Descárgate la app
Egunero sexu-transmisioko hiru infekzio berri baino gehiago diagnostikatzen dira Nafarroan
2023ko urriaren 27a
Egunero sexu-transmisioko hiru infekzio berri baino gehiago diagnostikatzen dira Nafarroan
Osasun Departamentuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bitartez, sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, "Konexioa segurua da" leloarekin, Nafarroan sexu-transmisiozko infekzioen (STI) ugaritzeari aurre egiteko. Horietatik, egunero, hiru infekzio berri baino gehiago diagnostikatzen dira.
“Konexio hau ez da segurua” edo “Zure konexioa blokeatuta dago” bezalako mezuen bitartez, foru Exekutiboak prebentzio neurriak erabiltzearen hala nola sexu-praktika arriskutsuak ekiditearen garrantziaz kontzientziatu nahi du, herritarrak bere praktikak modu seguruan berrabiaraztera gonbidatuz, izan ere, biztanleriaren hein handi bat ez da jabetzen STIek kaltetu ahal dituenik, gehienbat kolektibo jakin batzuekin soilik lotzen dituztelako.
Nafarroako Osasun Publikoaren Aldizkarian argitaratu diren azken datuak aztertzen baditugu, 2016-2022 aldian Nafarroako sexu transmisioko infekzioen kopuruak gora egin du, tasa altuak izatera helduz. Esan bezala, egunez egun sexu transmisioko hiru infekzio berri diagnostikatzen dira Nafarroan. Hala ere, infekzio horietako asko modu asintomatikoan pasa izaten dira, beraz, jakitera emandako kasuak arazo errealaren hein bat soilik islatzen ari dira, infekzio asintomatikoak berdin-berdin transmititzen direnez.
Hazkunderik nabarmenena 35 urtetik beherako biztanlerian atzematen da. 25etik 34 urtera bitarteko gizonezkoek joera gehiago dute sifilis, gonorrearen infekzioa edota linfogranuloma benereoa jasateko. Klamidiaren infekzioa aldiz, gehienbat 15-24 urteko emakumeengan atzeman da, azterketa ginekologikoetan egin ohi den baheketari esker.
Sustapen, prebentzio materiala eta webguneak
Osasunaren Sustapena eta Osasuna Politika Guztietan Sekzioak, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) baitan, sexu-osasunaren sustapena egiterakoan sexualitatearen ikuspegi positibo bat izaten du oinarri, zeinek osasunaren baldintzatzaile sozialak eta horietatik eratortzen diren desberdintasunak kontuan hartuko dituen; horrez gainera GIBaren eta bestelako STIen prebentzioa sustatzea zainduz.
Kanpainak, gaur eguerdian aurkeztu dutena prentsaurrekoan Osasun zuzendari nagusi Antonio Lopez Andresek eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren zuzendari gerente Mª Angeles Nuin Villanuevak, sei kartel, hiru bideo, iragarki bat eta material prebentiboa dakartza; horiek, sexu-transmisioko infekzioak nola transmititzen diren eta nola prebenitzen diren jakitera emateko barreiatu dira. Informazio hau halaber eskura saludsexual.navarra.es webgunean, gaztelaniaz eta osasunsexuala.nafarroa.eus webgunean, euskeraz.
Sexu transmisioko infekzioek izurri global bat eratzen dute, erraz kutsatzeko modukoa izateagatik osasun publikoari dagokion arazo gero eta larriagoa. Eta bere prebalentzia gorantz doa munduko herrialde guztietan, eta Nafarroan zaintza sistemetan jakinarazi diren kasuen kopuruan gorakada esanguratsua egiaztatu da, estatu eta Europa mailako esparruetan gertatzen den bezala.
Sexu-transmisioko infekzioen jatorria
Sexu-transmisioko infekzioak, bere gehiengoan, odola, semena edo fluxu baginala dela medio transmititzen dira, koito baginal, anal edo sexu oraletan, infekzioa duen pertsona batekin prebentzio neurririk ez erabiltzean. Horregatik, sexu-praktika arriskutsuetarako, beti prebentzio neurriak erabiltzea gomendatzen da. Horien artean leudeke preserbatibo maskulinoa edo kanpo erabilerakoa, femeninoa edo barne erabilerakoa eta latex-xaflak.
Baina sexu praktika guztiak ez dira arriskutsuak. Arriskurik gabeko praktiken bidez (masturbazioa, joko erotikoak, estimulazio ez genitala, etab.) ere, sexu-transmisioko infekzioak prebenitzen dira, topaketaren plazera eta gozamena era seguruan bizitzea ahalbidetuz. Azkenik, kanpainak infekzioen transmisio-katea urratzeko harreman trebetasunek duten garrantzia nabarmentzen du eta gogorarazten du komunikazioak hala nola negoziazioak berealdiko garrantzia dutela harremanetan.
Beraz, kanpainaren helburua da sexu-transmisioko infekzioen kasuak murriztea, horiei dagokien informazioa emanez eta bere prebentziorako baliabideak barreiatuz. Susmoa edo zalantza izatean, Osasun Departamentuaren gomendio nagusia da erreferentziazko osasun zentrora edo sexu eta ugalketa osasunaren arretarako zentrora edo bestela SARE Elkartera edo Hiesaren aurkako Herritarren Batzordera joatea.
Prebentzio materialaren banaketa Etapa berri hau, Nafarroako Foru Komunitateko GIBaren eta beste sexu transmisioko infekzioen (STI) prebentzio eta kontrolerako Planari dagokio, zeinek GIB eta beste STI bitartezko infekzio kasuak murrizteko beharrezko neurrien inplementazioa sustatu nahi duen, horrez gainera infekzio hauekin lotutako estigmatizazioa murriztuz. Plan honen baitan, 2022ko urriaren 21ean bere Batzorde Teknikoa eratu zen zeinetan ordezkatuta dauden prebentzio, asistentzia eta komunitate arloak, eta sexu-transmisioko infekzioa izan dezaketenaren susmoagatik kontsultatzen duten gaixoentzako Arreta Protokoloa eguneratu egin da.
Ekintza mota hauek sendotu egiten dira foru Gobernuak eginiko bestelako jarduketa batzuekin, adibidez, estetika berriaren arabera eguneratuko den material prebentiboa (preserbatiboak, latex-oihaltxoak, lubrifikatzaileak, etab.) gizarte eta toki entitatetan banatzearekin. Banaketa hau urte honetan garatu da, Sanferminak, San Fermin Txikito, Nafarroa Oinez bezalako jai-ekitalditan eta besteak beste, Oibar, Antsoain, Berriozar, Burlata, Lizarra, Txulapain eta Atarrabiako jaietan.
2018ko urrian NOPLOIek sexu heziketa, preserbatiboen gisako prebentzio produktuak eta gomendioen arabera egokitutako osasun zerbitzuak eskura jartzeko KIN kanpaina diseinatu eta atera zuen. Halaber, bi triptiko editatu ditu Sexu Transmisioko Infekzioen eta Kontrazepzioa eta metodo kontrazeptiboen gainean. Eta iaz, atxiki egin zen, ‘Atera nahi duzun bezala, baina ez atera kondoirik gabe’ hala nola ‘VIHDA’ kanpainak sare sozialetan barreiatuz.