Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1992ko 92. NAOn argitaratua, uztailaren 31n. Aldaketak: 24/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa; 25/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa; 116/2012 Foru Dekretua, urriaren 31koa)
Atarikoa
Abuztuaren 31ko 1070 Errege Dekretuaren ondorioz irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloan eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzekin batera heldu da ikastetxe publiko ez-unibertsitario askoren kudeaketa ekonomikoaz arduratzeko erantzukizuna. Ikastetxe publiko ez-unibertsitarioen funtzionamenduak sorturiko dirusarrera eta gastuei buruzko aurreko arauteriak oraindik ere indarrean ote den eta Foru Komunitateko legeriak haren gainean gero batean izan dezakeen eragina direla medio, hezitzaileen artean hedatu diren ezbaiek komenigarri bihurtu dute dirusarrera eta gastuen kudeaketa ekonomikoa argi eta garbi zeharztea. Esparru bateratu eta koherentea eratu behar da, ikastetxe publiko ez-unibertsitarioek kudeaketa ekonomikorako duten autonomia eragotzi gabe.
Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamabiko uztailaren seian hartutako Erabakiarekin bat eginez, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpeko ikastetxeen kudeaketa ekonomikorako sistema
Lehen atala. Foru Komunitatearen jabegopeko eraikinetan dauden ikastetxeak
1. artikulua
Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioek kudeaketa ekonomikorako autonomia izanen dute, Foru Dekretu honetan zehazten den eran.
2. artikulua
Ondoko hauek osatuko dute ikastetxearen dirusarreren urteko aurrekontua:
a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak esleitutako dirusarrerak, Nafarroako Aurrekontu Orokorrek horretarako gaitutako kredituen kargura.
b) Aurreko ekitaldietako gaineratikoetatik sortutako kredituak.
c) Foru Dekretu honen 10.2 artikuluan aurrikusi moduan ikastetxeak irekitako banku-kontuak ematen dituen korrituak.
d) Foru Dekretu honen 3. artikuluak aipatzen dituen dirusarrerak.
e) Indarrean dagoen arauteriari jarraikiz, ikastetxeak izaten ahal dituen beste edozein dirusarrera.
3. artikulua
1. Ikastetxeek beren gain hartzen ahal dituzte funtzionamenduarekiko eginbeharrak, horretarako tasa edo tarifekin zergapeturik ez dauden iharduera edo zerbitzuengatik jasotako zenbatekoak erabiliz.
2. Fotokopia, telefonoa, alokaera eskubideak, ikastetxeko heziketa iharduerek sortutako produktuen salmenta eta tasa edo tarifekin zergapeturik ez dagoen edozein zerbitzu emateagatiko dirusarrerak eskuratzeko, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak edo horretaz arduratuko den Zerbitzuak iharduera eta bere prezioa onetsi beharko ditu.
4. artikulua
Foru Dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan aurrikusitakoaren arabera ikastetxeek lortutako dirusarrera guztiak beren funtzionamendu gastuei aplikatu ahalko zaizkie.
5. artikulua
3. artikuluak aipatzen dituen dirusarreren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei aplikatuko zaie konpentsazio formalaren bidez, funtzionamendu gastuetarako kredituak gaitu eta gero.
6. artikulua
1. Ikastetxeak gastuen urteko aurrekontu proiektua egingo du, kontutan izanik egokitzen zaizkion kredituak eta funtzionamendua, mantenimendua eta zainketa bermatzeko behar diren gastu-kontusailak ordaindu behar dituela.
2. Ikastetxe bat osatzen duten zentru eta eskola-etxeek aurrekontu ezberdinak izanen dituzte. Ondoan eskola-etxea duten ikastetxeetako jantokien gastuak haren aurrekontuetan azalduko dira.
7. artikulua
1. Urteko aurrekontuaren aitzinproiektua ikastetxeko Idazkari edo Administrariak eginen du, Eskola Kontseiluaren Ekonomi Batzordeak lagunduta, eta Eskola Kontseiluak aztertu, emandakinak jarri eta onetsi beharko du.
2. Ikastetxeak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira bidaliko du artikulu honen 1. zenbakiak aipatzen duen aitzinproiektua, hark zehaztu epean, eta, beti ere, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Nafarroako Gobernuari bere proposamena, hurrengo ekitaldirako hezkuntza arloko aurrekontuari buruzkoa, bidali baino lehen.
8. artikulua
1. Urteko aurrekontuaren proiektua ikastetxeko Idazkari edo Administrariak eginen du, Eskola Kontseiluaren Ekonomi Batzordeak lagunduta, eta Eskola Kontseiluak aztertu, emandakinak jarri eta onetsi beharko du, aurretik Foru Komunitateko Administrazioak ikastetxearen funtzionamendu gastuak ordaintzeko esleitu dituen zenbatekoak ezagutuz gero.
2. Martxoaren 31 baino lehen, ikastetxeak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira onetsitako aurrekontu proiektuaren ale bat bidaliko du. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak hilabeteko epean eragozpenik agertzen ez badu, aurrekontua onetsitzat hartuko da. Bestela, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak ikastetxeari eginen dizkio behar diren oharterazpenak, Eskola Kontseiluak aipatu arauteriaren araberako proiektu berria onets dezan.
9. artikulua
1. Aurrekontua birmoldatu ahalko da, onesteko aurrikusi prozeduraren bidez.
2. Aurrekontu berria onetsi arte, aurreko urtekoa luzatuko da urtearen hasieran.
10. artikulua
1. Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen aurrekontuko kredituen kargura ikastetxearen funtzionamendurako diren gastuetarako esleitutako zenbatekoak hiru epetan libratuko dira, gutxienez %30 ordainduta urteko lehen hiruhilekoko bigarren hilabetea bukatu aurretik, %30 urteko bigarren hiruhilekoko bigarren hilabetea bukatu aurretik, eta gainerakoa urteko bigarren seihilekoko bigarren hilabetea bukatu aurretik, galarazi gabe egin daitezkeen beste ekarpen puntual batzuk.
2. Zenbateko horiek finantza entitate batean Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren baimenarekin irekitako kontu batera transferituko dira. Ikastetxeak Hezkuntza Departamentuaren bidez eskatu beharko du baimena.
3. Kontuaren izenak hiru atal izanen ditu: lehenik, Hezkuntza Departamentua aipatuko da, bigarrenik, ikastetxea, eta hirugarrenik, "kudeaketarako kontu berezia" agertuko da.
11. artikulua
1. Fondoak txeke izendun edo banku-transferentzi bidez eskuratuko dira, Zuzendari eta Administrariak, biak, emandako baimena izanik. Azkenean aipatutakoa egon ezean, ikastetxeko Idazkariak edo bere ordezkoek eginen dute berari dagokiona. Ez da, inoiz ere, pertsona bera izanen Zuzendaria eta Administraria edo Idazkaria ordezkatzen dituena.
2. Administrari edo Idazkaririk ez duten zentruetan, Zuzendariak eta Eskola Kontseiluko Ekonomia Batzordekide den Irakasle batek, edo horren ordezkoek, emanen dute baimena elkarrekin.
3. Unitate batek osatutako zentruetan bertako Irakasle titularrak emanen du baimena.
12. artikulua
Ikastetxe publiko ez-unibertsitarioek Hezkuntza eta Kultura Departamentuari emanen diote beren kudeaketaren berri, agiri bidez adieraziz ekitaldiaren dirusarrera eta gastu guztiak, baita sortzen diren saldoak ere.
13. artikulua
Kudeaketa-kontua ikastetxetako Zuzendariek gauzatua izanen da, ale hirukoitzean eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak emandako eredu eta aginduen arabera, eta Eskola Kontseiluak onetsi beharko du.
14. artikulua
1. Kudeaketa-kontuaren berri urte guztien urtarrila eta ekainaren bigarren hamabostaldian emanen da. Behin onetsiz gero, ikastetxeko Eskola Kontseiluak bi ale igorriko ditu Hezkuntza eta Kultura Departamentura, hurrengo hamar lanegunen epearen barrenean.
2. Hirugarren alea, jatorrizko ziurtagiri eta egindako gastuak egiaztatzen dituzten beste dokumentuekin batera, Administrariaren ardura eta erantzunkizunaren menpean geldituko da edo, egon ezean, ikastetxeko Idazkariarenean baita Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Nafarroako Kontu Ganbararen esku ere, kontrolatu ahal izateko.
15. artikulua
Kudeaketa kontuen ondoriozko diruzaintzaren saldoa ez da itzuliko eta ikastetxeetan geldituko da hurrengo Kudeketa Kontuan hasierako saldo gisa aplikatu ahal izateko. Aipatu saldoa, kasu guztietan, Nafarroako Ogasun Publikoaren zati osatzailetzat hartuko da.
Diruzaintzaren saldoaren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei aplikatuko zaie konpentsazio formalaren bidez, funtzionamendu gastuetarako kredituak gaitu eta gero.
16. artikulua
Foru Dekretu honek aipatzen dituen ikastetxe ez-unibertsitarioen funtzionamendu gastuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko aurrekontuari aplikatuko zaizkio, behar den programa eta kontzeptuaren kargura. Zordundutako kontzeptuan kreditu bat gaituko da dirusarrerak sortzeagatik, seihileko bakoitzeko eta Foru Dekretu honen 3. artikuluan aurrikusitakoaren arabera ikastetxeek sartutako diruaren guztirako zenbatekoa izanik.
Foru Dekretu honetan aurrikusitakoaren arabera, bidezko da aurrekontuan ondorengo aldaketak egitea:
Aurreko ekitaldiko kreditu-gaineratikoak sartzea, lehenengo seihilekoetako kontu bateratuei buruz diruzaintzak ematen duen azken saldoa biltzeko.
Nafarroako Foru Komunitateak bigarren seihilekorako ordaindutakoen ondorioz sortu diren kredituak gaitzea, beti ere, amaitutako ekitaldien ordainketa gisa Dirusarreren Aurrekontuetara formalki itzuli beharrak direnean, epe horretan aipatu gastua egin ez zelako.
17. artikulua
1. Ohizko gastuak ordainduz gero, alegia, argi-indarra kontsumitzearen ondoriozkoa, berogailua, ura, garbiketa, zainketa eta beste batzuk, ikastetxearen funtzionamendu normalak dituen beharren ordainketa bermatzekoak, ikastetxeek altzariak eta berhornitzeko ekipamendua erosi ahalko dituzte baita gaineratikoekin ekipamendu berria ere, non eta hori ez dagoen inbertsio programa bateratuen baitan.
2.
3. Ikastetxeen kontratazioak, beti ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioari buruz duen arautegiari jarraituko diote.
Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere kabuz egin ahalko du behar den kontratazioa, egokitzat jotzen baldin badu.
Bigarren atala. Entitate lokalen jabegopeko eraikinetan kokatutako ikastetxeak
18. artikulua
.O.G.S.E.ren hamazazpigarren Xedapen Gehigarrian aurrikusitakoa aplikatzeko, Haur Heziketa, O.H.O., Lehen Heziketa eta Heziketa Bereziko ikastetxeak entitate lokalen jabegopeko eraikinetan kokatzen direnean, eskolaz kanpoko iharduerei dagozkien gastuak bakarrik sartuko dituzte aurrekontuetan eta, orokorrean, eraikinen mantenimendurako, zainketarako eta ikuskapenerako ez direnak.
Ikastetxe horien gastuen sailkapena Foru Aginduren bidez egin ahalko da eta horrek aurrekontuetan erizpide bateratuak izateko lagunduko du, beti ere, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan dagoen sailkapen ekonomikoa kontutan izanik.
2. Haur Heziketa, O.H.O., Lehen Heziketa eta Heziketa Bereziko ikastetxeen eraikinetako mantenimendu, zainketa eta ikusketarako gastuak, alegia, argi-indarra, berogailua, ura, eta garbiketa, besteak beste, ez dira gastu zerrendetan sartuko, hezkuntza zerbitzu publikoarekin zerikusirik ez duten Hezkuntza eta Kultura Departamentuak sustatu edo baimendutako ekintzen ondoriozko gastuak izan ezik.
19. artikulua
Entitate lokalen eraikinetan kokatzen diren ikastetxeen gastuen aurrekontu proiektuetan 18. artikuluak aipatzen dituen gastuak bakarrik sartuko dira.
20. artikulua
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoa arautzeko modua, Foru Dekretu honen I. Kapituluaren 1. Atalean zehazten dena, entitate lokalen eraikinetan kokatzen diren Haur Heziketa, O.H.O., Lehen Heziketa eta Heziketa Bereziko ikastetxeentzako izanen da aplikagarri, 2. Atalean aurrikusitakoaren aurka ez baldin badago.
II. KAPITULUA. Tasa akademikoak eta tarifak
21. artikulua
1. Tasa akademikoak dira egitate zergagarri gisa zerbitzuak ematea dutenak edo subjetu pasiboari egokitu, ukitu edo onura ekartzen diotenak, ikastetxe publikoetan ematen diren erregimen orokorreko ikasketen esparruan.
2. Uztailaren 24eko 144/1987 Foru Dekretu Legegilean, 12. artikuluaren d) atalean eta 13. artikuluaren c) atalean aurrikusitakoaren arabera, ikastetxe ez-unibertsitarioetan iharduerak burutu edo zerbitzuak emateagatiko tasa akademikoak arautzeko estatuan indarra duen arauteriari jarraituko zaio, Komunitatean Foru Lege mailako arautegia ezartzen ez den bitartean.
Hori dela eta, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteari dagozkion tasa akademikoak jarraitzen dute, aipatu Ikasturtea irauten duen bitartean eta tasa horiek estatuko arauteriatik Foru Lege bidez kentzen ez badira.
3. Ekainaren 24eko 733/1988 Errege Dekretuaren 8. artikuluan, beka edo ikasketetarako laguntzen onuradunen mesedetan azaltzen diren kontzeptuengatiko salbuespenak, edo, hala behar bada, ezarriko den estatuko araua Nafarroan aplikatuko dira, estatuko arauterian aurrikusitakoaren arabera. Hala ere, beka edota laguntza errebokatuz gero, behar diren tasa edo tarifak ordaindu beharko dira.
4. Berdin izanen dira aplikagarri famili haundien kasuan estatuko arauteriak tasa edo tarifentzako aurrikusten dituen murrizketak.
5. Erregimen bereziko ikasketen tarifak Foru Dekretu honetan ezarri bezala arautuko dira, horien arauteri berezian aurrikusitakoa galerazi gabe.
22. artikulua
Honako kasu hauetan ulertuko da tasa edota tarifak sortzen direla: subjetu pasiboak zerbitzua edo iharduera izatea eskatzen duenean eta zerbitzu edo iharduera horiek burutzen badira, edo zerbitzu edota iharduerak aurretiko eskabiderik behar ez dutenean, burutzen diren unean bertan.
2. Tarifak ordaintzeko bi aukera izanen dira subjetu pasiboarentzat, alegia, matrikula formalizatzean ordaintzea, edo bi epe berdinetan, bat matrikula formalizatzean eta bestea abenduaren bigarren hamabostaldian.
Tarifaren zenbatekoa ez bada ordaintzen ezin izanen da matrikula gauzatu. Zatikako ordainketa aukeratzen bada, bigarren epea ez ordaintzeak matrikula deuseztea ekarriko du baita lehenengo epean ordaindutakoa galtzea ere, interesatuak ordaintzeko jakinerazpena jaso eta ordainketa hamabost eguneko epe luzaezinean ez badu egiten. Matrikula deusezten edo formalizatzen ez bada, beka eta laguntzak galduko dira.
3. artikulu honetako 2 zenbakian aurrikusitakoa tasa akademikoetan izanen da aplikagarri, arauteri aplikagarrian besterik erabakitzen ez bada.
23. artikulua
1. Ikastetxe bakoitzak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimendutako Finantz Entitatean irekiko duen kontuan ordainduko dira sortutako tasa eta tarifak. Ikastetxeak Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bidez eskatu beharko du baimena. Finantz Entitateak subjetu pasiboari ordainketaren egiaztagiria emanen dio, hura egiten duen unean. Matrikula eskabideak behar den tasa edo tarifa ordaintzearen egiaztagiriarekin batera aurkeztuko dira.
2. Kontuaren izenak hiru atal izanen ditu: lehenengoan Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren aipamena azalduko da, bigarrenean Ikastetxearena eta hirugarrenez "Tasa eta tarifak ordaintzeko kontu berezia" aipamena.
3. Ikastetxeek Finantz Entitateei eskatuko diete tasa eta tarifa kontzeptuengatik ordaindutakoen berri hilabetero ematea. Administrariek edo, egon ezean, Ikastetxeetako Idazkariek egiaztatu beharko dute Finantz Entitateen egiaztagirietan azaldutakoa eta beraiek dituzten gordakinak bat datozen ala ez. Behar baldin bada, osagarrizko likidazioa eginen da edo behargabeko dirusarrerak itzultzeko espedientea irekiko da.
Ikastetxearen Zuzendaritzak erabakiko du behargabeko tasen itzulpena eta kontu murriztua kudeatzen duen Finantz Entitateak eginen du, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren baimena izanik.
24. artikulua
1. Ikastetxeek martxoan, ekainean eta abenduan emanen dute Finantz Entitateek kolaboratzaileek tasa eta tarifa kontzeptuengatik bildutakoaren kontuen berri eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira bidaliko dute aipatu informazioa.
2. Martxoaren, ekainaren, urriaren eta abenduaren hasierako hamabostaldian ikastetxeek Foru Komunitateko Diruzaintzan sartuko dituzte bildutako zenbatekoak.
25. artikulua
Tasa eta Tarifen administrazio, aplikazio eta kudeaketa ekintzen aurka erreklamazioa edo helegitea aurkeztu ahalko da, indarrean dagoen arauteriari jarraikiz.
Xedapen Iragankorra
Altzariak eta ekipoa erosteko ikastetxearen aurrekontu osoaren gainean ezartzen den gehienezko portzentaia, 17.2 artikuluan aurrikusitakoa, ez da aplikagarri izanen 1992.eko lehenengo seihilabetean kudeaketa-kontuan azaltzen den hasierako saldoaren kontura egiten diren erosketetan.
Lehenengo Xedapen Gehigarria
Eskola Kontseilua eraturik ez duten ikastetxeetan Zuzendariari, bere ordez aritzen den organoari edo, egon ezean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari dagokio kontuak onestea.
Ikastetxe horietan izan diren gastuen jatorrizko egiaztagiriak eta hiru unitate baino gutxiagoko ikastetxeetakoak Hezkuntza eta Kultura Departamentura bidaliko dira, kudeaketa kontuarekin batera.
Bigarren Xedapen Gehigarria
8. artikuluan, 14 artikuluaren 1. zenbakian, 23 artikuluaren 3. zenbakian eta 24. artikuluan ezarri epeak eta 17. artikuluaren 2. zenbakian ezarri zenbateko eta portzentaiak Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez aldatu ahalko dira.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Hezkuntza eta Kultura kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu honen garapenari buruzko xedapenak emateko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioei dagokienean, indargabeturik gelditu da urtarrilaren 22ko 16/1987 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko ikastetxeetan, gazteen egoitzetan eta kultura nahiz kirol instalazioetan funtzionamendu gastuentzako eta dirusarrerak itzultzeko fondoen hornikuntza arautzen duena. Halaber indargabeturik gelditu dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra.