Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 2019-2022ko Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta Estrategia berria onartu du osasun-sistemaren ardatz nagusia indartzeko
2019ko maiatzaren 22a
Nafarroako Gobernuak 2019-2022ko Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta Estrategia berria onartu du osasun-sistemaren ardatz nagusia indartzeko
Nafarroako Gobernuak Nafarroako 2019-2022ko Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta Estrategia berria onartu du gaurko bilkuran. Estrategia horrek emaitzei dagozkien giltzarrizko 23 helburu, 14 proiektu estrategiko eta 63 ekintza-ildo bildu ditu, Lehen Mailako eta Komunitateko Arretak osasun-sistema publikoaren egiazko ardatz nagusitzat duen eginkizuna indartzeko.
Estrategia Gobernuaren konpromiso programatikoetan aurreikusita zegoen, eta zenbait profil profesionalen eskuduntzak eta eginkizunak handitzea proposatzen du, Lehen Mailako Arretari egungo gizartearen erronka asistentzial eta sozial berriei aurre egiteko finantzaketa eta beharrezko baliabideak bermatzeaz gain.
Estrategiaren erabateko hedapena bukatu ondoren, 2022an, urteko gastua 2018an baino 19,9 milioi handiagoa izanen dela kalkulatu da. Igoera horren % 75 langileen kapituluari zuzenduko zaio, eta horri esker, beste 111 lanpostu sortzeko aukera izanen da.
Herritarrengandik hurbilen dagoen osasun-maila. Zahartzeari arreta emateko giltzarrizkoa.
Agirian gogoratu denez, Estatuko zein nazioarteko aditu guztien esanetan, “sin una Lehen Mailako Arreta indartu eta ahaldundu gabe, ez dago epe luzean iraunkorra izaten ahal den Osasun Sistemarik”.
Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) nazioarteko 69. Biltzarrean, Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta indartzeko eskatu zien gobernuei, pertsonak eta hauen beharrak ardatz dituzten zerbitzu integratuak garatu ahal izateko.
Estrategia berrian jasotako definizioaren arabera, Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta osasun-sistemarako sarbidearen oinarrizko maila da, herritarrengandik hurbilen dagoena eta pertsona benetan ardatz duen kalitateko arreta jarraitua, integrala eta zeharkakoa emateko ardura duena.
Agiriak aintzakotzat hartu ditu “azken 30 urteotan Nafarroan Lehen Mailako eta Komunitateko Arretak izandako lorpenak eta zerbitzu-zorroaren handitze nabarmena”, baina argi utzi du nahitaezkoa izanen dela garrantzizko aldaketak egitea, Lehen Mailako Arreta osasun-sisteman nahiz gizartean gertaturiko azken hamarkadetako aldaketa sakonetara eta bereziki herritarren zahartzeari lotutakoetara egokitzeko.
Lehen Mailako Osasun-Arreta giltzarrizkoa da banakako prebentziorako eta toki eremuan osasuna eta esku-hartze komunitarioa sustatzeko estrategien bultzadarako. Ildo horretan, estrategiak “inoiz galdu behar izan ez duen izaera komunitarioa” berreskuratzea du helburu, “funtsezkoa baita herritarren osasuna hobetzeko eta esparru honetan gertatzen diren desberdintasunak murrizteko”.
Agiriak dioenez, “zahartuz doan gizarte batean, osasun-zainketak, sanitarioak zein soziosanitarioak, etxez etxeko zainketak barne, Lehen Mailako Arreta berriaren ardatz bihurtuko dira. Honek lehentasuna eman beharko die zahartze aktiboaren aldeko programen garapenari, ahultasunaren detekzioari, pertsonen autonomia funtzionalaren ebaluazio eta hobekuntzari eta mendekotasunaren prebentzioari”.
Horren harira adierazi du “osasun-arazo kronikoen etengabeko hazkundeak, askotan bizimoduari lotuta, pazientea ahalduntzera eta nork bere osasuna zaintzeko duen gaitasuna eta inplikazioa areagotzera behartzen duela”. Esparru honetan ere, erizaintzaren eginkizuna nahitatezkotzat jo da.
Lurralde mailako ekitatea hobetzea da Lehen Mailako eta Komunitateko Arreta Estrategia berrian bildutako lehentasun osoko beste alderdi bat, landa inguruneko biztanleriaren errotzea sustatzeko, landa eremuetako herritarren segurtasuna bermatuko duten larrialdiei lehentasuna emanez.
Emaitzei dagozkien giltzarrizko helburuak
Estrategian, emaitzei dagozkien giltzarrizko 23 helburu jaso eta adierazle zehatzak finkatu dira ondokoak bezalako xedeak lortzeko:
Etxez etxeko kontsulta programatuen kopurua bikoiztea.
Saioen batez besteko iraupena % 10 gehitzea Familia-Medikuntzan.
Erizaintzan eta gizarte-lanean artatutako kasu akutuen kopurua % 50 gehitzea.
Komunitateko prebentzioa eta esku-hartzea bultzatzea tabakoaren kontsumoa % 5 murrizteko, haurren obesitate-tasa % 10 gutxitzeko eta biztanleriaren ariketa fisikoa % 5 gehitzeko.
Desgaitasuna eta arrisku psikosoziala goiz antzematea, gutxienez 6 urtetik beheitiko adingabeen % 90etan eta adinekoen % 75etan.
Paziente kroniko larrien eta paliatiboetan daudenen % 80ri esku-hartze soziosanitariorako plan pertsonalizatua eskaintzea, auto-zainketei buruzko prestakuntza eta zaintzaile nagusiarentzako laguntza barne hartuz.
Paziente kronikoetan saihesten ahal diren ospitalizazioen tasa % 5 gutxitzea.
Nafarroako biztanleriaren % 75ek bizi-euskarri aurreratua egiten ahal duen osasun-baliabideren bat gertu izatea, 15 minututik beheitiko distantzian.
Estimazio ekonomikoa
Estrategian sartu den “Egoera Ekonomikoa”-ren harira, gastua pixkanaka-pixkanaka igoz joatea aurreikusi da planaren lau urteko indarraldian, eta horrela, 2022an, urteko gastua 2018koa baino 19.900.000 € handiagoa izanen da.
Estrategia guztietan gertatzen den bezalaxe, ezinezkoa da aurrekontu zehatza finkatzea, aurreikusitako ekintzak bukatu eta horien eragina aztertu arte. Nolanahi ere, Estrategian aurreikusitako ekintzak oso-osorik garatu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da Nafarroako Parlamentuak behar adinako kreditua onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, baita Funtzio Publikoak aurreikusitako lanpostu berrien sorrera baimentzea ere.
Osasun Departamentuak gogoratu duenez, Estrategian aurreikusitako ekintza batzuk abian daude jadanik eta inpaktu ekonomikoa dute 2018az geroztik, batez ere, lanpostu berrien sorreragatik eta ekipamenduan egindako inbertsioengatik; hala nola, ekografoak jartzea oinarrizko osasun-eremu guztietan edota erradiologia zerbitzua ezartzea Altsasu, Zangoza, Buztintxuri, San Adrian eta Doneztebeko osasun-zentroetan.
Langileei buruzko aurreikuspena
Teknologia oinarri duen ospitale barneko arreta eredu hiperespezializatuaren aldean, Estrategia berriak Lehen Mailako Arretari zuzendutako Osasun Sistemako langileriaren arloko aurrekontua pixkanaka-pixkanaka igotzea proposatzen du, profesional horiek arreta bio-psiko-sozialeko eredu integral humanizatuagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko aukera izan dezaten.
Horrela, aurreikusitako Egoera Ekonomikoaren arabera, 2019-2022ko Estrategia honen indarraldian beste 111 lanpostu sor litezke Lehen Mailako Arretako Taldeetan (25 Familia-Medikuntzan, 5 Pediatrian, 35 Komunitate-Erizaintzan, 15 Pediatriako Erizaintzan, 17 Gizarte Lanean eta 14 Administrazioko Langilerian).
Erizaintzako langileen igoera handiago hori estu-estu lotuta dago etxez etxeko arretan, sustapen komunitarioan, eskola eremuko esku-hartzeetan, hezkuntzako jardueretan eta eritasun kronikoen inguruko auto-zainketetan izandako beharren hazkundearekin.
Gainera, Lehen Mailako Arreta Estrategiaren barnean, Arreta Soziosanitarioko Barrutiak garatzeko eta Eskualdeetako Larrialdi Zerbitzu berriak hedatzeko behar den langileria arloko igoera aurreikusi da, eta guztira, beste 60 lanpostu baino gehiagoren sorrera ekar lezake.
Bestalde, urtean, 12 Barneko Mediku Egoiliar (BAME) gehiago sartzea aurreikusi da Familia-Medikuntzako zein Pediatriako espezialistetan dagoen defizitari aurre egiteko (eskasia hau Estatu osoari dagokio), eta lehendabiziko aldiz, Barneko Erizain Egoiliarren prestakuntza sartu da, 15 plaza berri tarteko.
Parte-hartze bidezko prozesua
Estrategia lantzeari ekin baino lehen, parte-hartze bidezko prozesu zabala garatu da gizartean nahiz profesionalen artean. Lehendabizi, Oinarrizko Agiriaren jendaurreko aurkezpena egin zen; gero, parte hartzeko lau saio egin ziren, eta bukatzeko, parte-hartze bidezko prozesuaren emaitzak ezagutzera emateko jardunaldia antolatu zen.
Gardentasunari buruzko Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, agiria dagozkion Aldez Aurreko Kontsulta eta Jendaurreko Erakusketa prozesuetan izan da Nafarroako Gobernuaren Gardentasun Atarian.
Halaber, Lehen Mailako Arretako Gerentziak bilerak antolatu ditu Lehen Mailako Arretarekin zerikusia duten sozietate zientifikoekin eta elkarte profesionalekin, eta agiria Lehen Mailako Arretari buruzko Batzorde Tekniko Asistentzialean eztabaidatu da.
Parte-hartze bidezko prozesuaren ondoren, idatzizko 203 proposamen jaso ziren, guztira; horietarik, % 72,5 oso-osorik onetsi da eta beste % 15 partzialki kontuan hartu da.