(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ura :
      • 188/2006 Foru Agindua, ekainaren 5ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuan nekazaritzako nitratoek ura kutsa dezaketen eremuak mantentzea onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

188/2006 Foru Agindua, ekainaren 5ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuan nekazaritzako nitratoek ura kutsa dezaketen eremuak mantentzea onesten duena

 

(2006ko 90. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 28an)

Atarikoa

Nekazaritzako nitratoek kutsa dezaketen ur kopurua murriztu eta kutsadura berriei aurrea hartzeko asmoz, Europar Batasunak ura arrazoi horrengatik kutsatzeari buruzko 91/676/EEE Zuzentaraua onetsi zuen. Zuzentarau hori Espainiako legeei eratxiki zitzaien 261/1996 Errege dekretuaren bidez. Arau horiei jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzako nitratoek ura kutsa dezaketen eremuak izendatu ziren eta horietarako jarduketa programa onetsi zen.

Errege dekretu horren 4. artikuluko 2. idatz-zatian adierazten da autonomia erkidegoetako organo eskudunek neurrizko aldizkotasun batekin aztertu eta, kasua bada, aldatu edo handitu egin behar dituztela kutsagarri deklaratzen diren eremuak, gutxienez lau urtean behin.

Bere aldetik, 220/2002 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2. idatz-zatiak ezartzen du uraren laginak hartzeko eta kalitatearen jarraipena egiteko programak ezarriko direla, 261/1996 Errege Dekretuaren 8. artikuluko zehaztapenei jarraituz, bidezko bada, kutsa daitezkeen eremuen zerrenda aldatzeko eta egindako jarduketa programen eragina frogatzeko.

Hori horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak nekazaritzako nitratoek kutsa ditzaketen eremuetan jarduteko programa burutu du. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua Ebroko akuifero alubialeko uraren laginak hartzeko eta nitratoen eboluzioaren jarraipena egiteko programa gauzatzen ari da. Uraren laginak hartu eta nitratoen eboluzioaren jarraipena egiteko programaren datuak ikusirik, ondorioztatzen da ez direla adierazitako eremuak aldatu edo handitu behar. Beraz, bere horretan mantenduko dira aipatutako 220/2002 Foru Dekretuan jasotako eremu kutsagarriak.

Dena dela, kutsa daitezkeen eremuetan dauden zenbait lurzatik jarduketa programari lotuak egon behar dute, nahiz eta katastroan ureztalurraren kalifikazioa ez izan.

Horrenbestez, aipatutako departamentuetako zerbitzu teknikoek adierazi eta proposatutakoarekin bat, kutsa daitezkeen eremuak aldatzeko aukera begiesten duen 261/1996 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak emanten dizkidaten eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Kutsa daitezkeen eremuak.

Kutsa daitezkeen eremutzat mantentzea, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren ondorioetarako, Ebroko akuifero alubialeko bi eremuak, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuak hautatuak:

a) 1. eremua: Vianako eta Mendabiako udal mugapeetako lurzatien multzoa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera I. motakoak direnak (ureztalurrak), eta udal horietako ureztalurren eremuan enklabe bat osatzen duten beste lurzati guztiak, katastroan duten kalifikazioa alde batera utzita.

b) 2. eremua: Cabanillasko, Buñuelgo, Fustiñanako eta Ribaforadako udal mugapeetako lurzatien multzoa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera I. motakoak direnak (ureztalurrak), eta udal horietako ureztalurren eremuan enklabe bat osatzen duten beste lurzati guztiak, katastroan duten kalifikazioa alde batera utzita.

2. artikulua. Argitaratzea eta jakinaraztea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Vianako, Mendabiako, Cabanillasko, Buñuelgo, Fustiñanako eta Ribaforadako udalei, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari eta Ingurumen Ministerioko Urak Tratatu eta Kalitatea Kontrolatzeko Zuzendariordetza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Foru Xedapen Bakarra. Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa