Castellano | Euskara | Français | English
44/1990 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 8KOA, TOKI PUBLIKOTAN IKUSKIZUNEN BAIMENETARAKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUENA.
(1990eko 34. NAOn argitaratua, martxoaren 19an)
Atarikoa
Ikuskizun Publikoak eta Josteta Iharduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 7.2 artikuluak, baimen administratibo espresu eta aldez aurretikora meneratzen ditu bide publikoetan edo guztion erabilpeneko tokietan egiten diren ikuskizun edo josteta iharduerak. Horrelako ikuskizun edo iharduerak burutzeko baimena eginen diren tokietako Udalek edo Kontzejuek emanen dute, ikuskizuna Foru Komunitateko udalerri bat baino gehiagotako ibilbidetan ematen ez baldin bada, orduan baimena Nafarroako Gobernuari bait dagokio.
Gaur egun era ezberdinetako ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak sarri askotan toki publikotan eta komunikazio bideetan barna gertatzen direnez, beharrezkoa suertatzen da baimen horiek emateko baldintzak arautzea, kontutan hartu behar baita iharduera horiek, eskuarki, jende multzo haundia bai eta partehartzaile asko ere bildu ohi dutela eta bai bertan parte hartzen duten, bai hirugarren edo ingurugiroaren seguritaterako arriskua sor dezaketela. Arrisku posible horiek haunditu egiten dira ikuskizunean ibilgailuak erabiltzen direnean eta komunikazio bideetan ematen direnean.
Guzti horrengatik, Foru Dekretu honek, lehen aipatu den Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian Nafarroako Gobernuari eskuratzen zaizkion erregelamendua garatzeko ahalmenak erabiliz diktatu izan denak, ezarri nahi ditu, aipatutako baimenak emateko prozedura admnistratiboaz gain zein baldintzetara lotu beharko diren ere, pertsonen seguritateak eta ingurugiroaren babesak halaxe eskatzen baitu.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne Kontseilariaren proposamenez, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamarreko martxoaren zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua
1. Foru Dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean bide publikoetan edo guztion erabilpeneko beste tokitan egiten diren ikuskizun publiko eta josteta iharduerei, zezen ikuskizunei ezik, aplikatuko zaie.
2. Aurreko atalean aipatutako ikuskizun edo iharduerak ezin izanen dira Foru Dekretu honetan araututakoaz bestelako baldintzetan egin, ezta bertan ezartzen diren administrazio baimenak ez dituztenek ere.
3. Foru Dekretu honetan araututako administrazio baimenen kontzesioa ukatuko da eskatzaileek exijitu zaizkien baldintza guztiak edo bete beharreko izapide guztiak gordetzen ez dituztenean.
2. artikulua
Foru Dekretu honetan araututako baimenak emateko organo eskudunak honako hauek izanen dira:
a) Kontzejukoak, ikuskizuna edo iharduera guztion erabilpeneko tokietan egiten denean, tokiak kontzejuko dermioaren barrenean soilik kokatuak direnean.
b) Udalekoak, ikuskizuna edo iharduera guztion erabilpeneko tokietan egiten denean, tokiak udal dermioaren barrenean kokatuak direnean, a) letran aipatutako kasua ezik.
c) Udalekoak, ikuskizuna edo iharduera ibilgailuen trafikoan eragina izanda zirkulazio bideetan egiten denean, udalerriko mugetatik atera gabe.
d) Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza eta Barneko Departamentua, ikuskizuna edo iharduera udalerri bat baino gehiagoko ibilbide batean egiten denean.
II. KAPITULUA. Kirol iharduerak bide publikoetan
3. artikulua
Kapitulu honetan bildutako xedapenetara meneratzen dira, osoki edo neurri batean, bide publikoetan egiten diren kirol iharduerak.
4. artikulua
1. Iharduera antolatzen duen enpresak behar duen baimena eskatu beharko du 25 egun lehenagotik bederen, honako agiri hauek organo eskudunari aurkeztuz:
a) Eskabidea, bertan ihardueraren izaera, noiz, zein ordu eta tokitan eginen den adieraziz, partehartzaileen kopurua gutxi gora behera bederen eta enpresa antolatzailearen datuak.
b) Probaren erregelamendua, lehiaketa baldin bada, edo bestela ihardueraren txosten deskriptiboa.
c) Ibilbidearen krokis zehatza.
d) Aseguruaren ziurtagiri berezia, mortordun ibilgailuak parte hartzen dutenean.
e) Bide pribatuetako jabeen idatzizko baimena, ibilbideak haiek ukitzen baditu.
2. Aurreko ataleko a), b) eta c) letretan aipatutako agiri bakoitzeko lau ale aurkeztuko dira.
3. Bi eguneko epean, organo eskudunak 1. ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako agirien ale bana igorriko du Probintziako Trafiko Burutzara, trafikoan izan dezakeen eragina dela eta baimena lortzeko egokieraz argibideak eskatuz.
Ezin izanen da baimenik eman aurretik Probintziako Trafiko Burutzaren txostenik ez badago, eta hau loteslea izanen da hura ukatzen duenean edo trafikoaren segurantzagatik eskatutako ibilbide, egun eta orduetan aldaketak proposatzen dituenean.
Atal honek aipatzen duen txostena eskatu beharretik salbuesten dira erabat herri baten barruan eta herriarteko bideen zirkulazioan eraginik izan gabe egiten diren iharduerak.
4. Bide publikoak intereseko naturgune, babespeko gune edo parke naturaletan barna pasatzen direnean, organo eskudunak igorri beharko ditu, bi eguneko epean, 1. ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako agirien ale bana Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiroko Departamentuaren Ingurugiroko Zerbitzura, probak ingurugiroan izan dezakeen eraginaren gainean txostena eman dezan eskatuaz. Ezin izanen da baimenik eman aurretik Ingurugiroko Zerbitzuaren txostenik ez badago, eta hau loteslea izanen da hura ukatzen duenean, egin behar den tokian edo ibilbidean aldaketak proposatzen dituenean edo ingurugiroa babesteko debekuak edo neurri espezifikoak jartzen dituenean.
5. Organo eskudunak eskatu den baimena eman edo ukatuko du, gutxienez proba burutzeko data baino lau egun lehenago.
5. artikulua
1. Bide publikoetan egiten diren kirol lehiaketek Zirkulazio Kodearen 2. Eranskineko 7. atalean ezarritako debekuak begiratu beharko dituzte.
2. Lehiaketazkoak ez izan eta bide publikoetan egiten diren iharduerek eranskin horren 7.1, 7.2, 7.3 eta 7.8 ataletan ezarritako debekuak begiratu beharko dituzte.
III. KAPITULUA. Bide publikoetaz kanpoko motordun ibilgailuko iharduerak
6. artikulua
Kapitulu honetan bildutako xedapenetara meneratzen dira bide publikoetaz kanpoko motordun ibilgailuak parte hartuz burutzen diren ikuskizun edo josteta iharduera guztiak, edozein dela ere ibilgailu horiek parte hartzeko modua.
7. artikulua
1. Enpresa antolatzaileak behar duen baimena eskatu beharko du 25 egun lehenagotik bederen, honako agiri hauek organo eskudunari aurkeztuz:
a) Eskabidea, bertan probaren izaera, noiz, zein ordu eta tokitan eginen den adieraziz, partehartzaileen kopurua, gutxi gora behera bederen eta enpresa antolatzailearen datuak.
b) Txosten bat, iharduera nola burutuko den eta bere ezaugarriak azalduz, edo, egonez gero, probaren erregelamendua.
c) Ibilbide edo zirkuituaren krokisa.
d) Aseguruaren ziurtagiri berezia.
e) Lur pribatuen jabearen aldeko baimena, haietan eraginik baldin bada.
2. Aurreko ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako agiri bakoitzeko lau ale aurkeztuko dira.
3. Egin nahi den iharduera hirigunetatik kanpo burutu nahi denean, organo eskudunak, baimen eskabidea hartu eta bi eguneko epean, 1. ataleko a), b) eta c) agirien ale bana igorriko du Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuko Ingurugiroko Zerbitzura, probak ingurugiroan izan dezakeen eraginaren gainean txostena eman dezan eskatuaz. Ezin izanen da baimenik eman aurretik Ingurugiroko Zerbitzuaren txostenik ez badago, eta hau loteslea izanen da hura ukatzen duenean, egin behar den tokian edo ibilbidean aldaketak proposatzen dituenean, edo ingurugiroa babesteko debekuak edo neurri espezifikoak jartzen dituenean.
4. Organo eskudunak eman edo ukatuko du eskatutako baimena, iharduera burutzeko data baino bost egun lehenagotik bederen.
8. artikulua
1. Aurreko artikuluan aipatutako iharduerak, bide, mendiko pista, edo ibilgailuak zirkula daitezkeen beste bideetan barna egiten direnak, aurretik itxi eta seinalizatutako zirkuitu edo ibilbideetan barna burutuko dira eta, partehartzaile eta ikusleendako babes neurriz horniturik egonen dira.
