2019ko urriaren 30a

Gobernuak foru-intereseko inbertsio moduan aitortu du Iruñeko Txantrea auzoko Bero Zentrala eta Sarea

Energia berriztagarrien iturri horrek gasa modu progresiboan ordezkatzea ahalbidetuko du

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran hartutako akordioaren bitartez, foru-intereseko inbertsio moduan aitortu du Iruñeko Txantrea auzoko Bero Zentralaren eta Sarearen proiektua.

Gogoratu behar da Gobernuak foru intereseko inbertsio bezala deklara ditzakeela Nafarroako garapen ekonomiko, sozial edo lurralderako garrantzi berezia duten proiektuak. Izendapen hori lortzen duten ekimenek lehentasunezko eta premiazko bultzada izaten dute ondoren, Nafarroako administrazio publiko guztiekin egin beharreko izapide ezberdinetan. Era horretan, esate baterako, erdira murrizten dira jarduera ezartzeko, hirigintza-plangintza egiteko edo gauzatzeko, irekitzeko edo funtzionamendurako lizentziak izapidetzeko aurreikusitako epe arruntak.

Proiektuaren edukia

Proiektuaren bitartez, esku-hartze orokorraren kudeaketa egingo da Iruñeako Txantrea auzoan, beroaren sare handia bat (district heating) garatzeko, zeina basoko biomasa, energia iturri berriztagarriarekin elikatuko den. Beroaren zentral horrek berogailuak biomasarekin hornitu eta gasa ordezkatuko du modu progresiboan sare ezberdinetan eta egun dauden bero-kooperatibetan, zein inguruko eraikin publikoetan.

Nasuvinsak sustatutako proiektuak bestelako ekintzak ere hartuko ditu beregain, horien artean; energia birgaitze zein auzoko birsorkuntza bertako eraikinetan (eraikinen inguratzaile termikoa eta hobekuntza eta instalazioen eta bero-sareen energia efizientzia), horrek energiaren kontsumoan aurreztea eragingo du.

Bero zentrala eta sarea ezartzeko bideragarritasun-azterketaren arabera, proiektua bi fasetan garatuko da: lehen fasean, bero zentrala eta sarea eraikiko da, 2020ko abenduaren 1ean martxan jartzearekin batera, eta hurbileneko kooperatibak (2.200 etxebizitza) eta auzo horretan hornidurak dituzten eraikin publikoak hornituko ditu; beroaren sorkuntzaren potentzioa indartzeko fasean, bigarren berogailu bat ezarriko da potentzia 9MW potentzira igoz, hornidura 1.800 etxebizitzetara helarazteko, eta zerbitzua inguruko beste herri batzuetara ere zabaltzeko aukerarekin, Burlata eta Antsoain.

Bero zentrala ENGIE Servicios Enérgeticos SA enpresak eraiki eta ustiatuko du, zentrala eraikitzeko eta ustiatzeko obraren kontratuaren emakidadun gisa 25 urteko denboraldirako. Kostua erabiltzaileek zerbitzua erabiltzearen truke ordainduko duten prezioarekin ordainduko da zuzenean, eta, aldi berean, enpresak NASUVINSAri urteko ustiapenaren kanona ordaindu beharko dio.

I. fasean, inbertsio osoa (9,8 milioi euro) honela banatuko da: emakidadunaren inbertsio soziala (2,9 milioi instalazioetan) eta NASUVINSAren inbertsioa (6,5 milioi obra zibilean, sare eta urbanizazioan, %50a PO FEDER 2014-2020 Nafarroa Programak diruz lagunduta gehi 0,4 milioi Iruñeko eta Burlatako Udalei ordaindu beharreko tasa eta EIOZean). II. faseko inbertsioa (2,7 milioi) oso-osorik sozietate emakidadunak ordaindu beharko du.

Ingurumen eta ekonomia onurak

Auzoko produkzio termikoa puntu bakar batean (iparraldeko ertzean eta Iparraldeko Ingurabidetik, NA AP 30etik, zuzenean sartuta) zentralizatzearekin, berotegi-efektuko gas-emisioen 15 puntu gutxienez kendu ahal izango dira auzoaren erdigunetik, etxebizitza eta eraikin publikoen artetik.

Produkzioa zentralizatzeak, gainera, beste bi onura ditu: instalazio berriaren errendimendu hobea dela-eta sortutako energia aurreztea, ekipoek ordutegi ezberdinetan egindako kontsumo ezberdinen energia hobeto kudeatzeagatik eta ekipoek errendimendua handiagoa izateagatik; eta, batez ere, energia berriztagarriaren bertako iturria erabiltzea, hots, basoko biomasa.

Proiektuan kalkulatutakoaren arabera, isuriak 7.000 tCO2-eq aurreztuko dira; hau da, egungo egoeraren gainean %80tik gora murriztuko dira.

Garapen ekonomikorako duen garrantziari eta enplegua sortzeko izango duen inpaktuari erreparatuta, proiektua abian jartzearekin efektu garrantzitsua lor daiteke basoko baliabideak tokian ustiatzeko planetan. Bestalde, funtzionamendurako 6.000 eta 13.000 tona arteko biomasa beharko da urtean, eta horrek kate logistiko egonkorra sortzea erraztuko du. Halaber, toki-erakundeentzat, diru-sarrera inportanteak berma ditzake, proiektuan inplikaturiko baso-baliabideen jabeak izanik.

Erabilera termikorako biomasaren ezaugarri bat da enplegua sortzeko eragin handieneko energia-iturria dela, 10.000 biztanle / energia honen kontsumitzaile bakoitzeko 135 enplegu sortzen baitira, gasolioa edo gas naturala bezalako iturri energetikoekin biztanleria horrentzat sortutako 9 enpleguren aurrean.

Bero zentralaren inguruetan Nafarroako Gobernuari dagozkion sei eraikin publiko daude (hezkuntzako eta formazioko zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten hiru, gizarte eta osasun zerbitzuak eskaintzen dituzten bi eta beste bat azpiegiturekin lotua), udal jabegoko beste bi erakinekin batera. Gaur egun, berokuntza eta ur beroa lortzeko, erregai fosileko galdarak erabiltzen dituzte; beraz, berotegi-efektuko gasen isuri handia egiten dute. Modu horretan, eraikin horiek gertu daudenez bero zentralera konektatzen badira, emisioak nabarmen murriztuko dira.

Nafarroak aldaketa klimatikoaren aurrean duen konpromisoa

2018. urtean onartu ziren 2030erako Nafarroako Energia Plana (NEP) eta Nafarroan aldaketa klimatikoari aurre egiteko KLINA Ibilbide Orria. Bietan jasotzen da Foru Komunitateak aldaketa klimatikoaren aurrean duen konpromisoa, gai horren inguruan egindako akordio instituzionalen esparruan; akordioak bat datoz nazioarteko helburuekin.

Foru arauetan efektuak arintzeko neurrien artean ageri da galdaren eta ACS sistema (etxeko ur beroa) fosilen ordez sistema berriztagarriak eta elektrikoak jartzea.

Horrez gain, aipatu behar da Aldaketa Klimatikoaren eta eredu energetikoaren trantsizioaren inguruko Foru Legearen aurreproiektuaren azken zirriborroa idazten ari direla, herritarrek parte hartzeko aurtengo martxoan eta apirilean burututako prozesuaren ondoren. Aurreproiektu horretan jasotzen dira KLINAn eta NEPean 2030erako proposaturiko helburuak; alegia, GEI isurketak 2005ekoekin alderatuta %45 murriztea, berriztagarrien ekarpenaren %50a lortzea eta Nafarroa lurralde "erresilientea" izatea erraztea.

Helburu horien bitartez, egungo joera leheneratu nahi da, indarrean den eredua erabat aldatuta; hain zuzen ere, etxebizitzetan eta zerbitzuen eraikinetan erregai fosileko galdarak pixkanaka kentzea edota isurpen handiak egiten dituztenei auditoria energetikoak, karbono-aztarnaren kalkulua eta emisioak murrizteko planak eskatzea.