Laguntzak goi-mailako tituludunentzat, neurozientziari aplikaturiko adimen artifizialaren arloko ikerketa-proiektuetarako

Oinarrizko informazioa

Goi-mailako tituludunak, honako betebehar hauek betetzen dituztenak:

  • 2024an ikerketa-proiektu bat gauzatzen aritzea neurozientziari aplikaturiko adimen artifizialaren eremu hauetako batean:
    • AA azalgarria (XAI) eta ikasketa sakona (deep learning) neurozientzietan.
    • Neuroirudi-datuak prozesatzea.
    • Garuneko irudien analisia eta diagnostikoa.
    • In vitro diagnostikoa, AA aplikatuta.
    • AAn oinarrituriko metodo diagnostikoak eta garuneko sare funtzionalen analisia.
    • Seinale neurologikoak prozesatzea.
    • Gaixotasun neurologikoak diagnostikatzeko datu-meatzaritza.
    • AA sistemak garun-konputagailu interfazeetarako (BCI).
  • Nafarroarekin lotura izatea. Deialdi honen ondorioetarako, beharkizun hau bete beharko da soilik baldin eta beka honen funtsak osorik erabiltzen badira Nafarroako unibertsitate-erakunde baten menpeko ikerketa-zentro bati atxikitako ikerketa-proiektu batean.
  • Hautagaiak soilik bekara aurkeztutako proiektu batean izan daitezke ikertzaile nagusi.

Laguntza honek helburu du Nafarroak abangoardia teknologikoarekin duen konpromisoa indartzea eta eskualdeko sektore publikoan eta pribatuan AA aplikatzen laguntzea. Laguntza honek 5 beka sustatzen ditu neurozientziari aplikatutako adimen artifizialaren arloan. Beka bakoitza 2.000 eurokoa izanen da.

Gastu hauetako bat edo batzuk ordaintzeko erabili behar da finantzaketa:

  • Proiektua gauzatzeko behar den materiala.
  • Software-lizentziak eta adimen artifizialarekin lotutako zerbitzuak:
    Software espezializatuen lizentziak, adimen artifiziala garatzeko plataformak eta ikerketa-jarduerarako beharrezkoak diren beste tresna batzuk. Barne hartzen du adimen artifizialarekin lotutako zerbitzuetara harpidetzea.
  • Ikastaro eta trebakuntza ziurtatuak:
    Adimen artifizialean espezializatutako ikastaroak eta ikerketa-jarduerarekin lotutako trebakuntzak ordaintzea, beharrezkoa bada izena ematea eta ordaintzea.
  • Aldizkari zientifikoetan argitaratzea eta haietarako sarbidea lortzea:
    Artikuluak aldizkari akademikoetan argitaratzeari loturiko kostuak ordaintzea, baita aldizkari eta datu-base zientifikoetara harpidetzea ere, adimen artifizialeko ikerketarako garrantzitsuak badira.

Gastu guztiek zerikusia izan behar dute aurkezturiko proiektuarekin, eta 2024an sortuak izan behar dute.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik 90 egun naturaleko epean, laguntza hauei buruzko fitxaren webgunean argitaratuko da laguntzak ematea onesten duen ebazpena, eta hala badagokio, ezetsi diren eskabideak. Halaber, interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

Eskabidea nahitaez telematika bidez aurkeztuko da; horretarako, tramitazio elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakia erabiliko da, fitxa honen bidez.

Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:

a) Eskaera-orria.

b) Proiektuaren izenburua eta laburpena (orrialde bat, gehienez).

c) Proiektuaren memoria, honako atal hauek jasotzen dituela:

  • Sarrera: proposatutako ikerketa-proiektuaren aurrekariak (3 orrialde, gehienez).
  • Proiektuaren helburuak (orrialde bat, gehienez).
  • Materiala/metodoak eta estatistika-plana (3 orrialde, gehienez).
  • Proiektuaren erabilgarritasuna (orrialde erdia, gehienez).
  • Garapen-denborak (orrialde bat, gehienez).
  • Bibliografia (orrialde bat, gehienez).
  • Memoria ekonomikoa: aurrekontua eta proiektua finantzatzeko bestelako iturriei buruzko aitorpena, halakorik bada (orrialde bat, gehienez)

d) NANaren fotokopia.

e) Ikertzaile nagusiaren curriculuma (beka eskatzen duenarena).

f) Ikerketa-taldeak azken 5 urteetan izandako esperientzia (orri bat, gehienez).

g) Proiektua egiteko hautatu den ikerketa-zentroaren deskribapena, eta eskura dauden instalazio teknikoak (orri bat, gehienez).

h) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko betetzen direla Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ikerketa-proiektua Nafarroako unibertsitate-erakunde baten mendeko ikerketa-zentro bati lotuta dagoela. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

j) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen dokumentua. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

k) Izangaiak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio (orri bat, gehienez).

456E/2024 Ebazpena, bekak emateko deialdia onesten duena.

Emaitzak

Harremanetan jartzeko

Aurrerapen Digitalerako Zerbitzua
Cabárceno, 6
31621 Sarriguren
Posta elektronikoa: becaianeurociencia@navarra.es

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.