* Garrantzitsua: programari buruzko informazio osoa 1. eranskinean dago (deialdia), Araudia atalean.
120 plaza inguru gordeko dira Akitania Berriko Eskualde Akademikoaren ekintza-eremuko ikastetxeetan, honako herri hauetan: Baiona, Maule, Orthez, Paue, Donibane Garazi, Salies de Béarn, Sauveterre de Béarn eta Ustaritz. Hala ere, plaza eta ikastetxe kopurua aldatu ahal izango da Akitania Berriko Eskualde Akademikoak ezartzen dituen plazen arabera.
Eskaintzen diren zentro frantses gehienak sare kontzertatukoak dira.
Frantziako sare publikoko ikastetxeetan dauden plazei dagokienez, ikastetxe horiek ikasle frantsesentzat erreserbatuta daudela ulertu behar da, eta, beraz, ikastetxe horietan aurrerago sor daitezkeen premien mende daudela.
Horrek esan nahi du, aurrerago Frantziako zentroek plaza horiek erabili behar badituzte, Akitania Berriko Eskualde Akademikoak bertan behera utzi ahal izango duela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin ezarritako hasierako erreserba.
Beraz, deialdi honetan eskainitako ikastetxe publikoetako batean plaza eskatzerakoan, familiek kontuan izan beharko dute, nahiz eta ikastetxe horietako batean beren seme-alabei plaza bat esleitu, plaza horiek baliogabetu ahal izango direla. Hori gertatuko balitz, behin prozesua bukatuta (ekainaren bukaeratik uztailaren hasierara) deialdi honetan parte hartzen duten zentro frantsesetako batean (publikoak edo kontzertatuak) plaza hutsik geratzen bada bakarrik izango lukete aukera plaza bat lortzeko.
Frantziako zentroek ezartzen duten prezioak (1.700 eta 4.500 euro arteko kostua, ikus 5. eranskina) mantenua eta egoitza, matrikula gastuak, eskolatzea eta liburuen mailegua estaltzen ditu.
Ikasleen ostatua eta mantenua Frantziako ikastetxeetako egoitzetan egingo da, astelehenetik ostiralera, arratsaldez.
Parte hartzen duten ikasleen familiek beren gain hartuko dituzte mantenua eta egoitzako ostatua, bai eta matrikularen, eskolatzearen, aseguruaren, eskolako materialaren, testuliburuen gastuak, ikastetxeak uzten ez baditu, eta iPad-en gastuak ere, ikastetxeak hala eskatzen badu.
Familiek antolatu eta beren gain hartuko dute seme-alabak Frantziako zentrora eta bizilekura eramateko kostua.
Programak 2026-2027 ikasturteko iraupena du, harrera-zentroen eskola-egutegiaren arabera (ikus 4. eranskina)
Parte hartzen duten ikasleen familiek Europako osasun txartela eskatu beharko dute. Txartel hori lortzeko, dokumentazioa behar bezala eduki behar da (bizileku-baimena edo pasaportea indarrean, NAN/AIZ, gizarte segurantzako afiliazioa eta erroldatze-ziurtagiria).