2. "Lur orotan barnako" edo "landetan barnako" iharduerei baimena emanen zaie horretarako bereziki prestatuak diren zirkuitu iraunkorretan bakarrik, edo behar den bezala egokitu eta seinalizatutako beste tokitan salbuespen gisa, eta baimenean ibilgailuen ezaugarri eta pisuari eta neumatiko motei buruzko debekuak ezarri ahal izanen dira.
3. Baimena emateko organo eskudunak, haren aldez aurretiko beharkizun gisa, eskatu ahal izanen du fidantza bat ematea, gerta daitezkeen kalteak ordaintzeko behar den adinako neurrian.
IV. KAPITULUA. Beste ikuskizun edo iharduerak gune publikoetan
9. artikulua
1. Aurreko kapituluetan aipatutakoetaz bestelako gune publikoetan ikuskizun publiko edo iharduerak burutzeko erakunde eskudunaren aldez aurretiko baimena beharko da, zeina 15 egun lehenagotik bederen eskatu beharko baita ondoko agiri hauek aurkeztuz:
a) Eskabidea, bertan ihardueraren izaera, noiz, zein ordu eta tokitan eginen den aipatuz, partehartzaileen kopurua gutxi gora behera bederen eta enpresa antolatzailearen datuak.
b) Ihardueraren ezaugarriak eta garapena deskribatzen duen txostena, behar izanez gero, lekuaren krokisa duela.
2. Organo eskudunak, kasu bakoitzean, egoki derizkion azterketa eta txostenen ondotik, eman edo ukatu eginen du baimena, iharduera gertatu baino bi egun lehenagotik bederen. Baimen horretan, enpresak aurrikusi dituenetaz gain beste debeku edo segurantza neurriak ezarri ahal izanen dira.
V. KAPITULUA. Zaintza eta segurantza zerbitzuak
10. artikulua
1. Enpresa antolatzailea behartua dago bere aldetik eta Administrazio Publikoek ezar ditzaketenetaz aparte, partehartzaile, ikuslego eta hirugarrenen segurantza bermatzeko neurri guztiak hartzera, ihardueraren izakerak hala eskatzen duenean zaintzako zerbitzu bat ere jarriaz.
2. Bide publikoetan burutzeko diren iharduerek trafiko agenteak egotearen beharra izanen dute, eta horrenbestez, horiendako organo eskudunak aurrikusiko du zerbitzu hori, agenterik baldin badu noski. Udaltzaingorik gabeko Udala bada, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza eta Barne Departamentuari eskatuko dio zerbitzu hori.
VI. KAPITULUA. Zehapen eraentza
11. artikulua
Foru Dekretu honetan xedatutakoari egindako hutsegiteak, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen arabera zehatuko dira, ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak arautzen baititu.
12 artikulua.
1. Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hutsegite oso larriengatik ezarri beharreko diruzko zehapenen zenbatekoa honako hau izanen da:
a) Bide publikotan ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak, behar duten baimenik gabe, egin izateagatik, hamar milioi pezeta arte, enpresa antolatzaileari eskatuko zaizkionak.
b) Guztion erabilpeneko beste tokitan ikuskizun publikoak eta josteta iharduerak egin izateagatik, bost milioi pezeta arte, enpresa antolatzaileari eskatuko zaizkionak.
c) Hartzera behartuta zegoen segurantza neurriak ez hartzeagatik, bost milioi pezeta arte, enpresa antolatzaileari eskatuko zaizkionak.
d) Beste hutsegite oso larriengatik, bi milioi pezeta arte, erantzule suertatzen den pertsonari eskatuko zaizkionak.
2. Hutsegite larriengatik ezarri beharreko diruzko zehapenen zenbatekoa honako hau izanen da:
a) Baimenduriko ihardueraren edukina funtsean aldatzeagatik, milioi bat pezeta arte, enpresari eskatuko zaizkionak.
b) Arrazoi frogaturik gabe, baimenduriko iharduera eten egiteagatik, 150.000 pezeta arte, enpresari eskatuko zaizkionak.
c) Beste hutsegite larriengatik, 500.000 pezeta arte, erantzule suertatzen den pertsonari eskatuko zaizkionak.
3. Hutsegite arinengatik ezarri beharreko isunen zenbatekoa honako hau izanen da:
a) Eskabideak aurkezteko epea ez gordetzeagatik: 10.000 eta 25.000 pezeta artean, enpresari eskatuko zaizkionak.
b) Beste edozein hutsegite arinengatik: 100.000 pezeta arte, erantzule suertatzen diren pertsonei eskatuko zaizkienak.
Azken Xedapenetan Lehendabizikoa
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne Kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta burutzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak indarrik gabe geratzen dira.
Azken Xedapenetan Hirugarrena
Foru Dekretu honek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.