Agonia edo eraldaketa? Karlismoa espainiako literaturan (1876-1912)

Karlismoaren Museoan Agonia edo eraldaketa? Karlismoa espainiako literaturan (1876-1912) erakusketa ikusi ahalko da, 2019ko urriaren 31tik 2020ko apirilaren 19 arte. (2020ko ekainaren 21era arte luzapena)

31/10/2019 - 21/06/2020

Karlismoak 1876ko porrot militarra jasan ondoren, Galdós, Pereda, Unamuno, Valle-Inclán eta Baroja bezalako nobelagile handiek Bigarren Karlistaldiaren kausak eta ondorioak miatu zituzten; horietako batzuek jarrera oso kritikoak izan zituzten karlismoarekiko; beste batzuek, aldiz, ikuspegi positiboagoak eman zituzten edo, are gehiago, babestu egin zuten. Doña Perfecta (1876), Peñas arriba (1895), Paz en la guerra (1897), Sonata de invierno (1905) eta Zalacaín el aventurero (1908) nobeletan, bost idazle horiek arakatu zuten karlismoak zergatik zeukan halako arrakasta handia herritarren artean, hausnartu zuten ea mugimendua hilzorian zegoen edo hurbileko beste mugimendu nahiz ideologia batzuen tankera hartu ote zuen, eta, orobat, ea mundu ikuskera karlistaren alderdi batzuek indarrean jarraitzen ote zuten.

Erakusketa honek bidaia bat proposatzen du bost nobela bikainetan barrena. Horiek laguntzen digute Karlismoa zer den argitzen, eta erakusten dute nolakoa izan zen garaiko nobela espainiarraren bilakaera, XIX. mende amaierako kostunbrismo eta errealismotik XX. mende hasierako nobela historiko, modernista edo bitalista berrira.

Erakusketa zazpi ataletan dago banatuta. Lehenengoan sarrera bat ematen da, erakusketako nobelagileei eta bost nobelei buruzkoa. Bigarrenak “El carlismo de altar y trono. La mirada decadente de Valle-Inclán” du izenburu, eta aztertzen du Sonata de inviernok nolako irudikapen dekadentea ematen dion Carlos VII.aren Lizarrako Korteari. Hirugarrenak, "El carlismo popular" izenekoak, Galdosen eta Peredaren arteko gatazka ideologiko eta literarioa aztertzen du, eta, gainera, azken horrek nola karlismoa irudikatu zuen bizi izandako esperientzia antropologiko gisa. Laugarrenean, "El carlismo y/en Estella (Una mirada barojiana)” izenburukoan, Zalacaín el aventurero eleberriko protagonista nagusietako bat bezala agertzen da Lizarra. Bosgarrenean ("La gerra") aztertzen da Bigarren Karlistaldia (guduak, ankerkeriak eta ospitaleak) nola islatzen den Unamunoren, Valle-Inclanen eta Barojaren nobeletan. Seigarrenean, “El futuro del carlismo (según Miguel de Unamuno)” izenekoan, agertzen da Unamunok Paz en la guerran nola bilatzen duen karlismoaren esanahi intimo eta iraunkorra. Azkenik, zazpigarrenean ikuslea gonbidatzen da itzul dadin –bost nobelagileen gogoetak aintzat hartuta– erakusketaren hasierako galderara: Zer da karlismoa gaur egun?

Pieza nabarmenak

Erakusketako pieza nabarmenen artean aipatu behar dira aztergai diren obren lehen edizioak; hauenak: Doña Perfecta (1876), Peñas arriba (1894), Paz en la guerra (1897), Sonata de invierno (1905), Zalacaín el aventurero (1909); halaber, Miguel de Unamunoren Somorrostroko eskuizkribu originala, Salamancako Unibertsitateko Unamuno Museo-etxeak maileguan utzitakoa.

Aipatzekoak dira, gainera, Enrique Martínez Cubellsen (1874-1947) El viático en la aldea (Asturias), Pradoko Museo Nazionalaren bildumakoa, Ramón de Valle-Inclanen (1922) eta Pío Barojaren (1920-1923) erretratuak, Juan de Echevarría y Zuricaldayk (1875-1931) eginak, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalak utzitakoak, Miguel de Unamunoren Autorretratua, Unamuno Museo-etxeak utzitakoa eta brontzezko eskultura hauek: Miguel de Unamunoren bustoa (1924), Moisés Huertak (1881-1962) egindakoa eta Bilboko Arte Ederren Museoarena dena, eta Victorio Machoren (1887-1966) Galdós, boceto del monumento de las Palmas, Toleko Errege Fundazioko Victorio Macho Museoarena.

Lagundu duten erakundeak

Erakusketan ikusgai dauden piezak hainbat erakunde eta bilduma partikularretakoak dira: Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Lizarrako Udal Artxiboa, Iruñeko Udal Artxiboa, Iruñeko Aita Kaputxinoen Liburutegi Nagusia, Lizarrako Liburutegia, Nafarroako Liburutegia, Madrilgo Ateneoko Liburutegia, Unibertsitate Liburutegia. Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Valle Inclán Museo-etxea, Bilboko Arte Ederren Museoa, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Pradoko Museo Nazionala, Iruñeko Nuevo Casino, Nafarroako Foruzaingoa, Toledoko Errege Fundazioa. Victorio Macho Museoa, Salamancako Unibertsitatea. Unamuno Museo-etxea; badira, halaber, zenbait partikularrenak, eta Karlismoaren Museokoak, Kantabriako Museo Etnografikokoak eta "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikokoak.