(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

84/1990 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, Nafarroan industrialdeak eta industria iharduerak nola ezarri arautzen duena

(1990eko 51. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 27an)

Atarikoa

Azken urteotan, hazkunde ekonomikoa dela-eta, Nafarroan gero eta handiagoa da industria lurzoruaren eskaera eta etorkizunean ere hazten jarraituko duela aurrikusten da; guzti horrek, aurrez lurraldearen plangintza egitea eskatzen du, horretarako bigarren sektoreak aurkezten dituen beharrak kontutan izanda.

Industria iharduerak ezartzeko behar den espazioaren plangintzan, iharduera bakoitzaren ezaugarrien arabera, hiru atal ezberdin bereiz daitezke: eskualde mailako industrialdeak, udal mailako industrialdeak eta, azkenik, beren berezitasunengatik lurzoru ez-urbanizagarrian ezartzekoak diren iharduerak.

Eskualde mailako industrialdeak sustatzea, lehenik Nafarroako Gobernuari dagokio; izan ere, kontutan izan behar baita, industrialdea non kokatu behar den erabakitzea eta, ondoren, sortzea, lurraldearen antolamenduari buruzko politikaren funtsezko edukinaren zati garrantzitsu bat dela eta instalakuntza horien berezitasunengatik eta udalgaindiko oihartzunengatik udalaren beraren mugak gainditzen dituela.

Nolanahi ere, eskualdeko industrialdeak ezartzeak eskatzen du lurraldearen antolamenduaren baliabidetara jotzea eta, zehazkiago erranik, Udalgaindiko Eragineko Sektore Planetara; hain zuzen ere, horien helburua, azaroaren 11ko 12/1987 Foru Legearen 22. artikuluak xedatu bezala, udal bat baino gehiagotan kokatuak dauden edo udal bakarrean kokatuak egon arren beren garrantzia edo berezitasunengatik udalaren mugak gainditzen dituzten erabilpen publikoko instalakuntzak nola ezarri arautzea baita. Lege horretan instalakuntzatzat jotzen dira helburutzat bigarren sektoreko iharduera ekonomikoa dutenak.

Udal mailako industrialdeak ezarri nahi direnean, nahiz publikoak, nahiz pribatuak izan, Entitate Lokalek haien antolamendu urbanistiko egokia eta ezarri ondoko bideragarritasuna bermatu behar dute. Arau Subsidiarioak eta Plan Orokorrak, eta horien barnean Plan Partzialak izanen dira industria zonaldeak ezartzeari buruzko komenigarritasuna arautzeko antolamendu urbanistikoaren baliabideak, beti ere, apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 61. artikuluak, lurraldearen babes eta erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzkoak, ezarritakoari men eginez.

Azkenik, bada hainbat industria iharduera, lurzoru ez-urbanizagarrian kokatzea komeni dena edo lurzoru urbano edo urbanizagarrian kokatzeko ezegokia dena eta horrek, Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko Foru Legeak, baimena emateko baldintzak arautzen dituenak, jasotako aginduak Arautegi bidez garatzea eskatzen du eta, hain zuzen ere, egungo legediaren barnean zein iharduera diren baimengarriak, haiek kokatu eta antolatzeko baldintzak, baldintza estetikoak, jadanik direnak handitzeko betekizunak eta baimena lortzeko ikuspuntu urbanistiko hutsetik behar den dokumentazioa zehaztea.

Horrenbertzez, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariaren proposamenez, eta mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamarreko apirilaren bortzean Nafarroako Gobernuak izan zuen bilkuran hartutako erabakiari men eginez, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Eskualde mailako industrialdeak

1. artikulua. Eskualdeko Industrialdeak.

1. Nafarroako Gobernuari dagokio eskualde mailako industrialdeak sustatzea.

2. Eskualde mailako industrialdetzat honako hauek hartzen dira:

-Sakanaldea: Altsasuko industrialdea.

-Longida aldea: Agoitzeko industrialdea.

-Oibarre-Zangoza aldea: Zangozako industrialdea.

-Iruñaldea: Noaingo industrialdea.

-Tuteraldea: Ribaforada-Buñuelgo industrialdea.

 -Erribera Garaia: San Adriango industrialdea.

3. Oraingoz izapidatzen ari diren industrialdeak eta izapidatzea bukatutakoan eskualdeko industrialdetzat hartuko direnak:

-Iruñaldea: 1. Eskualdeko industrialdea.

-Lizarraldea: Villatuertako industrialdea.

-Tafalla-Herriberri aldea: Tafallako industrialdea

-Sakanaldea: Altsasu-Olaztiko industrialdea.

-Bortzirialdea: Lesakako industrialdea.

-Tuteraldea: Castejon-Valtierrako industrialdea.

-Tuteraldea: Tuterako industrialdea.

4. Industria, Merkataritza eta Turismo Departamenduak eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak eskualdeko industrialdeen sarea handitzeko kudeaketak eginen dituzte, horretarako, ondoren aurrikuspen gisa aipatzen diren zonaldetan industrialdeak sustatuz:

-Iruñaldea: 2. Eskualdea industrialdea.

-Erdialdea: Aragoa Behereko industrialdea.

-Larraun-Arakil aldea: Irurtzun eta Lekunberriko industrialdeak.

-Erribera Garaia: Vianako industrialdea.

Zonalde horietan industrialdeak sustatu eta leku zehatzetan kokatu ahal izateko, iharduera hori aurrera eraman ahal izanen dela ziurtatzen duen bideragarritasun juridiko, ekonomiko eta teknikoa beharko da lehenbizi.

Kontutan izanik atal honetako xedapenak behin-behinekoak direla, kokapen posibleetarako ez da "numerus clausus"tzat joko, Nafarroako Gobernuak berariz onetsitako hainbat zonalderen garapen programen arabera, bertze kokapen batzu aurrikusi ahal izanen direlarik.

2. artikulua. Izapidetza.

1. artikuluaren 3. eta 4. ataletan aipatutako eskualdeko industrialdeen ezarpen eta antolamendua Udalgaindiko Eragineko Sektore Planaren bitartez burutuko da beti; Plan hori, azaroaren 11ko 12/1986 Foru Legeak, Lurraldearen Antolamenduari buruzkoak, jasotzen du 22tik 26ra arteko artikuluetan.

