokian kokatuko da, bereziki zezentokitik ahalik eta urrunen, eta beste pikadorea hondarraren kontrako aldean.

2. Pikadoreak eskuineko aldetik gauzatuko du pikaldia, horretarako prestatu eta gero, barreratik ahalik eta gertuen dagoen zirkulua gainditu gabe. Pikadorea arduratuko da zaldiak eskuineko begia estalirik eraman dezan eta zezenkari bakar batek ere ezkerreko koskatik aurrerago ez dadin hurbildu.

3. Pikaldirako prestatzeko aberea barreratik urrunen dagoen zirkulua gainditzen ez duen tokira eramanen da, eta, zezenkariak eta mutil zaldizainak ez dira inoiz zaldiaren eskuineko aldean kokatu ahalko.

4. Aberea zaldiarengana joaten denean, pikadoreak eskuineko aldetik eginen du pikaldia eta debekaturik dago aberea biraka zulatzea, bere igarobidean oztopoak jartzea, aberearen inguruan ibiltzea edo oker emandako zigorrari eutsi eta ekitea. Zezena zalditik bereizten bada, erabat debekaturik dago berehala beste eztenkada bat sartzea. Zezenkariek pikatokitik aterako dute aberea eta, hala behar bada, berriz ere pikaldi-tokian kokatuko. Pikadoreak, bitartean, atzera eramanen du zaldia eta berriz kokatuko da. Era berean ihardungo dute zezenkariek pikaldia oker egin edo gehiegi luzatuz gero. Pikadoreak uneoro defenda daitezke.

5. Aberea hirugarren aldiz dagokion zirkulura eraman eta zaldiarengana ez bada hurbiltzen, pikaldiari ekingo zaio tokia kontutan izan gabe.

6. Abereek zer-nola guztien arabera dagokien zigorra jasanen dute. Txanda duen ezpatariak ekitaldi aldaketa eskatu ahalko du, hala baderitzo, gutxienekoa den lehenengo eztenkada eman eta gero. Iruñeko plazan, berriz, bi izanen dira gutxienez eman beharreko eztenkadak eta Lehendakariak egoki dena erabakiko du, kontutan izanik abereak jasandako zigorra. Bestela, Lehendakariak ekitaldi aldaketa aginduko du aberea nahiko zigortua izan dela uste duenean.

7. Lehendakariak ekitaldi aldaketa eskatzen duenean pikadoreek zigorra emateari berehala utziko diote, beren defentsari ekin ahalko diotelarik zezenkariek aberea zaldiaren ondotik atera arte.

8. Lehendakariak pikaldiari buruzko arauak hausten dituzten oinezko zezenkariak ohartaraziko ditu, eta hirugarren oharterazpenari jaramonik egin ezean, zehapena izan ahalko dute, arau-hauste arinaren egile izateagatik.

Zaldimutilak pikadorearen laguntzaileak izanen dira eta lan hori egiteko haga bat izan ahalko dute. Ez dute baimenik izanen ezkerreko koskatik aurrerago joateko eta ezinen dute eskuineko aldera jo ezta norabide horretan kokatu ere, nahiz eta aberea igarotzeko tokitik oso urrun egon.

9. Lehendakariak artikulu honetan dauden arauak hausten dituzten pikadoreak oharteraziko ditu eta zehapena izan ahalko dute arau-haustearen arabera.

10. Koadrilako laguntzaile bat egonen da, pikaldian parte hartu gabe eta hondarrean dagoen pikadorearen ondoan, zezena zaldi horrekin talkaka has ez dadin behar diren kiteak egiteko.

70. artikulua. Kiteak.

1. Pikaldiari ekitean, parte hartzen duten pikadore guztiak pikadorearen ezkerreko aldean kokatuko dira. Zezenketan aritu behar den ezpatariak zuzenduko du pikaldia eta, hala baderitzo, berak parte hartuko du.

2. Aurretik aipatutakoaz gain, eztenkada bakoitza eman eta gero, gainontzeko ezpatariek eginen dituzte kiteak, arituenetik hasita. Ezpatariren batek parte hartzeari uko eginen balio, txanda hurrengoari pasatuko zaio.

71. artikulua. Pikadorea ordezkatzea.

Txanda duen koadrilako pikadore batek edo biak istripuren bat izan eta ezin arituz gero, gainontzeko koadriletakoek ordezkatuko dituzte, lanbidean gutxien aritutako pikadoretik aurrera.

72. artikulua. Zigor-banderilak.

Aberea mantso izateagatik aurreko artikuluetan adierazi gisa ezin bada pikatu, ezpatariak eskatuta, Lehendakariak ekitaldi aldaketa eta abereari banderila beltzak edo zigor-banderilak paratzea agindu ahalko du.

Hirugarren saila. Zezenketaren bigarren ekitaldia

73. artikulua. Banderilaldia

1. Lehendakariak ekitaldiz aldatzeko aginduta, jarriko zaizkio zezenari banderilak, gutienez ere bi pare eta gehienez ere hiru pare.

2. Banderileroak binaka arituko dira, antzinatasunaren arauera. Hiru irteeratan huts egiten duenak txanda galduko du eta hirugarren batek ordeztuko.

3. Ezpatariek banderilak sartzeko, banatu ahalko dute aldi hau aritzen diren beste ezpatariekin. Kasu horietan ez da beteko hurrengo atalean ezarritakoa.

Aldi horren erdialdeetan, aritzen den banderileroari bizkarra emanez, hurrengo txanda dagokion ezpataria kokatuko da eta bestea aberearen atzean. Orobat, baimenduko da bi peoi ere ari daitezela, banderileroei laguntzeko.

74. artikulua. Ekitaldiaren bukaera.

Banderilak baimenik gabe paratzen dituzten zezenkariak, aldiaren aldaketa iragarri eta gero, zehatzen ahalko dira, araua arinki hausteagatik.

75. artikulua. Banderileroa ordeztea

Istripuz koadrila bateko banderileroek ez badute segitzerik, beste koadriletako banderilero berrienek hartuko dute haien postua.

Laugarren saila. Zezenketako azkeneko ekitaldia

76. artikulua. Agurra.

Lehenengo abereari muleta faena egiten hasi aitzin, ezpatariak, burukoa eskuan, Lehendakariaren baimena eskatu beharko du. Orobat, agur egin beharko dio Lehendakariari txanda normalean dagokion azken aberea hil eta gero.

77. artikulua. Aberea hiltzea.

1. Debekatu egiten da zezenkariek abereak paratua daukan puntzeta sakon dezatela, erori aitzin sastaka dezatela eta azkarrago hil dadin nolanahi zauri dezatela.

2. Ezpataria ez da hiltzera sartzen ahalko, harik eta abereari aurreko saio batean iltzatu dion puntzeta kentzen dion arte.

3. Artikulu honetan ezarritako arauak betetzen ez dituzten zezenkariak zehatzen ahalko dira, arauak arinki hausteagatik.

4. Ezpatariak puntzeta iltzatu eta gero baizik ez du aberea deskabellatzen ahalko. Bestela, berriro ere egin beharko du aldia.

78. artikulua. Abisuak.

Azkeneko ekitaldia hasteko agindua eman denetik hamar minutu pasatzean, aberea hilik ez badago, Lehendakariak eskatuta, lehenbiziko abisua emanen da, turuta joz. Hiru minutu berantago emanen da bigarrena eta beste bi minutu geroago hirugarrena. Momentu horretan ezpataria eta gainerako zezenkariak barrerarantz abiatuko dira, aberea ikuiluetara itzul dadin edo sastaka dezaten. Ez bada posible aberea ikuiluetara eramatea edo sastakatzea, Lehendakariak agintzen ahalko dio zezen-hiltzaileari aritzen den txandan segi dezala eta aberea hil dezala, bai puntzetaz, bai zuzenean deskabelluaz, aberea nola dagoen eta horrela.

79. artikulua. Trofeoak.

1. Ezpatariaren trofeoak izanen dira eraztunaldetik agur egitea, zezentokiari itzulia egitea, zezenaren belarri bat edo bi eta lepoan daramatelarik plazako ate nagusitik irtetea. Salbuespen gisa soilki, Lehendakaritzak aberearen puztana ere emanen du.

2. Honela emanen dira trofeoak:

Agurrak eta itzuliak, jendeak txaloekin adierazten duen nahiaren arauera, ezpatariak bere kontura eginen ditu. Jenderik gehienak eskatuta, Lehendakaritzak belarri bat ematen ahalko du. Bigarren belarria ematea Lehendakariaren ez besteren erabakia izanen da, kontutan hartuko dituelarik jendearen eskabidea, aberearen egoera, zezenketa ekitaldi guztietan ongi zuzendua izatea, bai kapoteaz, bai muletaz egindako faena, eta, gehien bat, ezpatakada.

Puztan-belarriak algoaziltxoaren aitzinean ebakiko dira eta berorrek emanen dizkio ezpatariari.

Gutienez ere bi belarri lortzen dituenean baizik ez da baimenduko ezpataria lepoan daramatelarik plazako ate nagusitik ateratzea.

3. Lehendakariak, ikuslerik gehienek eskatuta, agintzen ahalko du, zapi urdina erakutsiz, abereak itzulia egin diezaiola plazari, bere ustez, aparteko suhartasunagatik horrelakorik merezi badu.

Abeltzainak eta maizterrak beren kontura egiten ahalko dute agurra edo itzulia, ikuslerik gehienek hala eskatzen badute.

80. artikulua. Indultua.

1. Iruñeko zezenplazan, zezenketako aldi guztietan izandako satai eta portaeragatik, abere batek merezi baldin badu indultua, hazitarako erabiltzearren eta abereen askazi eta kasta ahalik eta garbienak izan daitezen, Lehendakariak kasu hauetan ematen ahalko du: ikuslerik gehienek eskatzen dutenean; aberea irten zaion zezen-hiltzaileak espreski eskatzen duenean eta, azkenik, abeltzaina edo maizterra konforme dagoenean.

2. Lehendakariak arauzko zapiaren bideaz indultua aginduta, aritzen den hiltzaileak, haatik, zezen-hilketa burutzen dela simulatu beharko du. Horretarako, puntzetaren ordez, banderila bat erabiliko du.

3. Aldia simulatu eta arpoia iltzatu ondoren, aberea itzuli eginen da kortetara senda dezaten.

4. Kasu horietan, zezen-hiltzaileari eman izan balitzaio belarri bat edo bi edo, salbuespen gisa, aberearen puztana, trofeo horiek ematen zaizkiola simulatuko da.

5. Abereari indultua emanez gero, abeltzainak enpresariarekin hitzartutako zenbatekoa itzuli beharko dio horri.

Bostgarren saila. Beste xedapenak

81. artikulua. Abereak itzultzea.

