86/2020 Foru Dekretuak Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzeko erregelamendua onesten du; horren arabera, honako hauek izanen dira kontseilukide, besteak beste:
"Nafarroan erregistratuak dauden eta gutxienez bi urteko funtzionamendua duten lanbide entitate eta elkarteen sei ordezkari, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko 1/2019 Foru Legean aipatutako kultura sektoreetakoak.
Kultura sektore bakoitzeko, lanbide entitate edo elkarteen ordezkari bakarra izanen da".
Lanbide entitate eta elkarte horiek zehazteko, eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluan haien sei ordezkariak izendatzeko, kulturaren arloan eskuduna den departamentuak epe bat ezarriko du hautagaiak aurkezteko, entitate eta elkarteek ordezkariak proposa ditzaten.
Epea bukatuta sektore bakoitzeko hautagai bakarra badago, edo osotara ez badago sei hautagai baino gehiago, zuzenean izendatuko dira. Sektore bakoitzeko hautagai bat baino gehiago badago, edo, osotara, sei baino gehiago, kulturaren arloan eskuduna den departamentuak eguna eta ordua jarriko ditu, gehienez ere hirutan, haien artean hautaketa egin dezaten. Aukera hori agortu ondoren, baita epean hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada ere, kulturaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak berak izendatuko ditu lanbide entitate eta elkarteen ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.