(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

2/1997 Foru Legea, otsailaren 27koa, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1997ko 29. NAOn argitaratua, martxoaren 7an. Aldaketak: 9/1998 Foru Legea, ekainaren 1ekoa)

Atarikoa

Nafarroako Parlamentuak Industri Politikarako eta Inbertsioa eta Enplegua Sustatzeko Koiuntura Neurriei buruzko Araua eman zuenetik, 1982ko ekainean hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateak lan eskerga egin du industrietarako lurrak sustatzen Nafarroako zenbait alderditan, eta horren barrenean ere sartzen da Udal eta Kontzejuei emandako laguntza tokian tokiko udalerrietan industrietarako lurrak sor ditzaten, horretarako korriturik gabeko aurrerakinak emanez.

Nafarroako Gobernuak zuzenean sustatutako industrialdeak orain arte izan dira eskualdeko izaerakoak, eta horregatik udalerri izaerako poligonoak sustatu ziren osagarri gisa, arestiko Arauko 14. artikuluan Udal eta Kontzejuen ekimenak bultzatzeko laguntzak hasiera batez ezarrita. Laguntza horien zenbatekoak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aldizka aldatu izan dira.

Azkenik, ikusirik gero eta eskari haundiago bati oraingo baliabide publikoekin behar bezala ezin erantzun zaiola eta proiektu zenbaiten bideragarritasun ekonomikoa ezin bermatu zela, 1993ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legearen bidez ezarri zen, 35.5 artikuluan hain zuzen ere, gastuetarako konpromezu gehiago ezin hartuko zirela "industrietarako udal lurzorua sustatzeko laguntzen planeko industrietarako lurzorua sustatzeko" Proiektuaren kargura, industri politikarako Inbertsioa eta Enplegua sustatzeko koiuntura-neurriei buruzko Arauko 14. artikuluan ezarri eta arautzen baitira. Halaber, Foru Lege horrek agindua eman zuen deialdi bat egiteko, alegia, toki entitate interesatuek eskabideak aurkez zitzaten beste "udal ekimeneko industri lurzorua sustatzeko Jarduketa Plan" baterako, eta horiek ikusita, Nafarroako Gobernuak jarduketen Plan urteanitza gauzatu eta Parlamentuan aurkez dezan.

1993ko uztailaren 26ko Erabakiaren bidez deialdia egin zen eta haren ondorioz bidezko da beste arautegi bat ezartzea toki entitateek industrietarako lurzorua lortzeko jaso ditzaketen laguntza publikoak arautzeko, gaur egungo inguruabar eta beharrei egokitzeko helburuz.

Orain onesten den berrikuspenak, alde batetik, hobeki zehaztuko du udaletako zein ekintza lagundu behar diren, eta bestetik finkatu egiten du zein diren "herri mailako jarduera ekonomikoak jartzeko poligonoak", hau da, berrikuspen honek gainditu egiten du orain arteko irizpide murriztailea zeinetan industri erabileretarako bakarrik onartzen baitzen. Horrela bada, poligono horiek mesedegarri dirateke hiriguneetako karga arintzeko, izan ere zenbait jarduera desegokiro kokatuak izateagatik nahiz instalazioak haunditu nahi dituztelako, eraman eginen dira poligonoetara. Halaber, poligono horietan kokatu daitezke herri mailako beharrei ongi egokitzen zaizkien jarduerak (tailerrak, biltegiak, industria xeheak, zerbitzuak, etab.).

Poligonoa egin behar bada lur batean, lur horrek behar du nahitaez industri edo zerbitzuetarako lurzoru urbanizagarriaren kalifikaziokoa izan, edo izaera hori behar du lortu, eta gainera bermatu behar da lur horiek udalarenak direla, eta horretarako desjabetzapen sistema erabiliko da, beharrezkoa bada.

Bestetik ere, lortu nahi da proiektu horiek gutxieneko baldintza eta ezaugarri batzuk betetzea, haien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatzeko, eta horregatik hain zuzen ere ezartzen da lurzatien eskariak gutxienez behar duela izan lurzati guztien 100eko 30ekoa, beti ere proiektua egokitu beharko delarik egiazko eskarietara, eta behar diren ekarpen ekonomikoak jarriko dira enpresa eskatzaileak eta udal sustatzaileak elkartzeko asmoz, horrela bermatuko baita, Nafarroako Gobernuaren laguntzekin batera, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa.

