Descárgate la app
Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egiteko 70.000 euroko laguntzak deitu ditu
2022ko otsailaren 24a
Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egiteko 70.000 euroko laguntzak deitu ditu
Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 2022rako 70.000 euroko laguntza-deialdi berria argitaratu du, giza eskubideen arloan esperientzia duten ikerketa-zentro, unibertsitate-institutu eta bestelako gizarte-erakundeentzat. Helburua da Nafarroan giza eskubideen aplikazioa ebaluatzea ahalbidetuko duten giza eskubideen urraketari buruzko proiektuak finantzatzea.
Laguntza hauek jasotzeko epea bihar hasi eta martxoaren 27an amaituko da, egun hori barne. Navarra.es atariko Izapideak atalean dagoen fitxaren bidez egingo da eskaera («tramitatu» botoia), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, zeina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautzen baita.
Deialdi honen bidez, Nafarroan gertatu diren, gertatzen ari diren edo gure erkidegotik kanpoko pertsona nafarrei eragin diezaieketen balizko urraketei buruzko informazioa eskuratu nahi da. Deialdia Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoan (2021-2024) jasotako ekintzetako bat da.
Laguntzak norgehiagokako araubidean aplikatuko dira, dirulaguntzen erakunde hartzaileek egin gogo dituzten txostenen irismena eta garrantzia kontuan hartuta ,eta Nazio Batuen tipologiaren arabera, bi txosten mota barne hartzen dituzte.
Txosten “itzal” motakoaren kasuan, landutako giza eskubidearen aplikazioa aztertzeaz gain, prestatutako informazioa erreferentzia gisa hartzen diren gobernuaren beste txosten edo iturri batzuen informazioarekin alderatuko da, txostenari izaera kritikoa emateko.
Txosten alternatiboen kasuan, hau da, errealitate horien gainean gobernuaren txostenik ez dagoenean edo daudenak zaharkituak daudenean, aztertutako giza eskubidearen aplikazioa aztertzeaz gain, aztertutako egoera hobetzeko proposamen bat gaineratuko da.
Lanen emaitzak, behin amaituz gero, herritarrei aurkeztuko zaizkie, publikoki, baita dirulaguntzen xede diren txostenekin loturiko giza eskubideak aplikatzeko ardura duten maila guztietako erakundeen aurrean ere: tokikoak, estatukoak, Europakoak edo nazioartekoak.
Diruz lagunduko diren proiektuek zorroztasunez egin beharko dituzte giza eskubideen aplikazioari eta izan ditzaketen urraketei buruzko ebaluazio-txostenak, 1948ko Giza Eskubideen Gutunean eta haren ondorengo arau-garapenetan definitutako edozein arlotan.
Neurri honekin ekimen instituzional, akademiko eta sozialen osagarritasuna sustatu nahi da, Nafarroan giza eskubideen aplikazioa hobeto eta zehatzago ezagutzeko.