1. Lehendakariak agintzen ahalko du plazara ateratzen diren abereak itzul daitezela, akats nabarmenak edo zezenketari normalki garatzea eragozten dioten portaera izateagatik baliagarriak ez direla bistan denean.

2. Abere bat zezenketa bitartean baliaezina geratu eta sastakatua izan behar balitz, ez da ordeztua izanen.

3. Ezpatariak salatuko balu dagokion aberea zezenkatua izan dela, Lehendakariak hori kendu eta haren ordez beste bat jartzeko agin lezake.

4. Aurreko puntuetako kasuetan, Lehendakariak baimena ematen ahalko die ezpatariari eta haren koadrilari aberea kentzen parte har dezaten, edo bestela, aberea kentzeko joaldunak irten daitezela aginduko du. Behar baino denbora gehiago pasatzen bada aberea kortetara eraman gabe, Lehendakariak baimena emanen du sastakariak plazan berean hil dezan edo, posible ez bada, ezpatariak berak.

5. Aurreko ataletan ezarritakoarekin bat, kortetara eramaten diren abereak hor berean sastakatu beharko dira, Agintaritzaren Ordezkaria bertan dagoelarik.

82. artikulua. Ikuskizuna bertan behera uztea.

1. Zezenketari normal garatzea eragozten ahal dion eguraldi txarra egiten badu, Lehendakariak, korrida hasi aitzin, ezpatarien eritzia eskatuko du eta jakin eraziko die, festa hasiz gero, eguraldia asko okertuz gero baizik ez dela bertan behera utziko.

2. Orobat, ikuskizuna hasita, eguraldiak edo bestek hari eragotziko balio, Lehendakariak aldi batez bertan behera utzi dadila agintzen ahalko du, inguruabar horiek aldatu arte edo, iraun balezate, behin betikoz bertan behera utzi dadila agintzen.

83. artikulua. Aktak.

1. Ikuskizuna edo zezenjaia bukatu ondoren izandako iharduera edo gorabeherak jasotzen dituen akta eginen da, honelaxe:

a) Zezenketetan, nobilladetan, burtziketetan, jaialdietan eta zekorketetan Agintaritzaren Ordezkariak eginen du. Bertan, lehendakariaren oneritzia jasota, aditzera emanen du:

-Ikuskizuna non eta noiz egin zen eta zenbat iraun zuen.

-Parte hartu duten zezen-hiltzaileak eta haien koadrilak osatzen dituztenak.

-Zezenkatzen diren abereak, abeltzaina, identifikazio zenbakia. Halakorik balitz, soberakoak eta horien identifikazio zenbakia ere adieraziko dira.

-Lortzen diren trofeoak.

-Gertatzen diren gorabeherak.

-Abereak nola hil dituzten.

b) Gainerako ikuskizun edo zezenjaietan, aditzera emanen da aktan:

-Ikuskizuna noiz egin zen eta zenbat iraun zuen.

-Ikuskizun mota.

-Zezenkatzen diren abereak, identifikazio zenbakia eta guzi.

-Gertatzen diren gorabeherak.

-Abereak nola hil dituzten.

2. Aktaren ale bat, datu estatistikoetarako, Zezen Aferen Batzorde Nazionalera igorriko da.

VIII. KAPITULUA. Bestelako ikuskizunak garatzea

84. artikulua. Burtziketak.

1. Burtzikariak aritzen diren ikuskizuna iragartzen duen kartelean, aditzera emanen da abereek adarrak oso-osorik dituztenentz.

Iragartzen bada abereek adar osoak dituztela, hil baino lehen eta hil ondoren egiten zaizkien azterketak Erregelamendu honek dioen bezala eginen dira.

2. Burtzikariak burtzikatu behar dituzten zezenak baino zaldi bat gehiago aurkeztuko dituzte. Adar osoak dituzten abereak zezenkatu behar dituztenean beste zaldi bat gehiago aurkeztuko dute.

3. Burtzikariak eta oinezko zezen-hiltzaileak aritzen diren ordena alderdiek eta enpresak ezarriko dute edo, behar balitz, Lehendakariak hondarraren egoeraren arauera erabakiko du.

4. Burtzikariarekin batera bi peoi aterako dira zezenplazara. Hark nahi bezala lagunduko diote, ez dira errekorteetan arituko eta ez dute aberea nekatuko.

5. Burtzikariek gehienez ere bi zigor-burtzi eta hiru moko edo hiru pare banderilla iltzatzen ahalko dituzte abere bakoitzean. Lehendakariak aldia aldatzeko aldatuta, zaldunak hiltzeko burtziak erabiliko ditu. Gehienez ere hiru iltzatuko ditu, zaldiaren gainetik jaitsi gabe. Menpekoek edo zezen edo zezenko-hiltzaileak izandakoek ez dute parterik hartzen ahalko aberea hiltzeko, baldin eta, aldez aurretik, hiltzeko bi burtzi paratu ez badira.

6. Aldia aldatzeko agindu denetik bost minutu pasatzean aberea hil ez badu, lehenengo abisua emanen da. Bi minutu berantago bigarrena emanen da eta zaldiaren gainetik jaitsi beharko du, berak hil behar baldin badu aberea, edo horretaz arduratzen den menpekoak esku sartu beharko du. Bi kasuetan, bost minutu izanen dituzte. Horiek pasatuta, hirugarren abisua eginen da eta aberea kortetara itzuliko da.

7.-Burtzikariak binaka aritzen ahalko dira. Kasu horretan bakarrak eramaten ahalko ditu armak, eta mokoak, banderilak edo burtziak iltzatzen.

85. artikulua. Zekorketak eta jaialdiak.

1. Zekorketak zezenketa eta nobiladetarako ezarritakoari jarraikiko zaio, hau aldatuta:

a) Abereak osasunari dagokionean baizik ez dira aztertuko, noiznahi, ikuskizuna hasi aitzin.

b) Bertan parte hartzen duten profesional edo zezenzaleek zezenketaren zuzendariak ezartzen duen ordenean ihardunen dute.

c) Arauak abereen eta zezenketarien ezaugarriei egokituko zaizkie.

d) Erregistroan inskribatutako profesionalek ez bestek burutzen ahalko dute aberea hiltzeko aldia.

2.-Zezen jaialdiak zezenketa eta nobilladei buruz ezarritakoari jarraikiko zaio, hau aldatuta:

a) Pikadorerik gabeko nobilladen errekonozimendua bera izanen dute eta ikuskizuna egiten den egun berean egiten ahalko da.

b) Jaialdietan edozein abere motarekin aritzen ahalko da, arra baldin bada eta behar diren osasun baldintzak betetzen baditu.

c) Haietan parte hartzen duten zezen-hiltzaileak Zezenketari Profesionalen Erregistroan ezarritako edozein mailatakoak izaten ahalko dira. Ikuskizun berean aritzen ahalko dira. Zezenkatu behar diren abereak baino banderilero bat gehiagok eta abere bezainbat pikadorek -ikuskizuna horietakoa bada- osatuko dute haren koadrila. Eztenak abere motari dagozkionak izanen dira eta hiru zaldi erabiliko.

86. artikulua. Zezenketa barregarriak.

Zezenketa barregarriak zekorketari buruz ezarritakoari jarraituko zaizkio, baina zezenkariek profesional izan beharko dute, erregistroko I, II edo III. sailetan erregistratuak.

87. artikulua. Euskal-Landetar zezenketak eta errekortegile lehiaketak.

Euskal-Landetar zezenketak eta errekortegile lehiaketak ohi den bezala eginen dira edo enpresak ezarri eta baimena eskatzerakoan Lehendakaritza Departamentuari aurkeztu dion arautegiari jarraikiz burutuko dira, beti ere, arau hauek betez:

a) Edozein adinetako abereak erabiltzen ahalko dira.

b) Adarrak itxuraldatu edo bolaztatzen ahalko dira, ez delarik kartelean iragarri beharrik.

c) Lehiaketan parte hartzen dutenak ez dira nahitaez zezenketa profesionalak, baina, zuzendariak profesionala izan beharko du.

d) 18 urtetik beheitikoek ez dute aritzerik izanen.

e) Abereak aldez aurretik aztertuko dira, osasunari dagokionean soilki.

88. artikulua. Tradiziozko herri ikuskizunak.

1. Tradiziozko herri ikuskizunak arau hauei jarraikiz garatuko dira:

a) Ikuskizunak entzierro bat badu edo zezenkatu behar diren abereek zezen plazara zangoz joan behar badute, behar diren joaldunez lagundurik joanen dira, hiru gutienez. Kasu horretan, lehenago zezenkatutako abererik ez da onartuko.

b) Beti ere zezenketa profesionari bat eta gutienez ere hamar laguntzaile izanen dira, istripuak eragotzi edo horien larritasuna arintzeko gai direnak, baita edozein ustekabeko pairatzen dutenei berehala laguntzeko ere. Ikuskizuna oso-osorik zezenplaza batean egiten bada, hiru bolondres aski izanen dira. Ikuskizunak diraueino izan beharko dute bertan eta eraginkorki iharduteko moduan banatuak. Kolore biziko besokoa edo antzeko zerbait izanen dira haien ezaugarri.

c) Ikuskizun hauetan erabili beharreko abereek Zezenketarako Abereen Genealogia Liburuko erregistroetan izena emandako ganadutegitik ekarriak izan beharko dute.

d) Inolako ikuskizunetan debekatua dago abereak zauritu, ziztatu, jo, heldu edo beste edozein modu ankerretan erabiltzea. Halaber, debekatua dago abereei deitu edo nolabait hots egitea, horrekin arriskua sortzen bada.

2. Foruzaingoak kontrolatuko du zezenplazaz kanpoko herri ikuskizunak. Horretarako jarritako foruzainek bere esku izanen dute:

a) Antolatzaileei behar dituzten baimena erakuts dezaten eskatzea.

b) Erregelamendu honetan adierazitako baldintzak behar bezala bete daitezen eskatzea.

c) Ikuskizuna gera eraztea honako kasu hauetan:

a') Baimenik ez duenean.

b') Beharrezkoak diren erizainak edo anbulantziak bertan ez daudenean edo erizaindegia behar bezalako egoeran ez dagoenean.

c') Zezenkari profesionala edo laguntzaileak bertan ez daudenean.

d') Erabili beharreko abereak arriskutsuegiak direnean, ikuskizunean parte hartu behar duten zezen-profesionalaren eritzia entzun ondoren. Debekatu eginen da zezen korridetarako ezarrita dagoena baino zezen zaharragoak ateratzea.

e') Abereak ankerki tratatzen badira.

3. Beharrezkoa baldin bada, aurreko atalean Foruzaingoari izendatu zaizkion eginkizunak Udaltzaingoak nahiz Estatuko Segurtasun Indar edo Kidegoak ere bete ditzakete.

IX. KAPITULUA. Ikuskizunetako ikusle eta partaideak

89. artikulua. Eserlekuetarako sarrera.

