Castellano | Euskara | Français | English
(1993ko 130. NAOn argitaratutako testua, urriaren 25ean)
Atarikoa
Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Erregelamendu horren 22. artikuluak hondakin toxiko eta arriskutsuen sortzaile txikitzat dauzka, urtean horrelako hondakinen baino gutxiago sortu edo inportatu eta Autonomi Elkarteetako organo eskudunek ezarritako erregistroetan inskribatu ondoren izaera hori eskuratzen dutenak.
Horretarako eta, zehazki, arauteria honek kaltetuen artean zein eragin duen argitzeko eta era honetako hondakinen kudeaketan administrazioaren eskuhartzea hobetzeko, bidezko da Erregistro publiko hori ezartzea.
Hori horrela, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko urriaren hamahiruan egindako bilkuran hartu zuen Erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
1. artikulua
Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroa sortu da eta horren kudeaketa Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak eginen du.
2. artikulua
1. Erregistroan inskribatzeko eskaria egin beharko dute, urtean hondakin toxiko eta arriskutsuen baino gutxiago sortu edo inportatzen duten industria eta iharduerek.
2. Erregistroan inskribatzeko eskaria Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentura bidaliko da eta bertan datu hauek behintzat azaldu beharko dira:
a) Eskaria egin duen industria edo iharduera.
b) Hondakin toxiko eta arriskutsuak kudeatzeaz arduratzen den pertsona.
c) Ekoizpen prozesuaren deskribapen laburra, erabilitako lehengaiak, prozesuak eta azken ekoizkinak zeintzuk diren azalduz.
d) Urtean sortutako hondakin toxiko eta arriskutsuen mota eta kopuruak.
3. artikulua
1. Erregistroan inskribatzeko eskaria onartu edo ukatu egin ahalko da, hondakin toxiko eta arriskutsuek gizakien osasunari, baliabide naturalei edo ingurugiroari nolako kaltea egin diezaieketen kontutan harturik, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. Eraskinean aipatutako irizpideei jarraituz.
2. Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak eskaria egin duen industria edo iharduerari jakinaraziko dio Erregistroan sartzeko onartu dutela eta horren arabera sortzaile txikiaren izaera eskuratu duela, bai eta bere inskribapen zenbakia azalduko ere. Ukapena jaso badu ere horren arrazoiekin batera jakinaraziko zaio, eta hala izanez gero ez da hondakin toxiko eta arriskutsuen sortzaile txikitzat hartuko.
4. artikulua
Hondakin toxiko eta arriskutsuen sortzaile txikiek, Erregistroan inskribatzeko aurkeztu dituzten datuetan aldaketarik bada, horien berri eman beharko diote Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuari.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Ahalmena ematen zaio Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezko diren arauak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.