2026ko azaroaren 17a

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Biriketako Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitateak 500 paziente baino gehiago artatu zituen 2025ean

Pertsona horien % 80 bideratu zituztenetik hamar egun baino gutxiagotan baloratu zituzten unitatean
Representantes de La Unidad Multidisciplinar de Cáncer de Pulmón (UMDCP) 
del Hospital Universitario de Navarra / Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa 
(HUN/NOU).
Representantes de La Unidad Multidisciplinar de Cáncer de Pulmón (UMDCP) del Hospital Universitario de Navarra / Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa (HUN/NOU).   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Biriketako Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitateak gaixotasun horren diagnostikoaz eta tratamenduaz arduratzen diren espezialitateak integratzen eta koordinatzen ditu, kasu bakoitzaren balorazio integrala egiteko eta estrategia terapeutiko egokiena modu indibidualizatuan erabakitzeko, ahalik eta azkarren. Kontsultetan, 2025ean 504 paziente artatu ziren, eta % 80 bideratu zituztenetik hamar egun baino gutxiagoan baloratu zituzten.

Kontsultan artatu ondoren, pertsona horien tratamenduan kirurgia, erradioterapia edo tratamendu sistemikoak sar daitezke, hala nola immunoterapia, kimioterapia edo terapia gidatuak, banaka edo konbinatuta eskain daitezkeenak. Iaz, NOUn 80 bat pazienteri egin zitzaizkien ebakuntza kirurgikoak biriketako minbiziagatik, 170 pertsona baino gehiagori erradioterapia eman zitzaien patologia horrengatik, eta 200 ingururi eman zitzaien hitzordua Onkologia Medikoko Eguneko Ospitaleko terapia farmakologikoetarako, nahiz eta, esan bezala, paziente batzuek tratamendu mota horietako bat baino gehiago izan zezaketen.

Unitateak asteroko saioetan lan egiten du, eta biriketako minbiziaren arretan inplikatutako zerbitzu guztietako ordezkariak joaten dira: NOUko Pneumologia, Erradiodiagnostiko, Anatomia Patologiko, Medikuntza Nuklear, Toraxeko Kirurgia, Onkologia Mediko eta Onkologia Erradioterapikoko ordezkariak. Tuterako Reina Sofia eta Lizarrako García Orcoyen ospitaleak ere ordezkatuta daude. Saio horietan kasuak banan-banan baloratzen dira, paziente bakoitzaren arretarako erabakiak batera hartzeko. 

Gainera, UMDCPk kasuak koordinatzen dituen erizaina du, eta zeharkako eginkizuna betetzen du asistentzia-zirkuituan: kontsulten eta espezialitateen arteko jarraitutasuna errazten du, pazienteak eta familiak orientatzen ditu, eta prozesu diagnostikoan eta terapeutikoan beharrak antzematen laguntzen du.

Unitateak hamar ikerketa-azterlanetan parte hartzen du

Etengabeko prestakuntza eta ikerketa dira unitate honen beste oinarrietako batzuk, eta gaur egun hamar azterlan ingurutan parte hartzen du, saiakuntza klinikoen eta beste ikerketa-proiektu batzuen artean. Jarduera horri esker, estrategia diagnostiko eta terapeutiko berriak garatzen eta ebaluatzen laguntzen da, eta, zenbait azterlanetan, pazienteei tratamendu berritzaileak eskuratzeko aukera ematen zaie.

UMDCPk ematen duen arreta integralak laguntza emozionala eta soziala ere biltzen ditu. Arlo horretan, Psikoonkologiaren lana eta paziente-elkarteekin egindako lankidetza nabarmentzen da —besteak beste, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearekin (AECC)—, bai tratamenduan, bai jarraipenean eta biziraupenean.

Behera egin dute kasuek gizonen artean, baina gora emakumeen artean

Gaur, azaroak 17, Biriketako Minbiziaren Munduko Eguna da. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) datuen arabera, 2025ean 520 biriketako minbizi kasu berri detektatu ziren Nafarroan, eta tumore ohikoenetako bat izan zen. Erasandako gehienak gizonak badira ere (351 kasu, guztizkoaren bi heren), azken hamarkadako joerak erakusten du intzidentziak behera egin duela gizonen artean, eta nabarmen egin duela gora emakumeen artean (169), batez ere 65 urtetik gorakoetan. 

2024an 357 heriotza erregistratu ziren, eta biriketako minbizia da gure inguruneko heriotza onkologikoen kausa nagusia. Ondorioz, lehen mailako osasun-arazoa da.

Tabakismoak biriketako minbiziarekin lotutako arrisku-faktore saihesgarri nagusia izaten jarraitzen du. Sexuen araberako bilakaera desberdinak erakusten du, neurri batean, historian zehar emakumeak beranduago hasi zirela tabakoa kontsumitzen. Adituek azpimarratu dute garrantzitsua dela kontsumitzen hastea saihestea, uztea erraztea eta kearekiko esposizioa murriztea. Era berean, zigarreta elektronikoei eta nikotina duten beste produktu batzuei ere arreta jarri behar zaie. Ildo horretan, NOUk tabakoa erretzeari uzteko kontsulta espezifiko bat du, bi kontsultaz osatua: bat medikoa eta bestea erizaintzakoa. Iaz, 308 paziente artatu ziren bietan.