(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Funtzio Publikoa :
    • Desgaitasuna, erretiroak eta pentsioak :
      • 203/1993 Foru Dekretua, ekainaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan dauden langileen ikuskatzailetza medikoa egin eta, besteak beste, alta medikoak ofizioz emateko eginkizunetan, ...

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

203/1993 Foru Dekretua, ekainaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan dauden langileen ikuskatzailetza medikoa egin eta, besteak beste, alta medikoak ofizioz emateko eginkizunetan, ...

203/1993 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 28KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUAN DAUDEN LANGILEEN IKUSKATZAILETZA MEDIKOA EGIN ETA, BESTEAK BESTE, ALTA MEDIKOAK OFIZIOZ EMATEKO EGINKIZUNETAN, NAFARROAKO LAN OSASUNAREN INSTITUTUA ARITZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA.

(Jatorrizko testua, 1993ko 88. NAOn argitaratua, uztailaren 19an. Aldaketak: 657/1996 Foru Dekretua, abenduaren 4koa)

Atarikoa

Nafarroako Lan Osasunaren Institutua sortu eta haren egitura organikoa eta eginkizunak ezartzen dituen abenduaren 28ko 435/1992 Foru Dekretuaren Laugarren Xedapen Gehigarriak xedatzen du ikuskatzailetza mediko-sanitarioaren eginkizunen artetik, alta medikoak ofizioz ematekoa egokituko zaiola Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari.

Beste aldetik, aipatu Xedapen Gehigarrian erraten da Foru Dekretu beraren Bigarren eta Hirugarren Xedapen Gehigarrietan ezarritakoa betetzeko asmoz, Lehendakaritza Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearen Kudeatzailetza-Zuzendaritzak zuzeneko harreman funtzionala izanen dutela Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Zuzendaritzarekin, Institutuaren zerbitzuen bidez, enpresako osasun zerbitzuak eta lan osasuneko ikuskatzailetza mediko sanitarioaren zerbitzuak diren aldetik dagozkion eginkizunak, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileekin, Lehendakaritza Departamentuarekin eta, hala behar balitz, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearekin ere zerikusia dutenerako, betetzeko asmoz.

Behin Nafarroako Lan Osasun Institutua egituratu eta martxan hasiz gero, beharrezko gertatzen da, Lehendakaritza eta Osasun Departamentuek paratutako irizpideetatik abiaturik, Ikuskatzailetza Medikoa egin eta, besteak beste, alta medikoak ofizioz emateko eginkizunetan, erakunde autonomo hura aritzeko prozedura ezartzea.

Beste aldetik, komenigarri jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileek, eritasuna edo istripua dela medio, izaten dituzten aldi baterako ezgaitasun egoerak egiaztatzeko gaurregun indarrean dauden irizpideak arautzea, Foru Dekretu honen artikulu multzoan sartu eta haiei buruz marko orokor bat finkatzeko.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Osasun Kontseilariek  proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamahirugarreneko ekainaren hogeita zortziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat eginez, dekretatu dut:

1. artikulua

1. Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak eritasun edo istripuagatik aldi baterako ezintasunean badaude, Departamentuko Idazkaritza Teknikoan edo atxikita dauden erakunde autonomoko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dute famili medikuak eman baja agiria, langilearen eritasunaren berri emanen duena, lanera agertzen ez diren bigarren egunean eta, astero, baja luzatzeko agiria, bajan dagoela egiaztatuko duena.

Langile bat eri dagoelako edo istripua izan duelako egun batez lanera agertu gabe egoten bada, izan duen eritasuna egiaztatzen duen mediku agiria, famili medikuak emandakoa, eskatzen ahalko zaio.

Agiriak, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez onetsiko diren eredu ofizialari egokituko zaizkio eta oso-osorik bete beharko dira.

2. Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileen lan absentismoa, eritasuna dela edo istripua dela, kontrolatzeko asmotan, eritasunak edo istripuak langileari ohizko lana egitea benetan galarazten dionean bakarrik baja hartzea begiratuko du. Orobat, langile horien jarraipena ere eginen du bajan behar den denboran bakarrik egon daitezen, eta behar diren neurriak hartuko ditu xede horiek betetzeko, hori dena, Lehendakaritza Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak funtzio publikoaren gaietan dituen ikuskatzailetza orokorraren ahalmenak deusetan ukitu gabe.

2. artikulua. Ikuskatze iharduketaren prozedura.

1. Departamentuetako Idazkaritza Teknikoek eta erakunde autonomoetako Zuzendaritzek aurreko artikuluaren 1. atalak aipatzen dituen agiriak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren arloko Laguntza Teknikorako Zerbitzura igorriko dituzte aurkezten diren egunean berean, Zerbitzuak ikuskatzailetza lana egin dezan.

2. Lan Osasunaren arloko Laguntza Teknikorako Zerbitzuari atxikitako Ikuskatzaile Medikoek agirien zuzentasuna aztertuko dute eta, hala erizten badiote, ukitutako langileei Ikuskatzailetza Medikoan agertzeko eskatuko diete azterketa medikoa egitearren. Halaber, aldi baterako ezgaitasun egoerak kontrolatzeko, etxeko bisitak eta behar adina ikuskatze iharduketa ere egiten ahalko dituzte, bai eritasunari berari dagokionean, bai langileak sendatzeko agindutako tratamendua jarraitzeari dagokionean.

3. artikulua. Alta medikoak ofizioz ematea.

1. Lan Osasunaren arloko Laguntza Teknikorako Zerbitzuari atxikitako Ikuskatzaile Medikoek, Zerbitzuko Zuzendariaren ekimenez, aldi baterako ezgaitasun egoeran edo behin-behineko ezintasunean dagoen langileari azterketa medikoa egiteko eskatzen ahalko diote, eta hura egindakoan, hala behar baldin bada, alta medikoa emanen diote, agiria emateko baldintza guziak betez eta alta agiriaren berri emanez.

2. Nolanahi dela ere, ondoan zerrendatzen diren kasuetan eta aldi baterako ezgaitasun egoeran edo behin-behineko ezintasunean dauden langileei Ikuskatzailetza Medikoak alta medikoa ofizioz emanen die eta lanpostura itzuli beharko dute. Honakoak dira kasuak:

a) Ikuskatzailetza Medikoak eskatutako azterketa medikoa egin nahi ez dutenak edo haren iharduketari traba paratzen diotenak.

b) Justifikatu gabeko arrazoia medio, medikuak emandako tratamendua uzten dutenak.

c) Beren kontura edo besteren kontura lanean ari direnak.

d) Iruzur egin dutenak.

Atal honetan aipatutako kasuetako batean harrapatutako langileei, organo eskudunak dagokien disziplina espedientea ere idekitzen ahalko die.

3. Ikuskatzailetza Medikoak alta agiria interesatuari eta haren famili medikuari igorriko die eta atxikia dagoen Departamentu edo erakunde autonomoaren Idazkaritza Tekniko edo Zuzendaritzara eta Lehendakaritza Departamentuko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzura bidaliko du.

4. Ikuskatzailetza Medikoak erabakitako ofizioko altaren kontra, ukitutako langileak ohizko helegitea paratzen ahal du Nafarroako Gobernuan eta, helegitea ebatzi bitartean, lanerako altan izanen da.

5. Alta ofizioz eman zaien langile horien geroko baja medikoak, alta eman eta hurrengo sei hilabeteetan bederen, Ikuskatzailetza Medikoak berak emanen ditu.

6. Alta medikoa ofizioz eman zaien langileek, hura eman eta biharamunean hasi beharko dute euren lanpostuetan, eta horrela eginen ez balute, dagokien disziplina espedientea idekiko zaie.

Hondar Xedapenetan Lehenbizikoa

Lehendakaritza eta Osasun Kontseilariei ahalmena ematen zaie Foru Dekretu hau garatu eta gauzatzeko behar diren adina xedapen eman ditzaten.

Hondar Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa