Descárgate la app
Ollo lehendakariordeak eman dizkie anarkista errepresaliatuaren gorpuzkiak bere senideei
2025ko abuztuaren 21a
Ollo lehendakariordeak eman dizkie anarkista errepresaliatuaren gorpuzkiak bere senideei
Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria den Ana Ollo, buru izan da gaur goizeko ekitaldian. Bertan, senideei eman dizkie Ignacio Francisco Caneda Deza anarkista gaztearen gorpuzkiak. Caneda Estatu Batuetan jaio zen, eta bere aktibismo politikoa zela eta, preso sartu zuten San Kristobal Gotorlekuan 1936ko ekainean. Gerra Zibil garaian ihes egiten saiatu zen, baina harrapatu eta fusilatu egin zuten.
Ekitaldia Berriozarko alde zaharreko enparantzan izan da, han ehortzi baitzuten, beste hogei lagunen gorpuekin batera, San Kristobal Gotorlekuan 1936ko azaroaren 1ean fusilatu ondoren. 2022ko martxoan, Txinparta-Fuerte de San Cristóbal elkarteak Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Planari aurkeztutako txosten batean oinarrituta, Nafarroako Memoriaren Institutuak hobi horretatik gorpuak ateratzeari ekin zion, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin batera. Ekitaldian izan dira Nafarroako Parlamentuko kideak, Berriozarko Udaleko agintariak, memoria elkarteetako ordezkariak, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Nasertic laborategiko talde teknikoak eta biktimaren senideak.
Ignacio Francisco Caneda Deza gaztea O Groveko (Pontevedra) bizilaguna zen; familia, jatorriz, hangoa zen. Hala ere, uste zenaren aurka, ez zen han jaio. Haren amak, Rosa Deza, 1917an emigratu zuen Estatu Batuetara, eta hura handik urtebetera jaio zen, Bridgeporten (Connecticut). Oraindik nerabea zela, Galiziara itzuli zen. Han marinel aritu zen, eta ideia anarkistekin loturak izan zituen. 1934ko uztailaren 11n, Pontevedrako auzitegian kondenatu zuten: 4 urte, 7 hilabete eta egun bateko espetxealdia ezarri zioten. San Kristobal Gotorlekuan 1936ko ekainaren 28an sartu zuten, 18 urterekin, eta han egon zen preso urte hartako azaroan hil zuten arte. Familiak ez zuen jakin non zegoen, harik eta iaz Galiziako prentsan argitaratu zen arte Berriozarren hobitik ateratako Tomás Mardones presoaren gorpuzkiak identifikatuak zituztela; izan ere, horrekin batera argitaratu zen senideekin harremanik izatea lortu ez zen hobi bereko presoen zerrenda ere.
“Bila jarraitzen dugu eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu”, adierazi du Ollo lehendakariordeak
Ekitaldian, lehenbizi agurra egin du Iker Mariezkurrena Berriozarko alkateak. Ondoren, Ignacio Francisco zenaren iloba Rosa González mintzatu da, eta eskerrak eman dizkie osaba zaharraren gorpuzkiak identifikatzea ahalbidetu duten pertsona eta erakunde guztiei. “O Groveko gure senide eta lagunek bidali zizkiguten Galiziako prentsaren esteka batzuk, non eskatzen baitzen Ignacio Francisco Caneda Dezaren senideak harremanetan jar zitezela Nafarroako Memoriaren Institutuarekin”.
Haren hitzaldian nabarmendu du, halaber, Ignacio Franciscoren nazionalitatea kontuan hartuta, 1934an atxilotu zutenetik enbaxada amerikarrak esku hartu zuela askatzea lortzeko, nahiz eta ez zuen arrakastarik izan. Gainera, aipatu du birraitona hil zela “aita batek izan dezakeen minik sakonenarekin: semea hil egin zela ziur egon, eta haren gorpuzkiak non ziren inoiz jakin ez”. “Orain, amaitu du Gonzálezek, Ignacio Francisco bere aitaren eta bi anai-arreben hilobi berean ehortziko dugu O Groven, eta azkenean hantxe hartuko du atseden, hainbeste merezi izan zuen eta hainbat hamarkadatan ukatu zitzaion bakean”.
Jarraian, Ana Ollo lehendakariordeak gorpuzkiak eman dizkio familiari, bai eta horiek hobitik ateratzeko eta identifikatzeko egin ziren txostenak ere. Nabarmendu du, halaber, Nafarroako Gobernuak Desobiratze Planarekin konpromiso irmoa duela, hobi berriak aurkitzeko zailtasunak gorabehera. Era berean, azpimarratu du elkarbizitza demokratikoa sendotu behar dela 1936ko estatu kolpearen ondorioz jasandako indarkeria bortitzaren oroimena ahaztu gabe.
“Memoriaren arloko politiken atzerakada toki askotan gertatzen ari den garai hauetan –nabarmendu du lehendakariordeak– berretsi nahi dut Nafarroako Gobernuak 1936ko kolpe militarraren ondoren gure lurraldea astindu zuen indarkeriaren biktimekin duen konpromisoa. Konpromiso horrek bere horretan dirau, memoriaren arloko hamar urteko politika publikoen ondoren. Bilatzen, ikertzen, prospekzioak egiten eta identifikatzen jarraitzen dugu eta hala jarraituko dugu, norbait aurkitzeko aukerak gelditzen diren bitartean, urriak izan arren. Zaudete ziur. Eta konbentzimenduz eta harrotasunez ari gara, nahiz eta negazionismoaren gerra hotsak gero eta hurbilago entzun, baita basakeriaren aldarrikapena bera ere. Basakeria horrek gure mundua astintzen jarraitzen du gaur bertan, agerian utziz beharrezkoa dugula memoria kritikoa iraganerako, baina baita orainaldirako eta etorkizunerako ere” amaitu du.
Memoriaren Institutuaren Desobiratze eta Identifikatze Plana
2015ean sartu zen indarrean Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Plana. Orduz geroztik, 36 desobiratze egin dira eta 161 gorpuzki berreskuratu dira. Horiez gain, beste 123 prospekzio egin dira, desobiratzerik burutu gabe. Lanek aurrera jarraitzen dute, eta azken hilabeteetan gorpuzkiak aurkitu eta desobiratu dira Jaitzen, Genevillan eta Muniain Gesalatzen.
Gorpuzkiak identifikatzeko, funtsezkoak dira Nasertic-ek DNAren banku publikoarekin egindako lana eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindakoa, bai eta toki erakunde, memoria elkarte eta familien laguntza ere. Bankuak 402 espediente ditu irekiak, eta orain arte 44 identifikazio burutu ditu. Izatez, Nafarroak bere laguntza eskaini du, bai Estatuaren bidez, bai eta banku horrekin eta memoriaren beste tresna batzuekin aldebiko akordioak eginez, identifikazioak errazteko.
Berriozarko kasuan, eta beste batzuetan ere bai, poliki-poliki ari dira identifikatzen gorpuzkiak, biktima horien senideen lagin genetikorik ia ez baitago, haien sakabanaketa geografikoa dela eta. Nafarroako Memoriaren Institutuak beste dei bat egin du laguntza eske: bai egon litezkeen hilobiak aurkitzeko, bai iheslari eta errepresaliatuen senideak topatzeko, haien lagin genetikoekin identifikazio gehiago egin litezkeelako.
Besteak beste, ez dute lortu harremanetan jartzea Berriozarren hobitik ateratako preso hauen senideekin:
• Joaquín Abellán Cerezo, Jumillakoa (Murtzia), 22 urte
• José Pedro Cantero Tejada, Badolatosakoa (Sevilla), 29 urte
• Juan Cruz Villar, Santanderkoa (Kantabria), 19 urte
• Jacinto Curto Pérez, San Juan de Torresekoa (León), 27 urte
• Manuel Hidalgo González, Kordobakoa, 20 urte
• Manuel González Amorós, Torreviejakoa (Alacant), 28 urte
• Félix Manzanares Ortiz, Horcajo de Santiagokoa (Cuenca), 27 urte
• Antonio Marmaneu Estupiña, Castelló de la Planakoa, 43 urte
• Hermenegildo Marquina García, Barakaldokoa (Bizkaia), 25 urte
• Inocencio Martín Arranz, Santa Cruz de la Salcedakoa (Burgos), 44 urte
• Juan Dionisio Ortiz Sanz, Monehuelakoa (Jaén), 27 urte
• Epifanio Osoro Icolbaceta, Durangokoa (Bizkaia), 22 urte
• Bernabé Rodríguez Presa, Leóngoa, 21 urte
• Ángel Santamaría Legaria, Moredakoa (Araba), 35 urte
• Antonio Valdivielso Secada, Valienzokoa (Kantabria), 25 urte
Norbaitek informaziorik badu pertsona horien gainean, edo baldin badaki non egoten ahal diren hobiak edo ehorzketak, edo bere lekukotzaren berri eman nahi badu, harremanetan jar daiteke Nafarroako Memoriaren Institutuarekin, helbide elektroniko honen bidez: inm@navarra.es.