Irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntza, migratzaile eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten 2024-2026 urteetan

Oinarrizko informazioa

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

  • Bere izaera juridikoarekin bat etorriz legez eratutako pertsona juridikoa izatea, eta erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta egotea. Era berean, pertsona juridiko pribatuen taldeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.
  • Irabazi-asmorik ez izatea.
  • Estatutuetan jasota izatea, helburu sozialen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea, proiektua zer modalitatetarako eskatzen den, modalitate horrekin lotura duen esparruan.
  • Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza izatea eta lurralde honetan jardutea, edo, elkartearen jarduketa-eremua autonomia-erkidegoaz gaindikoa bada, egitura eta aurrekontu berezitua daukan antolamendu bat izatea Nafarroan. Ez da diruz lagunduko baldintza hau bete aurretik egindako jarduera.
  • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.
  • Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak. Orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean (3. oinarria) bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.

1. Oinarri hauen xedea da arautzea zer araubidetan emanen zaizkien dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei, migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak egin ditzaten 2024-2026 urteetan.

2. Horrela, bada, dirulaguntza hauen xedea da egoera oso ahulean dauden migratzaileen gizarte inklusioa lortzea, kontuan izanik irregulartasun administratiboa faktore erabakigarria dela gizarte bazterketaren egoera larrietan, eta pertsonen inklusioa mugatzen duela.

Gizarte inklusioari esker, bost alderdi guztiz eta modu eraginkorrean asetzen dira: alderdi ekonomikoa eta lanari dagokiona; etxebizitzaren alderdia; alderdi pertsonala; harremanen alderdia eta alderdi soziala.1Are gehiago, gizarte inklusioari esker migratzaileek beren eskubide guztiak gauzatzen ahal dituzte, aukera berdintasunean eta gizarteko gainerako kideekiko inongo diskriminaziorik gabe. Inklusioaren ardatza da pertsonek "bizitza kidetua" izateko eta komunitate bateko kide izateko eskubidea bermatzea.

3. Urte anitzeko dirulaguntza denez, aurkeztuko diren harrera eta lagun egiteko proiektuak prozesu gisa sortu behar dira, eta epe labur, ertain zein luzerako helburuak izateaz gain, garapen faseak jaso beharko dituzte.

Proiektuak garatzean, harreraren alderdi sozial eta harremanen alderdia landu beharko dira bereziki. Horretarako, honako ikuspegi metodologiko hauek erabili beharko dira:

  • Lagun egitea esku hartzeko metodologia gisa lantzea, inklusio prozesua errazteko. Hala, proiektua garatzeko ardatzetako bat izanen da.
  • Talde laneko metodologian lan egitea, banakakoen garapena sustatzeko, pertsonen arteko harremanak zabaltzeko eta parte hartzea zein ahalduntzea bultzatzeko. Aintzat hartzekoa da harremanen sare sozial baten parte izateak, maiz, espazio eta aukera askotarako sarbidea ematen duela.
  • Komunitatean lan egitea, eta, horretarako, kontuan hartzea komunitatea oso garrantzitsua dela migratzaileen harrera prozesuak sustatu eta garatzeko, eta migratzaileak berak ere ezinbestekoak direla komunitate bat osatzeko.

4. Aurkeztutako proiektuetan, kontuan hartu beharko da ezen, migratzaileei behar bezalako harrera eta lagun egitea eman ahal izateko, ezinbestekoa dela komunitateko herritar guztien antolakuntza indartzea eta kulturarteko parte-hartzea sustatzea, aniztasuna elementu positibotzat hartzea, baita bakoitzaren berezitasun sozial eta lurraldekoak aintzat hartzea ere. Horrez gain, gizarte harremanak maila guztietan bultzatu beharko dira, interes komuneko elementuak azpimarratuz, partekatutako kidetasun sentimendua sendotzeko. Gainera, horren guztiaren oinarri izanen dira pertsonen arteko harreman asertiboak eta positiboak.

