Nafarroako Gobernuak Txantrean sustatu duen Bero Zentrala jendarterartu du jardunaldi batean

ENGIE enpresak auzoan bertan tokiko komunitate eta kooperatibei biomasadun eta 2020an abian jarriko den beregoailuaren azpiegituraren ezaugarriak ezagutarazi dizikie
2019ko urriaren 3a
Txantreako Bero Zentrala.
camera_alt Txantreako Bero Zentrala.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez Txantrean sustatu duen Biomasadun Bero Zentrala arratsalde honetan aurkeztuko da jendarteratze jardunaldi batean auzoko komunitate gunean –Iruñerria kaleko 24.zbkian-. Bertan bilduko dira komunitate, elkarte, auzoko kooperatibako kideak, zein Alfonso Pascual, ENGIE enpresako Harreman Instituzionaletarako zuzendaria eta Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria.

Basoko biomasa energia iturri alternatibo eta jasangarri gisa hartzen duen azpiegitura berritzailea Nasuvinsa sozietate publikoak bultzatu du, Iruñeko Txantrea auzoan dagoen goitik beherako energia birgaitzerako eta hiri birsorkuntzarako Efidistrict proiektuaren osagarri eta garapen gisa. Haren ustiapena eta kudeaketa ENGIE Servicios Energéticos S.A. enpresari esleitu zitzaion maiatzean, emakida kontratu bitartez. Enpresak gaur arratsaldean azalduko du eraikuntza lanen hasierarako aurrera eraman duen eta dagoeneko izapidetu duen proiektua.

Lanak, Iruñeko eta Burlatako Udalek beharrezkoa den lizentzia ematen dutenean hasiko dira, izan ere, lur-saila bi udalerri horietan dago. Aurreikuspenen arabera, eraikuntza lanak amaitzen direnean, planta dagoeneko guztiz martxan egonen da, eta datorren urteko, 2020ko, negurako jadanik zerbitzua ematen hasiko da.

Manu Ayerdi kontseilariaz eta energia gisa basoko biomasa erabiliko duen sareak izanen duen funtzionamendua eta horren bero hornidurak berokuntza eta ur bero aurrezpenean eta GEI isurketen murrizketan izanen dituen onurak azalduko dituzten ENGIEko Jordi Serra eta Benoit Senejean teknikariez gain, jardunaldian, Rubén Goñi eta Pablo Muñoz Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen eta Ingurumen zuzendari nagusiek, hurrenez hurren, eta Nasuvinsako bi teknikarik hartuko dute parte, Ana Bretaña Efidistrict proiektuaren arkitekto zuzendariak eta Javier Martínez León ingeniariak, hain zuzen ere.

Bi fasetan 4.000 etxebizitzari zerbitzua emateko ahalmena

Txantreako Bero Zentralak 2.000 etxebizitza baino gehiagoren berokuntza eta ur bero sareei hornidura emateko ahalmena izanen du lehenbiziko fasean, eta bertze horrenbesteri bigarrenean, eta baita Iruñeko auzo horretan hornidurak dituzten zortzi eraikin publikori ere. Zerbitzua, ondoan dauden Burlata eta Antsoain udalerrietako bertze komunitate batzuetara zabaltzeko aukera ere badago.

Energia, Etxebizitza edo Ingurumen sailetatik hiri jasangarritasunaren alorrean azken urte hauetan martxan jarritako zeharkako ekimenen bitartez, Nafarroako Gobernua energia eraginkortasunerako, eraikinen birgaitzerako eta etxebizitza parkean eta hornidura instalazioetan energia berriztagarriak sartzearen aldeko apustua ari da egiten.

Horrela, jatorri fosileko bertze erregai batzuen ordez beroa sortzeko basoko biomasa erabiltzeak GEI isurketen %80ko murrizketa ekarriko du. Horrez gain, jatorriz bertakoa den energia berriztagarria erabiltzeko aukera emanen du, ezpal gehiena Foru Komunitateko basoetatik ekartzea aurreikusten baita.

12,5 milioiko inbertsioa proiektu aitzindari batean

Nafarroako Gobernuak 6,5 milioi euro inbertituko ditu, Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez, Txantreako Bero Zentralaren obra zibilean, urbanizazioan eta banaketa sareen instalazioan. Ekimen aitzindaria da Estatuan, izan ere, proiektua, hasierako inbertsioaren %50 bere gain hartzen duen Lurralde Garapenerako Funts Europarrak finantzatu dituen ekintzen artean aukeratua izan da, energiaren eraginkortasunari, energiaren kudeaketa adimendunari eta energia berriztagarrien erabilerari ematen dion bultzadarengatik. Emakida lortu duen ENGIE enpresak, bere aldetik, bi fasetan gauzatuko du inbertsioaren gainerakoa, beroa lortzeko hiriko sarea martxan jartzeko aurreikusiriko 12,5 milioi euroko aurrekontu guztia osatu arte. Ondoren, Nasuvinsak inbertsioaren parte bat berreskuratuko du, enpresa emakidadunak zentralaren ustiapen urteetan ordainduko duen urteroko kanonaren bitartez.

Manu Ayerdi Foru Gobernuko Garapen Ekonomiko kontseilariaren iritziz, “energiaren trantsizioaren eta klimaren aldaketara egokitu beharraren ezinbesteko erronkak, etxebizitza parkean ere kontsumoa murriztea, energia iturri berriztagarriak sartzea –Nafarroan azken kontsumoaren %20ra heldu dira dagoeneko– eta energia birgaitzea uztartuko dituzten politiken aldeko apustua egitera behartzen gaitu, eraikitako hiria hirigintzaren ikuspegitik birgaitzeko palanka gisa”.

Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Rubén Goñik zuzentzen duen Proiektu Estrategikoen sailak, bere aldetik, egur ziurtatua eta basoko biomasa sustatzeko programa espezifikoa eramanen duela aurrera iragarri du, bertako lehengai hori etxebizitza esparruan sartzeko, arkitekturako estrukturetan erabiltzeko edo ezpala energia iturri gisa erabiltzeko, horrela, egurraren industria, landa guneetako garapenerako motor eta enplegu sortzaile gisa dinamizatuz.