Aurreikusten diren laguntzak, egokienak direla uste baita, funtsean hitzartzeko kreditu edo maileguen korrituak berdintzeko adinako dirulaguntzak dira, haren puska nagusia obren kostuaren 100eko 50 izanen baita, edo 100eko 60 poligonoa alditan egiten baldin bada, eta horrela, finantzaketaren gainerakoa enpresa eskatzaileen eta proiektua sustatu duen udalaren artean paratuko da.

Halaber, Foru Lege honetan ezarritako laguntzen arautegian sartzeko hasierako erabakiak bere baitan biltzen du sustapen proiektuaren osotasuna proiektu teknikoak eta urbanizazio eta azpiegitura lanak), eta gero batean eginen da, egiazko kostuak zein diren jakinik, onuren zehaztapen zehatza.

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege honen xedea da Nafarroako toki entitateendako laguntzen irispidea, modua eta baldintzak arautzea, laguntza horiek herri mailako jarduera ekonomikoak paratzeko poligonoen urbanizazio proiektuak egin eta aurrera eramateko.

2. artikulua. Herri mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak: nolakotasunak eta xedea.

Foru Lege honen ondorioetarako, herri mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak dira hiriguneak arintzeko asmoz egiten direnak, egungo jardueren lekualdaketa sustatuz, kokagune desegokian daudelako edo haien instalazioak haunditu nahi dituztelako. Halaber, aurreikusten da proiektuak onartzea, herri mailako bizimodu eta beharrekin lotura handiak dituztenak, alegia, tailerrak, biltegiak, industria xeheak eta horrelatsukoak, edo agian, kanpoko enpresen proiektuak bertan hartzeko.

3. artikulua. Baldintzak.

Nafarroako toki entitateak dira laguntza hauen helburu eta, beraz, onuradun izan daitezke, baldin eta jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatu nahi badituzte, eta ondoko baldintzen barrenean badira:

a) Poligonoa jarri nahi den lurzorua hirilurzorua edota lurzoru urbanizagarria izatea, indarra duen udal planeamenduan industria nahiz zerbitzuetarako.

b) Lurzoruren bat ukitua suertatzen bada, indarrean dagoen planeamenduak ezartzen duen jarduketa sistema desjabetzapenarena izatea, dagokion exekuzio unitaterako, menpekotzak eta kanpo zerbitzuak barne, hori toki entitatearena ez bada.

c) Hasiera batez antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskakizunekin bat etortzea, lurzatietatik heldu den azalera garbia izatea gutxi gorabehera.

Salbuespen gisa, azalera handiagoak ere onar daitezke enpresa baten lekualdaketa edota handipena beharrezkoa denean eta jabeen aldetik lekualdaketa nahiz handipena egiteko konpromezu formala dagoenean.

d) Lurzati eskaria arrazoizkoa izatea, hain zuzen ere aurreikusitako urbanizazioaren lehenbiziko fasean, poligonoko lurzati garbien azaleraren 100eko 30 gutxienez hasiera batez okupatzeko adinakoa.

e) Toki entitateak konpromezua hartzea jarduketaren ondorioz aterako diren lurzatiak ez dituela salduko, inolaz ere, kostua baino merkeago, dirulaguntzak eta aurreikusten diren hobari fiskalak kontutan hartu gabe.

f) Toki Administrazioko Departamentuak oniritzia ematea, poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren gastuei aurre egiteko, toki entitateak ahalmen ekonomikoa nahikoa baduela azalduz.

4. artikulua. Onura aplikagarriak.

Honakoak dira Nafarroako Gobernuaren laguntzak, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren bidez, herri mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateei emanen dizkienak:

a) 100eko 70ko dirulaguntza, exekuzio unitatea erabat garatzeko behar diren proiektuen kosturako, beti ere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 89, 98 eta 99. artikuluetan arautua dagoenaren arabera.

b) Fondo galdurako dirulaguntza, urbanizatze obren eta haien zuzendaritza teknikoaren eta, hala bada, behar diren lurrak erosteko kostuaren ehuneko hogeikoa (% 20koa).

c) Poligonoak sortzeko helburuz egindako lurzoru aldaketaren ondorioz toki entitateari aplikatzen zaion Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren % 95eko hobaria, baita toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenen gainekoak.

5. artikulua. Gaurko udal poligonoetako azpiegituren eskasiak eta mentsak.

Arestiko artikuluko a) eta b) letretan aipatutako laguntzak aplikatzen ahal dira egun kontsolidaturik dauden udal poligonoetako azpiegitura eta urbanizazio mailako eskasiak eta mentsak estaltzeko urbanizazio proiektu eta obretan ere; kasu horietan, hobekuntzarako azpiegituren kostuaren ehuneko hogeikoa (%20koa) izanen da dirulaguntza.

Udal poligono kontsolidatuak izanen dira toki entitate batek sustatzen dituenak, lurzatien azalera osoaren % 50 gutxienez industriek edota jarduera ekonomikoek hartua baldin bada."

6. artikulua. Deialdiak.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak urtero eginen du deialdia Foru Lege honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta horretarako eskatzen den dokumentazioa aurkezteko egunak eta epeak finkatuko ditu.

7. artikulua. Eskabideak eta dokumentazioa.

Toki entitate interesatuek, deialdian zehaztutako epearen barrenean, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, gutxienez:

a) Ukitu behar diren lurren kalifikazioa egiaztatzen duen ziurtagiria eta toki entitatearen planeamenduan aurreikusita dagoen jarduketa sistema, eta bertan zehaztu beharko da lur horiek herrilurrak diren ala ez.

b) Dagoen lurzati-eskariari buruzko datuak eta eskatzaileen konpromezuaren zenbaterainokoa, konpromezu horiek biltzen dituzten agiriak erantsiko direlarik, baita proposa litekeen balizko kudeaketa modua edo nork bere gain hartzen dituen diru-ekarpenak ere.

c) Toki entitatearen erabakia, izan daitezkeen lurzatiak saltzeko konpromezua hartuko duela egiaztatzen duena, beti ere kostuaren zenbatekotik, jasotako dirulaguntzak kenduta, inolaz ere jaitsi gabe.

d) Balorazio txosten teknikoa eta bideragarritasun aurreazterketa, eta bertan era arrazoitu eta zehaztuan ondoko inguruabarrei buruz aurreikusten diren epeak bildu behar dira: proiektuak esleitzea eta idaztea, hirigintzako tramiteak, behar diren lurrak erostea eta lanen esleipena eta exekuzioa, baita aurreikusten diren kostuak eta dirusarreren eta ordainketen behin-behineko plana ere, finantzaketa iturriak zehaztuz.

e) Hala balitz, urbanizazio lanen proiektua, behar bezala onetsita.

8. artikulua. Tramitazioa eta laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Deialdiaren epea bukatuta, espediente bakoitzean aurkeztutako dokumentazioa Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Zerbitzu Teknikoek begiratuko dute, eskatutako baldintzak eta proiektuaren bideragarritasuna betetzen direla bermatzeko.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak laguntzak emateari buruzko erabakia eman baino lehen, Toki Administrazioko Departamentuari aginduzko txostena eskatu beharko zaio poligonoak sortuko dituen obligazioei aurre egiteko eskatzaileak duen gaitasun ekonomikoari buruz. Delako txostena loteslea izanen da negatiboa baldin bada.

Ondorio horietarako, gaitasun ekonomikoa finkatu ahal izateko ondoko zera hauek hartuko dira kontutan:

a) Eskabideak egin aurreko urteko kontuen itxieran toki entitateak izandako aurrezki garbia, hau da, ohiko dirusarreren (1.tik 5. kapitulura) eta ohiko gastuen (1, 2, 3, 4 eta 9. kapituluak) arteko aldea.

b) Lurzatiak saltzeagatik izandako dirusarrerak, eta horiek zehaztuko dira hasierakoei urte bakoitzeko aurreikusitako salmenten 100eko 10 gehituta.

c) Poligonoa finantzatzeko entitate finantzarioekin sinatu beharreko kredituetatik heldu diren ordainketak.

d) Toki entitateak egindako bestelako inbertsioetatik heldu diren konpromezuak.

