Dirulaguntzak, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzat, ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan, 2024. urtean

Oinarrizko informazioa

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

  • Bere izaera juridikoarekin bat etorriz legez eratutako pertsona juridikoa izatea, eta erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta egotea. Era berean, pertsona juridiko pribatuen taldeek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin.
  • Irabazi-asmorik ez izatea.
  • Bere estatutuetan jasota izatea, xede edo helburu sozialen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea ekintza humanitarioei lotutako eremuan.
  • Ordezkaritza izatea Nafarroako Foru Komunitatean.
  • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.
  • Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak. Orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean (3. oinarria) bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.

Oinarri hauen xedea da arautzea zer araubidetan ematen zaizkien dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei, 2024. urtean ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan.

Bada, deialdi honen helburua da ekintza humanitarioak diruz laguntzea, Europan barna migrazio bidean dauden eta larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan daudenei laguntzeko, bereziki talde zaurgarrienei (haurrak eta emakumeak).

Dirulaguntzaren eskaera

Nafarroako Gobernuaren eskabide orokor batean aurkeztu behar da eskabidea, agiri bereizi eta behar bezala identifikatuetan eskaneaturiko dokumentazio honekin batera:

Erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

  • Erakundearen estatutuak.
  • Erakundea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat. Erakundeak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza bat ireki dela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.
  • Identifikazio fiskaleko txartela.
  • Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.
  • Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa.
  • Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko (1), VI. eranskineko (2), VI. eranskineko (3) ereduaren araberakoa, eta, halakorik behar bada, horri buruzko informazio egokia, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
  • Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Erakunde interesdunak zerga Nafarroatik kanpora ordaintzen badu, aurretik aipatzen denaren antzeko ziurtagiria, zerga agentziak edo foru ogasunek egina. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (VII. eranskina).
  • Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (VII. eranskina).
  • Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, halakorik behar bada, horri buruzko informazio egokia, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
  • Hala badagokio, BEZaren aitorpenak egitetik salbuetsita edo zergaren menpe ez dagoela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak edo Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gehienez hiru hilabete lehenago egina.
  • Hala badagokio, eta 10. oinarrian xedatutakoari dagokionez, aurrerakin eskabidea eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta premia frogatzeko egiaztagiriak, III. eranskineko ereduaren arabera.
  • Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada, edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

Dirulaguntzaren xede den proiektuari buruzko dokumentazioa, balorazioa egiteko:

  • Eskaera tekniko eta ekonomikoko ereduak, euskarri informatikoan eta aurreko inprimaki ofizialen arabera aurkeztuak. Eskaera teknikoek ezin izanen dute 20 orrialde baino gehiago eduki (edo 10 orri bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskaera tekniko luzeagoak atxikiz gero, lehen 20 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko baloraziorako.
  • Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

Dirulaguntzaren justifikazioa

1. Erakunde onuradunek behar adina txosten tekniko eta ekonomiko aurkeztu behar dituzte diruz lagundutako proiektua gauzatu dela egiaztatzeko, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

2. Erakunde onuradun guztiek, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiri egokiak izan bezain laster, jarduera egin dela egiaztatzeko behar diren txosten tekniko eta ekonomikoak aurkeztu beharko dituzte. Beren egoera partikularraren arabera, data hauetara egokitu beharko dute betiere:

  • 2024ko urriaren 15a: dirulaguntza ordaintzeko eskubidea ematen duen txostena aurkezteko azken eguna, 10.2 oinarrian ezarritako baldintzetan. Halaber, dirulaguntzaren zenbatekoa aldez aurretik ordaindu bada, azken eguna izanen da jardueraren zati gauzatua egiaztatzen duen txostena aurkezteko ere. Txostenak amaierako izaera izanen du, baldin eta bertan justifikatzen bada diruz lagundutako proiektu osoa gauzatu dela, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera; bestela, tarteko txostentzat hartuko da.
  • 2025ko urtarrilaren 16a: amaierako txostena aurkezteko azken eguna.

Halaber, prozeduraren instrukzio-organoak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena. Horrez gain, diruz lagundutako proiektuari aurrez aurreko jarraipena egiten ahalko dio.

3. Bitarteko (teknikoa / ekonomikoa) edo amaierako (teknikoa / ekonomikoa) txostena, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiriak dituena, justifikazio kontuaren bidez eginen da, eta honako elementu hauek izanen ditu:

  • Proiektuaren bilakaerari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa, oinarri honen 1. apartatuan aurreikusitako ereduaren arabera. Kronograma batean, diruz lagundutako jarduerak ezarritako helburuen arabera (orduak, prezioa, parte-hartzaileen kopurua, etab.) gauzatu direla adieraziko da, bai eta ordaindutako gastu guztien zerrenda ordenatua, zenbakitua eta xehatua ere.
    Tartean txosten horiek aurkezturik ere, programaren amaierako txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan. Ondorio horietarako, amaierako txostena izanen da justifikatzen duena diruz lagundutako proiektu osoa oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu dela, beste finantzatzaile batzuei dagokien zatia barne, halakorik balego. Bestela, tarteko txostentzat hartuko da.
  • Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, zeinak digitalki aurkeztu beharko baitira.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baizik ez dira onartuko gastuen frogagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketaren data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan. 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri. Onartutako gastuen zerrenda eta dagozkien aldaketak, halakorik egonez gero, ordainketa proposamenarekin batera aurkeztuko dira, edo, bestela, gastuaren justifikazioarekin batera, baldin eta interesdunari dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egin bazaio.

  • Zergapetuak eta salbuetsi gabeak badira, BEZ konpentsatuaren aitorpena.
  • Hiruhilekoko 715 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta hiruhilekoko 759 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).
  • Erakundeko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baitira proiektuko langileek finantzaturiko programetan egin dituzten lanaldiak, eta proiektuari benetan egotzitako langileria gastuak.
  • Erakundeko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita justifikazioko kontuan inputatutako zeharkako gastuen portzentajea eta jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.
  • Hileko nominen zerrenda, langileei eta Gizarte Segurantzari egindako ordainagiriekin eta digitalizatutako lan-kontratuekin batera, hori guztia dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileei dagokienez.
  • Finantzatutako proiektua gauzatu dela bermatzen duen beste edozein agiri. 

4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, erakundearen beraren funtsak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

5. Instrukzio-organoak zehazten duenean zuzendu daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

6. Diruz lagundutako zenbatekoa oker justifikatuta badago, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, eta justifikatu gabeko gastuen eta ordainketen zenbatekoa itzultzeko prozedura abiaraziko da hortik aurrera.

 

Azpikontratazioa eta hornitzaileak hautatzea

1. Onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren % 50 gainditu gabe. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu badira, ezin izanen zaio % 50 baino gehiagoko portzentajea egotzi, azpikontratazio gisa, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak emandako zenbatekoari. Ondorio horietarako, onuradunak azpikontratua egiten duela ulertuko da, hirugarrenekin ituna egiten badu dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean egin dezaten. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

2. Onuradunarekin lotutako pertsona edo erakundeak azpikontratatzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikuluarekin bat, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren aldez aurreko baimena lortu beharko da. Horretarako, erakunde interesdunak IX. eranskineko baimen-eskaera aurkeztu beharko du. 15 egun baliodun izanen dira, gehienez, baimenari buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, ulertuko da azpikontrataziorako baimena eman dela.

3. Hala badagokio, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000 eurotik gorakoak badira, erakunde onuradunak organo emaileari frogatu beharko dio enpresa edo erakunde hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Erakunde onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak.

4. Diruz lagundutako jardueren onuradunek egindako azpikontratazioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari egokituko zaio betiere.

Harremanetan jartzeko

Karibu-Migratzaileei harrera eta lagun egiteko zerbitzua
Iturrondo Poligonoa 1-A, lehenengo solairua
31600 Burlata
Telefonoa: 848 42 13 22
Posta elektronikoa: migraciones.acogida@navarra.es

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.

access_time