Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 140. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 14an)
Zioen Azalpena
Otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen bidez jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzak arautu ziren. Ondoren, aipatutako foru lege hori ekainaren 1eko 9/1998 Foru Legearen bidez aldatu zen.
Foru lege horren 6. artikuluan ezartzen denez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak urtero eginen du bertan ezartzen diren laguntzak emateko deialdia.
Nafarroako Gobernuaren 2011ko apirilaren 4ko Erabakiaren bidez, urte anitzeko gastu konpromisoa baimendu da poligonoak herrietan sustatzeko diru-laguntzen 2011ko deialdia onesteko.
Foru lege honetan ezartzen dira jarduera ekonomikoetarako poligonoak herrietan sustatzeko diru-laguntzen 2011ko deialdiaren oinarri arautzaileak.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da; horretarako, beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietate publikoek jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan susta ditzaten.
Industrialdeak edo, zabalago hartuta, jarduera ekonomikoetako poligonoak udalerriak berak arintzeko eremuak prestatzeko beharraren ondorio dira; horretarako, hiri eremuak prestatzen dira egungo jarduerak lekualdatzeko, bai kokagune desegokian daudelako bai haien instalazioak handitu nahi dituztelako. Halaber, herriko bizimoduarekin eta beharrekin estuki lotutako proiektu txikiak hartzen ahal dituzte (tailerrak, biltegiak, industria txikiak, zerbitzuak, etab.).
Jarduera ekonomikoetako herri mailako poligonoen definizioa, Jarduera Ekonomikoetako Poligonoak Herrietan Sustatzeko Laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen da.
2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Poligono horiek sustatzeko, gastu hauek izan daitezke diru-laguntzaren xede:
a) Lurrak eta, hala badagokio, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren baloraziorako, kontuan hartuko dira eskualdeko poligonoak sustatzeko asmoz antzeko egoeretan egindako erosketen prezioak.
b) Hirigintza plan eta obra proiektuen idazketa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legean eta aplikagarri den araudian xedatutakoari lotuko zaiona.
c) Poligonoko urbanizazio obrak eta kanpoko azpiegiturak egiteko beharrezko obrak.
d) Obren zuzendaritza teknikoa.
2. Diru-laguntzaren zenbatekoak hurrengo hauek izanen dira:
a) Lurrak eta, hala badagokio, zortasun eskubideak erostearen kostuaren %20 adinako diru-laguntza.
b) Poligonoa osorik gauzatzeko behar diren proiektuen kostuaren %70 adinako diru-laguntza.
c) Obren kostuaren eta obren zuzendaritza teknikoaren kostuaren baturaren ondoriozko emaitzaren %20 adinako diru-laguntza. Diru-laguntza kalkulatzeko 5. artikuluan aipatzen den urbanizazio proiektuaren aurrekontua hartuko da aintzat.
d) Poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan dauden enpresei egiten dizkietenak zergapetzen dituen Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotaren %95eko hobaria.
3. artikulua. Onuradunak.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak honako hauek hartzen ahalko dituzte:
1. Jarduera ekonomikoetako poligonoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateek, hurrengo baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Diru-laguntza eskaera aurkeztu baino lehenago, poligonorako aurreikusitako lurra hiri-lurzorua izatea indarra duen udal planeamenduan, industriarako nahiz zerbitzuetarako.
b) Poligonoak hartuko dituen lurrak udalaren titulartasun publikokoak izatea diru-laguntza eskaera aurkeztu baino lehen, ukitutako lurrak obren kontrataziorako eskuragarri izanen direla bermatzeko.
Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ukipen bakarrak zortasunen ondoriozkoak badira, ez da beharrezkoa izanen lur horiek titulartasun publikokoak izatea, baina jabeek sinatutako ukipen baimenak ekarri beharko dira.
c) Antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskaerekin bat etortzea, eta lurzatietatik heldu den azalera garbia, hasiera batean, 20.000 m²-koa izatea gehienez.
Azalera handiagoak ere onar daitezke, lurzatien benetako eskaerak horrela behar izanez gero. Halakoetan, lurzatien gehieneko azalera garbia honako hau izanen da: enpresek guztira eskatzen duten azalera gehi .
d) Benetako lurzati-eskaera izatea, eskatzaileek jarritako bermeen bidez behar bezala justifikatua, hain zuzen ere, sustapen osotik ateratzen diren lurzatien azalera garbiaren %30 hasieratik okupatzeko adinakoa.
e) Toki entitateak jarduketatik heldu diren lurzatiak saltzeko konpromisoa hartzea, betiere kostuaren zenbatekoa baino txikiago izanen ez den prezioan, jasotako diru-laguntzak eta aurreikusitako zerga-onurak kenduta.
f) Toki Administrazioko Departamentuak txosten bidez azaltzea toki entitateak poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduela, 2/1997 Foru Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
g) Proiektuak idatzi eta tramitatzeko eta obrak kontratatzeko aurreikusitako epeak bermatzea obrak 2011ko azaroaren 1a baino lehen hasi direla.
