(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

204/2009 FORU AGINDUA

204/2009 FORU AGINDUA, APIRILAREN 23KOA, BERRIKUNTZA, ENPRESA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, JARDUERA EKONOMIKOETAKO POLIGONOAK HERRIETAN SUSTATZEKO DIRU-LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DITUENA.

(2009ko 59. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 15ean)

Atarikoa

Otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen bidez jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzak arautu ziren. Ondoren, aipaturiko foru lege hori ekainaren 1eko 9/1998 Foru Legearen bidez aldatu zen.

Foru agindu honen helburua da diru-laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzea. Orobat, foru lege horren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzak emateko deialdia onetsiko da urtero.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:

1. oinarria. Xedea.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da. Horretarako, beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietate publikoek jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan susta ditzaten.

Jarduera ekonomikoetako herri mailako poligonoen definizioa, Jarduera Ekonomikoetako Poligonoak Herrietan Sustatzeko Laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 2. artikuluak ezarri du.

2. oinarria. Onuradunak.

Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzak hartzen ahalko dituzte:

1. Jarduera ekonomikoetako poligonoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateek, hurrengo baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Diru-laguntza eskaera aurkezteko epea bukatu baino lehenago, jarduera egin nahi den lurzorua industria nahiz zerbitzuetako erabilera duen hiri-lurzorua izatea indarra duen udal planeamenduan.

b) Diru-laguntzako eskaera aurkezten den urteko urriaren 30a baino lehen poligonoaren sustapenak ukituriko lurrak tokian tokiko titulartasun publikokoak izanen direla bermatzea, lanak ezarritako epean gauzatu ahal izateko.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukituriko lurren kasuan, ukipen bakarrak zortasunen ondoriozkoak badira, ez da beharrezkoa izanen lur horiek titulartasun publikokoak izatea, baina jabeek sinatutako ukipen baimenak ekarri beharko dira.

c) Antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskaerekin bat etortzea eta lurzatietatik heldu den azalera garbia, hasiera batean, 20.000 m2-koa izatea gehienez.

Azalera handiagoak ere onar daitezke, lurzatien benetako eskaerak horrela behar izanez gero. Halakoetan, lurzatien gehieneko azalera garbia honakoa izanen da: enpresek guztira eskatzen duten azalera gehi .

d) Benetako lurzati-eskaera izatea, eskatzaileek jarritako bermeen bidez behar bezala justifikatua, hain zuzen ere, sustapen osotik ateratzen diren lurzatien azalera garbiaren %30 hasieratik okupatzeko adinakoa.

e) Toki entitateak jarduketatik heldu diren lurzatiak saltzeko konpromisoa hartzea, betiere kostuaren zenbatekoa baino txikiago izanen ez den prezioan, jasotako diru-laguntzak eta aurreikusitako zerga-onurak kenduta.

f) Toki Administrazioko Departamentuak txosten bidez azaltzea toki entitateak poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduela.

2. Sendoturik dauden ekimen publikoko industrialdeen urbanizazioan eta azpiegituretan atzematen diren akats edo gabeziak konpontzeko urbanizazio proiektu eta obrak sustatzen dituzten toki entitateek.

Horren ondorioetarako, ekimen publikoko sendoturiko poligonoak izanen dira, administrazioak sustaturik, lurzatien azalera osoaren %50, gutxienez, industriek edo bestelako jarduera ekonomikoek okupatuta dutenak. Halaber, beharrezkoa izanen da poligonoa egin zenetik gutxienez hamabost urte iragan izana eta egin beharreko inbertsioak 300.000 eurotik gorakoak izatea.

Sustapen horien ezaugarri bereziak direla-eta, 1. puntuaren a), b) eta f) baldintzak eskatuko dira.

