Museoa - Karlismoaren Museoa

Museoa


Karlismoaren Museoaren helburuak dira Nafarroako eta Espainiako karlismoaren historia ikertzea eta zabaltzea. Karlismoa XIX. eta XX. medeetako historiaren testuinguruan aztertzen da, prozesu politiko eta sozial gisa, Europako eta munduko beste batzuen antzera. Helburu horiek lortzeko bere bildumak kontserbatu (funtsak eskuratu, dokumentatu eta zaindu), erakutsi eta ikertzen ditu (dokumentazioaren, lankidetzaren eta zabalkundearen bidez).


Historia


Karlismoaren Museoa Nafarroako Gobernuaren kultura ekipamendua da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuaren barnekoa. Nafarroako Parlamentuak sortu zuen 1997an, aho batez erabakita.

2000. urtean Euskal Herriko Karlista Alderdiak mugarik gabeko gordailu gisara utzi zion Nafarroako Gobernuari bere ondare historikoa osatzen duten ondasunen multzoa: banderak, uniformeak, sariak, margolanak, argazkiak… Gordailu horretako gauzekin batera, museoak Nafarroako Gobernuaren bestelako kultur ondasunak ditu erakusgai, haietako asko museo honetarako erosiak, eta beste ondasun batzuk, zenbait erakunde eta pertsonak utziak.

2004an ekin zitzaion museoko Plan Zuzentzaileari, zeina 2007 arte zehaztu eta garatu baitzen, eta badu, orobat, Batzorde Zientifikoko kideek prestatutako karlismoari buruzko gidoi zientifiko bat.

Karlismoaren Museoak 2007an ekin zien bere programa publikoei, Karlismoa Aztertzeko I. Jardunaldiekin, eta ondoren etorri ziren 2008, 2009 eta 2010eko edizioak.  Lau edizio horien aktak argitara eman ditu Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua-Vianako Printzea Erakundeak.

Lan horiekin batera, Gobernadorearen Jauregia birgaitzeari ekin zitzaion. Higiezin historiko hori 2000. urtean laga zion Lizarrako Udalak Nafarroako Gobernuari, museoaren egoitza izan zedin. Arkitektura lanak Vianako Printzea Erakundeko teknikariek zuzendu eta gainbegiratu zituzten. 

Karlismoaren Museoak 2010eko martxoaren 23an ireki zituen ateak.

Ordutik, kultura programazio aktiboa du eta askotariko ikus-entzulei zuzendutako zerbitzu publikoa izan nahi du. Aldi baterako erakusketak egiten ditu, bertako erakusketa iraunkorra lagunduta bisitatzeko programak, haurrei zuzendutako tailerrak eta eskaintza didaktikoa, hitzaldi zikloak eta abar. Halaber, lerro editorial bat ere badu, eta argitara ematen ditu erakusketen katalogoak, karlismoaren gaineko ikerketak eta haurrentzako ipuinak.  Zentro honek bere tematika eta bildumari buruzko sormena eta hausnarketa artistiko garaikidea sustatzen ditu, eta berdintasuna bultzatzeko ekintzak garatzen ditu, kultura-politika publikoekin bat etorriz. Lurraldean integratutako museo da eta, beraz, Estellerriko kultura bizitzan parte hartzen du, bere programazio eta jardueren bidez lagunduz.

Sortu zenetik, museoak Dokumentazio Zentro bat du, ondare dokumental eta bibliografikoa zaintzeko, dokumentatzeko eta hedatzeko, eta nazioarteko karlismoari buruzko ikerketan erreferentzia izateaz gain, erakundearen kultura jarduera eta programazio guztietan koordinazio lanak egiten ditu eta haien osagarri da.  

Carlos VII - Enrique Estevan y Vicente, 1880. Carlos VII - Enrique Estevan y Vicente, 1880.


Gobernadorearen Jauregia


Jauregi hau Rua kalean (Donejakue bidearen kalean) eraiki zen 1608tik 1613ra bitartean, eta eskualde honetan arruntak ez diren ezaugarri arkitektonikoak ditu. XVI. eta XVII. mendeetan Lizarra izugarri garatu zen, merkataritza arloan Iruña edo Tutera gainditzeraino.

Juan Etxabarri Larrainek eraikiarazi zuen. Juan Etxabarri XIV. mendetik aurrera Nafarroako monarkiarekin lotura handia izandako Lizarrako familia batekoa zen, XVI. eta XVII. mendeetan boteretsu bihurtu zen familia batekoa. Lizarraldean eta Austriarren gortean bizi izan zen. Aipatu hirian Justizia karguan jardun zuen, delituak ikertzeko eta gaizkileak zigortzeko erregeak emandako karguan; Merio gisa ere aritu zen. Erregeak izendatzen zituen Merioak, eta epaile lanak egiten zituzten Lizarran eta merindadean. Gortean, Errege Kontseiluko kide izateaz gain, Gurutzada Santuaren kontalari ere izan zen. Bere dohainez eta jatorri zaharreko familietako kideekin egin zituen hiru ezkontzez baliatuz, aberastu eta goi-goiko maila erdietsi zuen gizartean. 1609an Felipe III.ak Purroyko baroi titulua eman zion.

Eraikinaren proiektua zeinena den ez dakigun arren, badirudi Juan Gómez de Morarena izan daitekeela, dituen ezaugarri formalengatik, eta Juan Etxabarriren eta Lermako dukearen arteko harreman estuarengatik, dukearentzat lan egin baitzuen Gómez de Morak.

Eraikinean aipatzekoak dira proportzio bikainak eta arkitekturaren konposizio orekatua, zein fatxadan, zein barrenean. Bi pisuko patio dotorearen inguruan antolatua dago; patioaren alde bakoitzak hiru arku ditu, eta horien euskarri zutabe doriarrak. Fatxadan hiru armarri daude: erdikoan Juan Etxabarriren armak; horren eskuinekoan haren semearenak eta ezkerrekoan, bigarren emazte Felipa Enríquez de Cisneros Albornozenak, gainean koroa bat dutela, erregearen familiaren ahaidea baitzen.

Haren oinordekoek gorde zuten eraikinaren jabegoa 1880 arte. Urte horretan beste batzuen eskuetara igaro zen. 2000. urtean hiriko Udalak erosi zuen eraikina, aurri egoeran zegoena, eta Nafarroako Gobernuari laga zion, Karlismoaren Museoa jar zezan.

Geroztik egitura sendotu eta zaharberritu da, baita barrenaldea egokitu ere museo izateko. Zaharberritzeari esker arkitektura-balioa eta jatorrizko itxura berreskuratu ditu, hondatua baitzegoen zaharra izateagatik, batetik, eta izan zituen erabilerengatik (larru-lehortegia eta mekanika lantegia, besteak beste), bestetik.

Gainera, ondoko orubean, eraikin berria jaso da administrazio zerbitzuak eta dokumentazio zentroa paratzeko.

Gobernadorearen Jauregia deitzen diote lizarratarrek. Ez dakigu izen hori nondik heldu den, Nafarroan ez baitzen izan horrelako kargurik. Agian, karlisten gobernuaren garaian (1872-1875) Lizarrako gobernadore militarraren egoitza izateagatik datorkio.


Informazio praktikoa


Ordutegia


Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:0etara
16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara
Baita egun hauetan ere: Urtarrilaren 6an, martxoaren 28an eta 29an, apirilaren 1ean, maiatzaren 1ean eta 25ean, uztailaren 25ean, abuztuaren 15ean, urriaren 12an, azaroaren 1ean eta abenduaren 3an eta 6an.

Astelehenetan:
Itxita
Baita egun hauetan ere: urtarrilaren 1ean, abuztuaren 3an (Lizarrako zaindariaren jaiak), eta abenduaren 25ean.

 

Tarifak


Sarrera arrunta: 2€

Tarifa murriztua*: 1€
*Aldez aurretik egiaztagiria aurkeztuta, gazte txartelaren titularrak, ikasle txartelaren titularrak, taldeak (gutxienez 8 pertsona) aurretik bisita eskatuta.

Sarrera dohainik**: Larunbat arratsaldeak eta igandeak.
Museoen nazioarteko eguna (maiatzaren 18a), Turismoaren nazioarteko eguna (irailaren 27a), Espainiako egun nazionala (urriaren 12a), Nafarroaren eguna (abenduaren 3a) eta Konstituzioaren eguna (abenduaren 6a) ere.
**Aldez aurretik egiaztagiria aurkeztuta: adingabeak, 65 urtetik gorakoak, erretiratuak, langabeak (EINeko txartela), ICOMeko kideak (karneta eguneratua), ikastetxeko zuzendaritzaren egiaztagiria duten irakasleak eta desgaitasunak duten pertsonak.

Iradokizunak

Identifikatzeko Testua Refresh CAPTCHA

Talde teknikoa


Colecciones, programación cultural y didáctica

Iñaki Urricelqui Pacho
Tel.: 948 552 111
Email: iurricep@navarra.es

Centro de Documentación

Silvia Lizarraga Pérez de Zabalza
Tel.: 948 552 111
Email: slizarrp@navarra.es

Aktualitatea


DIM 2024

‘Nafarroako Museoak’ Museoen Nazioarteko Egunaren inguruan herritar guztiei irekitako jarduerak antolatu ditu

Liburuaren Nazioarteko Eguna 2024

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Karlismoaren Museoak bat egin du Vitoria-Gasteizko Artium Museoak koordinatzen duen urteroko "bookcrossing" programarekin.

Ondare arkeologikoari eta gerra karlisten memoriari buruzko hitzaldi jardunaldia Karlismoaren Museoan

Karlismoaren Museoak ondare arkeologikoari eta gerra karlisten memoriari buruzko hitzaldi jardunaldia antolatuko du martxoan, Lurrak hitz egingo balu... Bigarren Karlistaldiaren arkeologia Nafarroan.re ondare arkeologikoa eta gerra karlisten memoria Karlismoaren Museoan.

Inicio - Pie de página