1. Zezenplazak ireki beharko dira ikuskizuna hasi baino gutxienez ordu bete lehenago, ikusleek beren eserlekuetara iristeko aski denbora izan dezaten.

2. Ikusleak ezin izanen dira beren eserlekuetara sartu ez eta handik alde egin ere abere bakoitzaren zezenketak dirauen bitartean, beste ikusleei enbarazurik ez egitearren. Debeku hau jakitera emanen zaio ikusle orori, sarrerako txartelen atzekaldean iragarriz.

3. Ikuskizuna amaitzen denean ate guztiak irekiko dituzte zezenplaza erabat hustu arte.

4. Ikusleek eserita egon beharko dute zezenketa bakoitzean: pasabide eta korridoretan Agintaritzaren agenteak eta enpresako langileak baizik ez dira egoten ahal. Zezenplazako kailejoi eta patioan Agintaritzaren Ordezkariak baimendu ez duenari ez zaio egoten utziko.

90. artikulua. Abonoak.

1. Enpresak ezartzen ahal dituzte denboraldi osorako edo ikuskizun sail baterako. Honelakoetan, abonodun ikuskizunetarako baimena eskatzerakoan, Lehendakaritzako Departamentuari jakin erazi beharko zaio aipatu abonoan zein arau erabiliko diren. Abonoen titularrei ez zaizkie inola ere beren eskubideak murriztuko gainerako ikusleekin alderatuta.

2. Nolanahi ere, txarteldegian zezenplazak dituen sarrera guztien ehuneko hamar bederen jarri beharko da salgai.

3. Abonoen edo sarreren salmenta hasi ondoren ikuskizuna bertan behera utzi edo beste egun baterako atzeratu beharko balitz, enpresak saldutako sarreren dirua itzultzera behartua egonen litzateke.

4. Orobat, enpresak sarreren dirua itzuli beharko du behin salmenta hasi ondoren iragarritako ganadutegi nahiz zezenketarien karteldegian aldaketarik egiten bada. Enpresak ez du dirua itzuli beharrik izanen ezinbestezko arrazoia dela bide, ikuskizuna hasi baino 24 ordu lehenago egin baldin bada aldaketa.

Ikuskizuna bertan behera utzi, luzatu edo aldaketa egin dela iragartzen den unean hasiko da dirua itzultzeko epea, ikuskizunerako finkatu zen egunetik lau egunen buruan, bertan behera utzitakoetan eta ikuskizuna hasi baino berrogeitabost minutu lehenago arte, luzapen nahiz aldaketen kasuetan. Adierazitako epeak besterik gabe luzatuko dira epea bukatu eta dirua itzultzeko zai ikuslerik baldin badago.

5. Ikuskizuna hasi ondoren bertan behera uzten baldin bada, enpresari lepora ez dakiokeen arrazoiren bategatik, honek ez du sarreren dirua itzuli beharrik izanen.

91. artikulua. Herri ikuskizunetako partaidetza

1. Tradiziozko herri ikuskizunetan 16 urtez beheitikoei ez zaie inola ere parte hartzen utziko, ikusle bezala ez bada. Enpresak gutxieneko adin hori 18 urtera altxa dezake.

2. Halaber, ez zaie parte hartzen utziko hordituta, drogapean edo burutik eginda daudenei.

3. Enpresak bere gain izanen du aurreko ataletan ezarritako debekuak betetzearen erantzukizuna. Horretarako behar den ikuskaritza zerbitzua jarriko du. Xedapen horiek betetzearen aurka norbait jartzen bada Agintaritzako agenteen laguntza eskatzen ahal du.

X. KAPITULUA. Zezen eskolak eta probalekuak

92. artikulua. Zezen eskoletako tokiak.

1. Tauromaki Eskoletarako tokiak martxan jartzeko, non ikasgai praktikoak emanen baitira, abereak erabiliz, horretarako behar diren baimenak, iharduera lizentzia eta irekitzekoa, galdatuko dira. Erabiltzen den tokia zezenplaza baldin bada, bere lizentziak izanik, orduan ez da beste baimenen beharrik.

2. Tauromaki Eskolarako tokiek erizaindegi bat beharko dute izan, ezbeharren bat gertatuz gero lehen laguntza edo osaketa bat behintzat egiteko lekua izanen duena, bai eta zauritua anbulantzia bidez eramateko moduan.

3. Lokal horiek ikusleendako harmailarik badute, harmaila horiek zezenplazetarako ezarrita dauden neurriak bete beharko dituzte.

4. Tauromaki Eskolan praktikak egiten diren aldi oro, behar den esperientzia duen profesional bat izanen da bertan, bai eta Osasun Laguntzaile Tekniko bat edo Medikuren bat, erizaindegiaren ardura izateko.

5. Tauromaki Eskolan praktikak egitean ez da ordaintzen duen ikuslerik onartuko ez eta inolako publizitaterik eginen ere.

93. artikulua. Tauromaki Eskolendako baimena.

1. Tauromaki Eskola baten funtzionamenduak Lehendakaritza Departamentuaren aldez aurreko baimena beharko du. Baimen hori eskatzeko unean honakook egiaztatu beharko dira:

a) Titularraren datuak, berau pertsona fisikoa nahiz juridikoa izan daitekeelarik.

b) Aurreko artikuluan zehaztutako lizentziak dituen lokal bat izatea.

c) Aurreko artikuluan adierazitako osasun langileak izatea.

d) Zezen profesional bat bederen izatea, saio praktikoen ardura izan behar duena.

Tauromaki Eskolak Lehendakaritza Departamentuari aurreko lerroaldeetan aipatutako pertsonengan suertatzen diren aldaketen berri eman beharko dio.

e) Zezenketa-ikastaldi bereziak ikasleen nahitaezko eskolaratzearekin bateragarritasuna, eta Tauromakia Eskolako ikasle izateko nahitaezko eskolaratu beharra.

2. Baimenak bost urteko indarraldia izanen du, iraupen berdineko alditan berritu daitekeena. Baimena iraungiko da honakoetan:

a) Bost urte iragan direlako berritzea eskatu gabe.

b) Titularrak eskatuta.

c) Espediente zehatzaile baten ondorioz, erregelamendu honetan ezarritako eskakizun eta mugak bete ez direlako.

3. Tauromaki Eskoletako ikasleek gutxienez 14 urte beharko dituzte izan saio praktikoetan parte hartu ahal izateko.

94. artikulua. Txuliaketa.

1. Irabazbiderako eta izaera murriztuko ikuskizunak emateko lokalek 92. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, 5. atalean xedatutakoa izan ezik.

2. Aurreko atalean adierazitako lokalak mantentzen dituzten enpresek Lehendakaritza Departamentuari adierazi beharko dizkiote osasun laguntza ematen duten zezen-profesional eta pertsonen datuak.

3. Artikulu honetan aipatzen diren ikuskizunetan ezin izanen dira abereak hil. Ikuskizunaren ondoren aberea hilez gero kontsumo publikorako bideratzen den haragi hori eskualdeko Osasun Publikoko Ikuskariak aztertuko du.

XI. KAPITULUA. Zehapen erregimena

95. artikulua. Arau-hausteak

1. Zezen ikuskizunak arautzen dituzten xedapenen aurkako arau-hausteak martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeari jarraikiz zehatuko dira.

2. Aurreko atalean aurrikusitakoaren ondorioetarako, arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Zezenplazak edo beste lokal batzu iharduera lizentziarik gabe zezen-ikuskizunetan erabiltzea.

b) Zezen-ikuskizunetarako diren zezenplaza edo beste lokal batzu funtsez aldatu edo beste iharduera batzuetan erabiltzea behar duten lizentziarik gabe, beti ere hortik arriskurik sortzen baldin bada.

c) Zezen-ikuskizun bat baimenik gabe burutzea.

d) Zezen-ikuskizunak egiten direneko zezenplaza edo beste lekuetan segurtasun arauak ez betetzea, erregelamendu honetan edo administrazio baimenetan eskatzen den bezala.

e) Zezenplaza edo beste instalazioak egoera txarrean egotea, komeni den segurtasun maila guztiz beheratzen delarik.

f) Zezenplazak edo beste instalazioek dituzten eserlekuak baino ikusle gehiago onartzea, halatan non segurtasun baldintzak murrizten diren.

g) Zezen-ikuskizunetarako diren zezenplaza edo beste lekuetan pertsonak eramateko eskatzen diren baldintzak ez betetzera behartzen duten iharduketak.

h) Agintaritzaren agenteei zezen-ikuskizunak egiten direneko zezenplaza edo beste lekuetara sartzen ez uztea, edo haien ikuskaritza eta zainketa lanetan oztopoak jarri edo galeraztea.

i) Hutsegite larriak berriz egin eta errepikatzea.

3. Hutsegite larriak izanen dira:

a) Zezenplaza eta beste leku batzu zezen-ikuskizunetan erabiltzea ireki edo berrirekitzeko lizentziarik gabe.

b) Zezen-ikuskizunetarako diren zezenplaza edo beste lokal batzu funtsez aldatu edo beste iharduera batzuetan erabiltzea behar duten lizentziarik gabe, beti ere hortik arriskurik sortzen ez bada.

c) Zezen-ikuskizunak egiten direneko zezenplaza edo beste lekuetan eskatzen diren higiene neurriak ez betetzea edo instalazioak egoera txarrean edukitzea, osasun baldintzetan eragina izanik.

d) Baimendutako zezen-ikuskinak erabat aldatzea.

e) Zezenplazaren nahiz enpresa antolatzailearen titularitatea aldatzea Udalari edo Lehendakaritza Departamentuari horren berri eman gabe.

f) Zezen-ikuskizunetan erregelamendu honetan ezarritako adinez beheitikoei parte hartzen uztea.

g) Zezenplazak edo zezen-ikuskizunetarako instalazioek dituzten eserlekuak baino ikusle gehiago onartzea, baldin eta segurtasun baldintzak ukitzen ez badira.

h) Jendeari iragarritako zezen-ikuskizun bat bertan behera uztea horretarako arrazoi handirik egon gabe.

i) Abereei adarrak baimenik gabe itxuraldatzea edo zezenketan izan beharko luketen portaera aldatzeko drogak edo beste zerbait ematea.

j) Abereen adina arauak eskatzen duenera ez egokitzea.

k) Zezenketarako lehendik ere toreatu diren zezen edo zezenkoak eramatea.

l) Abereen pisua arauak eskatzen duen neurrietara ez egokitzea.

m) Iragarrita zegoen ikuskizun bateko zezenkariek uko egitea benetako arrazoiak eta ezinbesteko kasuak izan gabe.

n) Zezenkarien nahiz enpresako langileen aldetik publikoarenganako begirunerik eza.

