Descárgate la app
Santos Indurainek Doneztebeko Oinarrizko Osasun Eremua bisitatu du
2020ko otsailaren 24a
Santos Indurainek Doneztebeko Oinarrizko Osasun Eremua bisitatu du
Osasun Departamentuko kontseilari Santos Induráinek Doneztebeko Oinarrizko Osasun Eremua (OOE) bisitatu du gaur goizean. Eremu horretako osasun-kontseiluan parte hartu, herriko osasun-zentroa bisitatu eta, joan den urritik, Erradiologia eta Erretinografia Zerbitzuaren funtzionamendua nabarmendu du. Malerrekako paziente eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua hobetzen du, espezialitate horiek Nafarroako hiriburuko osasun-zentroetara bideratzea saihestuz.
Zonako Lehen Arretako taldearen zuzendariak, Monica Martinek, eta Erizaintzako buruak, Aranzazu Aguerrek, Indurain kontseilariari harrera egin eta Doneztebeko osasun-zentrora gaur goizean egindako bisitan lagundu diote. Indurainek positibotzat jo du pasa den urriaren 23an Erradiologia eta Erretinografiako Zerbitzua ireki izana, “biztanleriari arreta hobea eskaintzen baitio, osasun-langileek ebazteko duten gaitasuna gehituaz eta gaixoek irudi bidezko diagnostikoa lortzeko Iruñeko beste zentroetara beharrezkoak ez diren joan-etorriak egin beharra saihestuaz”. Zehazki, zerbitzu hori ematen hasi zirenetik, Nafarroako hiriburuko zentroetara joateko zortziehun joan-etorri inguru saihestu dira.
Bisitan izan dira, halaber, Lehen Arretako kudeatzailea, Manuel Carpintero; Nafarroa Iparraldeko zuzendariordea, Susana Miranda; Laguntza Zaintzen eta Etxez Etxeko Arretaren zerbitzuko burua, Ana Ariztegui; eta Doneztebeko alkatea, Santiago Uterga.
Erradiologia aretoa azken generazioko X Izpien ekipoarekin errobotizatuta dago, eta, hori jartzeko, 162.000 euroko inbertsioa egin behar izan da. Ekipoak goi-maiztasuneko sorgailu bat du, mikroprozesadoreak kontrolatua, eta aparatua automatikoki kokatzeko aukera ematen du, irudien abiadura eta kalitatea nabarmen hobetuaz. Horrez gain, X Izpien ekipoari esker, paziente bakoitzak zehatz-mehatz zenbateko erradiazio-dosia jasotzen duen jakin daiteke.
Erradiologia Zerbitzua 11:40tik 19:00ak arte egoten da martxan asteko lanegunetan eta 10:00etatik 20:00etara larunbat, igande eta jai-egunetan, larrialdien zerbitzuarentzako laguntza gisa. Zerbitzu sortu berriaren arretaz Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) Erradiologia Zerbitzuko langile teknikoak arduratzen dira, sistemak aukera ematen baitu proba erradiologikoak Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideko (NOZ-O) sareko edozein puntutan ikus ahal izateko.
Zerbitzu berriaren lehen hilabeteetan –2019ko urriaren 23tik 2020ko urtarrilaren 31ra bitartean— 611 gaixo artatu dira, %80 Lehen Arretako langileek eskatuta, %19 Larrialdien Landa Zerbitzuak eskatuta eta %1 Laguntza Espezializatuko profesionalek eskatuta.
Artatutako gaixoen %50a Doneztebeko oinarrizko osasun-zonakoa da, %41a Elizondoko oinarrizko osasun-zonako, %8a Lesakako oinarrizko osasun-zonakoa eta %1a hurbileko beste zona batzuetakoa.
Lehen Arretaren Estrategian ezarritako gidalerroen arabera, osasun-etxe horretan erretinografo eta tonometro bat jarri dira, 23.602 euroko inbertsioa eginda. Erretinografien eta tonometrien jarduera astean bi egunetan egiten da, eta, abian jarri zenetik, 134 gaixori egin zaizkie erretinografiak (64 Doneztebeko OOZkoak, 64 Elizondoko OOZkoak eta 6 Lesakako OOZkoak).
Zonako Osasun-kontseilua
Osasun-zentroan izan ondoren, Indurain kontseilaria oinarrizko zonako gurasoen ordezkariekin bildu da, zonako laguntza pediatrikoaren jarraipenaz hitz egiteko. Jarraian, berriz, oinarrizko zonako osasun-kontseiluaren bileran parte hartuko du, eta, bertan, Osasun Departamentuak aurreikusitako jarduera-lerroen berri eman nahi die kideei. Era berean, oinarrizko zonako osasun-profesionalen eguneroko lana eta ahalegina aitortu nahiko ditu, biztanleei kalitatezko zerbitzua eta arreta eskaintzeagatik. Kontseiluaren burua Doneztebeko alkatea izango da.
Ezarritako gai-zerrendari jarraiki, ondorengo gaiak jorratuko dituzte: Pediatria-zerbitzuaren egoera, Erradiologia eta Erretinografia zerbitzuen bilakaera, Aurretiazko Borondateei buruzko dokumentazioa eta arratsaldetako administrazio-zerbitzua. Lehen Arretako taldearen zuzendaritzak, halaber, esku-hartze komunitarioko proiektuen (haurren loditasuna, haurtzaroko tratu ona, amagandiko edoskitzea, e.a.) eta beste erakunde sozialekiko lankidetzen eta lehen sorospenetan trebatzeko prestakuntzaren berri emango du.
Zonako Osasun-kontseilua oinarrizko zona osatzen duten udalerrietako ordezkariek, zonan kokatutako eskola-kontseiluetakoek nahiz herritarren, kontsumitzaileen, erabiltzaileen eta bizilagunen elkarteetako ordezkariek osatzen dute.
Horrez gain, Indurain kontseilariak bilera teknikoa egingo du Lehen Arretako taldea osatzen dutenekin.
Doneztebeko Oinarrizko Zona
Doneztebeko Arretako Oinarrizko Zonan Malerrekako eskualdeko 13 udalerri sartzen dira, eta horiek oso sakabanatuta daude 262 km2-ko azaleran; biztanleriari dagokionean, berriz, 5.386 biztanle hartzen ditu guztira. Doneztebe beraz gain, udalerri hauek hartzen ditu: Bertizarana, Donamaria, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Beintza-Labaien, Oiz, Saldias, Sunbilla, Urrotz eta Zubieta.
Zona horretako biztanleria osoari erreparatuta, 906 pertsona (%16,8) 15 urtetik beherakoak dira eta 514 (%9,5) 75 urtetik gorakoak. 40 eta 60 urte arteko biztanleak, berriz, nagusi dira.
Beste zonekin alderatuta, Doneztebek 14 eta 19 urte arteko amen jaiotza-tasa txikiena du (%1,7) eta 80 urteko edo gehiagoko emakumeen pertsona bakarreko etxeen portzentaje baxuena (%26,8). Aldiz, 80 urteko edo gehiagoko gizonei erreparatuta, pertsona bakarreko etxeen portzentajea (%21,7) Foru Komunitateko altuena da.
Doneztebeko OOZn Lehen Arretako zerbitzua ematen duen osasun-taldea lau medikuk, pediatra batek, bost erizainek, lanaldi partzialeko gizarte-langile batek eta hiru administrarik (bat lanaldi partzialean) osatzen dute. Beste hiru mediku eta hiru erizain aritzen dira larrialdiak artatzen asteko lanegunetan 20:00etatik aurrera eta asteburuetan eta jai-egunetan. Talde hori osasun-zentroaz eta beste 9 kontsultategiz arduratzen da. Erradiologia eta Erretinografia zerbitzuez gain, Oinarrizko Zonako taldeak ekografiak eta kirurgia txikiak ere egiten ditu.
Doneztebeko egungo osasun-zentroa 2019ko uztailean jarri zen abian.
Jarduerari buruzko datuak
Doneztebeko osasun-zentroan, 2019an zehar, kontsulta-kopuru hauek artatu ziren: helduen 15. 837 kontsulta mediko presentzial, pediatriako 2.993 kontsulta, helduen erizaintzako 9.752 kontsulta, pediatriako erizaintzako 2.515 kontsulta eta gizarte-langilearen 490 kontsulta. Halaber, etxez etxeko 2.521 kontsulta egin ziren eta 11.454 kontsulta ez presentzial. Kontsulten %87,5 24 ordutik denborako epean artatu ziren.
Arreta Espezializatura eta Ospitale Arretara deribatutako lehen kontsultak
Doneztebeko Oinarrizko Zonatik, 1.674 deribazio egin dira Arreta Espezializatura eta Ospitale Arretara, eta horietatik 1.374 kontsulta presentzialak izan dira eta 300 ez presentzialak; hau da, 256,8 deribazio 1000 TIS bakoitzeko. Era horretan, Nafarroako batez bestekoaren azpitik kokatzen da, eta, 2018ko tasarekin alderatuta, kopurua %7,1 jaitsi da.