2. Ekimen publikoko poligono sendotuen urbanizazioan eta azpiegituretan antzematen diren akats edo gabeziak konpontzeko urbanizazio proiektu eta obrak sustatzen dituzten toki entitateek.
Horren ondorioetarako, ekimen publikoko poligono sendotuak izanen dira, administrazioak sustatuta, lurzatien azalera osoaren %50, gutxienez, industriek edo bestelako jarduera ekonomikoek okupatuta dutenak. Halaber, beharrezkoa izanen da poligonoa egin zenetik gutxienez hamabost urte iragan izana eta egin beharreko inbertsioak 300.000 eurotik gorakoak izatea.
Sustapen horien ezaugarri bereziak direla-eta, 1. atalaren a), b), f) eta g) baldintzak baizik ez dira eskatuko.
Bestalde, e) baldintza aplikatuko da saltzeko lurzatirik baldin badago, eta lurzati sendotuen kasuan, toki entitateak kontribuzio berezi bat ezarriko du eta, hartan, zerga oinarria hauxe izanen da: toki entitateak bere gain hartzen dituen kostuen %90, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 112. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. NASUINSA-Nafarroako Industria Lurzorua, S.A. sozietate publikoa diru-laguntza hauen onuraduna izaten ahalko da, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera; horretarako, artikulu honen 1. atalean ezarritako baldintza guztiak, f) letra izan ezik, bete beharko ditu.
Horretaz gainera, diru-laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte toki entitateen mende dauden kapital publikoko beste sozietate batzuek; horretarako, toki entitatearen eta sozietatearen arteko hitzarmena aurkeztu beharko dute. Sozietate horien eskaerak ez dira salbuetsiko Toki Administrazioko Departamentuak toki entitate bakoitzari buruz ematen duen txostenaz.
4. artikulua. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2011ko uztailaren 31 bukatuko.
2. Eskaerak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1; 31005-Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten bada, eskabideari eskaneatuta erantsiko zaizkio agiriak; dokumentu banatan aurkeztuko dira eta bakoitzari bere izena jarriko zaio. Artxiboak pdf formatuan egonen dira eta gehienezko neurria ezin izanen da 3Mb-etik gorakoa izan.
Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) agerrarazteko; datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Jarduketaren xede diren lurren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Poligonoa sustatzeko hirigintza planen bat onetsita baldin badago, ziurtagirian aipatuko da eta planaren ale laburtu bat aurkeztuko da, A4 formatuan enkoadernatua.
b) Poligonoaren sustapenak ukitutako lur guztiak udalarenak direla adierazten duen ziurtagiria. Zortasunen ukipena besterik ez duten lurren kasuan, ukipenen baimenaren kopia aurkeztu beharko da, jabeek sinatua.
c) Ondoriozko lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda eta bakoitzaren kopia, kasuan-kasuan jarritako bermea adierazita.
d) Toki entitatearen erabakia, izan daitezkeen lurzatiak saltzeko konpromisoa hartzen duela egiaztatzen duena, betiere kostuaren zenbatekotik, jasotako diru-laguntzak kenduta, inolaz ere jaitsi gabe; edo, behar denean, 3. artikuluan aipatzen den kontribuzio berezia ezartzeko konpromisoa.
e) Urbanizazio proiektuaren laburpena, A4 formatuan; agiri hauek eduki beharko ditu:
-Jarduketaren justifikazio memoria, honako hauek azalduko dituena: poligonoan bertan egin behar diren obrak, sarbideetarako eta kanpoko horniduren azpiegituretarako obrak eta aterako diren lurzati guztien zerrenda, bakoitzaren azalera adierazita.
-Dokumentazio grafikoa, jarduketaren kokagunea eta zein unitatetan eginen den adierazita, eta aurreikusi den antolamendua, aterako diren lurzati guztiak eta bakoitzaren azalera adierazita.
-Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.
f) Poligonoaren sustapen osorako kalkulatzen diren kostu guztiak. Kontuan hartuko dira lurrak eskuratzeko kostuak (bai poligonorako bai behar diren zortasunetarako), hirigintza proiektuak eta urbanizazio nahiz instalazioen proiektuak egiteko kostuak eta urbanizazio obren eta horien zuzendaritzaren gastuak.
Halaber, kontuan hartuko dira poligonoari egozten ahal zaizkion kostuak, beharrezkoak diren kanpoko azpiegituretatik sortutakoak, bai eta hondakin-uren arazteari edo argindarraren hornidurari dagozkion azpiegituretatik sortutakoak ere.
Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu behar, ez baitira diru-laguntzaren xede.
g) Egutegi eta plangintza zehaztua, obrak noiz esleitu eta burutuko diren eta, bestetik, ateratzen diren lurzatiak noiz saldu asmo diren azaltzeko.
Lurzatiak saltzeko egutegiari dagokionez, hasierako salmentak oinarri hartuta zenbat salduko diren kalkulatu beharko da, urtero konprometitu gabeko azaleraren %10 salduko dela kalkulatuz, 10 urteko epean, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.
h) Aldez aurretiko bideragarritasun azterketa, aurreikusten diren kostuak eta urteroko diru-sarrera eta ordainketen behin-behineko plana jasotzen dituena, finantzaketa iturriak zehaztuz eta finantza kostuak eta aurreikusitako amortizazioak azalduz.
Sortutako lurzatiak salduz lortuko diren diru-sarrerak kalkulatzeko, lehenik eta behin, modu justifikatuan zehaztu beharko da lurzatien salmenta prezioaren balioespena, eta ezarritako egutegiaren arabera kalkulatuko dira diru-sarrerak.
5. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpideak.
Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, diru-laguntza eman edo ez eman erabakitzeko:
a) Egun dauden jarduerak lekuz aldatzeko beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak kokatzeko dauden eskaerak ere.
b) Lanpostuak mantentzea edo berriak sortzea, lurzatien egiazko eskaeren ondorioz.
c) Proiektua otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarritako irizpideetara egokitzea, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta baxuenak izan daitezen.
d) Eskualdeko poligonoetan lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea inguruetan.
6. artikulua. Diru-laguntza ematea.
1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak foru agindu honetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, Zerbitzuak Toki Administrazioko Departamentuari txostena eskatuko dio, toki entitateek poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduten jakiteko. Txostena aurkakoa bada, lotesletzat hartuko da.
Toki Administrazioko Departamentuak txostenik egin ezin izan badu, toki entitateak, legez xedatutako epean, aurreko ekitaldiko kontuak aurkeztu ez dituelako, interesdunari eskatutako diru-laguntza ukatuko zaio, deialdi honen 3. artikuluaren f) letran ezarritako baldintza ez betetzeagatik.
2. Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe horretan ebazpen espresik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
7. artikulua. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
Onuradunen justifikazioa eta 2. artikuluko gastuei dagozkien diru-laguntzen ordainketa honela eginen da:
1. Diru-laguntza eman ostean, onuradunek frogatu beharko dute obrak benetan hasi dituztela. Horretarako, 2011ko azaroaren 10a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, foru lege honen 4. artikuluan adierazitako tokietan:
a) Obrak gauzatzeko behar diren lurrak erosteko egindako ordainketen egiaztagiriak eta, hala badagokio, zortasun eskubideena.
b) Hirigintza plan eta obren proiektuen idazketari buruzko fakturak ordaindu direla frogatzeko agiriak.
c) Obra kontratuen kopiak eta obren zuzendaritza teknikoaren kontratuaren kopia.
d) Obrak hasi izanaren aktaren kopia, esku-hartzaile guztiek behar bezala sinatua.
e) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz esleitu direla frogatzeko.
Frogagiriak aztertu ondotik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Enpresako zuzendari nagusiari igorriko dio 2.2 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritako diru-laguntzen zenbatekoak ordaintzeko ebazpen proposamena.
2. Obrak bukatzen direnetik hiru hilabeteko epean, onuradunek frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Obra ziurtapen guztien fakturak eta horiek ordaindu direla frogatzen duten agiriak.
b) Obren zuzendaritza teknikoaren fakturak eta zerbitzu-sarien ordainketen frogagiriak.
c) Obren harrera-akta.
Obrak egin direla eta horien behin betiko kostua frogatzen dituzten agiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak 2.2 artikuluaren c) letran ezarritako diru-laguntzaren zenbatekoa ordaintzeko proposamena eginen du.
3. Toki entitateek jasotzeko duten diru-laguntzaren zati bat ordaintzeko eskatzen ahalko dute, obra gauzatzean egindako obra ziurtagiriei dagokiena hain zuzen, obra amaitu arte itxaron beharrik izan gabe, betiere fakturak eta ordainketa egin dela frogatzen duten agiriak aurkezten badituzte.
8. artikulua. Onuradunen eginbeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzen onuradunek Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Halaber, behar bezala aditzera eman beharko dute diru-laguntzaren xede diren inbertsioek finantziazio publikoa dutela, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Horretarako, obrak bukatuta, gutxienez ere 45 x 30 cm²-ko kartel bat paratu beharko da, poligonoko ageriko tokiren batean, poligonoaren sustapenak Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso duela aditzera emateko.
2. Foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta hitzemandako kopuru horiek askatuz gero, kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
9. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
10. artikulua. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
11. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Gastua baimentzea.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 500.000 euroko gastua baimentzen da, deusetan galarazi gabe gero batean diru-kopuru hori handitzea aurrekontuetan horretarako diru erabilgarria baldin badago; gastua honela banatuko da:
ZENBATEKOA |
AURREKONTUKO KONTU-SAILA |
EKITALDIA |
100.000,00 |
G/810001/7609/458100: Jarduera ekonomikoetarako udal poligonoetarako laguntzak |
2011 |
400.000,00 |
G/810001/7609/458100: Jarduera ekonomikoetarako udal poligonoetarako laguntzak |
2012 |
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Foru agindu honek indarra hartzen duenean, indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, zehazki, apirilaren 23ko 204/2009 Foru Agindua, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.