Sebastián Taberna. El rostro de la guerra - Karlismoaren Museoa
Sebastián Taberna. Gerraren aurpegia
Karlismoaren Museoak Sebastián Taberna argazkilariari eskaini dio Pablo Larraz Andía komisario duen bere aldi baterako erakusketa berria. Erakusketa 2025eko irailaren 7ra arte egongo da ikusgai, eta Cerralbo Museoan 2023/10/19tik 2024/01/26ra aurkeztutako aldi baterako erakusketaren lehen geralekua izango da.
11/10/2024 - 07/09/2025
Erakusketan, Tabernaren lanaren alderdi teknikoak eta estetikoak nabarmentzen dira, baita argazki-funtsek ondarean duten garrantzia ere.
Erakusketak ardatz du Sebastián Taberna Arregiren (Iruña, 1907-1986) argazki-ekoizpena, eta lehen aldiz erakusten du Nafarroan tokiko argazkigintzan nabarmendu zen egile honen lana. Beste pertsona ospetsu batzuekin harremana izan zuen, hala nola Nicolás Ardanazekin eta Pedro Maria Irurzunekin, eta haren lanak, gaiaz haratago, alderdi tekniko eta estetikoak jorratu zituen, garai hartako egile entzutetsuen postulatuei jarraikiz. Besteak beste, Paul Wolff argazkilaria maisu izan zen Leica argazki-kamera bat zuten milaka zalerentzat, baita Tabernarentzat berarentzat ere.
Erakusketa honen ardatza da Sebastián Tabernaren argazkigintza-lanak ondarearen, dokumentazioaren eta sormenaren aldetik duen garrantzia, eta balioa ematen die artxibo pertsonalei, ez baitira oso ezagunak, baita haiek ezagutarazteko eta zabaltzeko erakunde publikoek egin beharreko lanari ere, beharrezkoa baita herritarrek haien potentzial guztia estimatu ahal izan dezaten. Kazetaritza grafikoaren urrezko aroan kokatu behar dugu Taberna, non argazkigintza demokratizatu baitzen 35 mm-ko kamera konpaktuei esker (Leicari esker, batez ere), eta mintzaira berri horrek XX. mendeko ikus-kulturaren oinarria eratu zuen azkenean. Horrela, profesionalen izen ezagunei (Marín Chivite, Taro, Capa, Centelles, Michaelis) beste izen ezezagun batzuk gehitu zaizkie, profesional ez zirenenak (Nicolás Ardanaz, Lola Baleztena, Mika Etxebehere...), hala nola Sebastián Tabernarena. Belaunaldi horrek kode bisual eta tekniko bera izan zuen, eta, ikuspegi eta bizi-esperientzia desberdinen bidez, gertaera berberen iruditeria osagarriak eratu zituen, hainbat geruzaz eta esanahiz eraikitzen baita memoria kolektiboa.
Madrilen egindako erakusketan bezala, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin, Karlismoaren Museoak zenbait eremuren bidez erakusten du Sebastián Tabernaren argazki-ikuspegi berezia, Espainiako Gerra Zibilean Nafarroako erreketeak Guadalajaran egon zirenekoa. Erakusketako zenbait irudik balio dokumental eta artistiko handia dute, 1936ko uztailetik 1937ko uztailera bitarteko kanpainari eta gertaerei dagokienez. Aldez aurreko agertokien irudiak ere ikusi daitezke, hala nola estatu-kolpearen aurreko azken sanferminak Iruñean, estatu-kolpearen ondoko egunak, borrokaldiko egunak, eta soldadu matxinoen aurrerakada Navafría (Segovia), Sigüenza, Jadraque, Cogolludo, Casas de San Galindo (Guadalajara) eta Somosierran (Madril) zehar, besteak beste. Horietan guztietan, irudien tratamendu estetikoa eta teknikoa nabarmenak dira, baita konposizioa ere, eta egunerokotasuna erakusteko erabilitako ikuspegiak, argazkilariaren optikaren sentsibilitatea islatzen baitute.
Karlismoaren Museoaren erakusketa-proiektu honetan, Sebastián Tabernaren lanaren alderdi tekniko eta estetikoenak azpimarratu nahi izan dira, bere garaia aintzat hartuta.
Erakusketako argazki gehienak erakusketako kopiak dira, Carlos Cánovasek positibatuak Taberna Belzunce familiak kontserbatutako eta lagatako negatibo originalen digitalizaziotatik abiatuta. Horiez gain, hamahiru positibo original daude, Sebastián Tabernak bizi zenean errebelaturikoak, baita argazkilariaren erretratuaren positibo original bat ere, Pedro Maria Irurzunek egina. Horiez gain, argazkigintzarekin loturiko beste material batzuk ikusi daitezke, partikularrek lagatakoak.
Erakusketaren ordutegia museoaren ohiko bera izanen da: asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara. Sarrera doakoa da.