5. Harrera eta lagun egitearren eskubideen ikuspegia, genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala barne hartzen dituen marko teoriko eta kontzeptual batetik abiatuta, jarraian daude aurreko puntuetan adierazitako termino batzuen definizioak:

  • Harrera: "Eskualde batera iristen diren pertsonen beharrak estaltzeko eta horien aspirazioak aintzat hartzeko beharrezko elementuak eskaintzen dituen prozesua. Berekin dakar diziplina anitzeko esku-hartze sozial eta psikosozial bat garatzea, hartutako pertsona erabat gizarteratzera bideratua, eta baliabide eta tresna espezifikoak behar dituena, kulturarteko ikuspegi batetik sortuak, genero ikuspegidun metodologia bat aplikatuz, eta lurraldeko biztanle guztientzat dauden zerbitzuen egokitzapena barne hartzen duena".
  • Premiak: Kontzeptu hau definitzeko, Maslowk (1943) deskribatutako beharren tipologia eta mailak dira gure erreferentzia. Maslowren piramideak honako maila hauek ditu osagai:
    • Behar fisiologikoak: gorputzaren eta mantenuaren berezkoak.
    • Segurtasun beharrak: bermatzen dutenak etengabe eta jazarpenetatik libre bizitzea (elementu klimatikoetatik, baina baita lanekoetatik eta abarretatik ere).
    • Behar sozialak: banakoa gizarte jakin bateko kide izatearen sentipenarekin dute zerikusia (maitasuna, adiskidetasuna).
    • Norberaren estimuko beharrak: hau da, gizarteko gainerako kideen balorazioa; horrek eragina du autoestimuan.
    • Autoerrealizazio beharrak: behar mota abstraktu eta konplexuena dira, eta errealizazio pertsonal moral, espiritual, sortzaile edo beste motatakoekin du zerikusia, hau da, sakonki indibidualak eta subjektiboak diren beharrekin.
  • Gizarte inklusioa: prozesu honek bermatzen du pobrezia eta gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonek behar dituzten aukerak eta baliabideak izanen dituztela bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte hartzeko, bai eta bizi diren gizartean normaltzat jotzen den bizitza eta ongizate maila izanen dutela ere.
  • Lagun egitea: "Aldi baterako esku-hartze profesionaleko metodo bat da, haren intentsitatea aldatzen ahal da eta herritarrek arreta edo laguntza sozial pertsonalizatua jasotzeko eskubidea du oinarri. Metodo honek hobetzeko aukera edo kalteak murrizteko aukera eskaini behar die erabiltzaileei; horretarako, konfiantzazko harreman proaktiboa eraikitzen da eta beharren araberako helburuak izanen dituen gizarteratzerako ibilbide bat sortzen da erabiltzailearekin batera. Aukera hori pertsona bakoitzaren ahalmenak eta gaitasunak garatzera bideratu behar da, baita egoeraz jabetzera eta hori berrinterpretatzera ere, ondoren egoera hori aldatzeko. Erabiltzailea izan behar da bere bizi prozesuaren protagonista".
  • Talde lana: taldeekin egiten den esku-hartze sozialaren xedea da herritarren gaitasun sozialak berreskuratu eta indartzea, taldeko interakzioen bidez eta taldean jarduerak eginez; hala, pertsona bakoitzaren aberastasun pertsonala eta funtzionamendu soziala hobetzen dira. Izan ere, xedea da gizarte inklusiorako aukerak handitzeko beharrezko gaitasunak indartzea sozializaziorako oinarrizko egitura sozial baten bidez, taldearen bidez, hain zuzen ere.
  • Komunitatean lan egitea: komunitatean egiten den esku-hartze soziala da (banakakoak komunitatean zein taldeetan duen egoeraren ikuspegi globala du), bideratuta dago, banakakoaren, taldearen zein komunitatearen gaitasunak garatzera. Komunitatean lan egiteak komunitatearen beraren baliabideak sustatzen ditu, eta autolaguntza eta elkartasuna bultzatu, hala herritarren parte-hartze aktiboaren bidez, banakakoaren ikuspegia aintzat hartuta, nola taldeen elkarketa formal edo informalen bidez.
