Uranga ondarea Karlismoaren Museoan

Karlismoaren Museoak aldi baterako erakusketa berri bat inauguratu du, Uranga ondarea Karlismoaren Museoan izenburupean, eta aurtengo abuztuaren 15era arte egonen da zabalik.

25/06/2021 - 15/08/2021

Erakusketan ikusgai jarri dira Elena María Uranga Azpirik museoari dohaintzan eman dizkion lanetako batzuk. Pieza horien artean, José Ignacio Uranga Azcune jeneralaren erretratua nabarmentzen da, haren biloba Pablo Uranga Díaz de Arcaya margolariak eginikoa 1908. urte inguruan. Jeneralaren XIX. mendeko zenbait erretratutan oinarritua dago, besteak beste, 1837an Isidore Maguès-ek eginiko grabatuan, eta militarra, pintorearen aitona, zutik eta uniformez jantzita irudikatzen du, hondoan paisaia bat ageri dela.

Pintura hori da artistak eta Uranga familiak gehien estimatzen duten piezetako bat, eta bere onenera lehengoratua dago Artres enpresa espezializatuak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren gainbegiradapean eginiko esku hartzeari esker.

Erakusketa osatzeko, pintura honen prestalanetan eginiko marrazki bat dago, XIX. mendeko grabatu batzuk (jeneralaren erretratu horiek izan ziren artistaren inspirazio-iturria), bai eta zenbait dokumentu ere. Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak eta Nafarroako Liburutegiak beste material batzuk utzi dituzte erakusketarako.

Aldi baterako erakusketak dohaintza-emailearen keinu altruistaren balioa azpimarratu nahi du, Elena María Uranga Azpiri Pablo Uranga margolariaren bilobak museoari aukera eman dioalako bere funtsetan kultura-ondasun hagitz nabarmenak edukitzeko.

Erakusketaren osagarri, Ana Arregui Barandiaran euskal pinturan adituak “Pablo Uranga. Bohemiaren espiritua” mintzaldia emanen du uztailaren 23ean, ostegunarekin, 19:00etan. Sarrera doan, leku guztiak bete arte.