2025ko maiatzaren 31a

Gerra Zibilean hildako pertsona baten gorpuzkiak atera dituzte Genevillan

Memoriaren Nafarroako Institutuak, 2025eko Desobiratze Planaren bidez, bultzatutako lanei esker egindako bigarren exhumazioa izan da astebeteko epean
Deskargatu irudia Irudi galeria

Memoriaren Nafarroako Institutuak Nafarroako Gobernuaren 2025erako Desobiratze Planak bultzatutako lanei esker, bigarren desobiratze bat burutu ahal izan da astebeteko epean. Kasu honetan, Genevillako herrian. Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoak, arkeologia- eta antropologia-lanez arduratzen denak egindako prospekzioak bere emaitzak eman ditu, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuarekin urtero sinatutako hitzarmenari esker. Horrela, herriko zenbait bizilagunek helarazitako informazioak baieztatu ahal izan dira. Horien arabera, litekeena da lurperatzea NA-743 errepidearen eskuineko arekan egotea, herritik 800 metrora gutxi gorabehera, Cabredora bidean.

Hala, 1936ko estatu-kolpearen ondorengo hilabeteetan erail zuten pertsona hori lurpetik ateratzeko lanak egin dira. Bizilagunei jasotako testigantzek adierazten dute Mendabiako pertsona bat zela eta, zenbaiten ustez, bertako garai hartako alkatea izan daiteke. Gogora ekarri behar da Mendabiako bi alkate erahil zituztela testuinguru horretan, Dionisio Salcedo Sádaba eta Jesús Pastor Fernández. Oraingoz, pertsona horren nortasuna baieztatu gabe dago.

2015etik, Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Plana indarrean sartu zenetik, 158 gorpuzki berreskuratu dira 34 hobitik aterata, eta 121 prospekzio ere egin dira, baina ez dira exhumazioetan amaitu. Lanek datozen asteetan jarraituko dute aurtengo urtarrilean onartutako planarekin jarraitzeko.

Memoriaren Nafarroako Institutuak elkarlanerako beste dei bat egin du, bai hobi posibleak aurkitzeko, bai pertsona errepresaliatuen senitartekoak aurkitzeko, horien lagin genetikoek identifikazio berriak egiteko aukera eman baitezakete. Hobi edo ehorzketen kokapenei buruzko informazioa izan dezaketenek edo testigantza partekatu nahi dutenek Memoriaren Nafarroako Institutuarekin harremanetan jar daitezke inm@navarra.es helbidearen bidez.