2020ko abenduaren 14a

Alkoholaren kontsumo intentsiboa Estatuko batez bestekoaren gainetik mantendu da Nafarroan, baina azken bi urteetan behera egin du

Tabakoaren kontsumoak gora egin du eta kalamuarena egonkor mantendu da, 15 eta 64 urte bitarteko pertsonei konfinamenduaren aurretik egindako 'EDADES' Estatuko inkestaren arabera

Alkoholaren kontsumo intentsiboak estatuko batez bestekoaren gainetik jarraitzen du Nafarroan, nahiz eta azken bi urteetan behera egin duen, EDADES izeneko bi urtez behin 15 eta 64 urte bitarteko pertsonei egiten zaien estatuko inkestaren arabera.  2019/2020ko edizio honetan Foru Komunitatean inkestatutako pertsonen % 20,5ek diote atrakoi edo binge drinking kontsumoa egin dutela; 2017/2018ko inkestan, aldiz, % 24,7k adierazi zuten kontsumo hori. Espainian, zifra horiek % 15,4ra iristen dira orain, duela bi urte egindako ikerketaren ildotik, orduan % 15,1ean baitzegoen.

Inkesta honetan beste puntu interesgarria tabakoaren kontsumoari buruzkoa da; Nafarroan gora egin du. Kalamuaren kontsumoak antzeko zifrak ditu. Horiek dira Drogen Plan Nazionalak eta Osasun Ministerioak autonomia-erkidegoekin lankidetzan egiten duten EDADES azterketaren azken edizioan lortutako datuak. Inkesta 1995az geroztik burutzen da.

Ikerketa horri esker, besteak beste, alkohola, tabakoa, kalamua eta hipnolasaigarriak (errezetarekin edo errezetarik gabe eskuratzen diren botikak) bezalako substantzia nagusien nagusitasunaren eta ezaugarrien bilakaera aztertzen da. Azken edizioetan, gainera, substantziarik gabeko adikzioei eta jokabide-adikzioei buruzko edukiak gehitu dira (ausazko jokoak eta teknologia berrien erabilera).

Osasun Ministerioak gaur aurkeztu du EDADESen aurtengo edizioa, eta nabarmendu behar da berezitzat har daitekeela, datuak otsailaren 7tik martxoaren 13ra bitarte jaso zirelako, COVID-19aren pandemia-egoeraren bidezko alarma-egoera deklaratu aurretik. Modu horretan, garapena eten egin zen, eta aztertutako lagina murriztu zen. Espainia osoan 17.899 pertsonari egin zitzaien, 479 Nafarroakoak. Aurreko inkestan (2017), Nafarroan 613 laguni egin zitzaien galdeketa.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) laginaren gehikuntza kontratatu zuen Foru Komunitaterako, baina, aipatu murrizketa medio, emaitzak ez du uzten komunitaterako emaitza fidagarriak eskuratzen adina, sexua edota eremu geografikoa kontuan hartuta, ezta kontsumo-nagusitasun baxuagoko gaiei buruzkoak ere (Interneten erabilera konpultsiboa, legez kontrako substantzien kontsumoa, e.a.). Ohar honetan, erreferente gisa erabiltzen dira azken 30 egunetako substantzia-kontsumoen inkestako kopuruak.

Alkohola eta tabakoa

Oro har, 15 urtetik 64 urtera bitarte, inkestan ez da alde nabaririk ikusten azken 30 egunetako alkohol-kontsumoaren portzentajean, Nafarroa eta Espainia artean (%62,6 eta %63, hurrenez hurren); gainera, aurreko inkestaren ildo beretik jarraitzen dute (%63,7 Nafarroan eta %62,7 Espainian). Hala ere, aldea badago kontsumo intentsiboei dagokienean; hala nola, mozkorraldiak eta binge drinking edo atrakoi-kontsumoa, bi kasuetan handiagoak baitira Nafarroan Espainia osoan baino. Nafarroan inkesta egindako biztanleriaren %8,9ak baieztatu du mozkortu egin dela azken 30 egunetan (aurreko inkestan %18,3koa zen kopurua). Espainian, berriz, zenbatekoa %6,8koa da, eta %7,1ekoa izan zen duela pare bat urte.

Binge drinking jaitsi egin da Nafarroan, aurrean aipatu moduan, baina kopuruek estatuko batez bestekoa baino altuagoak izaten jarraitzen dute. Gogoratu behar da binge drinking dela bost edari alkoholdun edo gehiago kontsumitzea gizonen kasuan eta lau emakumeen kasuan, une berean; alegia, jarraian edo bi orduko tartean. Hain zuzen ere, alkoholaren kontsumo intentsiboan jaitsiera-ildo hori jarraitzeko, NOPLOIk kanpaina berria jarri zuen abian pasa den astean: Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke. Kanpainaren helburua, gainera, Gabonei begira, pandemiaren egungo egoeran, alkoholaren kontsumoak COVID-19aren aurreko prebentzio-neurrien gaineko arreta (distantzia, maskara, aireztapena, e.a.) murrizten duela gogoraraztea da.

Tabakoaren kontsumoari dagokionean, igoera handiagoa gertatu da Nafarroan. 2019/2020an, inkesta egindako pertsonen %39,2ak erantzun zuen tabakoa erre zuela azken 30 egunetan (aurreko inkestan zenbatekoa %32,6koa zen). Espainian, nagusitasun hori azpitik dago oraingoan: %36,8koa da eta duela bi urte %38,8koa izan zen. Zigarro elektronikoen kontsumoa, aldiz, estatuan baino baxuagoa da Nafarroan (%0,8% Foru Komunitatean eta %1,8 Espainian).

Hori guztia aintzat hartuta, kopuru horiek tabakoa erretzeko ohitura galtzeko politikak lantzen jarraitzera animatzen dute datorren urteari begira edota kontsumoa murrizteko edo ez hasteko esku-hartzeak indartzera. Nafarroa aitzindaria izan zen, esate baterako, erretzeari uzteko botikak batera finantzatzen eta osasun-zentroetan egindako prestakuntza- eta laguntza-proiektuak aktibatzen.

Kalamua eta hipnolasaigarriak

Estatuko emaitzetan bezala, Nafarroan legezko substantzien kontsumoa handiagoa da. Kalamua Espainian gehien kontsumitzen den legez kontrako droga da, eta, ondoren, kokaina hautsa eta/edo basea daude. Nafarroan, azken 30 egunetan, adibidez, ez dago alde esanguratsurik kalamuaren kontsumoaren nagusitasunetan (%8,6 Nafarroan eta %8 Espainian), eta ez dago ezta ere alde handirik inkestaren aurreko edizioarekin alderatuta (%8,2 Nafarroan eta %9,1 Espainian).

Hipnolasaigarrien kontsumoari dagokionean, errezetarekin eta errezetarik gabe, Nafarroan kontsumoa (%7,8) Espainiako batez bestekoa baino (%8,6) baxuagoa da.

Joko presentziala eta Internet bidezkoa

Azkenik, joko presentzialari eta Internet bidezkoari erreparatuta, Espainian 2019/2020 denboraldian, inkesta egindako 15 eta 64 urte arteko biztanleriaren %63,6ak baieztatu du jokatu duela, azken urtean, diruarekin eta modu presentzialean (%59,5ekoa izan zen 2017/2018an) eta %6,7ak Internet bidez egin duela esan du (%3,5 2017/2018an). Joko horietan sartzen dira, adibidez, loteriak, bat-bateko loteriak, futboleko kinielak, quinigola edo kasinoak.

Nafarroan, bestalde, biztanleriaren %61,8ak berretsi du aurrez aurre jokatu duela azken 12 hilabeteetan eta %4,8ak online eran. Aurreko inkestan, %58,2 eta %4,8 izan ziren, hurrenez hurren.