Eskaera, etxebizitza babestu desegoki bat aldatzeko

Orri honetan azalduko dizugu zer egoeratan eska dezakezun etxebizitza aldatzea eta zer urrats eman behar dituzun eskuratzeko beste etxebizitza bat, zure egoera pertsonal eta familiar berrira egokitzen dena

Oinarrizko informazioa

Etxebizitza babestua aldatzeko eska dezakezu, honako egoera hauetakoren batean bazaude: 

  • Etxebizitza babestu desegoki baten jabea zara, “Deskribapena” atalean ezarritakoaren arabera.
  • Etxebizitza babestu baten titularra zara eta, gainera, genero-indarkeriaren biktima edo erakunde terrorista baten jomuga, eta segurtasun arrazoiengatik etxebizitza aldatzeko beharra duzu. 

Gainera, etxebizitza babestu bat jabetzan eskuratzeko baldintza guztiak bete behar dituzu. Ezin duzu etxebizitza aldatzeko eskatu, baldin eta beste bati erosi badiozu erabilitako etxebizitza babestu bat edo hutsik dagoen etxebizitza bat erosi baduzu baldintza guztiak bete gabe.

Zein kasutan jotzen da etxebizitza babestu bat desegokitzat?

1) Haren tamaina ez denean egokia familia-unitatearentzat

Zure etxebizitza desegokitzat jotzen da, ezaugarri hauetakoren bat duenean: 

  • Gela gutxi ditu familia-unitaterako. Etxebizitza batek gela gutxi dituela esaten da, behin betiko kalifikazioa egitean gela kopuru hauek baditu (sukaldeaz, bainugelaz eta egongela-jangelaz gain):  
    • 1 gela, 3 pertsona edo gehiagorentzat.
    • 2 gela, 4 pertsona edo gehiagorentzat.
    • 3 gela, 7 pertsona edo gehiagorentzat. 
    • 4 gela, 9 pertsona edo gehiagorentzat.
  • Azalera erabilgarri hau edo txikiagoa badu: 
    • 30 m², 1 edo 2 pertsonarentzat,
    • 50 m², 3 pertsonarentzat,
    • 65 m², 4 pertsonarentzat,
    • 80 m², 5 edo 6 pertsonarentzat,
    • 90 m², 7 pertsonarentzat, eta
    • 10 m² gehiago 7tik gorako pertsona bakoitzeko.
  • Aurreko edo ondorengo ahaide diren bi pertsonak gela konpartitu behar badute.

2) Ez dagoenean egokituta desgaitasuna duten pertsonen beharretara

Zehazki, honako egoera hauetakoren batean:

  • Hanketan % 40ko mugimendu-desgaitasuna edo handiagoa duen pertsona bat bizi bada etxebizitzan, eta bertara iristeko 12 zentimetrotik gorako zenbait maila dauzkaten eskailera batzuetatik igaro beharra badago. 
  • Etxebizitzan % 65eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsona bat bizi bada, eta etxea haren beharretara egokitzea ezinezkoa bada teknikoki edo ekonomikoki.

Bizikidetzat joko dira 65 urtetik gorakoak, baldin eta hiru baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Etxebizitza desegokian familia-unitatearekin gutxienez bi urte daramatzate bizitzen. 
  • Lehen edo bigarren mailako ahaidetasuna dute familia-unitateko kideren batekin.
  • Ez dira etxebizitza egoki baten titularrak, eta ez dira izan azken 5 urteetan ere. 

Nolakoa da etxebizitza berri bat eskatzeko eta esleitzeko prozesua?

Etxebizitza aldatzeko eskaera egiteko, zure etxebizitza saldu behar diozu Administrazioari.  Honako esteka honetan kalkula dezakezu zein den zure etxebizitza saltzeko gehieneko prezioa: Kalkulatu gehieneko salmenta-prezioa.

Eskabidea aurkeztuta, Etxebizitza Zerbitzuak 6 hilabeteko epea izanen du hura erosteko eta zuri beste etxebizitza bat eskaintzeko.

Beste etxebizitza horrek familia-unitatearen beharretara egokitua egon behar du, eta herri berean egon, edo gehienez ere 20 kilometrora, zure egungo etxebizitza dagoen tokitik lerro zuzenean neurtuta.

Genero-indarkeriaren biktima edo erakunde terrorista baten jomuga bazara, beste epe eta kokaleku batzuk ezar daitezke.

Uko egiten badiozu eskainitako etxebizitzari, ezin izanen duzu etxebizitza aldatzeko berriz eskatu, harik eta uko egin zenionetik 12 hilabete igaro arte.

  • Eskabide orokorra (bakar-bakarrik baldin bulegoetan aurrez aurre eskatzen bada etxebizitza-aldaketa)
  • Etxebizitza aldatzeko eskaera, etxebizitza desegokia Administrazioari eskainita
  • Etxebizitza desegokiaren titulartasuna frogatzen duen agiria
  • Etxebizitzaren planoa, azalera erabilgarriarekin eta etxebizitza erosi zenean zuen banaketarekin (eskrituran ageri ez bada soilik).
  • Familia-unitatearen azken errenta-aitorpena, baterakoa edo banandua (soilik baldin eta Nafarroako Foru Ogasuna ez den zerga-administrazio batean egin baduzu)
  • Familia-liburuaren fotokopia konpultsatua
  • Familia ugariaren txartelaren fotokopia konpultsatua (hala izanez gero)
  • Familia-unitateko kideen erroldatze-ziurtagiria

10/2010 Foru Legea, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzkoa.

Tramitazioa

Honako egiaztagiri hauek erabil daitezke:

  • Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
  • Cl@ve

Tramitatzeko beste modu batzuk:

Aurrez aurre, Etxebizitza Erregistroan
Alondegi kalea 1, 1. solairua
Iruña

Nafarroako Gobernuaren erregistro eta arreta bulegoetan ere aurkez dezakezu, baita  39/2015 Legean aurreikusitako beste edozein lekutan ere.

Harremanetan jartzeko

Etxebizitza Zerbitzua
Alondegi kalea 1, 1. solairua
31002 Iruña
Telefonoa: 848 427 570
Helbide elektronikoa: vivienda@navarra.es 

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.