2. Ekitaldi bakoitzeko gastuen aurrekontuan horretarako kontsignaturiko zenbatekoen arabera, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak laguntzen ematea ebatziko du, ondoko hautapen irizpideei jarraikiz:

a) Egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, baita jarduera berriak kokatzeko dauden eskariak ere.

b) Lurzatiak eskatu dituztenen konpromezuaren zenbaterainokoa.

c) Lurzatien egiazko eskariak duen eragina lanpostuak mantendu edota berriak sortzeko.

d) Proiektua Foru Lege honetan ezarritako irizpideekin bat datorren ala ez, ondoko alor hauetan: proiektua, neurrietan edo haren aldi desberdinetan, dauden egiazko eskakizunei, eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak jaisteari hobeto egokitzea.

e) Proiektuaren garapenerako aurreikusitako epe laburragoak, hura lehenago exekutatzeko eta laguntza hauen helburu diren fondoak arinago erabiltzeko.

f) Eskualdeko poligonoetako lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea alde horretan.

9. artikulua. Laguntzak ematea eta ordaintzea.

1. Arestiko artikuluan aipatu diren txostenak ikusita, eta bertan zehazten diren irizpideekin bat etorriz, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak erabakia hartuko du honako laguntzen araubidean deialdiaren bidez toki entitateek aurkeztutako proiektuak sartuko diren ala ez.

Sartzen badira behin-behinekoz sartuko dira eta 4. artikuluko a) eta b) letretan azaltzen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da.

Aipatu dirulaguntzen zenbatekoa ondoko eran finkatuko da:

a) Hirigintzako dokumentuen eta proiektuen kostuaren 100eko 70eko dirulaguntzari dagokionez, 7. artikuluan aipatu den dokumentaziorako aurreikusten den kostua hartuko da erreferentziatzat, beti ere Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak egiaztatuta.

b) Urbanizazio obrendako dirulaguntza hasiera batez emateko kontutan hartuko da 7. artikuluan aipatu den balorazio txosten teknikoaren aurrekontua eta horri gehituko zaio, hala balitz, erositako lurren gutxi gorabeherako kostua, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aurretik ateratako balorazioaren arabera, eskualdeko industrialdeetan antzeko egoeretan izandako salneurriak ikusita.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da erreferentziako kredituaren puska nagusiari, eta haren iraunaldian zehar, korritu-tasa aplikatuz, hain zuzen ere finantza entitateekin sinatutako lankidetza hitzarmenean kalkulua egiteko unean indarra duen korritu-tasa aplikatuz.

2. Proiektuen idazketaren eta gainerako hirigintzako dokumentuen kostua zein den behin jakinez gero, hasiera batez emandako laguntzak behin betikoak izanen dira eta une horretantxe eginen dira behar diren doikuntzak, idazketaren kostuak hasieran aurreikusitakoak baino txikiagoak izan baldin badira.

Dirulaguntza horren ordainketa eginen da baldin eta idatzitako proiektu edota dokumentu bakoitza oso-osorik badago, eta aurretik Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aldeko txostena eman badu.

3. Urbanizazio obren dirulaguntza behin betikoa izanen da horiek esleitu ondoren, beti ere toki entitateak egiaztatzen baldin badu ondoko baldintzak bete dituela:

a) Ukitutako lur eta zerbitzuen eskuragarritasuna, obren bideragarritasuna bermatzeko.

b) Lurzatiak eskatu dituztenen kompromezu formala, poligonoan sortzen diren lurzatien 100eko 30 gutxienez eskuratuko dituztela, hitzartutako salneurria, egutegia eta ordaintzeko modua zehaztuz.

Nolanahi ere den, obren esleipenaren salneurria hasieran aurreikusitako kostua baino txikiagoa baldin bada, behar diren doikuntzak eginen dira dirulaguntza esleipenaren salneurriari egokitzeko.

Dirulaguntza honen ordainketa eginen da urbanizazio lanak hasi eta gero.

10. artikulua. Emandako laguntzak galdu edo murriztea, ez-betetze kasuan.

Onuradun ateratzen diren toki entitateek Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan aurkeztu beharko dute, lanak bukatu ondoren, haien burutzea eta kostua egiaztatzen dituen dokumentazioa.

Aipatu Departamentuak edozein unetan eska dezake egoki juzkatzen dituen argibideak, obren burutzeari buruz nahiz poligonoko lurzatien salmentei buruz.

Laguntzak emateko ebazpenetan finkatutako baldintzak erabat nahiz hein batean ez betetzeak, edo Foru Lege honetan eskatutako baldintzen bat ez betetzeak, berekin ekar dezake emandako laguntzak galtzea edo murriztea eta, hala bada, itzultzea.

Horrelako ebazpenik bada, arrazoiak eman beharko dira eta dagokion entitateari behar bezala jakinarazi.

Xedapen Gehigarri Bakarra

"Navarra de Suelo Industrial, S.A." Foru Komunitateko kapital publikoko elkarteak Foru Lege honetan ezarririk dauden laguntzak zuzenean eskatu eta hartzen ahalko ditu, bertan ezarririko baldintza eta betebeharretan, baldin eta, eskatu baino lehen, kasuan kasuko toki entitatearekin lankidetza hitzarmen bat itundu badu eta horretan herrietan jarduera ekonomikoetako poligonoa sustatu eta burutzea esleitu bazaio.

Kasu honetan ez da aplikatzekoa izanen 3. artikuluko f) idazatian eta 8. artikuluko 1. puntuko bigarren lerroaldean Toki Administrazioko Departamentuak toki entitatearen gaitasun ekonomikoari buruz luzatu beharreko txostenaz aipatzen den betebeharra.

Halaber, Foru Lege honetan aurreikusiriko laguntzen onuradun diren toki entitateek toki entitate horietako edo Nafarroako Foru Komunitateko kapital publikoko elkarteekin edo haien menpeko bestelako entitateekin, poligono horiek eraginkortasunez kudeatzen eta burutzen laguntzeko osaturikoekin, hain zuzen, ituntzen ahalko dute, laguntzak hartu ondoren, herrietan jarduera ekonomikoetako poligonoak sustatu eta burutzea, eta horretarako emaniko onurak haiei eskualdatuko zaizkie.

Xedapen Iragankor Bakarra

Aurreko deialdiak zirela-eta hasiera batez Foru Lege honetan ezarririko laguntzen onuradun izan diren toki entitateek aukera izanen dute, Foru Lege honek indarra hartu eta hurrengo laguntza deialdian eskabidea aurkeztuz, laguntza osagarriak hartzeko, gozatu behar dituzten laguntza guztiak orain ezartzen diren laguntzekin pareka daitezen eta dirulaguntzaren ehuneko berak izan ditzaten.

Halaber, toki entitateek Foru Lege honetan ezarririko onurak izaten ahalko dituzte, ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legeak indarra hartu eta gero udalen industri lurzorua sustatzeko ekintzarik burutu badute eta otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legeak indarra hartu baino lehen proiektu eta obretan inbertsiorik egin badute.

Jarduketa horiek Foru Lege honetan ezarririko betebehar eta gainerako baldintzak bete beharko dituzte eta toki entitate horiek, eskabidea aurkeztuta, parte hartu beharko dute, beraz, Foru Lege honek indarra hartu eta hurrengo laguntza deialdian."

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indargabetu egin dira Industri Politikarako eta Inbertsioa eta Enplegua Sustatzeko Koiuntura Neurriei buruzko Arauko 14. artikulua eta Foru Lege honi aurka egiten dion xedapen oro.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Foru Lege hau aplikatzetik sortzen ahal diren gastuak "jarduera ekonomikoetako udal poligonoendako laguntzak" izeneko 81130-7600-5351 kontusailaren kontura eginen dira (98023-5 lerroa).

Azken Xedapenetan Bigarrena

Dagokion ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretan kontsignatuko dira ordainketa-konpromezuak, hain zuzen ere Lege honen neurriak aplikatzetik heldu daitezkeenak.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau betetzeko eta aurrera eramateko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Laugarrena

Foru Lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egunean berean.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa