2019ko uztailaren 19a

Abian jarri dute Doneztebeko Osasun Zentro berria 5.300 pertsonari baino gehiagori zerbitzua emateko

Domínguez kontseilariak bisitatu ditu gaur goizean ia 3 milioi euroko inbertsioa suposatu duten instalazioak
Irudi galeria

Osasuneko jarduneko kontseilari Fernando Domínguezek bisitatu du gaur goizean, aste honetan bertan abian jarri diren Doneztebeko Osasun Zentroko instalazio berriak.

Nafarroako Gobernuaren 2,9 milioi euroko inbertsioari esker sortutako zentro berri honek Doneztebeko oinarrizko osasun-eremuko herriak artatzen ditu: Elgorriaga, Beintza-Labaien, Urrotz, Saldias, Sunbilla, Ituren, Eratsun, Ezkurra eta Zubieta. Atxikitako biztanleriari dagokionez, guztira 5.338 osasun-txartel esleituak ditu.

Domínguez kontseilariarekin batera agertu dira Osasunbideko zuzendari kudeatzaile Óscar Moracho, Lehen Mailako Arretako zuzendari kudeatzaile Santos Induráin, Ipar Eremuko Lehen Mailako Arretako zuzendariorde Borja Azaola eta Doneztebeko alkate Santiago Uterga. Ekitaldian izan dira, halaber, Mónica Martín, zentroko zuzendaria; Aranzazu Aguerre, erizaintzako burua; Osasun Kontseiluko kideak, eskualdeko udal ordezkariak eta zentroko langileak.

Gainera, zentroak, osasun-eremuko Lehen Mailako Arretarekin batera, eskualde osoko Erretinografia eta Erradiologia zerbitzuak ematea ere aurreikusi da, uda igaro ondoren.

Eraikin berriak, 1.400 metro koadroko azalera tarteko, 16 areto ditu kontsultetarako, erabilera anitzeko bi areto eta erradiologiako areto bat, baita harrera-guneak eta komunak ere. Kontsulta-aretoetako hiru familia-medikuntzakoak izanen dira, lau erizaintzakoak, bat pediatriakoa, bat gizarte-lanekoa, bat larrialdietakoa, bat erauzketak eta proba osarriak (espirometria, ekografia, etab.) egiteko, bat estimulazio goiztiarra egiteko, eta beste bat albaitaritza-bulego bezala erabiliko dena.

Hauexek dira osasun-zentro hau artatuko duen lantaldeko kideak: Familia-Medikuntzako 4 profesional, Pediatriako 1, Erizaintzako 5, gizarte-langile 1 eta 3 administrari, baita Landa Larrialdi Zerbitzuko 6 profesional ere (Medikuntzako 3 eta Erizaintzako 3).

Azkenik, gogoratu behar da oinarrizko osasun-eremu honek kontsultategiak ere badituela leku hauetan: Elgorriaga, Beintza-Labaien, Urrotz, Saldias, Sunbilla, Ituren, Eratsun, Ezkurra eta Zubieta.

Erradiologia Zerbitzua

Zentro berriak azken belaunaldiko X izpien ekipamendua izanen du, 162.000 euroko kostua tarteko. Honi esker, herritarrentzako arreta hobetzeaz gain, osasun-profesionalen erabakitzeko gaitasuna aregotu eta irudi bidezko diagnosietarako Iruñera joan beharra saihestuko du.

Erradiologia aretoa robotizatuta dago eta frekuentzia altuko X izpien sorgailua izanen du, mikroprozesagailu baten kontrolpean, aparatuaren posizionamendu automatikoa errazteko, irudien kalitatea eta abiadura dexente hobetuz. Horrez gain, ekipamenduak miatutako pertsonak proban jaso duen erradiazio dosia ezagutzeko aukera ematen du.

Proba erradiologikoak ez dira formatu fisikoan eginen, formatu digitalean baizik, eta Osasunbideren sareko edozein puntutatik ikustatzen ahalko dira.

Aurreikuspenen arabera, zerbitzu berria urrian abiatuko da, ekipamendu berria instalatzeko lanak bukatu bezain laster, eta Nafarroako Ospitaleguneko erradiologia zerbitzuari atxikitako teknikariek artatuko dute.

Horrela, Doneztebeko osasun-zentroa gehitu zaie, Osasunbideak oraingo legealdian erradiologia-aparatuez hornitu dituen Nafarroako osasun-zentroei, herritarrek osasun-zerbitzuetara duten irisgarritasuna hobetu eta Lehen Mailako Arretaren erabakitzeko gaitasuna gehitzea xede duen programa bati esker. Erradiologia zerbitzua Nafarroako eskualdeetan barna deszentralizatzeak 1,6 milioi euroko guztizko inbertsioa eragin du.

Hauexek dira erradiologia zerbitzua ematen duten gainerako osasun-zentroak: Altsasu, Zangoza, San Adrian, Buztintxuri eta Tafalla.