2019ko apirilaren 5a

2019. urtean larrialdi egoeretan espezializatutako ekintza humanitarioa egiteko, 240.000 euroko diru-laguntzak iragarri dira

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta maiatzaren 2an, osteguna, amaituko da

Nafarroako Gobernuak,, 240.000 euroko diru-laguntzak iragarri ditu, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako, 2019. urtean larrialdi egoeretan espezializatutako ekintza humanitarioa egin dezaten. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta maiatzaren 2an, osteguna amaituko da.

Deialdi honen bitartez, garatzeko bidean dauden herrialdeetako bizilagun ahulenen meseko esku-hartze humanitarioak finantzatu nahi dira, natur hondamendiek zein giza jatorriko gatazkek eragindako muturreko egoerak arintzeko. Hauexek dira deialdiaren helburuak:

-Larrialdi fasean, naturak zein gizakiek eragindako hondamendietako eta ondorio zuzenetako biktimei laguntza eta babesa emateko ekintzak antolatzea, bizirik jarraitzeko eta kaltetuen sufrimendua arintzeko oinarrizko ondasun eta zerbitzuen berehalako horniketa eginez.

-Krisi humanitario kronikoen kasuan, gehien kalteturiko herritarren mesedeko laguntza eta sorospena ematea, batez ere, herritar horiek bertako agintarien laguntzarik jaso ezin dutenean edo agintaririk ez dagoenean.

Gainera, ekintza hauen bitartez, honako ondasun edo zerbitzuen zuzeneko, larrialdiko nahiz berehalako horniketa egiten ahalko da: osasun zerbitzuak, elikagaien banaketa, ura eta saneamendua, elikaduraz besteko elementuen banaketa (higiene-kitak eta oinarrizko babes-egiturak), hezkuntza zerbitzuak eta oinarrizko beharrei aurre egiteko laguntza ekonomikoa.

Laguntza hauek jaso nahi dituzten entitateek eskabideak nagusiki modu telematikoan aurkezten ahalko dituzte, dagokien dokumentazioarekin batera, Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxako “Tramitatu” aukera erabiliz edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Nagusiaren bitartez. Bai eta Eskubide Sozialen Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña) nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako lekuetan ere. Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernutik kanpoko erregistro ofizialen bitartez aurkeztuz gero, kudeaketa-unitateari jakinarazi beharko diote egun berean, servcoopdes@navarra.es helbide elektronikora mezua bidaliz.

Baloratzeko irizpideak

Dirulaguntzak ematerakoan, Departamentuak kontuan izanen ditu GGKE eskatzaileari buruzko hainbat alderdi; hala nola, eragiketa eta finantza ahalmena edota proposamenaren kalitate tekniko orokorra.

Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez hiru eskaera aurkezten ahalko ditu, baina ezin dira modalitate berekoak izan.

Dirulaguntzak ematerakoan, kontuan hartuko dira GGKE eskatzaileari buruzko hainbat alderdi, ekintza-proposamenaren kalitatea eta proiektuaren egokitasuna, Nafarroako lankidetza estrategian zehaztutako zeharkako ikuspegien arabera.

Eragileen kasuan, eragiketa ahalmena eta GKEak Nafarroan duen ezarpena baloratuko dira.

Proiektuari dagokionez, modalitate bakoitzaren arabera, kalitate teknikoa aztertuko da hainbat alderdiren bitartez: egindako azterketa, helburuak, metodologia, gauzatzeko prozesua, jarraipena eta ebaluazioa, besteak beste.

Azkenik, zeharkako ikuspegietan, proposamenek genero-ikuspegia, giza-garapena, garapen iraunkorra, eskubideak eta parte-hartzea eta komunitate-antolaketa uztartzen ote dituzten kontuan hartuko da.

Dirulaguntza hau da Eskubide Sozialetako Departamentuak sustaturiko garapenerako lankidetza programaren lau laguntza-ildoetako bat, etaaurten 9,4 milioi euroko guztizko aurrekontua izanen du. Beste hiru laguntza-ildoen bitartez, Garapenerako Hezkuntza proiektuak eta Sentsibilizazio Ekintzak sustatu, garatzeko bidean dauden herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak bultzatu eta sahararren mesedeko ekintzetarako dirulaguntzak banatzen dira.

2018an bi esku-hartze finantzatu ziren 120.000 euroko laguntza banarekin

2018. urteko deialdian, bi esku-hartze finantzatu ziren: bata, Espainiako Gurutze Gorriarena, eta bestea, Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren Espainiako Batzordea (UNRWA) elkartearena, 20.000 euroko laguntza banarekin.

Laguntza horri esker, Gurutze Gorriak laguntza eman zien 2018ko abuztuan Timbuktu (Mali) aldean izandako uholdeei biktimei, 112 etxebizitza berreraikitzeko lanetan lagunduz eta 500 familiaren elikadura-egoera hobetuz.

Bestetik, UNRWAk Sirian errefuxiatuta dauden Palestinako 2.741 pertsonaren oinarrizko beharrak estaltzen lagundu zuen jasotako laguntzari esker; adibidez, OMEk heldu batentzat gomendatutako nutrizio-beharren bi heren estaliko direla bermatuz, sendagaiak eta berokiak erosiz edota etxebizitzak alokatuz. Familia onuradunek erabakitzen dute laguntza zertara bideratu lehentasunen arabera.