Bestalde, e) baldintza aplikatuko da saltzeko lurzatirik baldin badago, eta sendoturiko lurzatien kasuan, toki entitateak kontribuzio berezi bat ezarriko du eta, hartan, zerga oinarria hauxe izanen da: toki entitateak bere gain hartzen dituen kostuen %90, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 112. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. NASUINSA-Nafarroako Industria Lurzorua, S.A. sozietate publikoa diru-laguntza hauen onuraduna izaten ahalko da, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera. Horretarako, oinarri honen 1. atalean ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

3. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Poligono horiek sustatzeko gastu hauek diruz laguntzen ahalko dira:

a) Lurrak eta, hala badagokio, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren baloraziorako, kontuan hartuko dira eskualdeko poligonoak sustatzeko asmoz antzeko egoeretan egindako erosketen prezioak.

b) Hirigintza Plan eta Obra Proiektuen idazketa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legean eta aplikagarri den araudian xedatutakoari lotuko zaiona.

c) Poligonoko urbanizazio obrak eta kanpoko azpiegiturak egiteko beharrezko obrak.

d) Obren zuzendaritza teknikoa.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoak hurrengo hauek izanen dira:

a) Lurrak eta, hala badagokio, zortasun eskubideak erostearen kostuaren %20 adinako diru-laguntza.

b) Poligonoa osorik gauzatzeko behar diren proiektuen kostuaren%70 adinako diru-laguntza.

c) Obren kostuaren eta obren zuzendaritza teknikoaren kostuaren baturaren ondoriozko emaitzaren %20 adinako diru-laguntza. Diru-laguntza kalkulatzeko 5. oinarrian aipatzen den urbanizazio proiektuaren aurrekontua hartuko da aintzat.

d) Poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak zergapetzen dituen Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotaren %95eko hobaria.

4. oinarria. Urteko deialdia.

Enpresako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko diru-laguntzen urteko deialdia onetsiko da, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 6. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horren bidez urteko deialdiari dagokion gastua baimenduko da eta data hauek ezarriko dira:

a) Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko data.

b) Poligonoak sustatzeko, deialdian sartzen ahal diren obrak hasteko eta bukatzeko eguna.

5. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Eskaerak urteko deialdian ezarritako epean aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1- 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Jarduketaren xede diren lurren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Poligonoa sustatzeko hirigintza planen bat onetsita baldin badago, ziurtagirian aipatuko da eta planaren ale laburtu bat aurkeztuko da, A4 formatuan enkoadernatua.

b) Poligonoaren sustapenak ukitutako lur guztien titulartasunaren ziurtagiria, udalarenak edo pribatuak izan. Eta, hala behar denean, titulartasun pribatuko lurrak eskuratzeko konpromisoa, udalak osoko bilkuran onetsia. Zortasunen ukipena besterik ez duten lurren kasuan, ukipenen baimenaren kopia aurkeztu beharko da, jabeek sinatua.

c) Lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda eta bakoitzaren kopia, kasuan-kasuan jarritako bermea adierazita.

d) Toki entitatearen erabakia, izan daitezkeen lurzatiak saltzeko konpromisoa hartzen duela egiaztatzen duena, betiere kostuaren zenbatekotik, jasotako diru-laguntzak kenduta, inolaz ere jaitsi gabe; edo, behar denean, 2. oinarrian aipatzen den kontribuzio berezia ezartzeko konpromisoa.

e) Hirigintza proiektuaren laburpena, A4 formatuan enkoadernatua. Alderdi hauek bildu beharko ditu:

-Jarduketaren justifikazio memoria, ondokoak azalduko dituena: poligonoan bertan egin behar diren obrak, sarbideetarako eta kanpoko horniduren azpiegituretarako obrak eta aterako diren lurzati guztien zerrenda, bakoitzaren azalera adierazita.

-Jarduketaren dokumentazio grafikoa, jarduketaren kokagunea eta zein unitatetan eginen den adierazita, eta aurreikusi den antolamendua, aterako diren lurzati guztiak eta bakoitzaren azalera adierazita.

-Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

f) Poligonoaren sustapen osorako kalkulatzen diren kostu guztiak. Kontuan hartuko dira lurrak eskuratzeko kostuak (bai poligonorako bai behar diren zortasunetarako), hirigintza proiektuak eta urbanizazio nahiz instalazioen proiektuak egiteko kostuak eta urbanizazio obren eta horien zuzendaritzaren gastuak.

Halaber, kontuan hartuko dira poligonoari egozten ahal zaizkion kostuak, beharrezkoak diren kanpoko azpiegituretatik sortutakoak, bai eta hondakin-uren arazteari dagozkion azpiegituretatik sortutakoak ere.

Kudeaketa eta aholkularitza gastuei buruzko dokumentaziorik ez da aurkeztu beharko.

g) Egutegi eta plangintza zehaztua, obrak esleitzeko eta gauzatzeko epeak eta ateratzen diren lurzatien salmentenak azaltzeko.

Lurzatiak saltzeko egutegiari dagokionez, hasierako salmentak oinarri harturik zenbat salduko diren kalkulatu beharko da, urtero konprometitu gabeko azaleraren %10 salduko dela kalkulatuz, 10 urteko epean, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

h) Aldez aurretiko bideragarritasun azterketa, aurreikusten diren kostuak eta urteroko diru-sarrera eta ordainketen behin-behineko plana jasotzen dituena, finantzaketa iturriak zehaztuz eta finantza kostuak eta aurreikusitako amortizazioak azalduz.

Sortutako lurzatiak salduz lortuko diren diru-sarrerak kalkulatzeko, lehenik eta behin, modu justifikatuan zehaztu beharko da lurzatien salmenta prezioaren balioespena eta ezarritako egutegiaren arabera kalkulatuko dira diru-sarrerak.

6. oinarria. Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Hona hemen diru-laguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Egun dauden jarduerak lekuz aldatzeko beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak kokatzeko dauden eskaerak ere.

b) Lanpostuak mantentzea edo berriak sortzea, lurzatien egiazko eskaeren ondorioz.

c) Proiektua otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarritako irizpideetara egokitzea, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta baxuenak izan daitezen.

d) Eskualdeko poligonoetan lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea inguruetan.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak foru agindu honetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, Zerbitzuak Toki Administrazioko Departamentuari txostena eskatuko dio, toki entitateek poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduten jakiteko. Txostena aurkakoa bada, lotesletzat hartuko da.

Halaber, poligonoaren eraikuntzak okupaturiko zenbait lur titulartasun pribatukoak zirela ziurtatu duten entitateek haiek azaroaren 1a baino lehen eskuratu direla egiaztatzen duten erregistroko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Toki Administrazioko Departamentuak txostenik egin ezin izan badu, toki entitateak, legez ezarritako epean, aurreko ekitaldiko kontuak aurkeztu ez dituelako, eskatutako diru-laguntza ukatuko da otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen ) artikuluaren baldintza ez betetzeagatik.

Diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna Enpresa Zuzendaritza Nagusia da. Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

8. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza eman ondotik, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte eta obrak benetan hasi dituztela frogatu beharko dute. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute aurtengo abenduaren 10a baino lehen:

a) Obrak gauzatzeko behar diren lurrak erosteko egindako ordainketen egiaztagiriak eta, hala badagokio, zortasun eskubideena.

b) Hirigintza plan eta obren proiektuen idazketari buruzko fakturak ordaindu direla frogatzeko agiriak.

c) Obra kontratuen kopiak eta obren zuzendaritza teknikoaren kontratuaren kopia.

d) Obrak hasi izanaren aktaren kopia, behar bezala sinatua.

e) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz esleitu direla frogatzeko.

Egiaztagiriak azterturik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak 3.2 oinarriaren a) eta b) letretan ezarritako kopuruak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

2. Obrak bukatzen direnetik hiru hilabeteko epean, onuradunek ondoko frogagiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Obra ziurtapen guztien fakturak eta horiek ordaindu direla frogatzen duten agiriak.

b) Obren zuzendaritza teknikoaren fakturak eta horien ordainketen frogagiriak.

c) Obren harrera-akta.

Obrak egin direla eta horien behin betiko kostua frogatzen dituzten agiriak azterturik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak 3.2 oinarriaren c) letran ezarritako kopuruak ordaintzeko ebazpenaren proposamena eginen du, aurreko idatz-zatian adierazitako moduan.

Oinarri honetan ezarritako epean eta moduan justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Toki entitateek, obra egiten ari den bitartean, kobratzeko dagoen diru-laguntzaren hein bateko aurretiazko ordainketa eskatzen ahalko dute, fakturak eta ordainketa egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzen onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Halaber, behar bezala aditzera eman beharko dute diru-laguntzaren xede diren inbertsioek finantziazio publikoa dutela, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Horretarako, poligonoan kartel bat jarriko da, ongi ikusten den tokian, Nafarroako Gobernuak poligonoa egiteko obrak diruz laguntzen dituela jakinarazteko.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu edo beste arrazoi batzuengatik konpromisopeko kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuko diru-izendapenik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira, foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honen xede diren diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: urteko deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

12. oinarria. Ondorioak sortzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa