Castellano | Euskara | Français | English
703/1996 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 5EKOA, LEHENDAKARITZA ETA BARNE KONTSEILARIAK EMANA, BAJA AGIRIEN ETA BAJA LUZATU ETA ALTA HARTZEKO AGIRIEN EREDU OFIZIALAK ETA HORIEK EMAN, TRAMITATU ETA KONTROLATZEKO PROZEDURA ONESTEN DITUENA, HORI GUZTIA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAKO LANGILEEN ALDI BATERAKO EZINTASUNA, ERITASUN EDO ISTRIPUAREN ONDORIOZKOA, EDO AMATASUN LIZENTZIA DELA-ETA.
(1996ko 154. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 20an)
Atarikoa
Ekainaren 28ko 203/1993 Foru Dekretuaren bidez arautu zen Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak nola jardun behar duen, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ikuskapen medikoa egin eta, bertzeak bertze, alta medikoak ofizioz eman behar dituenean.
Aipatu Foru Dekretu horren 1. artikuluan baja agiriei eta baja luzatu eta alta hartzeko agiriei dagokien zirriborro modukoa prestatu zen, hori guztia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak eritasun edo istripuagatik aldi baterako ezintasunean daudenean. Jarduteko prozedura hori praktikoki aplikatu eta zehazteak berekin dakar Foru Dekretu hori betearazi eta garatuko duen arau hau onestea.
Era berean, ekainaren 28ko 203/1993 Foru Dekretuaren 1. artikulu horretan manatzen da baja agirien eta baja luzatu eta alta hartzeko agirien eredu ofiziala Foru Aginduaren bidez onetsi behar dela.
Horrenbertzez, agindu dut:
1. artikulua. Aplikazio esparrua.
Foru Agindu hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, horiek eritasun edo istripuagatik aldi baterako ezintasunean daudenean edo amatasun lizentzia dutenean, edozein izanik ere aplikagarri zaien segurtasun sistema eta gizarte aurreikuspena.
2. artikulua. Agirien eredu ofizialak.
1.-Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren edo Mufaceren kide diren langileek araubide horietan ezarritako agiri ofizialak izanen dituzte, hots, baja eta alta hartu eta baja luzatzekoak.
2.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek, artikulu honetako aurreko idazatian aipatutako bi araubide horietako bakar baten kide ez badira, Foru Agindu honetako Eraskinean dauden agirien eredu ofizialak erabiliko dituzte, hots, baja hartu eta alta eskatu eta baja luzatzekoak.
3.-Langileaz arduratzen den famili medikuak beteko ditu aurreko idazatietan aipatu eredu ofizialen araberako agiriak.
4.-Eredu ofizialekin bat ez datozen eta Foru Agindu honetan ezarritako galdakizunak betetzen ez dituzten agiri medikoak ez dira tramitatuko; behar diren oharrak egin ondoren, itzuliko dira eta berehala zuzentzeko eskaria eginen da.
3. artikulua. Baja agirien tramitazioa.
1.-Eritasun edo istripuagatik aldi baterako ezintasunean dauden langileek baja agiria aurkeztu beharko dute lanera agertzen ez diren bigarren egunean, Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo atxikita dauden erakunde autonomoko Zuzendaritzan.
2.-Langileaz arduratzen den famili medikuak beteko du baja agiria, haren laguntza eskatu eta hura ematen den egun berean. Agiri horrek hiru ale izanen ditu; lehena, famili medikua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantilakoa bada, ohiko bidetik igorriko da Nafarroako Lan Osasunaren Institutura, agiria eman eta biharamunetik hasi eta hiru egun naturaleko epean. Gainerako bi aleak, aldi baterako ezintasuna duen langileari emanen dizkio famili medikuak, lehena, egiaztagiri gisa beretako gorde dezan eta, bertzea, Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo atxikita dagoen erakunde autonomoko Zuzendaritzan aurkez dezan.
Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrari atxikitako langileei dagokienez, Idazkaritza Teknikoak edo erakunde autonomoko Zuzendaritzak berehala igorriko du aipatu agiri hori behar den Nomina Unitatera eta barne-kontrolerako haren fotokopia beretako gordeko du.
3.-Famili medikua ez bada Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantilakoa, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari dagokion alea Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo erakunde autonomoko Zuzendaritzan aurkeztuko du langileak eta handik berehala igorriko da aipatu erakunde autonomo horretara.
4. artikulua. Baja luzatzeko agirien tramitazioa.
1.-Eritasun edo istripuagatik aldi baterako lan ezintasunean dauden langileek astero aurkeztu beharko dituzte baja luzatzeko agiriak Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo atxikita dauden erakunde autonomoko Zuzendaritzan, Foru Agindu honetako 2. artikuluan ezarritako ereduei jarraikiz.
2.-Sortzapen-konputuari hasmenta emateko balioko duen baja luzatzeko agiria lehen aldiz emanen da aldi baterako ezintasun aldiaren laugarren egun naturalean, eta agiri horren hiru aleak tramitatzeko erabiliko den prozedura baja agiriendako 3. artikuluan ezarritako berbera izanen da.
3.-Baja luzatzeko hurrengo agiriak, astebete bakoitzean egoera horretan dagoela egiaztatzekoak, osorik betetako asteka emanen dira eta, orobat, aurreko artikuluan ezarritako tramitazioari jarraikiko zaio.
5. artikulua
Baja agiriak eta baja luzatzekoak emanen dituen famili medikuak agiri horien lehenbiziko bi aleetan jarriko du baja arrazoitzeko prozesuaren diagnostikoa zein den, argi eta garbi adierazita diagnostiko hori behin-behinekoa edo behin betikoa den. Behin-behinekoa bada, behin betiko diagnostikoaren berri emanen da, behin diagnostiko hori zehazturik, ematen den lehen agirian; prozesu hori zenbat luzatuko den ere adierazi beharko da. Idazati honetan aipatzen diren agiri horien aleetan zehaztuko da langileak atsedena etxean hartu behar duen edo ez.
6. artikulua
Nafarroako Gobernuko funtzionarioen Bahitetxera bildutako langileei dagokienez, departamentuetako idazkaritza teknikoek eta erakunde autonomoetako zuzendaritzek Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Antolamenduko Zerbitzuari jakinaraziko diote zein langilek bete duen urtebete aldi baterako ezintasunean, baita egoera horretan bi urte bete behar dutenak zein diren ere, bi kasu horietan daudenak berehala Ezintasunak Baloratzeko Nafarroako Epaimahai Medikoaren eskutan uzteko.
Egoera horretan jarraian hemezortzi hilabete daramaten langileak zein diren ere aditzera emanen dute, erregelamenduz ezarri bezala, haien ordainsariak % 75era murriztearren.
Artikulu honetako aurreko idazatietan ezarritakoak ondorioak sor ditzan, arrazoi bera dela-eta etorkizunean gerta daitezkeen baja-aldiak aurrekoei gehituko zaizkie, baja-aldi bat bukatu eta hurrengoa hasten den bitartean sei hilabete iragan ez bada behinik behin.
7. artikulua. Alta agirien tramitazioa.
1.-Famili medikuak alta gertatzen denean altaren agiri medikoa beteko du eta haren hiru aleak tramitatuko ditu, bajaren agiriak tramitatzeko Foru Agindu honetako 3. artikuluan ezarritako modu berean.
2.-Langileek Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo erakunde autonomoko Zuzendaritzan aurkeztuko dute alta agiria, eredu ofizialen araberakoa, agiri hori eman eta lehen lanegunean.
8. artikulua. Amatasun lizentzia.
1.-Amatasun lizentziari dagokionez, Foru Agindu honen artikuluetan dauden aurreikuspenak bete beharko dira eta, orohar, ondorengo idazatietan biltzen diren berezitasunak.
2.-Langile andreaz arduratzen den famili medikuak edo tokologoak amatasunaren agiri medikoa emanen du erditzen den egun berean.
3.-Langile andreak amatasun lizentzia erdi aitzin erabili nahi badu, famili medikuak noiztsu erdiko den adierazi beharko du agiri medikoan.
4.-Erditzea izanez gero langile andreek amatasunagatik eskubideko dituzten asteak iragan ondoren, famili medikuak alta hartzeko agiri medikoa emanen du.
5.-Amatasun lizentziak iraun bitartean, ez da baja luzatzeko agiririk eman edo aurkeztu beharko.
6.-Erdi aitzineko patologiarik bada, haurdunaldiari lotutakoa edo lotu gabekoa, eta horrek aldi baterako lan ezintasuna sortzen badu, eritasun arruntzat hartuko da eta medikuak baja agiria eta baja luzatzeko agiriak emanen ditu, alta hartu arte edo erditzearen bezpera arte; erdi ondoren, amatasunagatiko bertze agiri bat emanen da.
Era berean, amatasun lizentziaren eperik luzeenaz jarraian gozatu ondoren, langile andreak zeinahi patologiarik badu eta horrek lanera itzultzea galarazten badio, famili medikuak bertze baja agiri bat emanen du gertakizun horren berri emanda.
9. artikulua. Lekuz aldatzeko baimena.
1.-Langileaz arduratu eta eritasun edo istripuagatik aldi baterako lan ezintasunean dagoela irizten duen famili medikuak baimena eman dezake idazki baten bidez langile hori lekuz aldatzeko, hau da, bizi den herritik kanpora ateratzeko.
2.-Baimen horrek gehienez ere hilabeterako balioko du eta berekin ekarriko du gehienez ere baja luzatzeko lau agiri metatzea.
3.-Langileak, Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo atxikita dagoen erakunde autonomoko Zuzendaritzan aurkeztuko du lekuz aldatzeko baimena eta hortik berehala igorriko da kopia Nafarroako Lan Osasunaren Institutura.
4.-Famili medikuak aldi baterako ezintasunean dagoen langileari lekuz aldatzeko baimena ukatzen ahal dio, langile horrek eten behar badu ezarri tratamendua lekualdatze horrek iraun bitartean edo lekualdatze horrek langilearen egoera fisikoan kaltea sortu behar badu, haren sendakuntza edo hobekuntza eta, ondorioz, alta medikoa gibelatzen duela.
Beti ere, lekuz aldatzeko baimena ukatuko da Ikuskapen Medikoak edo Ezintasunak Baloratzeko Nafarroako Epaimahai Medikoak lekuz aldatzeko eskatu den epean haren prozesuaren berri izateko langilea deitzen badu.
5.-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Ikuskapen Medikoak noiznahi berrikus ditzake eritasun edo istripuarengatik aldi baterako ezintasunean dauden langileek lekuz aldatzeko eskatutako baimenak, hots, famili medikuak emandakoak, baimen horien gainean behar diren jarduketak egiteko asmoz.
10. artikulua
Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Ikuskatzailetza Medikoak, bidezkoa den jarduketa oro buruturik, langileen osasun egoera zein den noiznahi egiazta dezake eta, hala behar denean, erabaki haiek ospitaleratu edo haiei alta edo baja ematea.
11. artikulua
Foru Agindu honetan ezarritako beharkizun eta obligazioak betetzen ez badira behar den espedientea irekiko da, litezkeen diziplina erantzukizunak zehazteko asmoz.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek 1997ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.