ñ) Abereei deitu edo hots egitea beste pertsonenganako arriskua sortuz, harrapaketa bat ekiditeko ez bada.

o) Enpresak kontratatutako zezenkariak ez diren pertsonek zezenketan parte hartzea.

p) Zezenketa jokatzen ari den bitartean hondarrean sartzea.

q) Zezen-ikuskizunetako sarrerak prezio-errekargua ezarriz saltzea.

r) Zezenkariak edo beste ikusleak iraintzea edo gauzak hondartokira, tendidura edo harmailetara botatzea.

s) Abereen banderilak jo, ziztatu edo ateratzea ikusleengandik gertu igarotzen badira.

t) Zezenplazen barrura armak edo debekatutako beste gauza batzuk eramatea.

u) Hutsegite arinak berriz egin edo errepikatzea.

4. Hutsegite arinak honakoak izanen dira:

a) Zezen ikuskizunak iragarritako orduan baino beranduago hastea.

b) Arautegiko baldintzak betetzen ez dituzten babes, ezten, banderila edo beste material batzuk erabiltzea.

c) Hildako abereekin plazari buelta ematea Lehendakariaren baimenik gabe.

d) Zezenketa ezarritako arauak bete gabe egitea.

e) Pikaldia edo banderilak jartzea arauak bete gabe egitea.

f) Lantze aldaketa egitea Lehendakariaren baimenik gabe.

g) Kailejoian baimenik gabe egotea.

h) Zezenketa bitartean jarlekua hartu edo uztea.

i) Ezarritako arauak hausten dituen beste edozein ekintza edo ez-egitea, arau-hauste larri edo oso larritzat jotzen ez bada.

96. artikulua. Arau-hauste oso larrien zehapena.

1. Aurreko artikuluan aipatutako arau-hauste oso larriak hurrengo ataletan ezarritakoari jarraikiz zehatuko dira.

2. 2. ataleko a)tik f)ra bitarteko letretan aipatutako arau-hausteek, biak barne, 500.000 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, enpresa erantzuleari eskatu ahalko zaiolarik.

3. 2. ataleko g) eta h) letretan aipatutako arau-hausteek 500.000 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, baldin eta enpresari leporatzerik badago, edo 50.000 eta 500.000 pezeta bitartekoak langileei leporatzen bazaizkie.

4. 2. ataleko i) letran ezarritako arau-hausteek 10.000.000 pezeta arteko isuna izanen dute, erantzulea den subjektuari eskatuko zaiolarik.

5. Artikulu honetan ezarritako isunez gain, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 26.1. artikuluan aurrikusitako zehapenak jarri ahalko dira.

97. artikulua. Arau-hauste larrien zehapena.

1. 95. artikuluan aipatutako arau-hauste larriak hurrengo ataletan ezarritakoari jarraikiz zehatuko dira.

2. 3. ataleko a)tik g)ra bitarteko letretan aipatutako arau-hausteek, biak barne, 50.000 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, enpresa erantzuleari eskatu ahalko zaiolarik.

3. 3. ataleko h)tik k)ra bitarteko letretan aipatutako arau-hausteek, biak barne, 50.000 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, erantzukizuna frogatua duen abeltzainari edo enpresari eskatu ahalko zaiolarik.

4. 3. ataleko l) letran aipatutako arau-hausteak progresio aritmetiko bateko terminoak batuz ateratzen den diru kopuruaren pareko isunaz zehatuko dira; progresio horretako arrazoia eta lehenengo terminoa hirurehun pezetakoa izanen da eta termino kopurua, berriz, eskatutako pisuari falta zaizkion kiloena, bost kilo gorabehera, eta hogeitamar kilo arte. Isun hori erantzukizuna frogatua duen abeltzainari edo enpresari eskatu ahalko zaio.

5. 3. ataleko m) eta n) letretan aipatutako arau-hausteek 50.000 eta 250.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, erantzuleak diren zezen-profesionariei edo enpresako langileei eskatu ahalko zaielarik.

6. 3. ataleko ñ) eta t) bitarteko letretan aipatutako arau-hausteek 15.000 eta 150.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, erantzuleak diren pertsonei eskatu ahalko zaielarik.

7. 3. ataleko u) letran aipatutako arau-hausteek 1.000.000 pezeta arteko isuna izanen dute, erantzuleak diren pertsonei eskatu ahalko zaielarik.

8. Artikulu honetan ezarritako isunez gain, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 26.2. artikuluan aurrikusitako zehapenak jarri ahalko dira.

98. artikulua. Arau-hauste arinen zehapena.

1. 95. artikuluan aipatutako arau-hauste arinak honako ataletan ezarritakoari jarraikiz zehatuko dira.

2. 4. ataleko a) eta b) letretan aipatutako arau-hausteek 10.000 eta 100.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, enpresa erantzuleari eskatu ahalko zaiolarik.

3. 4. ataleko c) letran aipatutako arau-hausteek 10.000 eta 50.000 pezeta arteko isuna izanen dute, erantzuleak diren enpresako langileei eskatu ahalko zaielarik.

4. 4. ataleko d) eta f) bitarteko letretan aipatutako arau-hausteek, biak barne, 10.000 eta 75.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, erantzuleak diren zezen-profesionariei eskatu ahalko zaielarik.

5. 4. ataleko g) eta i) bitarteko letretan aipatutako arau-hausteek, biak barne, 5.000 eta 50.000 pezeta bitarteko isuna izanen dute, erantzuleak diren pertsonei eskatu ahalko zaielarik.

99. artikulua. Organo eskudunak.

