(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ura :
      • 34/2013 Foru Legea, azaroaren 26koa, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea aldatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

34/2013 Foru Legea, azaroaren 26koa, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea aldatzen duena

 

(2013ko 233. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 30ean)

Atarikoa

Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legeak zehaztu zuen zein diren Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzendaria garatzeko behar diren eskumen eta antolaketa esparruak, bai eta diru baliabideak ere. Foru lege horretan berean, saneamendu kanona sortu zen, zerbitzu hori emateari atxikitako tributu baliabide gisa; kanonaren bidez bildutakoak, eta, horrekin batera, toki azpiegituren planek jarritako aurrekontu-baliabideek eta Europar Batasunetik etorritako funtsek aukera eman dute Foru Komunitateak bete ditzan arazketaren arloan Batasuneko zuzentarauetan ezarritako eskakizunak, bereziki 91/271 Zuzentarauan ezarritakoa, eta haren helburuetako batzuk izan daitezen zerbitzua zabaltzea Komunitateko bizilagun ia guztiengana eta Uraren 2000/60 Esparru-Zuzentarauan ezarritakoa betetzea.

Bestalde, Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzendariaren finantza askitasuna dela eta, autonomia osoa baitu dagoeneko Nafarroako Aurrekontu Orokorrekiko eta, beraz, autofinantzaketa ere bai saneamendu kanonaren bilketari esker, beharrezkoa da kanon horren tarifak aldizka gaurkotzea.

10/1988 Foru Lege horren 13. artikuluak dioenez, gaurkotze hori urtero egin beharko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legean. Nolanahi ere, eta Nafarroako aurrekontu orokorrekiko autonomia hori kontuan hartuta, egokia da ez lotzea nahitaez kanonaren gaurkotzea aurrekontuei buruzko legearekin, bestelako lege xedapenak ere egokiak izan baitaitezke, zenbait zerga aldatu eta tributu arloko beste neurri batzuk hartzeari buruzkoa adibidez, betiere errespetatuz Espainiako Konstituzioaren 31.3 artikuluan aurreikusitako lege erreserbaren printzipioa.

Foru lege honen testuan finkatuta gelditzen dira, halaber, saneamendu kanonaren tarifa berriak, ezin izan baitziren onetsi aurrekontuen legean. Onetsitako zenbatekoak bat datoz NILSA sozietate publikoaren plan estrategikoan finkatutakoekin. Nafarroako Parlamentuari eman zitzaion NILSAren Administrazio Kontseiluak onetsitako plan horren berri; hain zuzen ere, Lehendakaritza, Barne eta Administrazio Publikoen Batzordeak 2012ko maiatzaren 9an egindako bilkuran.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko Foru Legea aldatzen da, halako moduan non saneamendu kanonaren tarifak gaurkotzeko egokien iritzitako foru legea erabili ahal izanen baita.

Artikulu bakarra. Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 13. artikulua aldatzen da; honela gelditzen da idatzirik:

“13. artikulua.

Aplikatu beharreko tarifen zenbatekoa urtero finkatuko da foru lege batean, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Finantza askitasuna, foru lege honetan adierazitako beste baliabide batzuekin batera, bertan aurreikusitako helburuak lortu ahal izateko.

b) Progresibotasuna, ezarpenean.

c) Tratu berdintasuna erabiltzaileentzat, sortzen duten kutsadura mailaren arabera”.

Bi. 15. artikuluaren 2. idatz-zatiari bi lerrokada gehitzen zaizkio; honela gelditzen da idatzirik:

“15.2 artikulua.

Kanona aurreko idatz-zatian aipatutako enpresa publikoaren bidez kobratzen bada zuzenean, premiamendu-bidearen kudeaketa Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketako organoen bidez eginen da.

Kanona ur-hornitzaile diren entitateek jasotzen badute, premiamendu-bidearen kudeaketa entitate horiei aplikatzekoa zaien diru-bilketako prozeduraren arabera eginen da”.

Hiru. 16. artikulua aldatzen da; honela gelditzen da idatzirik:

“16. artikulua.

1. Arau-hauste eta zehapenen arloan, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta lege horren garapen-arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Aurreko artikuluak aipagai duen enpresa publikoak kanona kudeatzeko eta likidatzeko gauzatutako egintzen kontra, zergapekoek erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko dute, eta Nafarroako Gobernuak aztertu eta ebatzi beharko du erreklamazio hori, Tributuei buruzko abenduaren 14koa 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluko VII. kapituluak duen 4. atalari eta lege horren garapen-arauei jarraikiz.

3. Ur-hornitzaile diren entitateek kanona kudeatzeko, likidatzeko eta biltzeko gauzatutako egintzak entitate horiei dagokien araudiaren arabera aurkaratzen ahalko dira”.

Xedapen iragankor bakarra. Tarifa berriak.

1. Saneamendu kanonaren tarifak, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, honakoak izanen dira:

a) Saneamenduko sare publikoetara konektatutako etxeko ur-erabilerei aplikatu beharreko karga tasak: 0,556 euro metro kubiko bakoitzeko.

b) Saneamenduko sare publikoetara konektatutako ur-erabilerei, etxekoak ez direnei, aplikatu beharreko karga tasak: 0,695 euro metro kubiko bakoitzeko. Karga kutsatzaileari dagokion indize zuzentzailea aplikatuko da, hala behar denean, apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuan eta abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian araututako moduan.

c) Saneamenduko sare publikoei konektaturik ez dauden baina erakunde eskudunek eman beharreko baimen administratiboak dituzten erabiltzaileek: 0,083 euro metro kubiko bakoitzeko. Ibilgu publikora isurtzeko baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, a) edo b) letretan ezarritakoaren arabera dagokion tarifa aplikatuko da.

2. Ur-banaketan aritzen diren entitateek horniduragatiko tasak arautzen dituzten ordenantzetan ezarritakoa aplikatu ahal izanen diote saneamendu kanonari ur-ihesak daudenean isuria kalkulatzen den kasurako, edo hobari sozialak aplikatzeko.

3. Arazketa-instalazio pribatuetatik datozen lohiei tarifa hauek aplikatuko zaizkie tratatuak izateagatik, baldin eta onartzen badira Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzendariari atxikitako hondakin-uren araztegietan:

NEURKETA

PREZIOA

5 m³ arte

41,40 euro

10 m³ arte

82,80 euro

10 m³ baino gehiago

8,28 euro/m³

4. Aurreko zenbatekoei balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa