Ecolabel Europako Etiketa Ekologikoa bereizgarri bat da, identifikatzeko zer ondasun edo zerbitzuren ekoizpenak eta kontsumoak sortzen duen ingurumen-inpakturik txikiena kategoria bereko beste produktu eta zerbitzu batzuekin alderatuta. Era berean, kontsumitzaileari esaten dio zer abantaila zehatz dituen produktu edo zerbitzu horiek kontsumitzeak.
Prozedura
Eskaera aurkeztu ondoren, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak produktuaren balorazioa eginen du, Europako Batzordeak ezarritako ebaluazio-baldintzei jarraituz. Edozein unetan eskatu ahal izanen dio eskatzaileari informazio osagarria produktuaren eta haren fabrikazioaren baldintzei buruz, bai eta egokitzat jotzen dituen txostenak ere, eta instalazioak egiaztatzeko bisitak egin ahal izanen ditu. Horretarako, ebazteko epea eten dezake, egokitzat jotzen badu. Saio edo proba horiek egiteko kostuak eskatzailearen kargura izanen dira. Halaber, operadoreei kobra dakizkieke bidaiaren eta ostatuaren kostuak egiaztapen bat in situ egin behar denean Espainiatik kanpo.
Ingurumen Departamentuak bi hilabete ditu, eskabidea aurkeztu ondoren, dokumentazioa egiaztatzeko. Dokumentazioa osorik ez badago, idatziz jakinaraziko die interesdunei, akatsa zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die eskabidea ukatuko zaiela, baldin eta sei hilabeteko epean zuzentzen ez badute.
Tasas
Tarifa, oro har, 400 eurokoa izanen da. Halere, tarifa 200 eurokoa izanen da enpresa txiki eta ertainen kasuan eta mikroenpresen kasuan (Batzordearen 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera) eta garapenean dauden herrialdeetako operadoreen kasuan.
Eskatzeko tasa %30 murriztuko zaie Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoriarako Europar Batasuneko sisteman (EMAS) erregistratutako eskatzaileei edo %15, berriz, ISO 14001 arauaren araberako ziurtagiria dutenei. Murriztapenak ezin dira metatu. Bi sistemak betetzen badira, murriztapen handiena baizik ez da aplikatuko.
Tasa sortu eta eskatuko da, Europar Batasunaren etiketa ekologikoa erabiltzeko eskaera aurkezten denean.
Tarifa honetan ez da sartzen eskaeraren xede diren produktu edo zerbitzuei egin beharreko proben edo egiaztapenen kostuari dagokion inolako elementurik. Kostu horiek eskatzaileek ordainduko dizkiete probak egiteko behar den akreditazioa duten entitateei.