Ficcionar el Presente - Nafarroako Museoa

“Orainaldia fikzionatzea. Nafarroako Museoak eskuraturiko arte garaikideko lanak (2021-2024)”

Martxoaren 12tik abuztuaren 30era arte

“Orainaldia fikzionatzea. Nafarroako Museoak eskuraturiko arte garaikideko lanak (2021-2024)” erakusketa ikusgai egonen da martxoaren 12tik abuztuaren 30era arte, aldi baterako erakusketen aretoan. Azken urteetan eskuratutako egungo artelanak erakusten ditu. Nafarroako Museoak orain arte erakutsi ez dituen artelanak izanen dira, bai 2024an horretarako bildutako batzordeak hautatutakoak, bai 2020ko erosketa batzordearen zerrendan oinarrituta 2021-2022an eskuratutakoak. 
Javier Balda artista, komisario eta erakusketa-diseinatzailea da erakusketaren komisarioa, eta bertan Nafarroako hogei artista bildu dira, hainbat belaunalditakoak, zein bere ikuspegiaz –tokian tokikotik hasi eta nazioartekora arte–. Batzuek ibilbide sendoak dituzte; beste batzuk, ordea, garatze bide betean dira, baina guzti-guztiak kritikariek aski aitortu eta babestuak.
Erakusketa-proiektu honek fikzioaren ideia garatzen du, bidea ematen baitio berriz asmatzeko, errealitatea eraldatzeko eta hari beste zentzu bat emateko. Artistek, obretan sortzen dituzten fikzioetatik abiatuta, orainari galde egiten diote eta, formazko zein kontzeptuzko lengoaien bitartez, egoera indibidualak eta kolektiboak adierazten dituzte.
Erakusketan, fikzioak hiru ardatz kontzeptualen inguruan bildu dira: paisaia, materia eta identitatea. Kontzeptu horiek artelanek komunean dituzten puntuen eta antzekotasunen arteko loturak ezartzen dituzte eta, horrez gain, artearen zenbait ezaugarri islatzen dituzte gure testuinguru sozialean eta kulturalean. Helburua da iradokitzea zer lotura dagoen obren eta artisten artean erakustaretoan.
Artista hauek izanen dira bertan: Taxio Ardanaz, Luis Azanza, Ángel Bados, Maddi Barber, Carlos Cánovas, José Castiella, June Crespo, Txaro Fontalba, Irati Gorostidi, Amaia Gracia Azqueta, Elena Moreno, Xabier Morrás, Rafa Munárriz, César Oroz, Mª Ángeles Otamendi, Concha Pasamar, Amaya Suberviola, GIULIA TESTA (Maialen Olitek eta Leire Aranberrik osatutako kolektiboa) eta Maite Vélaz.

Hautatzeko eta eskuratzeko prozesua

Nafarroako Gobernuak arte garaikidea eskuratzeko 2020an abiatutako politika jarraitu nahian —horretarako sortutako aholku batzorde batekin—, Covid-19ak kulturaren sektorean utzi zuen krisia arintzeko ekintza gisa, Museoen Zerbitzuak beste erosketa batzorde bat antolatu zuen 2024an, eta Nafarroan arte plastikoen eta ikusizko arteen sorkuntza —artistak eta horien sarea— babesten jarraitzeko borondateari eutsi zion, Nafarroako museoaren bilduma pixkanaka eguneratzeko eta merkaturatzeko asmoz. Arte plastikoen eta ikusizko arteen tokiko sektorearekin lotuta Administrazioak aurretik izandako esperientzia positiboa izan zen ekimen horren arrazoia.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, lanak hautatzeko gardentasunaren eta objektibotasunaren mesedetan, eta Museoetako eta Arte Zentroetako Jardunbide Egokien Dokumentua aplikatuta, artearen esparruko hainbat aditu gonbidatu zituen prozesuan aholku eman zezaten, Museoen Zerbitzuko eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko teknikariez gain, Nafarroako sorkuntza artistikoari buruzko iritzien aniztasuna bermatzeko.
Hala, Administrazioak honako kide hauek izan zituen batzordean:
Ignacio Apezteguía Morentin, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, batzordeburu gisa; Susana Irigaray Soto, Museoen Zerbitzuko zuzendaria, idazkari gisa; eta Mercedes Jover Hernando, Nafarroako Museoaren Atalburua eta bertako zuzendaria. Eta kanpotik, kudeaketa publikoarekin, kritikarekin eta arte sorkuntzarekin profesionalki lotutako bost kidek: Juan Pablo Huércanos Martínez, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren zuzendariordea; Beatriz Herráez Diéguez, Gasteizko Artium Museoaren zuzendaria eta artearen historialaria; Alejandro Ratia Giménez, arte kritikaria eta erakusketen komisarioa; Francisco Javier Zubiaur Carreño, artearen historian doktorea eta ikertzailea; eta Javier Balda Berástegui, artista eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren kidea.
Nafarroako Museoaren bildumarako artelanak erosteko prozesu hori 2024-2027 aldirako Kulturaren Plan Estrategikoaren ildoetan kokatu zen, eta 2024ko batzordeari zegokion aurrekontu-sailaren zuzkidura 110.000 eurokoa izan zen.
Batzordearen oinarrizko irizpideetako bat XX. eta XXI. mendeetan behar bezala ordezkatuta ez zeuden artista nafarren lanak aukeratzea zen, eta obra garrantzitsuak proposatu ziren, artistek zein partikularrek edo galeriek zituztenak. Lan dinamika bat ezarri zen, eta batzordekide bakoitzak bere ustez bilduman sartu beharreko artisten eta artelanen zerrenda bat proposatu zuen, behar bezala funtsatuta eta arrazoituta. Prozedura mota horrek kide bakoitzari eskatzen dio gustu edo kidetasun pertsonaletik haragoko artistak proposatzeko, berezitasunak eta proposamen originalak edo ezezagunak ezagutzen lagunduko duten ekarpenak egiteko. Zailtasuna lanen aukeraketa bat lehenestean eta baztertzean datza, kalitateagatik, egokitasunagatik eta aurrekontuagatik mugatu eta adostu behar baita azkenean. Kasu hauetan, kritikaren, historiaren, kudeaketaren eta sorkuntzaren inguruko iritzi eta ikuspuntu ugariek artista bakoitzaren egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko eztabaidak sortzen dituzte, bere ibilbideari buruzkoak edo obra bat edo bestea izatearen egokitasunari buruzkoak. Artean balioestea eta epaitzea, egitate homologatu eta kontrastatuak kontuan hartuta ere, sormenari, irudimenari, formaltasunari eta arteak eskatzen edo eragiten digun ukiezin horri buruzko gogoeten ariketa subjektiboa baino ez da.
Askotariko begirada eta ikuspegi horiek ekarri zuten proposamenak bateratzeko eta arrazoitzeko eztabaida, eta horretarako zenbait irizpide hartu ziren kontuan oraingo honetarako eta etorkizuneko jarduketetarako, lan garaikideak sartzea kontzeptualki ordenatzeko ildo batzuk ezartzeko asmoz. Irizpide horiek iradokitzen zuten, adibidez, Nafarroako arteak iragan hurbilean zituen baldintzak eta eskualdearen testuinguru zabalean izan zuen garapena ikertzeko, baita "arkeologia moderno" gisa ikertzeko ere 1972ko Iruñeko Topaketekin lotutako lanak eta artistak, oroimenaren eta tokiko artearen eta kanpoko artisten arteko loturaren mugarri gisa kokatzeko. Besteak beste, gomendatu zen ahaztutako artistak bilatzeko eta berreskuratzeko, bilduman ordezkaritza txikiagoa zuten artistak berrikusteko eta teknologian eta zinemako eta bideoko irudietan hainbat diziplinatan aritzen diren artista berrien jarraipena egiteko. Gainera, artisten dokumentazio eta azterketa lanen jarraipen gisa ere hartu zen kontuan, haien sormen lana hobeki eta aberastasun handiagoz ulertzeko, baita beste diziplina, euskarri eta planteamendu artistiko batzuk sartzeko irekiera gisa ere, oraindik museoaren funtsetan presentzia txikia dutenak (diseinua —grafikoa eta industriala—, ilustrazioa, komikiak, arkitektura eta abar).
Azkenik, egileen eta gomendatutako obren zerrenda egin zen, Museoak hurrengo urteetan beste erosketa batzuk planifikatzeko erreferentzia izan zedin, beste batzorde bat antolatu arte.
Eztabaiden ondoren, 2024ko erosketa batzordearen azken aktaren hondarrean, zerrenda bat egin zen  eskuratu lanekin: hamalau artistaren berrogeita sei lan eta dohaintza batek osatu zuten, hain zuzen ere.

2024AN ESKURATURIKOAK

Pintura
-Jose Castiella: “Abismo acolchado”, 2024
-Amaya Suberviola: “ST23008”, 2023

Eskultura
-Ángel Bados: “Shifter I”, 2007
-June Crespo: “TW, TG (Acanthus I)”, 2024
-Amaia Gracia Azqueta: “Nada debería fallar”, 2017-2019


Argazkiak 
-Luis Azanza: "Campos de bola", bost artelan, 2000-2021
-Elena Moreno: "Hasta donde llegue el agua" hamabi artelan, 2018. (Eskuratutako hamabi argazkietatik zortzi erakusten dira).
-Mª Ángeles Otamendi: “Autorretrato en dos secuencias”, diptikoa, 1994


Ilustrazioa
-César Oroz: bi zerrenda, 2004, 2018
-Concha Pasamar: "Tiempo de otoño", 2014. (Eskuratutako 17 ilustrazioetatik sei erakusten dira).


Ikus-entzunezkoa
-Irati Gorostidi: “Contadores”, 2023
-Giulia Testa, (Maialen Olitek eta Leire Aranberrik osatutako kolektiboa): “menos mal”, 2024


Instalazioa
-Xabier Morrás: “Cristo amordazado”, 1972
-Xabier Morrás: “Encierro”, 1972 (artistak dohaintzan emandakoa)

2021-2022AN ESKURATURIKOAK

Erakusketa proiektuan 2021. eta 2022. urteetan eskuraturiko sei artistaren zazpi obra sartuko dira, dohaintza bat barne. Guzti horiek aurreko Batzordeak (2020koak) museoari gomendatu zizkion eta aurretik ez dira erakutsi. 


Pintura
-Taxio Ardanaz: “Resignados”, 2008


Eskultura
-Rafa Munárriz: “Curva abierta”, 2018
-Maite Vélaz: “Estatua”, 2018


Argazkiak
-Carlos Cánovas: “Naturaleza y control”, 2020-2021, bi artelan (horietako bat artistak dohaintzan emandakoa).


Ikus entzunezkoa
-Maddi Barber: “Gorria”, 2020
- Txaro Fontalba: “Sueñario”, 2021

Jarduerak

Komisarioak bi bisita gidatu eginen ditu, martxoaren 15ean eta apirilaren 19an (igandeak).
Asteburuan bisita gidatuak eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira.

Beste jarduera osagarri batzuez gain, martxoaren 25ean, 19:30ean, Fernando Castro Flórez Madrilgo UAMko Estetika irakasleak, ABCko arte kritikariak eta erakusketen komisarioak hitzaldi bat emanen du: "Un cuento chino. [Vislumbres y deslumbramientos del arte en la época del buenrollismo"]".

Museoko tailer didaktiko batzuk erakusketa horretan oinarrituko dira.

Komisarioa: Javier Balda Berástegui (Pamplona, 1958)

Artista. Bere aita Pedro Martin Baldarekin ikasi zuen modu autodidaktan eta geroago Xabier Morrás, Mariano Royo, Pedro Salaberri eta Pedro Manterolarekin. 
Arkitekturako ikasketak hasi zituen, baina pinturan, kartelgintzan eta diseinu grafikoan erabat murgildu zen. 
Besteak beste, Yturralde, Guinovart eta Donald Herbert artisten prestakuntza jaso du Donostiako Artelekun. 
Bilboko, Madrilgo eta Bartzelonako galerietan egin ohi ditu erakusketak. 
Bilduma publiko eta pribatu ugaritan dago haren obra, hala nola Artium Museoan, CaixaBank-en Testimonio bilduman, Nafarroako Museoan, San Telmo Museoan, Burgosko CABen, Ibercajan, NH Stock Art-en, Ernesto Ventós-en, Iruñeko Udalean, Elkargi Fundazioan, CAI Bilduman eta Nafarroako Parlamentuan. 
Aldi berean, museo, erakunde eta artistentzako erakusketen komisarioa da, muntaketak diseinatzeaz eta produzitzeaz gain. 
New Yorkeko Jackson Pollock-Krasner Foundationaren beka jaso zuen, 2010ean, eta New Yorkeko Adolph and Esther Gottlieb Foundationarena 2016an. 
Arte Garaikidearen Institutuaren (IAC) kide da.


Erakusketen artxibo historikoa

Inicio - Pie de página