Tronurik gabeko erregeak: erregegai karlistak 1833tik 1936ra

Erakusketa honetan, ehun urtean Espainiako tronua eskuratu nahi izan zuten erregegai karlisten biografiak erakusten dira. Haien bizialdia eta haien familienak ezagutarazten zaizkigu, haien bizitza pribatuko alderdi batzuk zehaztuta, haien nortasuna eta haien jarduera politikoa hobeki ulertu ahal izan ditzagun.

03/04/2012 - 09/12/2012

Erakusketa honetan, 1833tik 1936ra bitarte izan ziren erregegai karlisten datu biografikoak ematen dira, etenik gabeko lerro dinastikoari jarraituz, non lehena Karlos V.a baita eta Alfontso Karlos azkena. Haiei buruzko datu zehatzak ageri dira, nahitaez laburturik: jaiotza, prestakuntza, zaletasunak, ezkontza eta seme-alabak, atzerriratzea, eritasuna eta heriotza.

Erakusketa 1936. urtean amaitzen da. Ikusten da zer arazo sortzen den Alfontso Karlosen heriotzarekin, ondorengorik ez duelako utzi, eta oinordetzarako lerro dinastiko berri bat hautatu beharko delako.

Erakusketan 170 pieza inguru ikus daitezke, hainbat motatakoak: argazkiak, agiriak, artelanak eta objektu pertsonalak. Haietako batzuk Karlismoaren Museoaren bildumakoak dira, haren jabetzakoak edo Alderdi Karlistak gordailuan utziak, baina gehienak beste erakunde batzuenak dira (Espainiakoak nahiz atzerrikoak), erakusketa honetarako espres laga dituztenak. Guztien artean, honako hauek nabarmentzen dira: gauza bitxia delako, Varesen 1909an izan zen Karlos VII.aren hileta erakusten duen film zati bat; balio artistiko handia dutelako, Karlos Maria Isidroren, eta haren emaztearen eta seme-alaben erretratuak, miniaturan eginak; eta balio dokumentala dutelako, karlisten familiako hainbat kideren arteko gutun pribatuak.

Erakusketa hau dela eta, Karlismoaren Museoak bisita antzeztuak antolatu ditu.