Kamera ilunean zehar: Karlismoarekin lotutako argazkilaritza teknikak

Aldi baterako erakusketa berri batek karlismoaren eta argazkilaritzaren jatorriaren arteko lotura agertzen du eta irekita izango da 2017ko maiatzaren 17tik azaroaren 5a arte.

17/05/2017 - 05/11/2017

Argazkilaritza 1839ko abuztuan aurkeztu zen gizartean, Lehenengo Gerra Karlista amaiaraztea helburu zuen Bergarako Hitzarmena sinatu baino egun batzuk lehenago. Denboran izandako kointzidentzia hori karlismoak argazkilaritzarekin izango duen lotura estu eta jarraituaren iragarpena da. Carlos V.aren, bere bigarren emazte izan zen Beriako printzesaren eta zenbait jeneralen dagerrotipo batzuen bidez –kontserbatu direnak zein desagertu direnak baina erreferentzia egiten zaienak- lotura goiztiar hori baieztatu daiteke.

Erakusketa lau esparrutan antolatuta dago. Lehenengoan, “Aurretik…” izena duenean, XIX. mendeko testuinguru historiko, sozial, ekonomiko eta kulturala zein argazkilaritzaren aurrekariak azaltzen dira. Bigarrenean, “Jatorria: baliabide berri bat agertzea” izena duenean, lehenengo prozedura fotografikoak jorratzen dira, dagerrotipoa, kalotipia eta erretratu fotografikoaren gorakada kasu, argazkilaritza estudioen bidez. Hirugarrenean, “1851: mugarri berri bat” izena duenean, kolodioaren eta albuminaren prozedurak eta “carte de visite” direlakoen bidezko kartomaniaren fenomenoa jasotzen dira. Azkenik, laugarren eremuan, “Argazkilaritza heldutasunera iristen da” izena duenean, plaka lehorraren, aristotipoen, zaleen argazkilaritzaren eta argazkilaritza artistikoaren, koloretako argazkien eta fotoinprimikateraren prozedurak azaltzen dira.

Erakusketako piezarik nabarmenen artean, Jean Baptiste Sabatierren dagerrotipo bat eta “cartes” direlakoen formatu ezberdinetako aukera zabal bat aipatu beharra daude, besteak beste, formatu hori asmatu zuen Disderi, Nadar eta Adèle estudioetan egindako obrak. Halaber, Karlismoaren Museoko erakusketako zenbait adibide ikusi ahal izango dira, haien artean XIX. mendearen amaieran erretratugile moduan arrakasta izugarria izan zuen Eva Barret margolari eta argazkilariaren argazki bat. Horrez gain, Maria Cristina eta bere seme Alfontso XIII.aren erretratua nabarmentzen dira, Iruñeko Udalaren Agiritegiaren Sarasate Funtsarena, Fernando Debasek oso ez ohikoa zen “carte” formatu batean egin zuena eta Errege-Etxeak Pablo Sarasate biolin-jotzaileari oparitu ziona. Eta Trenbidearen Museoaren bildumakoak diren J. Laurentek ateratako hiru argazki, hain zuzen, Vilcheseko zubian tren baten deskarrilatzea agertzen dutenak, dirudienez sabotaje karlista baten ondorioz. Karlismoaren inguruari dagokionez, Veveyko Biltzarraren argazkiak eta Ferdinand Berillon, José de Lejarreta eta Ladislas Konarzewskiren erretratuak aipatu beharra daude.

Erakusketa honetan agertzen diren piezak hainbat erakunderenak dira: Nafarroako Unibertsitatearen Artxibo Orokorra, Archivo Histórico del Santuario de Loiola/Loiolako Santutegiko Artxibo Historikoa, Archivo Histórico Foral de Bizkaia/Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa, Montevilla artxiboa, Archivo Municipal de Pamplona/Iruñeko Udalaren Agiritegia, Biblioteca de Navarra/Nafarroako Liburutegia, Nafarroako Unibertsitatearen Liburutegia, Diputación Foral de Bizkaia/Bizkaiko Foru Aldundia, Museo Zumalakarregi Museoa, Mencos fundazioa, Madrileko Trenbidearen Museoa, Armadaren Museoa, Museo Etnológico de Navarra “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoa, Nafarroako Unibertsitatearen Museoa, Photomuseum Argazki & Zinema Museoa Zarautz, eta hainbat jabe partikularrenak.