2020ko apirilaren 6a

Nafarroako Gobernuak telefono bidezko arreta eta arreta telematikoa indartu eta zentralizatuko ditu koronabirusari buruzko osasun arlokoak ez diren kontsultetarako

012 erreferentziazko telefonoa da, zein batez beste, herritarren 1.041 dei erantzuten dituen egunero, eta Navarra@navarra.es helbidean egindako posta bidezko kontsultak% 192 hazi dira

Egunotan koronabirus izurriteak sortutako egoera dela eta,  Nafarroako herritarren artean sortzen ari diren zalantza eta kontsulta gorakadaren aurrean, Nafarroako Gobernuak arreta zentralizatuko zerbitzua indartu du osasun arlokoak ez diren kontsultetarako. Beraz, larrialdikoak edo osasun-arlokoak ez diren kontsulta eta dei guztiak Herritarren Arretarako zerbitzuaren bidez egin behar dira: 012 telefonoa, posta helbidea navarra@navarra.es eta txata http://chat.navarra.es.

Helburua da herritarrek Administrazioarekin komunikatzeko hiru bide horiek argi eta garbi identifikatzea. Modu horretan, informazioa eskuratzea nahiz kontsulta zehatzak egitea errazten da, azken finean, zalantzen aurrean erantzuteko gaitasuna eta bizkortasuna arintzea eta hobetzea lortuaz.

Baliabideak indartzea

Herritarrak Artatzeko Zerbitzuak antolamendua eta langile-kopurua indartu ditu; hots, 11 langile izatetik 16 langile izatera 012an, azken egunetan gehitzen joandako kontsulta-kopuruari erantzute aldera. 012ko taldearen telefono bidezko arreta-ordutegia lanegun guztietan eskaintzen da goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara.

012 telefonoan deiak ugaritu egin dira alarma-egoerak eta Estatuan nahiz Nafarroan egoerari aurre egiteko hartzen ari diren neurriek sortutako salbuespenezko egoera dela-eta. Alarma-egoera dekretatu zenetik martxoaren 31ra bitarte, guztira 11.455 dei artatu dituzte; hau da, iazko denboraldi berean baino apur bat gehiago. 012ko taldeak egunean batez beste 1.041 dei erantzun ditu. 

Erantzundako deien %63,55 enpleguaren inguruko kontsultak izan dira, eta udal-jardueretarako deiak dezente gutxitu dira. COVID-19aren krisia medio hartutako neurriekin zerikusia duten deiak, ordea, ugari dira.

Telefono bidezko arreta-zerbitzura, 948 012012 telefonora deituta ere sar daiteke, 012ra deitzeaz gain. Telefonia mugikorreko konpainia guztietatik egin daitezke deiak telefono horretara, Nafarroatik kanpo, eta doakoa da mugikorretan nahiz finkoetan telefoniako tarifa planak dituzten erabiltzaile guztientzat.

Horrez gain, herritarrek kontsultak egin ditzakete Herritarrak Artatzeko navarra@navarra.es posta elektronikoaren bidez. Bide honetako arretak %192 gehitu dira 2019ko denboraldi berarekin alderatuta. Guztira, 1.184 email jaso dira, eta iazko denboraldi berean 405 posta elektroniko jaso ziren. Gainera, Herritarrak Artatzeko txatean guztira 86 kontsulta jaso dira; hots, 2019ko denboraldi berean baino %91 gehiago.

COVID-19aren inguruko ohiko galdera, osasun-arlokoak ez direnak

Nafarroako Gobernuko herritarren arretarako taldeak, departamentu guztietako unitateekin elkarlanean, martxoaren 20an argitaratu zuen coronavirusnavarra web orrialdeko gomendioen atalean, koronabirusari buruzko ohiko galderen dokumentua (osasun-arlokoak ez diren galderena), herritarrei informazio egiazkoa eta osoa ematearren.

Dokumentua ia egunero eguneratzen da neurri berri bakoitzarekin, eta estatu-mailan nahiz foru-mailan moldatzen da betiere herritarrentzat interesgarria bada. Une honetan (gogoratu etengabe eguneratzen dela), galdetegian 298 galdera eta erantzun daude, gaikako 14 arlotan banatuta:  animaliak; soldatapekoak, autonomoak eta enpresak; Iruñeko Udala; zirkulazioa, mugikortasuna eta garraioak; merkataritza eta enpresak; kontsumoa eta turismoa; kultura, liburutegiak, artxiboa eta museoak; eskubide sozialak; hezkuntza; Nafarroako Foru Ogasuna; aisia eta sinesmenak; pertsona migratzaileak; zerbitzu publikoak eta kudeaketak; eta etxebizitza.

Dokumentuak harrera oso ona izan du, eta hori kontsultatzea gomendatzen da Nafarroako Gobernuak arretarako dituen telefono-zerbitzuak eta zerbitzu telematikoak erabili aurretik.

Ohiko galderen dokumentura esteka honen bidez sar daiteke: COVID-19aren inguruko eta osasun-arlokoak ez diren zalantzen erantzuna