Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 137. NAOn argitaratua, azaroaren 6an)
Atarikoa
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 20 b) artikuluan adierazten duenez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan bermatuta egon beharko du, besteak beste, Oinarrizko Errenta izeneko prestazioak.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonentzako prestazioak bermatzen ditu, besteak beste, Oinarrizko Errenta izeneko prestazioa.
Oinarrizko Errenta arautzen duen apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretuak Oinarrizko Errenta eskuratzeko baldintzak adierazten ditu, eta tramitazio prozedura arrunta ezartzen du.
Gaur egungo krisi ekonomikoa dela eta, unean-unean gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen eskaerak ugaritu egin dira. Egoera horren adierazle bakarra baliabide ekonomikoen gabezia da, eta baliabide horiei dagokienez, Oinarrizko Errentaren gaur egungo tramitazio prozedura arruntak errenta eskuratzea atzeratzen du.
Apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretuaren 6.6 artikuluak azaltzen duenez, ez dute gizarteratu eta laneratzeko akordio bat sinatu beharrik izanen diru-laguntza hutsa besterik behar ez duten pertsonek, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko eta Gizarteratze eta Laneratze Lantaldeko arduradunek juzkatzen badute akordioak eta horren ekintzek ez dutela emendiozko probetxurik ekarriko.
Foru agindu honek Oinarrizko Errentaren eskari jakin batzuen tramitazio prozedura errazteko modua arautzen du. Horretarako, gizarte txostena egiteko betebeharra eta gizarteratu eta laneratzeko akordioa sinatzeko premia desagerrarazten ditu.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera, agindu dut:
Lehena. Aplikazio eremua.
Tramitazio prozedura erraztua aplikatuko zaie Oinarrizko Errentaren eskaera jakin batzuei: prestazio horren araudian eskatutako baldintza guztiak, salbu eta gizarteratu eta laneratzeko akordioa sinatzeari buruzkoa, betetzen dituzten pertsonenei, baldin eta pertsona horiek ezegonkortasun ekonomikoaz gain beste bazterketa eragilerik agertzen ez badute eta egoera hauetakoren batean badaude:
a) Beste inoren konturako langileak, egoera hauetan daudenak:
-Azken hamabi hilabeteetan langabezia prestazioa jaso dutenak.
-Azken hamabi hilabeteetan langabezia prestazioa agortu ondoren, langabezia sorospena jasotzen ari direnak.
-Langabezia sorospena Oinarrizko Errentarengatik egokituko litzaiekeena baino zenbateko txikiagoan jasotzen dutenak.
b) Beren konturako langileak, egoera hauetan daudenak:
-Gutxienez ere sei hilabete kotizatu dutenak azken urtean.
Bigarrena. Eskaeren balorazioa.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek baldintza eta inguruabarrak baloratu beharko dituzte, foru agindu honetan araututa dagoen bezala prozedura erraztea bidezkoa den ala ez erabakitzeko.
Hirugarrena. Dokumentazioa eta prozedura.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek Oinarrizko Errentaren prestazio ekonomikoa eskuratzeko espediente oro abiaraziko dute, interesa duen pertsonak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura zuzendutako eskaria eredu normalizatuan egiten duenean eta eredu horretan tramitazio prozedura erraztua aplikatzen dela agerrarazten denean, honako agiri hauek aurkeztuta:
-Eskatzailearen eta bizikidetzako familia unitateko gainerako kideen identifikazio pertsonala.
-Familia liburua.
-Laguntza eskatu aurreko urtean Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela egiaztatzeko agiria.
-Gaur egun zein helbidetan bizi diren, bertako bizikidetasun agiria.
-Enpleguaren Institutu Nazionalaren egiaztagiria, prestazioa jasotzen ari dela edo azken hamabi hilabeteetan prestazioa jaso dela egiaztatzeko, beste inoren konturako langileen kasuan.
Beren konturako langileei dagokienez, diru-sarrerei buruzko zinpeko aitorpena eta Gizarte Segurantzako azken kotizazio orriaren frogagiria.
-Familia unitateko kide guztien diru-sarreren ziurtagiriak (nominak, pentsioak, prestazioak edota entitate publiko edo pribatuetatik jasotako sorospenak) edo diru-sarrera horiek eskatu izanaren frogagiria, horrelakoak jasotzeko eskubidea izanez gero.
-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
Eskabidea bete ondoren, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura bidaliko da, baloratzeko eta laguntza kudeatzeko, araudi orokorraren arabera.
Prozedura hori ezin izanen da erabili ondoz ondoko bi aldi baino gehiagotan. Prestazioa urtebetez jarraian jaso ondoren, jatorrizko egoerak bere horretan irauten badu, eskabide berria edo prestazioaren berriztapena bide arruntetik tramitatu beharko da.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.