Descárgate la app
Foruzaingoko 1.070 hauteslek beren 23 ordezkari sindikalak aukeratuko dituzte astelehen honetan
2019ko ekainaren 7a
Foruzaingoko 1.070 hauteslek beren 23 ordezkari sindikalak aukeratuko dituzte astelehen honetan
Foruzaingoari atxikitako 1.070 pertsona deituta daude, astelehenean, ekainak 10, beraien 23 ordezkari sindikalak hauta ditzaten.
Hauteskunde presentziala goizeko 6etatik arratsaldeko 6etara bitartean eginen da Foruzaingoak Beloso Alton duen Komisaria Nagusian, Nafarroako Jauregian eta Tuterako komisarian finkatutako hiru hauteskunde-mahaitan. Behin bozketa itxita, posta bidez igorritako bozkak zenbatu eta behin-behineko boto-zenbaketa eginen da.
Duela lau urte aurkeztu ziren sindikatu berberak aurkeztu dira oraingoan: APF, 2015ean 8 ordezkari atera zituena, ELA (6), CSI-F (5), CCOO (3), UGT (1) eta AFAPNA, orduko hartan ordezkaririk lortu ez zuena.
Prozesu honekin, bukaera emanen zaie Foru Komunitateko Administrazioan eta honen erakunde autonomoetan maiatzaren 22an hasitako hauteskunde sindikalei, zeinetan, LAB izan zen ordezkari gehien atera zituen sindikatua (69), jarraian AFAPNA (37), CCOO (34), eta ELA eta UGT (27na) kokatu zirelarik.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lan-araubideko pertsonala da prozesu honetako salbuespen bakarra, izan ere, kasu honetan hauteskunde sindikalak 2016ko uztailaren 1ean egin ziren, eta ondorioz, bertako 400dik gora hautesleak datorren urtean deituko dituzte dagozkien 13 ordezkariak hauta ditzaten.