Erregelamendu honetan araututako zehapenak jartzea organo hauei dagokie:

a) Lehendakaritza Kontseilariari, arau-hauste arin eta larriengatiko zehapenak eta eta arau-hauste oso larriengatikoak 5.000.000 pezeta arte.

b) Nafarroako Gobernuari arau-hauste oso larriengatiko zehapenak, isunak 5.000.000 pezetatik gorakoak direnean.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Erregelamendu honetako artikulu multzoan dauden xedapenez gain, ikuskizun bereziak eta tradizio frogatukoak, hala nola Lodosako sokaz lotutako zezena, baimendu ahalko dira segurtasun neurriak hartuz, batez ere ikuskizunaren tokiari eta ezaugarri bereziei dagokienean. Baimen bakoitzean partehartzaile eta ikusleen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri osagarriak sartu ahalko dira.

Lehenengo Xedapen Iragankorra. Erregelamendu honetan zezenplazetarako ezarri diren baldintzak plaza berriei aplikatuko zaizkie.

Erregelamendu honek indarra hartzen duenean behar diren lizentziak dituzten zezenplazak bertan ematen diren balditzetara egokitu beharko dira. Erabateko egokitzea egiturari buruzko arrazoiengatik ezinezkoa denean, konponbide ezberdinak onartu ahalko dira baldin eta teknikoki eta agiri bidez behar den bezala frogatzen bada erregelamendu honetan ezarritako neurriak betetzerik ez dagoela edo proposatutako aukerak egokiak ez direla.

Ondorio horietarako, 1993.eko denboraldirako berrirekitze baimenak eman baino lehen, zezenplazetako titularrek Lehendakaritza Departamentuan azterketa tekniko bat aurkeztu beharko dute, bertan azalduz bai instalazioaren egungo egoera, bai eta erregelamendu honetan aipatutako baldintzetara egokitzeko proposatu diren neurriak ere. Azterketak Arkitekto baten sinadura eta dagokion Elkargo profesionalaren oneritzia beharko du; ez da oneritzia eskatuko Arkitektoa Administrazio Publiko edo bere meneko entitate bateko funtzionari edo kontratupeko langilea baldin bada.

Azterketak ezaugarri hauek jasoko ditu, besteak beste:

A) Plazaren eraikuntzako ezaugarriak (egitura, itxiturak, etab.) eta suaren aurkako erresistentzia.

B) Plazako eserlekuen kalkulua.

C) Instalazioak husteko azterketa, bertan zehaztuz ibilbideak eta beren ezaugarriak (materialak, neurriak, etab.), horietatik igaro beharreko pertsona multzoak eta plazatik irtetzeko denbora eta bitartekoen kalkulua.

D) Larrialdietarako eta suteetatik babesteko instalazioak.

E) Honako planoak:

a) Plazaren kokapenaren planoa, plazaren beraren eta inguruko eraikin eta lurren mugak, bai egungoak bai aurrikusitakoak, beren erabilpenak eta ondoko bide publikoak garbi ikusi ahal izateko eskala egokian.

b) Plazaren kokapenaren planoa, ikuskizunarekin zerikusia izan dezaketen etxebizitza edo inguruko beste iharduera batzuei buruz (osasun establezimenduak, abere-hiltegiak, etab.).

Bai plano honek nola aurrekoak, hustuketa unean ukitua izan daitekeen plazaren kanpoko azalera agertu beharko du gutxienez, indarrean dagoen Eraikuntza-Suteen aurkako Babes Baldintzen Oinarrizko Arauean (NBE-CPI/91) ezarritako erizpideen arabera.

c) Plazako instalazioen eta hartutako neurri zuzentzaileen deskripzio planoak.

d) Eraikinaren hustuketaren planoa, bertan aipatuz ibilbideak, babesak (farandak, hesiak, etab.), dauden bitartekoak (ateak, eskilarak, mailak, maldak, etab.), neurriak eta hautazko ibilbideen azterketa, hustuketa bide bakoitzari dagokion ikusle kopuruaren arabera.

e) Larrialdi eta seinalizazio instalazioen planoa, bai eta suteetatik babesteko instalazioena ere.

f) Hartu beharreko neurri zuzentzaileen kostu ekonomikoaren aurrekontua eta exekuzio epeen kalkulua.

Lehendakaritza Departamentuak, onespena eman baino lehen, zezenplazetako titularrei errekerimendua egin ahalko die, azterketa teknikoan aurrikusitako neurriak osatu edo aldatzeko. Nolanahi ere, zezenplazak berrirekitzeko, Lehendakaritza Departamentuak azterketa teknikoa onetsi beharko du eta erregelamendu honetara egokitzeko neurriak bete beharko dira, hala egokitu bada.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Erregelamendu honek indarra hartzen duenean  zezenketaren inguruko iharduera profesionaletan ari direnek, zuzenean eskatu ahalko dute zezenketari profesionalen erregistroan inskribatzea, aldez aurretik beren izaera eta kategoria egiaztatuz. Halaber, beren iharduera profesionalean jarraitu ahalko dute, 1992.eko abenduaren 31 arte erregistroan inskribatu beharrik izan gabe.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Erregelamendu honetan zaldiei buruz ematen diren xedapenak 1993.eko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko dira.

Azken Xedapenetan Lehenengoa

Ahalmena izanen du Lehendakaritza Kontseilariak Erregelamendu hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Indarrik gabe geldituko da ekainaren 29ko 152/1989 Foru Dekretua, bai eta erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo txikiagoko beste xedapen guztiak ere.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa