2020ko abenduaren 10a

Osasun Departamentuak gogorarazten du, Gabonak aurrean ditugula eta, alkohola gehiegi edateak COVID-19aren aurreko prebentzioa erlaxatzen duela

Distantziaren hautemate faltsua eragiten du, arrisku-sentsazioa murrizten du, eta kontsumo handi eta intentsiboak eragin negatiboak sortzen ditu osasunean
#OhiDenaEdateaGehiegiIzanDaiteke Irudi galeria

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI/ISPLN) gogorarazi du, Gabonak aurrean ditugunez, alkohola gehiegi edateak efektu negatiboak eragiten dituela osasunean epe labur zein luzera, eta, COVID-19aren pandemiaren egoera honetan, prebentzio-neurrien aurrean erlaxatzea eragin dezakeela, hots, pertsonen arteko distantziari edo maskara erabiltzeari dagokionean, eta, beraz, kutsatzeko arriskua areagotu.

NOPLOIk berriro aktibatu du Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke / Beber lo normal puede ser demasiado kanpaina, 2017az geroztik urtero bultzatzen duena. Oraingoan, Ohikoa dena ospatzea, ere bai. Desberdin egin dezagun mezua du ekimenak. Era horretan, gogorarazten du orain ezin ditugula topaketa sozialak beti bezala egin, beste era batera planteatu behar direla, koronabirusaren aurrean ezarritako prebentzio-neurriekin.

Alkohola gero eta gehiago kontsumitzen badugu, efektu gehiago sortzen dira neurri horien aurrean; esate baterako, pertsonen arteko distantzia murrizten da, maskararen erabilera erlaxatzen da, arrisku-sentsazioa gutxitzen da, egiten dena eta sentitzen dena aldatzen da,… Horrez gain, gehiegi kontsumitzeak sistema inmunea ahuldu dezake, eta zenbait gezurrek baieztatutakoaren aurrean, alkoholak ez du COVID-19aren aurrean babesten. Gainera, gure harreman pertsonaletan ondorioak ditu, eta familietan alkohola kontsumitzeak eragina izan dezake adingabeak zaindu eta hezterakoan.

Maskara, distantzia eta edalontziak ez partekatu

Hori guztia dela-eta, garrantzitsua da, alkohola edanez gero, prebentzio-neurriak mantentzea: maskara erabiltzea soilik edan eta jaterakoan izan ezik eta, hitz egiteko, erabiltzen jarraitzea; pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia izatea; itxitako tokiak maiz aireztatzea; eskuak sarritan garbitzea (adibidez, jan eta edan aurretik eta objektuak ukituz gero); edateko edalontziak eta botilak ez partekatzea,…

Gainera, askotan, alkoholaren kontsumoari tabakoaren kontsumoa gehitzen zaio, eta hori bilakaera larriagoarekin lotzen da COVID-19aren kasuetan. Egungo pandemia bezalako egoera zailean, egonezin emozionala eragin dezakeela kontuan hartuta, gogoratu behar da alkohola kontsumitzeak ez duela konponduko, okertu baizik. Beraz, garrantzitsua da, kasu horien aurrean, laguntza bilatzea konfiantzazko pertsonengan edo profesionalengan, beharrezkotzat jotzen bada.

Osasunean eraginak epe labur eta luzera

Prebentzio-neurriak betetzeak duen garrantzia adierazteko, geure burua eta beste pertsonak zaintzeko, NOPLOI iragarki-kanpaina egiten hasiko da tokiko aldizkarietan eta irratian, eta mezuak jarriko ditu sare sozialetan. Alkohola substantzia psikoaktibo zabalduena da 15 eta 64 urte arteko biztanleriaren artean, baina sarritan gomendioen gainetik ez dugula kontsumitzen iruditzen zaigu.

Epe laburrera, alkoholaren kontsumoak osasunean arrisku hauek eragin ditzake: arrisku-pertzepzioa murrizten du; harreman pertsonaletan eta sozialetan eragiten du; erreakzio erasotzaileak eragin ditzake; harreman afektibo sexualak babesik gabe izateko aukerak areagotzen ditu,… Epe luzera, berriz, gaixotasunak sortzen ditu, minbizi-mota ezberdinekin lotzen da (faringea, urdaila, kolon-ondestea, bularra,…), ernalezintasun arazoekin, eta kostu pertsonalak, familiarrak eta sozialak ekartzen ditu.

Mugak ezartzea eta alkoholik gabe erlazionatzea

Kontuan hartu behar da alkoholaren kontsumoarekin lotutako lesioekiko eta gaixotasunekiko zaurgarritasuna faktore pertsonalen eta sozialen mende dagoela. Edonola ere, beti jarri behar dira mugak arrisku txikiagoarekin edateko: gutxiago edan, graduazio altuko edariak baino graduazio baxuagoko edariak edatea hobe, ez oso jarraian edatea, baizik eta denboran zehar banatuta,… Gainera, kontuan izan behar dira zero alkohola gomendioa duten egoerak (adingabeak, haurdun daudenak, gidatzerakoan,…).

Kontsumo neurtu ahal izateko eta informazioa eskuratzeko, interesatuek ondorengo web orria bisita dezakete: beberlonormal.navarra.es.