  • Sarean lan egitea: sarean lan egitea esku-hartze aukera bat da; egoera erreal bati erantzun eraginkor eta multidimentsionala ematen dio, zenbait diziplinatako profesionalak elkarlanean aritzen direlako. Hortaz, banakakoen zein haien komunitatearen ongizate pertsonala eta bizi-kalitatea hobetu egiten da.
  • Gizarte zaurgarritasuna: gizarte zaurgarritasuna baliabide materialen eskasiaren ondoriozko pobrezia egoera da, baina, horrez gain, bizi kalitatea hobetzeko eta ondasun nahiz zerbitzu batzuetarako sarbidea izateko antolakuntza eta gaitasun falta ere bada. Banakakoak ardatz bikoitz baten bidez gizarteratzen gara: lana eta bakoitzaren harremanen mundua (familiako zein komunitateko harremanak). Gizarte zaurgarritasun egoera lotuta dago lan-egoera prekario batekin, zaurgarritasun instituzionalarekin (tarteko erakundeei eta estatuaren babes ekintzei dagokienez) eta familiako, komunitateko eta gizarteko harremanen sarea ahultzearekin edo haustearekin.
  • Genero ikuspegia: errealitatearen analisia, kontuan hartzen dituena gizartean emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien rol eta eginkizun desberdinak, horiei ematen zaien balioa eta bien artean dauden erlazioak; horrek emakumeen kontrako diskriminazioa, desparekotasuna eta bazterketa identifikatu, ezbaian jarri eta baloratzea ahalbidetzen du, bai eta abiatu behar diren ekintzak ere, genero faktoreen gainean eragiteko eta genero ekitatea eraikitzen aurrera egiten lagunduko duten aldaketarako baldintzak sortzeko.
  • Intersekzionalitatea: zenbait desberdintasun ardatzen arteko elkarreraginaren ondorioz pertsonen posizio soziala deskribatzen duen ikuspegia da; hala, eskatzen du politika publikoari dagokionez, logika monofokala alde batera uztea eta desberdintasunei aurre egiteko modu konplexuagoak bilatzea. Desberdintasun ardatzen artean daude klase soziala, sexu eta genero aniztasuna eta jatorria, besteak beste.
  • Kulturartekotasuna: esparru geografiko, politiko eta sozial berean dauden jatorri eta kultura erreferentzia desberdineko pertsonen eta taldeen arteko komunikazio, truke eta aberasteko harreman konstruktiboa. Horretatik abiatuta, erreferentzia esparru komun berri bat eratzen ahal da, gizarte osoarentzat egiturazko aldaketak ekarriko dituena.
    • Kulturartekotasunaren printzipioak aitortzen du bizikidetzarako beharrezkoak diren oinarrizko zenbait baldintza daudela, oinarritzen direnak herritar guztien eskubide, betebehar eta aukerak parekatzean, lurraldeetan dauden desberdintasun eta diskriminazio egoerak gaindituz. Oinarrizko substratu horri esker, herritartasun inklusiboko eredu baterantz bideratutako identitate elementu banakako zein kolektiboak eratzen ahal dira.
    • Kulturartekotasuna ez da ulertu behar errealitatearen egoera zehatz gisa, baizik eta etengabe gizartea eratzera bideratzen den jarduketa printzipio gisa, herritar guztien ekarpen positiboa aitortzen duena, bizimodu, jokabide eta kognizio moduen aniztasunetik.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren eskaera orokorrean aurkeztuko da. Behar bezala betetako eskaera ofizialarekin batera, agiri hauek ere aurkeztuko dira, eskaneatuta eta agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta.

Entitate eskatzaileari buruzko agiriak:

  • Entitatearen estatutuak.
  • Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat. Entitateak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza bat ireki duela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.
  • Identifikazio fiskaleko txartela.
  • B modalitateko proiektuak aurkezten dituzten entitateek nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen harrera eta integraziorako programak kudeatzeko akreditazio ofiziala aurkeztu beharko dute.
  • Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.
  • Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa.
  • Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko (1), VI. eranskineko (2), VI. eranskineko (3) ereduaren araberakoa, eta, kasua bada, bidezko informazioa, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
  • Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatutako ziurtagiria, aurkeztu baino hiru hilabete lehenago gehienez egina, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez dira agiri horiek aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (VII. eranskina).
  • Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, aurkeztu baino hiru hilabete lehenago gehienez egina, frogatzen duena egunean daudela Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak. Ez dira agiri horiek aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (VII. eranskina).
  • Beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, kasua bada, bidezko informazioa, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
  • Kasua bada, BEZaren aitorpenak egitetik salbuetsita edo zergaren menpe ez dagoela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak edo Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gehienez hiru hilabete lehenago egina.
  • Hala badagokio, eta 10. oinarrian xedatutakoari dagokionez, aurrerakin eskaera eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta premia frogatzeko egiaztagiriak, III. eranskineko ereduaren arabera.
  • Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

Dirulaguntzaren xede den proiektuari buruzko agiriak, hura baloratzeko:

  • Eskaera tekniko eta eskaera ekonomikoko ereduak, euskarri informatikoan eta inprimaki ofizialaren arabera aurkeztuak. Eskaera teknikoek ezin izanen dute 28 orrialde baino gehiago eduki (edo 14 orri bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskaera tekniko luzeagoak atxikiz gero, baloraziorako lehen 28 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko. 28 orrialde horietan ez da kontuan hartuko 7.3.A atala, "Entitate eskatzaileari buruzko agiriak".
  • Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Agiri horiek guztiak memoriaren eranskintzat hartuko da.

Dirulaguntzaren justifikazioa

1. Entitate onuradunek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako proiektua gauzatzeari buruz behar diren txosten tekniko eta ekonomiko guztiak, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

2. Entitate onuradun guztiek, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiri egokiak izan bezain laster, jarduera egin dela egiaztatzeko behar diren txosten tekniko eta ekonomikoak aurkeztu beharko dituzte.

3. Urte bakoitzean emandako zenbatekoaren %100 aurreratuta jaso duten onuradunek honako egun hauek izanen dituzte justifikatzeko epemuga:

  • 2025eko otsailaren 10a: azken eguna justifikazio teknikoko tarteko lehen txostena eta 2024ko urtarrilaren 1a 2024ko abenduaren 31 bitarte eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen araberako.
  • 2026ko otsailaren 10a: azken eguna justifikazio teknikoko tarteko bigarren txostena eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31 bitarte eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen arabera.
  • 2027ko otsailaren 10a: azken eguna justifikazio teknikoko amaierako txostena eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 bitarte eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen arabera.

4. Ordainketa aurreraturik edo urte bakoitzerako emandako zenbatekoaren %100 jaso ez duten onuradunek honako egun hauek izanen dituzte justifikatzeko epemuga:

  • 2024ko azaroaren 1a: azken eguna justifikazio teknikoko tarteko lehen txostena eta 2024ko urtarrilaren 1etik (edo diruz lagundutako jarduera hasteko data, hori 2024ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi bazen) 2024ko urriaren 31 bitarte eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen arabera.
  • 2025eko azaroaren 1a: azken eguna justifikazio teknikoko tarteko bigarren txostena eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31 bitarte eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen arabera.
  • 2026ko azaroaren 1a: azken eguna justifikazio teknikoko tarteko hirugarren txostena eta 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31 bitarte eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen arabera. Une horretan, 11.4 oinarri hau aplikatzekoa duten onuradunek txosten bat aurkeztu beharko dute, eta bertan eskatu konturako ordainketa bat egitea justifikatzeke dauden gastu arrunten eta pertsonal-gastuen zerrendari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoarekin, baldin eta horiek 3. oinarrian adierazitako baldintzen arabera gauzatutako jarduerei badagozkie. Konturako ordainketa eskatzeko ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren xedeak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
  • 2027ko otsailaren 10a: azken eguna justifikazio teknikoko azken txostena eta eginiko gastuen txostena aurkezteko, 11.5 oinarrian adierazitako baldintzen arabera.

Halaber, prozeduraren instrukzio-organoak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena. Horrez gain, diruz lagundutako proiektuari aurrez aurreko jarraipena egiten ahalko dio.

5. Bitarteko edo amaierako justifikazioa, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiriak dituena, justifikazio kontuaren bidez eginen da, eta honako elementu hauek izanen ditu, dagokionaren arabera:

  • Proiektuaren bilakaerari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa. Kronograma batean, diruz lagundutako jarduerak ezarritako helburuen arabera (orduak, prezioa, parte-hartzaileen kopurua, etab.) gauzatu direla adieraziko da, bai eta ordaindutako gastu guztien zerrenda ordenatua, zenbakitua eta xehatua ere. Tartean txosten horiek aurkezturik ere, programaren amaierako txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan. Ondorio horietarako, amaierako txostena izanen da justifikatzen duena diruz lagundutako proiektu osoa oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu dela, beste finantzatzaile batzuei dagokien zatia barne, halakorik balego. Bestela, tarteko txostentzat hartuko da.
  • Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, zeinak digitalki aurkeztu beharko baitira.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baino ez dira onartuko gastuen frogagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketaren data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Onartutako gastuen zerrenda eta dagozkien aldaketak, halakorik egonez gero, ordainketa proposamenarekin batera aurkeztuko dira, edo, bestela, gastuaren justifikazioarekin batera, baldin eta interesdunari dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egin bazaio.

  • Zergapetuak eta salbuetsi gabeak badira, BEZ konpentsatuaren aitorpena.
  • Hiruhilekoko 715 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta hiruhilekoko 759 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).
  • Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita proiektuko langileek finantzatutako programetan egin dituzten lanaldien egozpena, eta proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko benetan bideratu dela.
  • Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita, batetik, justifikazio kontuan zer portzentaje egotzi zaien zeharkako gastuei, eta bestetik, jarduera gauzatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.
  • Hileko nominen zerrenda, langileei eta Gizarte Segurantzari egindako ordainagiriekin eta digitalizatutako lan-kontratuekin batera, hori guztia dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileei dagokienez.
  • Finantzatutako proiektua gauzatu dela bermatzen duen beste edozein agiri.

6. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

7. Instrukzio-organoak zehazten duenean zuzendu daitezkeen akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

8. Diruz lagundutako zenbatekoa oker justifikatuta badago, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, eta justifikatu gabeko gastuen eta ordainketen zenbatekoa itzultzeko prozedura abiaraziko da hortik aurrera.

Hornitzaileen azpikontratazioa eta hautaketa.

1. Onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 gainditu gabe. Jarduerek dirulaguntza honez gain beste finantzaketa iturri bat izan badute (entitatearen funtsak edo beste dirulaguntza edota baliabide batzuk), Migrazio Politiketako Zuzendaritza nagusiak emandako zenbatekoaren %50 azpikontratatzen ahalko da gehienez.

Ondorio horietarako, onuradunak azpikontratua egiten duela ulertuko da, hirugarrenekin ituna egiten badu dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean egin dezaten. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

2. Onuradunarekin lotutako pertsona edo entitateak azpikontratatzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikuluarekin bat, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren aldez aurreko baimena lortu beharko da. Horretarako, entitate interesdunak IX. eranskineko baimen-eskaera aurkeztu beharko du. 15 egun baliodun izanen dira, gehienez, baimenari buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, ulertuko da azpikontrataziorako baimena eman dela.

3. Hala badagokio, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000 eurotik gorakoak badira, entitate onuradunak organo emaileari frogatu beharko dio enpresa edo entitate hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko agiriak eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak.

4. Diruz lagundutako jardueren onuradunek egindako azpikontratazioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari egokituko zaio betiere.

Tramitazioa

Epea: 24/05/11 - 24/06/19

Honako egiaztagiri hauek erabil daitezke:

  • Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
  • Cl@ve

Tramitatzeko beste modu batzuk:

Nafarroako Gobernuaren erregistro eta arreta bulegoetan ere aurkez dezakezu, baita  39/2015 Legean aurreikusitako beste edozein lekutan ere.

Harremanetan jartzeko

Karibu-Migratzaileei harrera eta lagun egiteko zerbitzua
Iturrondo Poligonoa 1-A, lehenengo solairua
31600 Burlata
Telefonoa: 848 42 13 22
Posta elektronikoa: migraciones.acogida@navarra.es

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.

access_time