Descárgate la app
Minbiziak eragindako heriotzek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan: %18 gizonetan eta %13 emakumeetan azken hamarkadan
2026ko otsailaren 2a
Minbiziak eragindako heriotzek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan: %18 gizonetan eta %13 emakumeetan azken hamarkadan
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) egiaztatu du azken hamarkadan minbiziagatiko hilkortasun-tasa doitua, biztanleriaren hazkundea eta zahartzea kontuan hartzen dituena, %18 jaitsi dela gizonetan, eta %13 emakumeetan. Denbora-tarte horretan bertan, gaixotasun hori garatzeko arriskua %8,8 jaitsi da gizonen artean, eta %4,6, berriz, emakumeen artean. Otsailaren 4an ospatuko den Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela eta, Nafarroako Minbiziaren eta Hilkortasunaren Erregistroek emandako datu horiek nabarmendu ditu Osasun Departamentuak, azken hamarkadako intzidentziaren eta hilkortasunaren magnitudea eta joerak aztertu ondoren.
Era horretan, Minbiziaren Erregistroaren zenbatespenen arabera, 2025ean 4.271 kasu berri diagnostikatu ziren (melanoma ez den azaleko minbizia zenbatu gabe), eta horietatik 1.834 kasu emakumeetan eta 2.437 gizonetan. Beraz, 20215ean baino 574 kasu gehiago agertu dira, eta horrek gaixoentzako laguntza-zerbitzuak gehitzea eskatzen du.
Iaz, gizonek izandako minbizi ohikoenak hauek izan ziren: prostata (529 kasu), birikak (351), kolon eta ondestea (344) eta gernu-maskuria (142), kopuru osoaren %56. Emakumeei dagokienean, ohikoena bularrekoa izan zen (506 kasu), eta, ondoren, kolon eta ondestekoa (203), biriketakoa (169) eta umetoki-gorputzekoa (111); oro har, lau tumore mota horiek sexu horretako diagnostikoen %54a osatu zuten.
Zergatik areagotu da minbizia emakumeen kasuan eta gutxitu gizonen kasuan?
Nafarroako Minbizi Erregistroak nabarmendutakoaren arabera, azken hamarkadan minbizia izateko arriskua jaisten ari da urtean %06ko erritmoan gizonengan eta %0,6 igotzen emakumeengan.
Elkarrengandik urruntzen den joera hori batik bat tabakismoarekin lotutako minbiziek azaltzen dute. Neurri handi batean, tabakoaren kontsumoan denboran zehar gertatutako bilakaera hartu behar da kontuan; izan ere, gizonak lehenago hasi ziren erretzen, eta ohitura hori murrizten ere lehenago hasi dira. Hori dela-eta, haien kasuan arriskua txikiagoa dela ikusi da.
Emakumeen kasuan, berriz, biriketako minbiziak eta arrisku-faktore horrekin lotutako beste batzuek (aho-barrunbekoa eta faringekoa edo pankreakoa) gora egin dute, bai 65 urtetik beherakoen kasuan, bai adin horretatik gorakoen kasuan. Emakumeen biriketako minbiziaren Espainiako datuen arabera, halaber, gorakada handia izan da azken hamarkadan, 100.000ko 26tik 40ra igaro baitira, Nafarroan ikusitako aldaketaren oso antzera; hots, 100.000ko 29tik 43ra.
Tabakismoarekin loturiko minbizien intzidentzia-tasak gizonen kasuan emakumeen kasuan baino altuagoak izaten jarraitzen badute ere, gizonen artean honako jaitsiera hauek gertatu dira: %8 biriketako minbizian, %15 esofagokoan, %16 gernu-maskurikoan eta %25 laringe, nahiz aho-barrunbeko eta faringeko minbizian.
Era berean, azken hamarkadan, 65 urtetik beherako eta adin horretatik gorako emakumeengan, bularreko minbiziaren intzidentzia urtean %1 inguru igo zela egiaztatu da, Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan erregistratutakoarekin bat etorriz.
Bestalde, urtean %1,5eko jaitsiera erregistratu prostatako minbiziaren intzidentzia 65 urtetik gorako gizonen artean, eta gazteagoen kasuan tasak bere horretan mantendu ziren.
Beste minbizi batzuk, berriz, intzidentzia-jaitsierak izan dituzte bi sexuetan. Kolon eta ondesteko minbizia %26 jaitsi zen azken hamarkadan, eta horrek erakusten du eragin positiboa izan duela Nafarroan Goiz Detektatzeko 2014an abian jarritako Programak. Gainera, aurreko hamarkadetan ikusitako joerari jarraituz, urdaileko minbiziaren intzidentziak behera egiten jarraitzen du.
Nafarroako heriotza guztien %27 minbizia dela eta gertatzen dira
Heriotza-tasaren Erregistroaren arabera, minbizia medio 1.630 pertsona hil ziren Foru Komunitatean 2024an (956 gizonezko eta 674 emakumezko). Heriotza horiek heriotza guztien %27 dira, %31 gizonen kasuan eta %23 emakumeen kasuan. Gainera, heriotza goiztiarraren kausa garrantzitsua da, 75 urtetik beherakoen heriotzaren %49ra iristen baita.
Azken hamarkadan, gizonen kasuan, heriotza-tasak nabarmen jaitsi dira minbizi-mota ezberdinetan: birikak, %19; garuna, %23; kolon eta ondestea, %24; maskuria, %25, leuzemia, %27; esofagoa, %29; laringea, %29; eta prostata, %30. Emakumeei dagokienez, heriotza-tasak ere behera egin du minbizi hauetan: kolon eta ondestekoa, %29; garunekoa, %31; eta umetoki-gorputzekoa, %39, besteak beste. Intzidentziarekin ikusitakoan ez bezala, heriotza-tasak ez du gorakadarik izan bularreko minbiziaren kasuan.
Hala ere, emakumeen datu negatibo gisa, tabakismoarekin loturiko minbizien gaineko heriotza-tasak igo egin dira: biriketako minbizia, %34; aho-barrunbea eta faringea, %20; eta pankrea, %20. Zifra absolutuetan, biriketako minbizia medio, 112 emakume hil ziren 2024an (66 2014an).
Gaur egun, biriketako minbizia dela-eta gertatzen dira heriotza gehien gizon zein emakumeengan: guztira, 357. 10 kasutatik 8tan tabakismoak eragindakoak izan zen.
Hamar minbizi-kasu bakoitzeko lau prebeni daitezke
Adinarekin, minbizia garatzeko arriskua edo aukera handitu egiten da. Foru Komunitatean, 50 urtera bitarte, aukera edo arrisku hori %3koa dela uste da gizonengan eta %5ekoa emakumeengan; 85 urtera bitarte, aldiz, %44koa gizonen artean eta %32koa emakumeen artean. Alegia, bi gizonetatik batek eta hiru emakumetatik batek, gutxi gorabehera, diagnostiko hori jaso ahal izango dute bizitzan zehar, nahiz eta bizitzeko era osasungarriak izatea arrisku hori nabarmen murriztearekin lotzen den.
Azterketa zientifikoen arabera, kasuen %40 inguru prebeni daitezke. Hori dela-eta, garrantzitsua da osasuna sustatzea eta gaixotasun horiek prebenitzea. Norbanakoari begira, gaixotasun hori izateko arriskua murrizteko, Minbiziaren aurkako Europako Kodeak gomendio hauek egiten ditu: ez erretzea, alkoholaren kontsumoa saihestea, gehiegizko pisua eta obesitatea saihestea, fisikoki aktibo mantentzea, elikadura osasungarria izatea, eguzkitik babestea, amagandiko edoskitzea ahalik eta denbora gehien mantentzea, eta bularreko, kolon eta ondesteko eta umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programetan parte hartzea, besteak beste.
Minbizia duten pazienteak, Nafarroako Ospitalean eta Tuterako Reina Sofia Ospitalean artatutakoak
Asistentziaren arloan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU/HUN) Onkologia Medikoko Zerbitzuak guztira 1.977 paziente artatu zituen 2025ean lehen bisitetan eta 23 Tuterako Reina Sofia Ospitaleko Onkologia Medikoko Unitateak. Tratamenduei dagokienez, 30.225 tratamendu eman zituen NOUko Onkologia Medikoko Zerbitzuak eta 2025ean 2.703 paziente egon ziren tratamenduan.
Tuterako Reina Sofia Ospitaleko Onkologia Medikoko Unitatean, 4.005 tratamendu eman ziren, eta 353 egon ziren tratamenduan.
Horrez gain, 2025ean, Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak 24.036 erradioterapia-tratamendu eman zizkien 1.573 pazienteri. Bestek 290 pazientek erradioterapia estereotaktikoa jaso zuten (1.549 tratamendu, guztira). Azkenik, 505 pazientek guztira 659 brakiterapia-inplante jaso zituzten. Kontsultei dagokienean, NOUko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak guztira 1.435 lehen bisita egin zituen 2025ean.