Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 72. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 13an)
Atarikoa
Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak garatzen ditu. Arau horren oinarrizko asmoa da Nafarroako Administrazio Publikoek segurtasunaren arloan dituzten eduki eta baliabide bereki guztiak multzo berean sartzea, koordinazioaren, lankidetzaren eta erakunde-leialtasunaren printzipioetatik abiatuta, ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoz.
Egungo araudiaren funtsa da ordena publikoaren kontzeptua gaindituta dagoela, segurtasun publikoaren kontzeptuaren mesedetan, non arlo berri batzuk sartzen diren, orain arte segurtasunaren arloarekin lotu ez direnak. Eremu publikoaren segurtasunaren adiera berri horretan, aipatu foru legean herritarra funtsezko ardatza da. Hortaz, Administrazioak segurtasun publikoaren arloko politikak finkatzeko prozesuan ahalmen ia esklusiboa izatetik beste urrats batera igaro gara, non herritarren sentsibilitatea aintzat hartzen baita, izan ere, azken finean, segurtasuna harentzat diseinatzen da.
Nafarroako Segurtasun Publikoaren Sisteman sartzen den organo berria, hots, Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokia, aipatutako foru legeak mugatzen duen sare guztiaren eskura jartzen den organo gisa jaiotzen da. Legeak eskumenak dituzten administrazio guztiak elkarrekin erlazionatzen ditu, organo batzuen bitartez, neurriak eta jarduketak koordinatu nahian, nork bere eginkizunak betetzean elkar ulertzea, lankidetza, elkarlana, osagarritasuna eta proportzionaltasuna oinarriak izan daitezen. Esparru horretan, Segurtasunaren Behatokiaren funtsezko eginkizuna da sistemaren parte diren erakunde, agintari eta zerbitzuei tresna eta baliabide batzuk ematea, erabakiak hartzeko behar den informazio guztia esku-eskura izan dezaten. Izan ere, Segurtasunaren Behatokiaren beraren konfigurazioan aipatutako foru legean aintzat hartu ziren filosofia eta printzipioak hartu dira kontuan, Nafarroan segurtasunarekin lotutako arloetan nola edo halako erantzukizuna duten erakunde guztien parte-hartzea aurreikusten baita.
Segurtasun Publikoaren Behatokia Nafarroako Segurtasun Publikoaren Sisteman sartzearen helburua da erabakiak hartzeko eta jarduteko jarraibideak finkatzeko informazio garrantzitsua prestatzeko organo bat eratzea, erabakiak emaitza, helburu eta adierazleetan oinarrituak izan daitezen, datu tekniko, estatistiko eta soziologikoen bitartez. Organoaren sorrerak balioko du abian jartzen diren neurriek aurreikuspenak betetzen dituzten edo ez aztertzeko, eta bidezkoa denean, alternatiba berriak proposatzeko, helburuen betetze-mailaren eraginkortasuna eta baliabideen erabileraren eragimena kontuan hartuz.
Segurtasun Publikoaren Behatokia organo egokiena da Nafarroako barne-segurtasunaren gaineko urteko txostena prestatzeko, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean adierazten dena. Horregatik, oso garrantzitsua izanen da Segurtasun Planak prestatzeko (hala Nafarroako Foru Komunitateko plan orokorra, nola Nafarroako toki entitateek onesten dituzten planak) sortzen duen informazioa, Segurtasun Behatokiko datuen sistemak toki administrazio ezberdinen zuzeneko elkarreragina ahalbidetzen duelako. Era berean, Behatokiaren lanean erabiliko diren tresnei esker, informazio garrantzitsua sortuko da gainerako autonomia erkidegoekin eta Estatuarekin segurtasunaren arloko alderaketak egin ahal izateko.
Hortaz, organo honi esker sistema konplexu bat osatzen da, segurtasun publikoaren arloan dauden arazo eta beharrei konponbide proaktiboak ematen dizkiena, arazoei aurrea hartzeko gaitasuna duena, a posteriori eman beharreko edo erreakzio gisako erantzunari aurrea hartuz, izan ere, horrelakoek hasierako erantzunaren osagarri izan behar dute beti. Horregatik guztiagatik, erantzuna gogoeta are sakonagoetan oinarrituko da.
Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 28ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua. Sorrera.
Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokia sortzen da, Nafarroako Segurtasun Publikoaren Sisteman sartutako kide anitzeko organo gisa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpe, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez.
2. artikulua. Helburuak eta eginkizunak.
Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiak Nafarroan segurtasun publikoa aztertu, koordinatu eta haren segimendua eta prospekzioa egiteko organo gisa jardungo du, Nafarroako Foru Komunitatean kriminalitatearen bilakaera, haren zergatiak eta emandako erantzuna gainbegiratuz, segurtasun publikoaren egoerari buruz gogoeta egiteko organo gisa jardunez eta kasuan-kasuan egokien diren segurtasun publikoaren arloko politiken proposamenak eta neurri zuzentzaileak aurkeztuz.
Behatokiak, aldian behin, Segurtasun Planen segimendurako adierazleak aztertu eta eguneratuko ditu.
Behatokiari dagokio Nafarroan segurtasun publikoaren egoera erreala zein den ezagutu eta aztertzeko informazio nahikoa eta koherentea edukitzeko jarduera estatistikoa sustatzea, beste administrazio publiko batzuetako informazio estatistikoekin alderatu ahal izateko eta Administrazio Publikoen eremuetan herritarren segurtasunarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko erabili ahal izateko.
Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiak Nafarroako Foru Komunitateko barne-segurtasunari buruzko urteko txostena prestatuko du, interesaturik dauden agintari eta organoen esku jarriko dena, batez ere Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Batzordearen, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen, Segurtasunerako Departamentuarteko Batzordearen, Tokiko Segurtasun Batzordeen eta Nafarroako Herritarren Segurtasunaren Kontseiluaren esku. Txostena, hala badagokio, Nafarroako Gobernuak onetsiko du.
3. artikulua. Osaera.
1. Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, eta kide hauek izanen ditu:
a) Barneko zuzendari nagusia, lehendakari gisa arituko dena.
b) Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia.
c) Komunikazioko zuzendari nagusia.
d) Foruzaingoko burua.
e) Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko zuzendaria.
f) Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
g) Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea.
h) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria.
i) Zein erakunderen menpe dauden, erakunde haiek erabaki ondoren, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkari bat, Segurtasun Estatuko Idazkaritzak, Guardia Zibilak Nafarroako Foru Komunitatean duen nagusiak eta Polizia Nazionalaren Kidegoak Nafarroan duen buru nagusiak izendatua.
j) Zein erakunderen menpe dauden, erakunde haiek erabaki ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko burua eta Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusia, edo haien eskuordetza hartzen duten pertsonak.
Kideak kanpoan edo eri daudenean, ordezko bat izenda dezakete Behatokiaren bilkura bakoitzerako.
2. Jorratu beharreko gaiak ikusita gomendagarria baldin bada, bileretara Estatuko Administrazio Orokorreko edo Nafarroako Foru Komunitateko beste organo batzuetako titularrak joan daitezke, hizpidea bai baina boto izan gabe, baita Behatokiak bere lana egiteko interesgarriak izan daitezkeen beste pertsona batzuk ere.
3. Behatokiko idazkari gisa, hizpidea bai baina botorik gabe, Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko Sistema, Baliabide eta Azpiegituren Ataleko burua arituko da. Idazkari postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez kide anitzeko organoko beste kide bat arituko da, hain zuzen, Foru Komunitateko Administraziokoa edo beste edozein administrazio publikotakoa izanik, hierarkia, antzinatasun eta adin txikiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organoan dituenak dira.
4. artikulua. Kudeatu eta jarduteko oinarriak.
1. Behatokiak aztertzen den lurraldearen segurtasun maila analizatzeko beharrezkoak eta egokienak diren informazio sistema eta zerbitzuak izanen ditu.
2. Honako hauek izanen dira Behatokiko informazioaren erabiltzaileak:
a) Behatokiko kideak.
b) Barne Zuzendaritza Nagusia.
c) Segurtasun Estatuko Idazkaritza edo hark izendatzen duen Estatuko Administrazio Orokorreko organoa.
d) Tokiko Segurtasun Plana ezartzen duten udal eta toki entitateak, eta hango Tokiko Segurtasun Batzordeko kideak, kasuko udalerriko datuei dagokienez.
3. Behatokiaren eremuak segurtasunaren hiru arloak hartuko ditu bere baitan: herritarren segurtasuna eta gizabidea, bide segurtasuna eta mugikortasuna, eta babes zibila eta larrialdiak.
4. Barne Zuzendaritza Nagusiak Behatokiaren jardunerako behar diren baliabide tekniko, pertsonal eta materialak jarriko ditu.
5. Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiaren jarduna determinazio hauen araberakoa izanen da:
a) Behatokiak estatistikarako interesgarriak diren informazio polizialen sistema bateratu bat kudeatu eta kontserbatuko du, eta informazio polizial interesgarria Foruzaingoaren eta Nafarroan jarduten duten gainerako Segurtasun Indar eta Kidegoen artean trukatzea sustatuko du.
b) Udaltzaingoek segurtasun publikoaren arloan prestatzen dituzten datuak jaso eta kudeatzea Behatokiaren esku uzten da.
6. Segurtasun publikorako interesgarriak diren datuen jabeak diren organo eta entitateek emanen diote informazioa Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiari. Bereziki, honako hauek dira lehen mailako informazioaren hornitzaileak:
a) Foruzaingoa, Nafarroako Foru Komunitateko eremuko segurtasunari dagokionez.
b) Nafarroako Udaltzaingoak, beren berariazko lurralde eremuko segurtasunari dagokionez.
c) Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak, bakoitza bere eskumen esparruan eta Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Batzordean erabakitzen denari jarraikiz.
d) Nafarroako Larrialdietako Agentzia, Foru Komunitatearen eremuko babes zibilari dagokionez.
e) Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzua, trafiko, hezkuntza eta bide segurtasunaren arloetan, baita joko eta ikuskizunen arloan ere.
Behatokiak, lehendakariaren bitartez, egoki jarduteko behar duen informazio eta dokumentazio osagarria eskatzen ahalko du, hala nola, lurraldearen gaineko informazio grafikoa, alfanumerikoa edo estatistikoa.
Behatokiak datuen jabeekin adostuko du informazioa eman eta ustiatzeko modua, eman beharreko datuei, maiztasunari, euskarriei eta formatuei dagokienez, eta horretarako bitartekari egoki bat izendatuko du.
5. artikulua. Funtzionamendua.
1. Bere eginkizunak betetzeko, eta lehendakariak proposaturik, Behatokiak bilkuren egutegia eta lan metodologia ezarriko ditu. Lehendakariari dagokio Behatokiaren jardunbidea egokia izateko behar diren kontu guztien gainean erabakitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 31. artikuluak esleitzen dizkion eginkizunen arabera.
2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 25. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33. artikuluan adierazitako eginkizunez gainera, Behatokiko Idazkaritzak agintzen zaizkion ikerlan eta txostenak prestatu beharko ditu. Txosten horiek kide anitzeko organoak onetsi beharko ditu.
3. Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiak erabaki dezake nahi beste lan batzorde osatzea. Batzorde horiek aztertu eta analizatzeko agintzen zaizkien gai zehatzen araberako antolamendua izanen dute.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Tokiko Segurtasun Plana.
Tokiko Segurtasun Plan bakoitzean Nafarroako Segurtasun Publikoaren Behatokiaren tokiko atala zehaztuko da, baita haren kudeaketa, osaera eta funtzionamendua ere, foru dekretu honetan ezarritakoaren esparruan.
Azken Xedapenetan Lehena. Garapena eta betearazpena.
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.