Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 56. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 22an)
Atarikoa
Nafarroako segurtasun publikoaren sistemak, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen bidez diseinatutakoak, alde batetik, herritarren parte hartzea jasotzen du zerbitzu publikoaren kudeaketan eta, bestetik, estamentu erabakigarri gisa polizia plangintza definitu, onetsi eta baloratzekoan.
Hala adierazten da zioen azalpenean, non baieztatzen baita herritarrak leku nagusia hartzen duela, botere publikoen arretagune nagusia eta bere segurtasunaren funtsezko eragilea delako.
Segurtasun politiken formulazioan herritarrek duten erantzunkidetasuna foru legeak arautzen dituen organo kolegiatuetan integratuz taxutzen da, hau da, Herritarren Segurtasunerako Tokiko Kontseiluan (10. artikulua), Udalez gaindikoan (9.7 artikulua) eta Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluan (9.1 artikulua), segurtasun gaietan kontsultak egiteko eta parte hartzeko organo gorena den horretan.
Administrazio publikoek herritarrekin batean agertu behar dute Nafarroako Foru Komunitateko segurtasun politika diseinatzen; Foru Komunitateko Administrazioaren egituratik kanpoko entitateek hor parte hartzeko, haien gaineko erakundeek erabaki hori hartu beharko dute. Zail da antolamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluarentzat dituen eginkizun korapilatsuei heltzea zerbitzu publikoaren baliabide eta eragile guztiak bertan agertu gabe, guztiak herritarren interesarekin konpromisoa hartuta.
Horrela eratutako Kontseiluak zerbitzu publikoan inplikatutako hainbat alderdi ordezkatuko ditu eta zenbait organo espezializatu ditu bere egituran, non interesdun guztien ordezkagaitasuna izan dadila zaintzen baita.
Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 28ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
1. artikulua. Xedea.
Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea du xede foru dekretu honek.
2. artikulua. Izaera juridikoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseilua Nafarroako Segurtasun Publikoko Sisteman integratzen da, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitzen zaio kontsulta eta aholkuetarako administrazio organo gisa, non erakundeetako eta gizarteko eragileek elkarrekin lan eginen duten segurtasun politikak diseinatu, bultzatu eta jarraipena egiten, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean ezarritako moduan.
3. artikulua. Egoitza.
Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak Iruñean du egoitza, baina Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko edozein tokitan egin ditzake bilerak.
4. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen esparruan, honako hauek dira Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluaren eginkizunak:
1. Segurtasun publikoari lotutako gaietan administrazio publikoek kontsultatzen dizkioten gaien gaineko txostenak egitea.
2. Aholku ematea une eta toki bakoitzean segurtasun publikorako politika egokia diseinatu behar duten erakunde espezializatuei, gizartean gertatzen diren fenomeno deliktiboei bereziki kontu eginez.
3. Herritarren erantzunkidetasuna bultzatu eta erraztea segurtasun politikak formulatu eta haiei jarraipena egiteko.
4. Nafarroako segurtasun publikoaren egoera orokorra aztertu, ikertu eta ebaluatzea, herritarren segurtasunaren inguruko erreferente adierazgarrienak oinarri harturik, portaeren azterketak eta egoeren analisiak sustatuz, segurtasun indar eta kidegoetako kideen lanak euskarria izan dezan inguruabar zehatz eta baloragarrietan.
5. Herritarren bizikidetza lasaia eragozten ahal duten faktoreei kontu egitea, hala nola xenofobiari, arrazakeriari, kaleko indarkeriari eta taldeen indarkeriari edo antzeko gertaerei, herritarren edo gizartearen balio funtsezkoenen kalterako izan daitezkeen gatazka eta arriskuei aurrea hartzeko.
6. Nafarroako segurtasun egoera hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta segurtasun publikoarekin zerikusia duten administrazio publiko guztien zerbitzuak hobetzeko ekimenak bultzatzea.
7. Foru Komunitateko segurtasun publikoa dela eta, Nafarroako Gobernuak onesten duen urteko txostena ezagutzea.
8. Elkarrizketa eta topagunerako bide iraunkorra izatea administrazio publiko, agintari, solaskide sozial, polizia kidego eta herritarren segurtasunarekin zerikusia duten zerbitzu publiko edo pribatu guztiekin.
9. Indarra duten arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.
5. artikulua. Osaera.
1. Kide hauek osatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseilua:
1.1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Kontseiluko buru ariko dena.
1.2. Barneko zuzendari nagusia, Kontseiluko buruorde ariko dena.
1.3. Batzordekideak:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak:
a.1) Justiziako zuzendari nagusia.
a.2) Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia.
a.3) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
a.4) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.
a.5) Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia.
a.6) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia.
a.7) Herri Lanetako zuzendari nagusia.
a.8) Foruzaingoko burua.
a.9) Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
a.10) Immigraziorako Bulegoko koordinatzailea.
a.11) Drogamenpekotasunaren aurkako Foru Planaren zuzendari teknikoa.
b) Nafarroako toki entitateen ordezkariak:
b.1) Iruñeko alkatea, segurtasunaren eta Udaltzaingoaren ardura duen zinegotziaren esku uzten ahalko duena.
b.2) Iruñeko udaltzainburua.
b.3) Hiru alkate, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak, horietako bi udaltzaingoa duten udaletakoak.
c) Gizartearen interesak ordezkatzen dituzten herritarren erakunde edo entitateen ordezkariak.
c.1) Nafarroan ordezkagaitasun gehien duen enpresa erakundeko ordezkari bat.
c.2) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak izendatzen duen kidea.
c.3) Sindikatuen bi ordezkari, Nafarroan ordezkagaitasun handiena duten bi sindikatuetako bana.
c.4) Bi kide, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak erabakitzen dituen Lanbide Elkargo eta Elkarteek izendatuak, Kontseiluaren jardueraren arloko gaiekin duten zerikusia kontuan hartuta.
c.5) Nafarroako Eskola Kontseiluak izendatzen duen kidea, gurasoen elkarteen federazioak ordezkatzen dituzten kideen artean.
c.6) Kide bat, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak erabakitzen dituen gobernuz kanpoko erakundeek edo laguntzarako elkarteek izendatua, Kontseiluaren jardueraren arloko gaiekin duen zerikusia kontuan hartuta.
c.7) Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak erabakitzen duen ikasleen elkarteak izendatutako kidea.
d) Estatuko erakundeen ordezkariak.
Zein erakunderen mende dauden, haiek hala erabakita, Kontseiluan integratuko dira honako kide hauek, berez edo norbait ordezkatuz:
d.1) Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean duen ordezkaria.
d.2) Nafarroako Poliziaren goi burua.
d.3) Nafarroako Guardia Zibilaren goi koronela.
d.4) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko burua.
d.5) Nafarroako fiskal nagusia.
2. Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko zuzendaria idazkari lanetan ariko da, hizpidea duela baina botorik ez. Kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez organo kolegiatuko beste kide bat ariko da, hots, Foru Komunitateko Administraziokoa edo beste edozein administrazio publikotakoa izanik, hierarkia, antzinatasun eta adin txikiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organoan dituenak dira.
3. Kontseiluaren jardueraren arloko gaietan nabarmendu diren eta ospea duten adituak izendatzen ahal ditu Kontseiluko buruak berari laguntzeko.
Noizean behin, arloari loturiko gizartearen interesak ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteetatik egokitzat jotzen dituen ordezkariak gonbidatzen ahalko ditu Kontseiluko buruak osoko bilkuretan parte har dezaten, hizpidea dutela baina botorik ez.
Kontseiluko buruak izendatuta, Barne Zuzendaritza Nagusiko langileek hartzen ahal dute parte Kontseiluaren bilkuretan, laguntza eta sostengu lanetan.
6. artikulua. Antolaketa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak organo hauek ditu:
a) Osoko Bilkura.
b) Batzorde Iraunkorra.
c) Sektoreko batzordeak.
d) Kontseiluko burua.
e) Buruordea.
f) Idazkaria.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak Barne Zuzendaritza Nagusiaren laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa izanen du, bai bilkurak prestatu eta garatzeko bai erabakiak betearazteko.
3. Osoko Bilkurak eta sektoreko batzordeek lan taldeak eratzen ahalko dituzte; horietara aztertu eta analizatzen ari diren lurralde edo sektoreko politiken arduradunak gonbidatzen ahal dira, baita funtzionarioak edo sektore pribatuko ordezkariak ere, bere eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkotzat joz gero.
7. artikulua. Osoko Bilkura.
1. Osoko Bilkura Kontseiluaren borondatea eratzeko organo gorena da, eta Kontseiluko kide guztiek osatuko dute.
2. Osoko Bilkuraren eginkizunak dira:
a) Kontseiluaren irizpidea, jarrera edo borondatea eratzea bere eskumeneko gaietan.
b) Zein den kasua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, Nafarroako toki entitateak, gizartearen interesak ordezkatzen dituzten entitateak eta Estatuko erakundeak ordezkatzen dituzten kideek proposatuta, Batzorde Iraunkorra osatuko duten kideak izendatzea, eta funtzionamendu arauak onestea.
c) Sektoreko batzordeen osaera eta eginkizunak ezartzea.
d) Jardueren memoria eta programa urtero onestea.
8. artikulua. Batzorde Iraunkorra.
1. Batzorde Iraunkorra Kontseiluaren jardueraren jarraipena bermatzen duen organoa da, eta kide hauek osatzen dute:
a) Kontseiluko buruordea, Batzordearen buru ariko dena.
b) Hiru kide, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Kontseiluan dituen ordezkarien artean izendatuak.
c) Kide bat, toki entitateek Kontseiluan dituzten ordezkarien artean izendatua.
d) Kide bat, gizartearen interesak ordezkatzen dituzten herritarren erakunde edo entitateek Kontseiluan dituzten ordezkarien artean izendatua.
e) Kide bat, epaileriaren eta fiskaltzaren ordezkarien artean izendatua.
f) Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean duen ordezkaria, Estatuko Administrazio Orokorra ordezkatuz.
Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko zuzendaria idazkari lanetan ariko da, hizpidea duela baina botorik ez. Kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez organo kolegiatuko beste kide bat ariko da, hots, Foru Komunitateko Administraziokoa edo beste edozein administrazio publikotakoa izanik, hierarkia, antzinatasun eta adin txikiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organoan dituenak dira.
2. Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek ditu:
a) Jarraibide, irizpide eta aginduak ematea segurtasun arloko eskumena duten unitateei Batzordearen laguntzan ari direnean, edo Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eskumeneko erabaki, dokumentu edo espedienteak prestatzeko edo betearazteko.
b) Segurtasun plangintzaren arloko datu, azterlan edo txostenen ondorioak ebaluatu, aztertu eta Osoko Bilkurari aurkeztea.
c) Bere irizpidea, jarrera edo borondatea eratzea berak aztertu beharreko gaietan, baita Kontseiluaren beraren irizpidea ere, hark eginkizun hori bere eskuetan uzten duenean.
d) Osoko Bilkurak bere esku uzten dituen eginkizun guztiak.
9. artikulua. Sektoreko batzordeak.
Aztertzen den kontuaren arabera komeni denean, sektoreko batzordeak sortzen ahalko dira. Osoko Bilkurak erabakiko ditu haien osaera eta eginkizunak; betiere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari bat haietako bakoitzean izatea bermatuko da.
10. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluko burua eta Batzorde Iraunkorreko burua.
Kontseiluko buruaren eginkizunak dira:
a) Organo kolegiatuaren ordezkaria izatea.
b) Bilkura arrunt eta berezietarako dei egitea eta eguneko gai zerrenda ezartzea.
c) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.
d) Organo kolegiatuaren erabakiak betearaztea.
e) Aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
f) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.
g) Kontseiluko buru gisa dagozkion gainerako eginkizunak.
11. artikulua. Buruordea.
Herritarren Segurtasunerako Kontseiluko buruaren kargua hutsik edo hura kanpoan edo eri dagoenean, burordeak ordeztuko du.
Buruordea kanpoan denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendatuko du nork ordeztuko duen.
12. artikulua. Idazkaria.
Hauek dira idazkariaren eginkizunak:
a) Bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.
b) Organo kolegiatuaren bilkuretarako deia egitea, Kontseiluko buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.
c) Organo kolegiatuko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.
d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
e) Onetsi diren aholkularitza, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.
f) Kontseiluko buruari bilkuretan laguntza eman, eta organo kolegiatuaren ardura diren aferei buruzko Zuzenbidezko txostenak egitea, bere ekimenez nahiz Kontseiluko buruak eskaturik.
g) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.
13. artikulua. Kontseiluko kideak.
1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendatuko ditu Kontseiluaren berezko kideak, karguaren arabera.
2. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak izendatuko ditu tokiko entitateak eta herritarrenak ordezkatuko dituzten kideak, 5. artikuluan adierazitako proposamen araubideari jarraituz.
3. Zeren izaera edo kualitateren arabera sartu ziren Kontseiluan, hura galtzean utziko diote kide izateari, eta azaldutako prozeduraren arabera ordeztuko dira.
4. Tokiko entitateak eta herritarrenak ordezkatzeko izendatutako kideek dimisioz utziko dute kargua, edo ordezkatzen dutenak proposatuta, baldin Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak onartzen badu.
5. Bilkuretan kide titularrak agertuko dira; kanpoan edo eri badaude, beren ordezkoa, erakundeko kideen artean hautatua, baimendu beharko dute organo kolegiatuaren Idazkaritzan. Ordezkaria baimentzeak bilkura baterako bakarrik balioko du, eta ezinezkoa da berriro ordezkaritza baimentzea.
6. Kontseiluko kide titularrek eta beren ordezkoek helbide elektroniko bat adierazi beharko dute organo kolegiatuko Idazkaritzan, komunikatuak igortzeko.
14. artikulua. Funtzionamendu araubidea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak Osoko Bilkura eginen du, buruak deialdia iragarri ondoren, urtean behin gutxienez bilkura arruntean, eta berezian buruak horretarako deialdia egiten duen guztietan, bere ekimenez edo kideen herenak eskatuta.
2. Buruaren aginduei jarraituz, idazkariak helbide elektronikoz bidaliko ditu deialdiak berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez ere, eta haiekin batera eguneko gai-zerrenda eta erabakiak hartzeko bidezkotzat jotzen den dokumentazioa emanen da.
3. Kontseiluaren eraketak balioa izanen du eta erabakiak hartzen ahalko ditu lehen deialdian, burua, idazkaria eta kideen erdiak, titularrak nahiz ordezkatuak, bertaratuz gero.
Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdira eginen da besterik gabe, eta horretan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez burua eta idazkaria eta Kontseiluko kideen heren bat egotea, titularrak edo ordezkatuak izan.
4. Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, batzordeko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.
5. Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluko kide izateagatik ez da deus ordainduko, baina bidezko kalte-ordainak jasotzen ahalko dira.
6. Aktak.
a) Organo kolegiatuak egiten duen bilkura bakoitzeko aktan agertuko dira zer erabaki hartu diren.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko aginduei jarraituz, bilkuran berean edo hurrengoan onetsiko dira aktak; dena dela, hartutako erabakien gaineko ziurtagiria igortzen ahal du idazkariak eta akta geroago onetsi, inguruabar hori espres adierazita.
c) Kontseiluko idazkariak prestatuko du bilkuraren akta, hura egin eta 3 egun balioduneko epean. Akta posta elektronikoaren bidez igorriko zaie bertaratu ziren guztiei, 3 egun baliodun izanen baitituzte bidezkoak iruditzen zaizkien zuzenketak egiteko baina, betiere, erabakien funtsa aldatu gabe. Kontseiluko buruak erabakiak hartuko ditu planteatzen diren zuzenketen gainean.
Dena dela, akta behin betiko onetsitzat joko da, ezarritako epean erreklamazio, kexa edo oharrik egiten ez bada.
7. Foru dekretu honek aurreikusten ez duen hartan eta Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak bere burua antolatzeko duen ahala baliatuta egin ditzakeen aurreikuspen berariazkorik ez bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen aurreikuspenak, organo kolegiatuen antolaketaren eta funtzionamenduaren gainekoak, aplikatuko dira eta, horien ordez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
Lehen Xedapen Gehigarria. Herritarren Segurtasunerako Kontseiluaren eraketa.
Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseilua hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eratuko da, foru dekretu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera; epe horretan, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta gizartearen interesak ordezkatzen dituzten herritarren erakunde edo entitateek Kontseiluan dagozkien kideak izendatu beharko dituzte.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Substantiboen generoa.
Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean testu honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "alcalde", "presidente", "funcionario", "jefe", "inspector" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Kredituak gaitzea.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak beharrezko egokitzapen eta doiketak eginen ditu aurrekontuan eta kontabilitatean, foru dekretu honetan aurreikusitakoa bete dadin.
Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaitasuna.
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.