Guzti hori goiti-beheiti, zenbait kasutan, ezarpen eta antolamendu hori planeamendu urbanistikoa erabiliz burutuko da, beti ere, indarrean dagoen planeamendu lokala eta industrialdearen ezaugarriak kontutan izanik.

3. artikulua. Eraikintza eta kudeaketa.

1. Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuari egokituko zaio eskualde mailako industrialde horiek eraikitzea eta ondorioz gelditzen diren lurzatiak kudeatzea. Departamentuak, horretarako, lan horietan diharduten entitate edo erakundeen partehartze eta lankidetza eskatu ahal izanen du.

2. Behin urbanizatze lanak amaitu ondoren, industrialdea eraiki den herriko entitate lokala edo lokalak arduratuko dira bide publikoak, berdeguneak, aisia eta kirol parkeak, argiteria publikorako instalakuntzak, ur hornidura zerbitzua, estolderia eta ur hondakinen kanporaketa eta, orohar, erabilera publikokoak diren edo zerbitzu publikoarekin lotuta dauden zerbitzu, obra eta eremu guztiak kudeatzeaz.

4. artikulua. Lankidetza Hitzarmenak.

Aitzineko artikuluaren 2. atalean ezarritakoa beteko dela bermatzeko eta industrialdeak eraikitzeko obrak hasteko, aurretiko eta ezinbertzeko baldintza izanen da Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak eta industrialdeak kokatu behar diren udaletako entitate lokalek Lankidetza Hitzarmen bat sinatzea. Hitzarmen horrek gutienez honako puntu hauek jasoko ditu:

a) Entitate lokalak edo lokalek, beren gain hartutako ondasun eta zerbitzu guztiak behar bezala funtzionatu eta gordetzeko kasuan kasu erabakitako giza-baliabide eta materialak jartzeko konpromezu formala.

b) Industrialde berriaren kudeaketa eta mantenimendu gastuak finantziatzeko Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak eman beharreko dirutza. Departamentuak, harik eta industrialdeko lurzatien okupazio maila, azalera guztiaren %70era iritsi arte ordainduko du dirutza hori eta kopurua zehazteko okupatu gabe dauden lurzatien azalera hartuko da kontutan.

c) Eraiki beharreko industrialdea, udal nahiz kontzeju bat baino gehiagotan kokatzen bada, Lankidetza Hitzarmenak jasoko du, dagokien entitate lokalek beren betebeharrak zein era eta baldintzatan bete behar dituzten, eta industrialde eta bertako enpresei dagokienez, beren ahalmenak aurrera nola eraman.

d) Edonola ere, entitate lokalak edo lokalek industrialdearen sustapenerako emandako laguntza gisa, hirigintzari buruzko araudiaren arabera entitate lokalari edo lokalei dagozkien lurzatien bataz bertzeko probetxamenduaren %10a entitate sustatzaileari emateko konpromezua jasoko du lankidetza hitzarmenak, guzti horrek eman beharreko kopuru hori momentu bakoitzean aplikagarria den hirigintza legedira egokitzea galerazi gabe.

II. KAPITULUA. Herri mailako industrialdeak

5. artikulua. Planeamendua.

1. Entitate Lokalek, jadanik den industriaren arabera, beren hirigintza planeamendutan zentzuzko tamaina duten arloak gorde ahal izanen dituzte industria tikiak ezartzeko.

2. Planeamendu lokalak zehazki finkatuko ditu industria tikiak ezartzeko baldintzak, bertzeak bertze, erabilpen onargarriak, urbanizazio eta mantenimendu gastuak, lurzati eta eraikitako azaleraren neurriak, gibeleratzeak, etorkizunean egin ahal izanen diren handitzeak, eraikuntza ordenantzak, estetika, etab. gaitzat hartuz.

3. Kasu guztietan Entitate Lokalei dagokie industria eraikitzen hasi baino lehen, sustatzaileek, ukitutako lur-eremuaren urbanizazio oso eta egokia eginen dutela ziurtatzea. Urbanizazioa eraiki aitzin nahiz eraikuntzarekin batera egin ahal izanen dute.

III. KAPITULUA. Lurzoru urbanizaezinetako industria iharduera baimengarriak

1. saila

6. artikulua. Iharduera baimengarriak.

Apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak, lurraldearen babes eta erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzkoak xedatutakoaren ondorioetarako, lurzoru urbanizaezinetako industria iharduera baimengarriekin zerikusia duten eraikuntza edo instalakuntzatzat ondokoak jotzen dira:

a) Lehengaiak eta haien lehen bilakaerakoak ekoiztu eta biltegiratzearekin zerikusirik duten iharduerak, hala nola:

-Harriak, aridoak, mineralak eta gordinak ateratzeko iharduerak.

-Energia hidroelektrikoa lortzeko iharduerak.

-Eraikintzarako lur egosizko produktuak sortzeko iharduerak.

-Kare eta igeltsua egiteko iharduerak.

-Zuraren lehen bilakaerarako zerrategiak.

-Hargintza.

-Arrain-haztegiak.

-Familia mailako artisautza iharduera tradizionalak, kokatuta dauden lekuko usadioarekin zerikusi estua dutenak.

-Aitzinekoen antzeko bertze edozein iharduera, beti ere, lurzoru urbanizaezinean burutu beharrekoak diren iharduerak izanik, nekazaritza, abeltzantza, basozaintza, ehiza edo baliabide naturalak zuzenean ustiatzearekin zerikusi estua dutenak.

b) Lehergaiak egin eta erabiltzen dituzten iharduerak, su hartzeko arrisku handia dutenak edo errekinak kantitate handitan biltzen dituztenak, arlo horretako organo eskudunek aurretiko txostena eman ondoren.

c) Materialak biltzeko aire zabalean azalera handiak eskatzen dituzten industria iharduerak, hala nola, ibilgailu erabiliezinak estrokatzeko edo biltzeko lekuak, ormigoi eta asfaltua prestatzeko tegiak, eraikuntza materialendako lehortegiak eta antzekoak.

Iharduera hauetan eraikuntza itxiek ez dute kokatuta dauden lurzatiaren azaleraren %20a gaindituko.

d) Azalera eraikigarri edo urbanizagarri oso handiak eskatzen dituzten produkzio iharduerak, beti ere haiek ezartzeko obra eta obren ondorioak beraien kontura egiten badituzte. Kontu hauetarako, azalera handiak eskatzen dituzten ihardueratzat, gutienez honako neurriak dituztenak jotzen dira:

-Iruñaldean, martxoaren 29ko 103/1988 Foru Legeak, Iruñaldeko Eskualdeko Hirigintza Arauak egitea onesten duenak mugatua, karratuko lurzatia eta lehenengo ezarpenean karratuko azalera eraikia duena.

-Tutera, Lizarra eta Tafallan eta hamar kilometroko erradioan, gutxienez karratuko lurzatia eta hasieran ezartzean, eraikitzeko karratuko azalera duena.

-Foru Dekretu honek ezarritako baldintzak betetzen dituen Nafarroako gainontzeko lurzoru urbanizaezinean, gutxienez karratuko lurzatia eta hasieran ezartzean, eraikitzeko karratuko azalera duena.

7. artikulua. Kokatzeko baldintzak.

1. Lurzoru urbanizaezinetan industria iharduerak ezartzeko, Foru Dekretu honetan agindutako baldintzez gain, kokatzeari dagozkion ondoko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Iharduera horiek orotarako edo nekazal nahiz abeltzaintza ekoizpen ertain gisa sailka daitezkeen lurzorutan kokatu ahal izanen dira, apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak, lurraldearen babes eta erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzkoak, 22 eta 23. artikuluan xedatutakoari men eginez.

b) Instalakuntzak inola ere ezin izanen dira kokatu mendi-gailur eta gainetan, bista ederreko parajetan, terraza ertzetan edo antzeko bertze tontor edo leku berezitan.

c) Debekatua dago industria instalakuntzak %5a baino gehiagoko malda duten lurretan ezartzea. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak, salbuespen gisa, %8a baino gehiagoko malda ez duten lurretan instalakuntzak ezartzeko baimena eman ahal izanen du, baldin eta Proiektuak jasotako neurri zuzentzaileen, eta ingurugiroa eta paisaiaren tratamendurakoen arabera, egoki erizten bada.

d) Ezin izanen da baimenik eman instalakuntzak interes kulturala duten ondasun higiezinetatik baino gutiagora kokatzeko; gauza bera gertatzen da, balio historiko, kultural nahiz ingurugirokoak dituzten eraikuntza edo elementu interesdunekin, Santiago bidearekin, eta arbide historiko edo bertzelako bide interesgarriekin.

e) Ezin izanen da abelbideek egun dituzten baldintzak aldatu ez eta lurzatia obragaiez itxi abelbidearen kanpoko ertzetik hiru metro baino gutiagotara; era berean, debekatua dago Foru Dekretu honek araututako ihardueretara ailegatzeko, abelbide horiek ibilgailuendako sarrera gisa erabiltzea.

f) Debekaturik daude zuhaitzak bota eta ondorioz paisaia edo ekologiari kalte eragiten ahal dioten obra, instalakuntza, lur mugimendu edo lurzati aldaketak.

g) Baimendu beharreko iharduerek, jadanik diren zuhaitzak errespetatu beharko dituzte, Proiektuak horretarako zainketa neurri egokien berri jaso beharko duelarik.

h) Azalera handiak eskatzen dituzten produkzio iharduerek, 6.d artikuluan aipatutakoek, edozein herritatik gutienez 1.000 metrotara egon beharko dute. Salbuespen gisa, tarte hori gutitu ahal izanen da, herriaren eta instalakuntzaren artean oztopo diren elementu geografiko eta topografikoek zilegi egiten badute. Era berean, aipaturiko tartea 500 metrotara gutitu ahal izanen da, baldin Proiektuak, herriaren eta ihardueraren artean gutitutako ehun metro bakoitzeko 15 metroko zabalerako zuhaitz zerrendak landatuko direla jasotzen badu.

2. Foru Dekretu honetan aipaturiko industria iharduerak kokatzeko, planeamendu urbanistiko lokalak jarriko dituen lurrak, batez ere egoera txarrekoak, higatuak, kalitaterik gabekoak eta ohizko sistemen bidez berriro erabiltzeko moduan jar ezin daitezkeen lurzoru urbanizaezinetan daudenak izanen dira.

2. saila

8. artikulua. Lurzatiak.

Foru Dekretu honen araberako iharduerek bere baitan hartzen dituzten lurzatiak, eraikintza kontuetarako zatiezintzat joko dira eta, beraz, ezin izanen dira bertze enpresa edo iharduera batzu ezartzeko espedienteetarako erabili.

Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak Lurzoruari buruzko Legearen 221. artikuluaren arabera industria ihardueretarako baimena duten lursailak lurzati zatiezintzat jaso ahal izanen ditu Jabetza Erregistroan.

9. artikulua. Gehienezko okupazioa.

Foru Dekretu honek arautzen dituen ihardueretarako eraikuntzek ezin izanen dute iharduerak hartzen duen lurzatiaren azalera osoaren %40a baino gehiago okupatu.

10. artikulua. Bereizteko zerrenda.

1. Lursailetan derrigorrezkoa izanen da errepide aldera ematen duen zati guztian, galtzadaren ertza eta 15 metrotara kokaturiko marra paralelo baten artean, belar, zuhaixka edo zuhaitz zerrenda bat jartzea, horrek urriaren 10eko 11/1986 Foru Legeak, Nafarroako Errepideen Defentsari buruzkoak ezarritakoa deusetan galerazi gabe.

2. Ihardueraren jabeari dagokio zerrenda hori prestatu, landareak aldatu eta zaintzea.

3. Lurzatiaren hesiak ezin izanen dira zerrenda horretan jarri.

11. artikulua. Eraiketa eta, muga eta hesien arteko distantzia.

1. Eraikuntzek gutienez hesi eta mugetatik 10 metrotara egon beharko dute. Kontu horietarako, mugatzat aitzineko artikuluan aipaturiko galtzadaren ertzetik 15 metrotara dagoen marra paraleloa joko da.

2. Urriaren 10eko 11/1986 Foru Legea aplikatu eta ondorioz errepidera ematen duen muga arte dagoen tartea goiko zenbakian aipaturikoa baino handiagoa bada, Foru Legeak ezarritakoa jarraituko da.

12. artikulua. Lur mugimenduak.

1. Lurzatian egiten den lur mugimendu orok, inguruko lurren altuera maila errespetatu beharko du, debekatua dagoelarik edozein mugatatik bortz metro baino gutiagotara eustormak jartzea.

2. Eustormak proiektuan jasotako lurraren ondo-ondotik hasita gehienez ere hiru metroko altuera izanen du.

3. Lur mugimenduen ondorioz egindako ezponden gehienezko malda %33koa izanen da; gaina alor horretako natura geruzaren lubeltzez estaliko da eta landareak aldatuko dira, nolanahi ere, inguruarekiko oreka gordetzen saiatuz.

4. Lur mugimenduak egiten badira, lur-eremu horretan bertan konpondu beharko dira euritik datozen gainazaleko uren bideraketa.

13. artikulua. Ibilgailuendako sarrera eta bide publikorako ibiaren gehienezko luzera.

1. Lurzatiaren barnean edozein obra edo lur mugimendu egiten hasi aitzin, jabeak beharrezko diren ahalegin guztiak eginen ditu lurzatiaren parean dagoen hoditzak kalterik izan ez dezan. Edonola ere, dauden hoditza eta azpiegituretan kalte eta andegarik gertatuz gero, jabea izanen da erantzule.

2. Lurzati guztiek gutienez ibilgailuendako sarrera bat izan beharko dute; sarrera, iharduerak sortuko duen trafikoaren ezaugarrien arabera diseinatua izanen da, gutienez bortz metroko zabalera izanen du eta iharduerak normalki funtzionatzeko behar bezalako erresistentzia, iragazkaiztasun, ubideak eta bertzelako ezaugarriak dituen zorua duena.

3. Lurzatiaren barneko bide sistema, aurrikusitako zirkulazioaren beharren eta trafiko-motaren arabera eginen da. Bai ibilgailuendako bideek, bai oinezkoendakoek, zoru iragazkaitza behar dute izan eta zabalera aurrikusitako ibilgailu kopuruaren araberakoa izanen da.

4. Bide publikoarekin "T" itxuran elkartzen diren ibien gehienezko luzera 12 metrokoa izanen da, konplexutasun handiagoko konponbideak erabakitzen diren kasuetan izan ezik.

5. Bide publikorako bi ibiren artean, ardatzetik ardatzera, gutienez 250 metrotako tartea gordeko da. Neurketa bide-bazterrean eginen da, ibiak enpresa berekoak edo ezberdinetakoak diren kontutan izan gabe. Bihurgune, sestra aldaketak eta antzekoak dituzten zatietan, ikusgarritasuna nabarmenki gutitutakoetan, ibien arteko tartea behar hainbat handituko da, errepidetik iharduerarako ibilgailuen sar-atera erraztu ahal izateko. Ibien arten lurzati batetik bertzera joateko bideak errepidearekiko paraleloan eginen dira.

6. Ezkerretara biratu beharreko sarreratarako, enpresak 15 langile baino gehiago baditu edo ohizko garraiabidetzat 3'5 Tm. baino gehiagoko ibilgailuak erabiltzen, muturrean itxoiteko eta biratzeko zabalune bat duen mantsotze errei bat izan beharko du edo, bertzela, antzeko zerbait sarreraren kontrako aldean; beti ere, errei horiek trafikoaren araberako ezaugarriak izanen dituzte eta Nafarroako Gobernuko Bidezaintza Zerbitzuak onetsi beharko ditu.

7. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak, trafiko azkar edo usurako, Proiektuek bizkortze-mantsotze bideak edo, kasuan kasuko, ezaugarriei ihardetsiko dieten bertzelako konponbideak jaso ditzaten eskatu ahal izanen du.

8. Errepide eta bideetako mugetan landare geruza zaintzeko ahaleginak eginen dira eta eraikuntza arrazoiak direla-eta, (hala nola, materiale biltegiak, makinendako igarotzeko bideak, etab.), kalterik jasan badu, berriro jarri beharko da.

9. Ibia eta lurzati barruko bideak egin, zaindu eta mantentzeko behar diren obra eta instalakuntzak jabeak ordaindu beharko ditu.

14. artikulua. Ur hornidura.

1. Ur hornidurak, edateko, garbitzeko, industria prozesuetarako, ureztaketarako eta suteak itzaltzeko behar adina ur ziurtatu behar du.

2. Espedienteak ura nola lortuko den, ur-etorri eskuragarria zenbatekoa izanen den eta bideraketa, arazketa eta behar izanez gero, banaketa nola eginen den jasoko du.

15. artikulua. Suteak.

1. Sortutako arriskuaren arabera, suteak itzaltzeko behar adina ur eta presio izan beharko da eta beharrezkoa bada, biltegi bat eta ponpaketarako tresneria egokiak instalatu.

2. Eraikuntza eta instalakuntzen inguruan Suhiltzaile Zerbitzuaren ibilgailuak kanpotik zuzenean sartzeko moduko 5 metroko zabalera duen bideska utzi beharko da. Bideska horrek beti irekita egon beharko du eta ezin izanen da aparkalekuetarako edo biltegitarako erabili. Eraikuntzaren kokaleku eta diseinuak suhiltzaileak bertara heltzea eta lanari ekitea nahikoa errazten duenean, ez da derrigorrezkoa izanen bideskak eraikuntza guztiak inguratzea.

16. artikulua. Saneamendua, arazketa eta hondakin likidoak.

1. Espedienteak, saneamendu sareak, aurrikusitako arazketa sistema eta azken isurketa non eginen den azalduko du.

2. Salbuespen arrazoituak izan ezik, sistema banatzailea hautatuko da, euri-urak zuzenean isuriko direlarik ubide publikotara.

3. Azken isurketa udalaren sare orokorrera eginen da baina zailtasun edo urruntasunagatik arazketa-instalakuntza indibiduala jarri eta isurketa ubide publikora egiteko baimena eman ahal izanen da.

4. Hoditza guztiak lurpekoak izanen dira eta ibilgailuendako bideen eta hutsik dauden espazioen ildoari jarraituko diote. Zoladura edo lurzoru naturalaren azpitik gutienez 1'20 metrotara egon beharko du hoditzak eta, beti ere, halakorik badago behintzat, edateko uraren sarearen azpitik 0'80 metrotara.

17. artikulua. Hondakin lehorrak.

1. Lurzatiaren barnean ezin izanen da inolako zabor edo hondakin lehorrik gorde.

2. Lurzatiaren barnean behar hainako lekuak izanez gero, behin-behingoz utzi ahal izanen dira hondakinak, baldin errepidetik eta instalakuntzarako sarrera bideetatik ikustea ezinezkoa bada eta haizeak, euriak, animaliek, etab.ek ezin baditzakete barreia.

18. artikulua. Energiak.

Espedientea izapidatzeko egindako lehen eskabidean, erabili behar diren energia mota guztiak jasoko dira, grafikoki adierazi beharko direlarik biltegiak, hoditzak, etab.

19. artikulua. Elektraindarra.

1. Lurzati barnean elektrizitatea banatzeko hariak, bai energitarakoak, bai argitarakoak, lurpekoak izanen dira.

2. Bilakaera zentru edo tegiek behar bezala seinaleztatuak eta babestuak behar dute egon.

20. artikulua. Bertzelako instalakuntzak.

1. Argiteria. Lurzatiek behar adina argi izan beharko dute, batez ere, eraikuntza eta errepidearen arteko gunetan.

Lurzati barneko bide eta hutsik dauden espazioetako bataz bertzeko argia, trafikoaren araberakoa izanen da eta arreta berezia jarriko zaio errepidetarako sarreretako argiari. Entitate Lokalek, instalakuntza guztiak beretsuak izatearren, lurzatiez kanpoko gunetan zutoin eta argi mota jakin bat ezartzeko eska dezakete.

2. Telefonoa eta telexa. Hariak lurpean jarri beharko dira. Hala ere, hasierako fasean kanpoaldean jartzeko aukera izanen da.

21. artikulua. Barneko aparkalekuak.

1. Zama hartu eta hustuketarako, aparkalekuetarako eta ibilgailuen maniobretarako guneak lurzatiaren barnean egonen dira, bide sare publikoa xede horiekin erabiltzea debekaturik gelditzen dela.

2. Aparkaleku kopurua arrazoitu beharko da espedientean, aurreikusitako langilego eta iharduerekin bat etorriz, hau da, bi lanpostu bakoitzeko aparkaleku bana gutienez ezarriz. Denetara ez da eraikitako ehun metro karratu bakoitzeko leku bat baino gutiago izanen.

3. Aparkalekuak eta haietarako sarrerak, baita ibilgailu astunendako aparkaleku eta maniobraguneak ere, gutienez marra batek mugaturik egonen dira, eta behar bezalako seinalizazioa izanen dute.

4. Aparkaguneek, estaltzeko asmorik ez izanez gero, osto zabaleko arboladia izanen dute, aparkalekuen banaketari ongi egokiturik, sare antzean paratua.

5. Lurzatiaren barnean, oinezko zirkulazioa oinezkoendako arriskurik ez sortzeko moduan antolatuko da.

22. artikulua. Lorategiak eta arboladiak.

1. Industria iharduerak hartzen dituzten lurzatiak gutienez haien azaleraren %20an arboleztatu eta loreztatu beharko dira. Horretarako ez dira kontutan hartuko 7. artikuluaren h) atalak eta 10. artikuluak aipatzen dituzten zerrendak. Arboleztatu eta loreztatutako eremuen kokapena helburu zehatzen ondorio izanen da lurzatiaren antolamendu orokorraren barnean, eta banaketa erizpide egokiei jarraikiz burutuko da.

2. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak pantaila arboleztatuak sortzea eskatu ahal izanen du, industria arriskutsu, osasungaitz edo begietan inpaktu haundia eragiten ahal dutenen kasuan.

3. Lorategiak eta arboladiaren hautapena, gero ureztatu eta mantendu ahal izanen ote diren baldintzapean egonen dira. Horretarako, hemengo espezie bertakotuak edo hazkuntza azkarrekoak landatuko dira.

4. Eraikintza eta urbanizazio lanetan, lubeltz geruza kontserbatzeko ahaleginak eginen dira. Behar baldin bada geruza gordeko da, obrak bukatu ondoan berdeguneetan hedatu ahal izateko.

23. artikulua. Hesiak.

1. Lurzatietan hesiak paratu nahi badira, oharterazi eta arrazoitu behar da beti ere baimen eskaria egiterakoan.

2. Hesien altuera ez da bi metro baino gehiagokoa izanen, segurtasun publikoaren arloko arrazoi zehatzengatik gehiagoko altuera arrazoitzen ez bada.

3. Landare gaiak erabili ezik, hesiak nabarmenak izan beharko dira. 50 zentimetrotarainoko altuera duten lantegietan egindako obrazko zokaloak ere onartuko dira.

24. artikulua. Urbanizazioaren exekuzioa.

1. Barne eta kanpoko urbanizazioa eta beharrezko azpiegiturak, hala nola sarbideak, ura, saneamendua, arazketa eta elektraindarra, sustatzailearen kontura burutuko dira, edifikazio lanen aitzin nahiz haiekin batean.

2. Horretarako, udal edo kontzejuaren lizentzia eskatzearekin batean, sustatzaileak azpiegitura eta urbanizazio lanak burutzeko aski adineko abal edo bermea hartu beharko du, Proiektuan agertzen diren urbanizazio lanen kostuaren %50aren hainbatekoa.

25. artikulua. Kanpoko biltegiratzea.

1. Salgaiak, tresneria, ontziak edo produktu burutuak biltegiratzeko erabiliko diren eremu libre osagarriak ez dira lurzatiaren aitzinaldean egoten ahalko. Begietarako pantaileztaturik egonen dira, xede horretan landaresiak nahiz paretak edo zuzen-zuzenean horretarako egindako eraikuntzak erabiliko direlarik.

