Jurramendi. Mendi Sakratua

Karlismoaren Museoak aldi baterako bertze erakusketa bat aurkezten du, Jurramendi. Mendi Sakratua, 2016ko azaroaren 29tik 2017ko maiatzaren 7ra arte ikusten ahalko dena.

29/11/2016 - 07/05/2017

Jurramendi. Mendi Sakratua erakusketaren bidez hurbildu nahi dugu mugimendu karlistaren ikur geografiko eta historikoetariko batera, bertan Karlos VII.aren aldekoek 1873ko azaroaren 7an, 8an eta 9an irabazi zuten batailaz geroztik. Gertakari horren ondotik, eta eraikuntza sinbolikoko prozesu baten bitartez, Jurramendik garrantzi handia hartuko zuen karlistentzat; izen hori hartu zuen Bigarren Errepublikaren kontra matxinatu ziren erreketeen tertzioetariko batek, eta, gerla Zibilaren ondotik, urtero erromeria egiten hasi ziren, bertan, borrokalari karlista ohien ahaideak.

Jurramendira igotzeko gurutze bidea –hasieran, egurrezko gurutzez eta, 1950eko hamarkadaz geroztik, harrizko gurutzez markatua– diktaduraren denboran izan ziren elkarretaratze sozial eta politiko handienetariko baten agertokia bilakatu zen ezari-ezarian, bereziki, 1957tik aitzina, Karlos Hugo Borboi-Parmakoa, Xabier I.a errege-nahiaren semea, “Asturiasko Printze” gisa aurkeztu zutelarik hara bildutako jende saldoaren aitzinean.

Jurramendi. Mendi Sakratua aldi baterako erakusketak Manuel Martorell Pérez du komisario. Hark ematen dion ikuspegi historiografikoak isuri berezia du On Xabierren eta Karlos Hugoren inguruko jarrera ideologikoen aldera. Horren ondorioa kontakizun zabal eta zehatza da, hein handi batean erakundeek eta partikularrek lagatako pieza museografikoen eta panel grafikoen bitartez, karlismoaren bilakaera gorabeheratsua azaltzen duena. Mugimendu horrek gobernuaren erakundeen errepresaliak pairatu zituen, are haren errege-familiaren kanporatzea aginduz.

Jurramendiko 1976ko maiatzaren 9ko gertakarien 40. urteurrena izan da aurten. Horiek ahantzi gabe, erakusketak gogoeta bat proposatzen du karlismoaren iragan historikoaren lekukotzen gaur egungo zentzuaz eta balioaz..

Erakusketa zortzi alorretan banaturik dago: Espazio sinbolikoa, Bataila. Heroien balentria, Oinazearen erromeriaren hastapena, Berpizkundea, Askatasun haizeak, Franco, zirauna; bai jauna!!, 1976. Alderdi hautsia, Jurramendiko erreibindikazioa.