2. Sarbideak, aparkalekuak, lorategiak, biltegiak edo bertzetarako erabiliko diren eremu libreak hornidura eta garbitasun baldintza egokietan mantendu beharko dira.

26. artikulua. Aire zabaleko gordailuak.

1. Aire zabaleko gordailuetarako azalera handiak behar dituzten industria iharduerak hondatutako guneetan ezarriko dira bereziki eta arbolazko babes hesiez inguratuko dira.

2. Lurzatiaren perimetroaren luzeran, gutienez hamar metroko zerrenda gelditu beharko da gordailurik gabe.

27. artikulua. Publizitatea.

Etxeei edo hesiei atxikitako iragarki errotuloak paratu ahal izanen dira, baldin eta materiale iraunkorrez eginak badira eta haien azalera paraturik dauden fatxadako pareta atalaren azaleraren 1/10 baino tikiagoa bada. Bide seinaleztapenaren diseinuari eta zabalerari egokitutako adierazle informatiboak ere paratu ahal izanen dira.

28. artikulua. Estetika arloko baldintzak.

1. Baldintza orokorrak.

Oinarrian, eraikuntzak, non dauden kokaturik, hango giroari egokituko zaizkio. Horretarako, leku hesi gabeetan eta errepide eta bide inguruetan, etxe, paret nahiz hesien kokaleku, haundiera eta altuerak, edo bertze elementuren ezarpenak, ezin izanen dute naturako edertasunak ikusteko begiera murriztu, ezta paisaiaren harmonia hautsi edo haren berezko iduria desitxuratu ere.

2. Eraikitze motak.

Foru Dekretu honek arautzen dituen etxe eta eraikuntzak isolaturik egonen direnez, ahaleginak egin beharko dira eraikuntza horiek iduri sendo, era bereko eta sotilei erantzun diezaieten. Halaber, haien diseinuan kontutan hartu beharko dira lekuan lekuko arkitektura tradizionalaren forma eta motaren aldetiko ezaugarri nagusiak, hala nola bolumenak, altuera, teilatuak, hutsune eraketa eta bertze.

Haien xedea edo bertan egin beharreko iharduera dela eta berezko diseinua eskatzen duten eraikuntzek ez dute arestikoa bete beharrik izanen.

Beti ere, espedienteak hautatutako konponbidea arrazoitu beharko du, inguru eta paisaiari egokitzeko beharrezko izan daitezkeen neurri zuzentzaileak ere gaineratuko direla.

3. Fatxadak.

a) Fatxada eratzeko dagoen askatasuna goiti-beheiti, hura osatzen duten kanpoko elementuen modulazio erizpideak hartzen ahaleginak eginen dira.

b) Fatxada guztiek erabateko akabera hartuko dute, gutienez bere osoan pintatutako estaldura paratu beharra dagoela. Guzti haien tratamendu maila berdina izanen da. Material ezberdinak edo materiale beraren kalitate ezberdinak erabiltzeagatik hala gertatzen ez bada, emaitzak harmoniko izan beharko du bederen.

c) Materialeak duin erabiliko dira, haien izaera izkutatu gabe. Hautatutako koloreek bat heldu beharko dute inguruarekin.

Mota eta egitura tradizionaleko etxeetan era bereko egiturako zarpeatzeak eta kolore naturaleko materiale zeramikoak erabiliko dira, non kokaturik dauden, hango inguruarekin bat etorriz.

d) Etxe handiak izateagatik azalera handiko fatxadak direnean, bertan erabili beharreko koloreen hautapena arrazoitu beharko da, begietara inpaktu haundia eragiten duten gaiak direnez, ingurugiro eta paisaia arloko baldintzak kontutan harturik. Ahal dela, tratatutako azalak ez dira kolore ezberdinez zatikatuko, ezta kolorezko zerrendak erabiliko ere, paisaian inpaktua gutitzerakoan, proposatutako konponbidea egokiena dela frogatu ezik.

e) Luzera eta azalera handiko fatxaden aurrekaldeetan landaketak edo arbolezko pantailak erabiltzekotan, fatxada horiek ulertzeko moduaren partaide izateko aldez aurreko asmoaz eginen da. Erabili beharreko espezieak egoki hautatu eta landaketa bakoitzaren kokapena estudiatu beharko da.

4. Teilatuak.

a) Haien tamaina, proportzio edo eraikitze ezaugarriek aukera ematen duten edifikazioetan, bi nahiz lau isurialdeko teilatuak erabiliko dira. Haien malda, gehienez, %50ekoa izanen da, arkitektura tradizionalaren edo klimaren ezaugarriek gehiagokoa eskatzen dutenetan izan ezik.

Estalgaia arabiar erako teila izanen da bereziki, kolore horikail eta gorrietan, non eta zer ingurutan kokaturik dauden. Bertze materiale batzuk (ormigoizko teila, fibroporlana, eta abar) ere erabili ahal izanen dira, baldin eta itxurak eta koloreak lekuan lekuko inguru arkitektonikoari egokitzen bazaizkio.

Azalera zeharrargitsuen erabilpenak ez du teilatuaren azalera osoaren %10a baino gehiago hartuko.

b) Eraikuntzen forma edo handiera aldetiko ezaugarriengatik, nahiz haien barnean egiten den ihardueragatik, bertze teilatu mota -teilatu zapalak, zerragin eitekoak edo bertzelakoak- erabiltzea beharrezkoa denean, estetika eta paisaiaren ikuspuntutik arrazoitu beharko da hautatutako konponbidea, espedientean arkitektura inguru eta paisaiari behar bezala egokitzeko komenigarri diren neurri guztiak proposatuko direla.

29. artikulua. Altuera.

1. Eraikuntzaren gehienezko altuera hamar metrokoa izanen da, lurrak eraikuntzarekin bat egin duen puntu bakoitzean neurtuak. Gehienez bi solairukoak izanen dira.

2. Gehienezko altuera, ekoizpenaren prozesu teknikorako nahitaezko diren elementuek gainditu ahal izanen dute.

3. Salbuespenez eta arrazoiz, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak altuera handiagoak eta solairu gehiago baimendu ahal izanen ditu ekoizpen prozesuak hala eskatzen duelarik.

30. artikulua. Jadanik diren industriak.

1. Jadanik diren industria eraikintza eta instalazioen handitzea baimendu ahal izanen da, baldin eta lege urbanistikoak larriki urratzeagatik debekualdian ez badaude edota, Foru Dekretu honek agindutako baldintzei men eginez, planeamendu lokalak espreski antolamenduz kanpora deklaratu ez baditu. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariak, ezarritako baldintzetariko batez salbuetsi ahal izanen du, ikuspuntu urbanistiko hutsetik betetzea materialki ezinezkoa dela frogatzen denean.

Handitzeko arrazoiak ekoizpen prozesuen arlokoak izanen dira.

2. Debekaturik gelditzen da, industria erabilpena ezarri nahirik, lurzoru ez-urbanizagarrian kokaturiko nekazal instalazioen erabilpena aldatzea.

3. Lurzoru ez-urbanizagarrian kokatutako edifizioetan, industria ihardueren aldaketa baimendu ahal izanen da. Horretarako enpresa bakartasunak iraun beharko du, hau da, ez da zatiketarik gertatu behar eraikuntzaren barnean zein kanpoan industria berriak jarriz, ezta proindibiso izaeran ere, eta, gainera, planeamendu lokalak ordenamenduz kanpora deklaratu gabe egon beharko du instalakuntzak berak edo industria iharduera berriak. Iharduera aldaketa baimenduko da baldin eta Foru Dekretu honek agindutako baldintzak betetzen baditu. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariak ezarritako baldintzetarikoren batez salbuetsi ahal izanen du ikuspuntu urbanistiko hutsetik betetzea materialki ezinezkoa dela frogatzen denean.

4. Antolamenduz kanpora espreski deklaratutako industria eraikuntzak eta instalakuntzak, lurraldearen babes eta erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 9. artikuluak eta Lurzoruari buruzko Legearen 60. eta 61. artikuluek ezarritako hirigintza eraentzari lotuko zaizkio.

3. Saila. Prozedura eta Dokumentazioa

31. artikulua. Prozedura.

1. Lizentzia aurreko baimen administratiboa erdiesteko prozedura, lurraldearen babes eta erabilpenerako Herrialdeko Hirigintza Arauei buruzko Foru Legearen 31. artikuluak araututakoari lotuko zaio, lurzoru eta etxebizitza arloan esku hartzeko neurriei buruzko ekainaren 8ko 7/1989 Foru Legearen agindu osagarriak ere kontutan harturik.

2. Lurzoru ez-urbanizagarrian kokatzeko baimena ematen duen ebazpenak neurri zuzentzaileak edo beharrezko diren kokapen, edifikazio eta urbanizazio baldintzak ezarri ahal izanen ditu.

3. Artikulu honen 1. zenbakiak aipatutakoa goiti-beheiti, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak, Udalgaindiko Eragineko Proiektu edo Sektore Plan gisa agindu ahal izanen du espedientearen izapidetza, Lurraldearen Antolamendurako arazoaren 11ko 12/1986 Foru Legearen 22. eta 26. artikuluek ezarritakoari loturik, baldin eta industria handiak, tamaina eta eragin berezikoak, edo paisaian eta ingurugiroan ondorio nabarmenak uzten ahal dutenak badira.

32. artikulua. Dokumentazioa.

Ingurugiroa babestu beharrez sailkatutako iharduerak kontrolatzeko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea bete dadin aurkeztu beharreko dokumentazioa galerazi gabe, Foru Dekretu honek ezarritakoaren arabera izapidetzen diren espedienteek ondoko dokumentazioa jaso beharko dute:

1. Iharduera kokatu nahi den herriko Alkateak edo Kontzejuko Presidenteak izenpetutako eskabidea.

Horretarako enpresariak kasuan kasuko entitate lokalaren aitzinean 4. zenbakiak aipatzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du, entitate horrek txostena egin eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentura igor dezan.

2. Kasuan kasuko Entitate Lokalaren txostena, sustatzaileak egindako proposamenean agertzen diren ondoko alderdiei buruzkoa:

a) Lurzoru ez-urbanizagarriaren maila Lurraldea babestu eta erabiltzeko Herrialdeko Arau Urbanistikoei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 5. artikuluarekin bat.

b) Ezarri asmo den ihardueraren zehaztapena, Foru Dekretu honen 6. artikuluarekin bat, ezarpen berria, lehenagotik zeuden industrien handitzea edo erabilpen aldaketa ote den aipatuz.

c) Mota guztietako aurretikoak, handitzeak, iharduera aldaketak, eraikuntzen legeztapena edo antzeko egoerak izanez gero.

d) Proposamenaren egokipena indarrean dagoen planeamendu urbanistiko lokalaren aginduei.

e) Azpimarkagarri erizten diren gainerako alderdi guztiak, baldin eta arazo urbanistikoei badagozkie.

3. Lurraren jabearen adierazpena, lurzatia, industria iharduera handitzeko ez ezik, geroko bertze eraikuntzetarako zatikatuko ez duela zin eginez edo hitz emanez.

4. Behar hainbateko dokumentazio teknikoa, bertzeak bertze, ondoko alderdiak arrazoituz eta garatuz:

a) Memoria.

-Burutu beharreko iharduera eta erabilpenaren deskripzioa, 6. artikuluak aipatutako iharduerekin bat heldu dela espreski aitortuz, eta ezarpen berrikoa, handitzekoa edo lehenagotik ziren industrien erabilpena aldatzekoa ote den zehaztuz.

Lehenagotik zen industria bat handitzeko kasuetan, ekoizpen prozesuak handitze hori beharrezko bilakatzen duela frogatu beharko da.

-Iharduera kokatu den lurzoruaren kategoria, lurraldea babestu eta erabiltzeko Herrialdeko Arau Urbanistikoei buruzko Foru Legeak ezarritako mailaketaren arabera.

-Foru Dekretu honen 7. artikuluak arautzen dituen kokapen baldintzak betetzen direlako frogapena.

-Lurzatiaren antolamenduari buruzko datuen deskripzioa eta frogapena, hala nola lurzatiaren azalera; eraikuntzek, instalakuntzek, materiale pilaketak eta produktu burutuetarako gordailuek lurzatia nola okupatzen duten; zolaztatutako eremuak, zein bere aldetik, oinezko, errepidetan barnako trafiko eta aparkalekuetarako; aparkaleku kopurua, ibailgailu moten arabera; eta berdeguneak eta arboladietarako eremuak, zein arbola espezie landatu asmo diren deskribatuz. Halaber, egin beharreko lur mugimenduen eta proiektatutako sestren arrazoipena.

-Ur hornidurari, hondakin-uren saneamendu, arazketa eta isurketari, hondakin lehorren tratamenduari, elektraindar eta bertze energia motei, kanpoko argiteria eta bertzelako instalazioei dagozkien gaurregungo zerbitzuen eta paratu asmo direnen deskripzioa, Foru Dekretu honek agintzen dituenak beteko direla frogatuz.

-Eraikuntzan, solairu bakoitzeko eraikitako azalerari, solairu kopuruari, eraikuntzaren eta elementu bakanen altuerari, fatxaden eraketa, materiale eta koloreari, teilatuei, hesiei eta bertzalakoei dagozkien forma eta eraikintza ezaugarrien deskripzioa.

Jadanik den instalakuntzarik handitu asmo baldin bada, azalera berriaren gehiketa arrazoitu beharko da, Foru Dekretu honen 30.1. artikuluaren arabera.

-Baldin badira, publizitate arloko elementuen deskripzioa, eta paisaian edo monumentuetan eragin kaltegarria sortzen ez dutelako frogapena.

 Lurzatiaren, haren inguru fisikoaren eta hurbilen dituen eraikuntzen argazki panoramikoak.

b) Dokumentazio grafikoa.

-Lurzatiaren kokapenaren planoa, dagoen udalerri edo kontzejuarekiko, gutienez 1:5.000 eskalan. Bertan 7. artikuluaren 1. zenbakiak b. eta h. ataletan aipatzen diren baldintzek egon beharko dute isladaturik. Azalera handiak behar dituzten produkzio iharduerak direnean, Foru Dekretu honen 6. artikuluaren d) atalak aipatzen dituen arloekiko lurzatia non dagoen kokaturik zehazten duen planoa ere erantsi beharko da, 1:10.000 eskalan.

-Lurzatiaren eta haren inguruaren gaurregungo egoera azaltzen duen plano topografikoa, eskala egokian eta gutienez 1:500ean, diren natura elementuak, eraikuntzak, azpiegitura eta zerbitzuak eta hirigintza aldetik interesa izan dezakeen bertze edozein elementu zehatz aipatuz.

-Obra, zerbitzu eta jadanik diren instalakuntzen kokapenaren planoa, eskala egokian eta gutienez 1:500ean, 7. artikuluaren 1. zenbakiak, c, d, e, f eta g atalek aipatzen dituzten baldintzak beteko direla frogatuz.

-Ondoko alderdiak isladatzen dituzten planoak, eskala egokian:

-Ibilgailuendako sarrera, bai jadanik dena bai paratu asmo dena, lurzatiaren eta hari dagokion errepidearen artean lotuera egokia bermatzeko beharrezko diren mugimenduak aipatuz.

-Ur hornidura zerbitzuak; hondakin-uren saneamendu, arazketa eta isurketa; hondakin lehorren tratamendua; elektraindar eta bertze energia motak; kanpoko argiteria eta espedienteak aipatzen dituen bertzelako instalakuntzak.

-Lurzatiaren antolamendua oin eta atalka, ondokoa aipatuz: burutu beharreko instalakuntza eta eraikuntzek haren gaina nola betetzen duten; eraikuntzen gibeleratzeak muga eta hesiekiko; lur mugimenduak; egin beharreko pareta eta ezpondak; zolaztatutako eremuak, oinezko, errepidean barnako trafiko, maniobragune eta aparkalekuetarako; aparkalekuen kopurua, ibilgailu moten arabera; lorategi eta arboladietarako eremuak, elementu horiek betetzen dituzten eremuak eta kanpoko biltegiratze eremua bereziz.

Plano horietan proiektatutako sestrak zehaztuko dira.

-Oin, altxaera eta atalen planoak, memorian deskribatzen diren eraikuntzako eta publizitate elementuetako forma eta eraikintza ezaugarri nagusiak isladatuz. Plano bakoitzak oin bakoitzeko maila kota zehaztuko du hautatutako +-0,00 kotarekiko.

33. artikulua. Aldez aurreko kontsultak.

1. Interesaturik daudenek Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuari eskatu ahal izanen diote informazioa, beti ere idatziz, ez-urbanizagarritzat jotako lur batean erabilpen edo iharduera bat ezartzeko ahalbideaz, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean eskaria aurkeztuz.

2. Eskariak lurra identifikatu beharko du, udal dermioaren barrenean non dagoen kokaturik zehaztuz, haren kokapenaz edo izan daitezkeen goiti-beheiti guztiez zalantzarik egon ez dadin. Halaber, ezarri asmo den ihardueraren garapenari dagozkion datu guztiak behar hainbat deskribatu beharko dira.

3. Kontsulta ez da inola ere loteslea izanen eta informazioa eskatzen den momentuko goiti-beheitiek baldintzapeturik egonen da. Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuak, hari erantzuterakoan, iharduera baimengarri edo debekatutzat jotzen ahal ote den eta, hala behar bada, Proiektuari erantsi beharko zaizkion hirigintza arloko baldintzak zehaztuko ditu.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Foru Dekretu honen aginduak, gaurregun indarrean dagoen legerian arau honek jorratzen dituen eraikintza iharduera eta erabilpenei aplikagarri zaizkien gainerako xedapenak galerazi gabe aplikatuko dira.

Azken Xedapenetan Lehendabizikoa

Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariari esku ematen zaio, Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilariari esku ematen zaio, Entitate Lokalekin Foru Dekretu honen 4. artikuluak aipatzen dituen Hitzarmenak egin ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa