(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

120/1999 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Oinarrizko errenta arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 54. NAOn argitaratua, maiatzaren 3an; akats zuzenketa, 1999-07-30eko NAO. Aldaketak: 69/2008 Foru Dekretua)

 

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak hala aginduta, bere gain hartu zituen eskumen esklusiboak gizarte laguntzako gaietan, eta hortaz Nafarroako Parlamentuak Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea onetsi. Lege hartan dirulaguntzak aipatzen dira gizartetik baztertutako jendea gizarteratzeko edo txertatzeko balio duten neurritzat.

Apirilaren 6ko Gizarte Eskubideei buruzko 9/1999 Foru Legeak aditzera ematen du Nafarroako herritar guztiek eskubidea dutela oinarrizko errenta bat jasotzeko, herritar gisa dagozkien eskubide guztiak erabili ahal izateko. Haren artikuluetan ezartzen da errenta hori zenbatekoa izanen den gutxienez eta bai ere hartzaileak zer obligazio izanen dituen. Nafarroako Gobernuari ematen ere dio legearen edukia garatzeko ahalmena.

Nafarroako Gobernuak Bazterketa Sozialaren kontrako Plana eratu zuen eta Nafarroako Parlamentuak joan den otsailaren 5ean berretsi. Bertan oinarrizko errenta bat ezarri beharra azaltzen da, horren beharrean dauden nafar familien premien neurrikoagoa, lazeria gorrian dauden familia horiei diru sarrera minimo batzuk bermatzeko, hori gabe ia ezinezkoa baita aurrera egitea familia horietako kideak gizarteratzen.

Hartarako onesten da gaur Oinarrizko Errenta arautzeko Foru Dekretu hau, Gizarte Eskubideen Kartari buruzko 9/1999 Foru Legea garatzen duena eta bai lege honetako nola Bazterketa Sozialaren kontrako Planeko edukiak bere egiten dituena.

Foru Dekretu honetan famili unitate hartzailea zer den definitzen da, izan beharreko baldintza ekonomiko zein estrukturalak, familia horietako kideek onartu beharreko obligazioak eta laguntzok arautzeko gainerako baldintzak. Aipagarria da laguntza lotuta dagoela familiok Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko akordio batekin, laguntzak beren hartan gera ez daitezen gizarteratze asmoa ahaztuta.

Oinarrizko errenta, eta hori garrantzi handikoa da, gutxien-gutxieneko premiak asetzeko asmozko laguntza da eta hortaz premia espezifikoak asetzeko diren beste laguntza batzuekin batera daiteke.

Azkenik, arautu eta sinpletu egiten da oinarrizko errenta eman eta berritzeko Administrazio prozesua: onura edo interes sozialeko funts publikoen transferentziatzat jotzen da eta beraz Dirulaguntzei buruzko 8/1997 Foru Legearen pean ezartzen. Oinarrizko Errenta haren aginduen mendean dago eta beraz Administrazioaren isiltasuna ukatzearen balio berekoa da.

Hori horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak hala proposatuta eta Nafarroako Gobernuak 1999ko apirilaren 19an izandako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Oinarrizko Errentaren kontzeptua.

1.-Oinarrizko Errentaz zera aditzen da: Oinarrizko premiak asetzeko baliabiderik ez duten familientzako diru-prestazio periodikoa.

2.-Oinarrizko Errenta dirulaguntza osagarria eta subsidiarioa da indarra duen legeriak aurreikusten duen beste edozein baliabide eta gizarte prestaziorekiko, eta halakorik badago osorik eman beharko dira aditzera eskaera egin baino lehen.

2. artikulua. Unitate hartzailea

1.-Oinarrizko Errenta hartzen duen unitatea finkatzeko, honako kontzeptuak hartuko dira kontuan:

a) Famili-oinarria: eskatzailea eta haren ezkontidea edo harekin eite bereko maitasun harremana duen beste pertsona, indarra duten legeen arabera, eta berarekin bizi diren seme-alabak. Hauek ere hartuko dira Famili-oinarriko partetzat:

-Administrazioak edo Auzitegiek aginduta Familietan gerizatuta dauden adingabeak.

-Ikasten ari diren ikastetxetik hurbilago egoteko familiaren etxetik kanpo bizi diren seme-alabak.

b) Famili Unitatea: eskatzailea eta, hala tokatzen bada, harekin ezkontide gisa edo eite bereko maitasun harreman batean bizi diren pertsonak, zein ere den haien orientazio sexuala edo odolbidezko ahaidetasuna bigarren graduraino eta afinitate bidezkoa lehen graduraino.

2.-Oro har, Unitate Hartzailea Foru Dekretu honek Famili Unitatetzat definitzen duena bera izanen da. Famili Unitate bakoitzak zilegi izanen du, beraz, Oinarrizko Errenta bakarra jasotzea.

3.-Salbuespenez, zilegi izango da Famili Unitate bat berean bi Oinarrizko Errenta jasotzea baldin:

a) Famili Unitateak Famili-oinarri bat baino gehiago baditu eta oinarri haietako batek guraso bakarra eta adingabeak baditu.

b) Adingabeak dituzten bi famili-oinarri badaude Famili Unitatean, guraso bakarra izan ala ez izan.

4.-Unitate Hartzaile bi edo gehiago etxe berean bizitzen badira nolabaiteko batasun ekonomikoa eginaz, nahiz eta ahaidetasunik ez izan, ez da zilegi izanen osotara, Foru Dekretu honen arabera kide guztien baliabideak batuta, beste hainbeste kideko Unitate Hartzaile bakar bati legozkiokeena halako bat t'erdi baino gehiago jasotzea. Murrizketarik egin behar izaten bada, proportzionalki eginen da etxe berean bizi diren Unitate Hartzaileei dagozkien Oinarrizko Errenta bakoitzaren gainean.

3. artikulua. Oinarrizko Errentaren zenbatekoa.

1. Oinarrizko errentaren zenbatekoa unitate jasotzailearen baliabide ekonomikoak osatzeko behar dena izanen da, kopuru hauetara iristeko:

Pertsona bat: LGSaren %85eraino.

2 pertsona: LGSaren %105eraino.

3 pertsona: LGSaren %115eraino.

4 pertsona: LGSaren %125eraino.

5 pertsona: LGSaren %135eraino.

6 pertsona edo gehiago: LGSaren %145eraino.

2. Jaso beharreko kopurua ez da inoiz izanen LGSaren %10etik beherakoa. Diru kopuru horretara bilduko dira foru dekretu honen arabera kalkuluak egin ondoren zenbatekoa haren azpitik dituzten oinarrizko errentak.

4. artikulua. Kontatu beharreko ditu baliabideak.

1.-Famili Unitatearen diru baliabideak zein diren finkatzeko, hileko diru sarrera osoak eta haren ondarea hartuko dira, 4. atalean aurreikusten diren salbuespenekin.

2.-Diru sarrerak nola baloratu:

1.-Lan Errendimenduaren sarrerak.

a) Lan errendimendutzat hartuko dira bere gain nahiz besteren mende egindako lanak sortu dituen diru sariak. Halakotzat jotzen ere dira gizarte aurreikuspeneko erregimenetan dauden pentsio eta prestazioak, funts publiko nahiz pribatuetatik finantzatuak.

b) Besteren mende egindako lanaren errendimenduei kendu eginen zaizkie Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik pagatutako dirutzak.

c) Bere gain enpresa edo profesio jardueretan egindako lanaren errendimenduak jarduera enpresarial edo profesionalen errendimendu garbia izanen da, PFEZaren araudiaren arabera kalkulatua.

d) Lan jarduera irregularren errendimenduak, halakoa badela ezagun denean, modulu estandarizatuak ezarriaz kalkulatuko dira, jarduera mota, dedikazio denbora eta jardueraren intentsitatea kontuan harturik. Moduluok Foru Dekretu honen garapenean arautuko dira.

2.-Ondarearen errendimenduaren sarrerak.

Ondarearen errendimendutzat ondare elementuak esplotatzetik heldu diren errendimendu guztiak kontatuko dira.

3.-Ondarea nola baloratu.

1.-Errez dirutzeko moduko ondasun higigarrien balio osoa kontatuko da.

2.-Ondasun higiezinak baloratzeko katastroko balioa hartuko da aintzat. Hartarako kendu eginen zaizkio kalkuluari ondarearen gaineko zorrak, kreditu erakundearen ziurtagiri baten bidez kreditatuak, zorpeko ondarearen katastro balioaren, eskritura publikoaren edo eroste agiriaren % 50eraino.

4. 2. eta 3. ataletan aipatzen diren baliabide ekonomikoak kontatzean, ez dira kontuan hartuko honakoak:

1.-Diru sarrerak.

a) Helburu jakineko dirulaguntzak; halakoak dira larrialdiko laguntzak, etxebizitza erostekoak edo gizarte alokairukoak, bekak, jantokirako laguntzak eta eskola garraiorakoak, gizarteratzeko eta lan munduratzeko proiektuen diru pizgarriak eta Famili Unitatearen premia espezifiko bat asetzeko eman diren beste guztiak.

b) Eskatzailearen famili-oinarriaz kanpoko pertsonen pentsio edo prestazio eite berekoak edo eskatzailearen menpeko pertsonenak, PGSaren % 35eraino.

c) Gizarte Segurantzak zure kontuko seme-alabengatik ematen dituen prestazioak.

d) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak adingabeak familietan gerizatzearen gastuak berdintzeko ematen dituen diru prestazioak.

e) Lehendik Oinarrizko Errenta jasotzen ari diren Famili Unitateei lan jarduera berriek sortzen dizkieten sarrerak. Sarrera horiek luzeenez sei hilabetez salbuetsiko dira kalkulutik eta PGSaren % 60 baino gutxiagoko dirutzei soilik aplikatuko zaie.

2.-Ondarea.

a) Unitate Hartzaileak dituen ondasun higigarriak, urteko PGSaren % 50eraino balioa dutenak.

b) Foru Dekretu honetako 6. artikuluak aipatzen duen Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioak jorratzen duen gizarteratze prozesua betetzeko behar diren ondasun higigarriak.

c) Ohiko etxebizitza.

d) Familiaren etxeko ondasunak, salbu eta haren balioak salatzen badu familiak behar adinako diru baliabideak dituela.

e) Ibilgailuak, osotara gehienez 1.500.000 pezetaraino; haren balioa kalkulatzeko, ondorengotza, ondare-eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen eta batez ere zenbait garraiobideren gaineko zergak kudeatzeko ibilgailu erabilien salmenta prezio batez bestekoak onesten dituen araua hartuko da aintzat.

5.-Famili Unitatearen diru baliabideak nola kalkulatu.

1.-Hileroko sarrerak kalkulatzeko azken sei hiletako lanaren errendimenduko sarreren eta ondarearen errendimendukoen batuketa zati sei eginen da. Ondarea, berriz, eskaera egiten den momentuan eskuragai dagoena hartuko da kontuan.

2.-Ez da Oinarrizko Errentarik emanen hileko sarreren eta kalkulutik salbuetsi gabeko ondasun higigarrien batuketak Foru Dekretu honetako 3.1. artikuluak finkatzen dituen dirutzei goiti egiten badie.

3.-Ez da Oinarrizko Errentarik emanen Famili Unitatearen ondasun higiezinak, ohiko etxebizitza kenduta, urteko PGSren hamar halako baino gehiagoko balioa badute. Hori baino gutxiagokoa badute, Oinarrizko Errenta sei hiletarako emanen zaie, denbora horretan ondarea gauzatzearen baldintzapean, Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioak beste neurri bat justifikatzen ez badu.

5. artikulua. Oinarrizko Errenta jaso ahal izateko baldintzak.

1.-Honako baldintzak bete behar dira Oinarrizko Errenta jaso ahal izateko:

 1.-Bi urte lehenagotik egitez Nafarroan bizitzea.

 2.-Edozein Administraziori eta Gizarte Segurantzari lehenago eskatuta edukitzea zuzenbidez tokatzen zaizkien edonolako laguntzak, pentsioak edo subsidioak, bai eta janariengatiko pentsioa pagatu ezetik sortutako egintza legalak.

 3.-Gizatalde hauetakoren batekoa izatea:

a) 65 urte baino gutxiagoko eta 25 baino gehiagoko pertsonak.

b) Famili Unitate beregaina osatzen duten 25 urtez beherako pertsonak, Gizarteratzeko eta Lan Munduratzeko Proiektu batean sartuak. Ez dira Famili Unitate beregaintzat hartuko ohiko Famili Unitatetik kanpora egindako aldi bateko egonaldiak ikasten ari den ikastetxera hurbiltzeko.

 4.-Famili Unitatearen diru baliabideak osotara, azken sei hiletan Foru Dekretu honetako 3. artikuluan aurreikusten diren hileroko dirutzak baino gutxiago izatea.

 5.-Hala badagokie, Foru Dekretu honetako 6. artikuluak aipatzen duen Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa sinatu izana.

2.-Salbuespenez, zilegi izango da Famili Unitate batek baldintza guztiak betetzen ez baditu ere prestazioa jasotzea baldin inguruabarrak direla medio premia berezian badago.

6. artikulua. Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa.

1.-Oinarrizko Errenta jaso nahi duenak idatziz hartu beharko du konpromisoa Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordio bat sinatzeko Oinarrizko Errenta eman zaiola jakinarazi eta hurrengo bi hiletan.

2.-Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioan Administrazioak emandako laguntzak jasoko dira eta laguntza jasotzen duten pertsonek lan munduratzeko hartzen dituzten konpromisoak ere bai. Akordio honetan sartzen ahal diren ekintzak klase honetakoak izan daitezke:

a) Egonkortasun pertsonala, elkarbizitzaren oreka eta gizarteratzea eta gizartean, batez ere eguneroko ingurunean, partaidetza bultzatzeko behar diren elementuak garatzeko asmozko ekintzak.

b) Famili Unitate adingabeak nahitaez eskolatzea bermatzeko asmozko ekintzak.

c) Hezkuntza eta prestakuntzako ezagupen berriak bereganatu ala izateko behar diren aurrezko trebetasun-ohiturak beretu eta garatu ahal izateko ekintzak.

d) Prestakuntza jarduera espezifikoak edo prestakuntza maila edo lanbide gaitasuna lan merkatuaren eskarietara moldatu ahal izatekoak.

e) Lanpostu bat eskuratu ahal izateko ekintzak, dela besteren mende dela norbere gain (autoenplegu proiektua).

f) Osasun sistema orokorrean sartu ahal izateko ekintzak, bereziki tratamendu espezializatua behar den kasuetan edo desintoxikazio eta desohitze ekintza espezifikoak behar diren kasuetan.

g) Babes zentroetan gerizatutako adingabeak instituzioen babespetik atera eta gizarteratzeko prozesua errazteko asmozko ekintzak.

h) Gizarteratzea eta Lan munduratzea errazteko beste ekintza batzuk.

3.-Ez da zilegi izanen Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioan lan egitetzat jo daitezkeen ekintzak sartzea, eite hartako kontratu bat euskarri ez badute bahintzat.

4.-Edozein kasutan, Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioan jasotzen diren konpromisoak gora behera, konpromiso horiek garatzeak ez du trabatuko pertsona hartzaileak Akordioan aurreikusten ez den beste lan edo prestakuntza jarduera batean parte hartzea, Akordioa errebisatzea ezertan galarazi gabe.

5.-Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioan esku hartzen duten parteak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoetako arduradunak izanen dira alde batetik, eta bestetik laguntza hartzen duen Famili Unitatean Gizartetik baztertuta dauden edo hala izateko arriskuan dauden eta beraz Akordioko ekintzen onura jasotzeko moduan dauden adindunak.

6.-Ez dute Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordio bat sinatu beharrik izanen dirulaguntza hutsa besterik behar ez duten pertsonek, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoko arduradunek juzkatzen badute Akordioak eta Akordioko Ekintzek ez dutela emendiozko probetxurik ekarriko.

7.-Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa sinatu ondoren haren kopia bat bidaliko zaio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari Oinarrizko Errenta emateko espedientea osatzeko.

7. artikulua. Jarraipen soziala.

Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioak berekin dakar Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoek jarraipen bat egitea. Biek, ikusten badute mamizko aldaketarik izan dela Oinarrizko Errenta jaso-erabili egiten duten pertsonak Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko prozesuan, hala jakinaraziko dute, hartarako txosten sozial bat eginaz Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarentzat, eta honek, behar diren konprobazioak egin eta tokatzen diren neurriak hartuko ditu hala behar bada.

8. artikulua. Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa nola aldatu.

Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioak ebaluazioa egiteko epea jarriko du. Ebaluazio horrek aginduta edo parteak aurrez elkar adituta, zilegi izango da akordioaren edukia aldatzea edo aldi baterako akordioa etetea.

9. artikulua. Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa nola deuseztu.

Arrazoi honengatik deuseztuko da Akordioa:

a) Asmotan ziren gizarteratze helburuak iritsita egotea.

b) Hartzaileek, beren erruz, konpromisoko ekintzak egin ez izana.

c) Aurrez jarritako epea betetzea, non eta akordioa luzatzea erabakitzen ez den.

d) Parteen artean akordio arrazoitua egitea.

e) Ordenamendu juridikoan aurreikusten diren beste arrazoiak.

10. artikulua. Eskaera.

1.-Oinarrizko Errenta jasotzeko espediente guztiak interesatuak eskatzen duenean hasiko dira; hartarako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari zuzenduko dio eskaera, eredu normalizatuan eta behar den dokumentazioa erantsiz.

2.-Eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak aurreikusten dituen tokietan.

3.-Eskaera osatzen duten dokumentuak.

3.1.-Eskaera eredu normalizatua, interesatuak sinatua, eta haren barnean:

a) Sarreren eta ondarearen gaineko zinpeko deklarazioa.

b) Etxe berean harekin bizi diren pertsonen gaineko eta harekin duten harremanaren gaineko zinpeko deklarazioa.

c) Oinarrizko Errenta eman zaiola jakinarazi eta hurrengo bi hiletan Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordio bat sinatzeko konpromisoa.

d) Eskatzailearen konpromisoa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari aditzera emateko, hamabost eguneko epean, haren egoera ekonomikoan edo Famili Unitatearen osakeran izandako aldaketak, baldin diru baliabideak edo dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko pisua izan badezakete.

3.2.-Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia eta bai agiria izateko obligazioa duten Famili Unitateko beste kideena, eta Famili Liburuaren fotokopia ere, lehendik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren famili espedientean ez bazeuden.

3.3.-Bereizketa edo dibortzioaren epai judiziala edo hitzarmen arautzailea eta, hala tokatzen bada, jarritako pentsioa ez pagatzeagatik hasitako egintza legalak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren famili espedientean ez bazeuden.

4.-Oinarrizko Errenta eskatzen duten pertsonek ez badute helbide iraunkorrik, eskaera tramitatzen dien eta, hala tokatzen bada, laguntza eman eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioaren jarraipena egingo dien Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan jarriko dute helbidea Foru Dekretu honen ondorioetarako.

11. artikulua. Tramitazioa.

1.-Oinarrizko Errentaren eskaerak tramitatzea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari (Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren erakunde autonomoa) dagokie.

2.-Eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan sartu eta hurrengo hogei egun naturaletan Zerbitzu horrek dagokion dokumentazioa osatu eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari hau bidaliko dio:

2.1.-Eskaera eredu normalizatua, behar bezala betea.

2.2.-Foru Dekretu hau garatzean ezarriko den eredu normalizatuan egindako txosten soziala, gutxienez honako edukiak jasotzen dituena:

a) Eskaera egiterakoan aurkeztu behar diren dokumentuetako datuak, zeinen fotokopiak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren famili espedientea osatuko duten eta Famili Unitatea osatzen duten pertsonen egitezko elkarbizitzaren gaineko beste datuak.

b) Udal Erroldako datuak edo Nafarroan bizitzeko baldintza betetzen dela frogatzeko beste datuak.

c) Gizartetik baztertuta egoteko edo egoteko arriskuan izateko egoeraren deskripzio eta balorazioa; eskatzaileak bizi izan duen baztertze-gizarteratze prozesua, Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko prozesu baten beharrean dagoen ala ez, eta halako prozesu batenganako jarrera.

d) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak dituen antzeko beste datuak, zeharbidez nahiz zuzenean erdietsiak, diru premiazko egoeraren gainekoak.

3.-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak konprobatu eginen ditu Ekonomi eta Ogasun Departamentuan eskatzailearen Famili Unitatearen sarrera-ondareen gainean dauden datuak eta bai ere beste edozein Administraziok dituen eta Famili Unitatearen egoera baloratzeko ardurako izan daitezkeen datu guztiak.

4.-Aurkeztutako dokumentazioan akatsik edo kontraesanik atzematen bada, bai Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak nola Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izango dute eskatzaileari agintzea 10 eguneko epean aurkeztu ditzala espedientea osatzeko beharrezko iruditzen zaizkion datu guztiak, ohartaraziz horrela egiten ez badu eskaerari utzi egiten diola ulertuko dela eta espedientea aurreragoko tramiterik gabe artxibatuko dela.

12. artikulua. Ebazpena.

1.-Eskaerak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ebatziko ditu, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren erakunde autonomoa baita.

2.-Gaiaren eskumena duen organoak arrazoibidez ebatziko ditu eskaerak eta dagokion ebazpena jakinaraziko dio eskatzaileari, oinarrizko gizarte zerbitzuan eskaera aurkezten denetik berrogeita bost eguneko epean.

3.-Epe horretan jakinarazpenik izan ez bada, eskaera ukatutzat hartuko da.

4.-Foru Dekretu honetako 11. artikuluko 2. lerroaldean eta 12. artikuluko 2. lerroaldean aipatzen diren epeak eten eginen dira prozedura eskatzailearen erruz gelditzen denean.

13. artikulua. Aurrekontua.

Foru Dekretu honek arautzen dituen diru prestazioak ekitaldi bakoitzean Foru Komunitateko Aurrekontu Orokorren Legean eratzen den sailetik hartuko dira.

14. artikulua. Oinarrizko errenta hartzeko aldia.

1.-Oinarrizko Errenta, oro har, sei hiletarik emanen da. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak arrazoien gainean hala proposatzen badu, zilegi izango da gehienez 12 hiletarik ematea.

2.-Sei hiletarik berritu egin daiteke. 24 hiletaraino berritzerik izaten bada, eskaera berri bat sinatu beste dokumentaziorik ez da beharko, eta harekin batera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa sinatu duen Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoaren txostena, premia egoerak lehengoan irauten duela esan eta ordu arteko Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko prozesuaren berri ematen duena.

3.-Prestazioa 24 hilabete baino gehiago luzatzeko, eskaerarekin batera gizarteratze prozesuaren ebaluazio indibidual bat ere erantsi beharko da, prozesu horren aukeren gaineko beste aurreikuspen bat eta beste Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordio baten proposamena. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoak eginen dute ebaluazio, aurreikuspen eta proposamen hori, pertsona hartzailearekin lankidetzan. Proposamenarekin batera lan munduratzeko eskaintza bat aurkeztu behar da edo bestela espreski esan zergatik eskaintza hori ezin den.

15. artikulua. Oinarrizko Errenta nola sortu eta pagatu.

1.-Ebazpenak, eskaera, behar bezala betea eta Foru Dekretu honek eskatzen duen dokumentazioaz hornitua, sartzen den dataren hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunetik hartuko du indarra, atzerako balioz, eta, hala tokatzen bada, jakinaraztetik bi hilabeteetan Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa sinatzearen baldintzapean eginen da.

2.-Hilabete-buruetan eginen da pagua, eskatzaileak hautatu duen kontu korrontean edo libretan sartuz dirua.

3.-Oinarrizko Gizarte Zerbitzu eta prestazioaren titularrak baimen espresua eman duelarik, zilegi izango da pagua honakoetako bati egitea:

a) Bizileku duen establezimenduaren entitate arduradunari.

b) Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko prozesuan lagun egiten dion entitate publiko edo ekimen sozialekoari.

16. artikulua. Oinarrizko Errentaren zenbatekoa nola aldatu.

1.-Oinarrizko Errenta aldatzeko arrazoi izanen da Famili Unitatearen kide kopurua aldatzea edo prestazioa kalkulatzeko oinarri izan ziren diru baliabideak aldatzea.

2.-Oinarrizko Errentaren zenbatekoa aldatzeko, kide kopurua handitze horrek hilabete baino gehiago iraun behar du, eta gutxitzeak, berriz, hiru hilabete baino gehiago.

3.-Gizarteratze-bideetako aldi asko hain kolokak direlarik, Oinarrizko Errentaren zenbatekoa aldatzeko honako kasuetan hartuko da kontuan Famili Unitatearen baliabide gehikuntza:

a) Gehikuntza horrek hiru hilabete baino gehiago iraun duenean.

b) Itxuren arabera gehikuntzak epe hori baino gehiago iraun behar duenean (dela kontratu bat sinatu delako, familiaren ondarea gehitu delako edo antzeko nahiz gehiagoko iraunkortasuna bermatzen duen zerbaitengatik).

4.-Oinarrizko Errentaren titularraren diru egoera aldatzen bada, hala jakinarazi beharko dio Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari, ea honek txosten arrazoitua bidaliko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, zeinean proposatuko baita Oinarrizko Errenta aldatzea, harekin batera, hala tokatzen bada, alegatutako kausak frogatzen dituen dokumentazioa erantsiz.

5.-Oinarrizko Errenta aldatzeko kausa gertatu eta hurrengo hilaren lehenbiziko egunean gauzatuko da aldaketa.

17. artikulua. Titulartasun aldaketa.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izango du prestazioaren titulartasuna aldatu eta Famili Unitateko beste kide bati ematea, honako kasuetan:

a) Titularra hiltzen denean.

b) Titularra Osasun erakunde, erakunde sozial edo presondegi batean sartzen denean, itxura denez prestazioak iraunen duen adinako edo gehiagoko denbora baterako.

c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioari jarraipena egiten dion Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoak arrazoien gainean hala proposatuta.

18. artikulua. Oinarrizko Errentarako eskubidea noiz galtzen den.

1.-Honako kasuetako batean galduko da Oinarrizko Errenta:

1.1.-Konpromisoa hartu bezala Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa sinatzen ez denean Oinarrizko Errenta eman zaiola jakinarazi eta hurrengo bi hiletan.

1.2.-Emate Ebazpenak aurreikusten duen epea bukatu eta eskaera berririk egin ez denean.

1.3.-Foru Dekretu honetako 16. artikuluak aipatzen dituen aldaketek laguntza hartzeko baldintzez kanpo uzten badute Famili Unitatea.

1.4.-Oinarrizko Gizarte Zerbitzu eta Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Ekipoak hala proposatzen badute, Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa ez delako bete, titularraren erruz.

2.-Oinarrizko Errentarako eskubidea haren diru nahiz famili egoerako aldaketagatik galtzeko, Oinarrizko Errentaren titularra den pertsonak aldaketa horien berri eman beharko dio Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta honek txosten arrazoitua bidaliko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari Oinarrizko Errenta kentzeko proposatuaz.

18.3.-Kentzeko kausa gertatu eta hurrengo hileko lehenbiziko egunetik gauzatuko da Oinarrizko Errenta galtzea. Jakinarazte hori berandatu eta errentaren pagualdirik egiten bada, diru hori itzuli beharko da.

4.-Oinarrizko Errenta galdu ondoren, zein ere izan den galtzearen arrazoia, Famili Unitateak berriz sei hileko epean errentarako eskubidea beretzen badu, eskaera berria berritzea balitz bezala tramitatuko da.

19. artikulua. Etendura.

1.-Prestazioa berritzen ari den bitartean zilegi izango da prekauzioz etetea baldin eta igarbiderik atzeman bada Foru Dekretu honetako 18. artikuluak aipatzen dituen kasuetako bat gertatu dela.

2.-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ebatzi eginen du Oinarrizko Errenta mantendu, eten edo kendu egin behar den prekauziozko etendura erabaki eta hurrengo 40 egunetan.

20. artikulua. Oinarrizko Errentaren eskatzaile eta titularren betebeharrak.

1.-Pertsona interesatuak berak dira beren eskaeran jartzen dituzten datuen erantzule. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak konprobatu eginen ditu datuok Administrazioko beste fitxategietakoekin konparatuz eta ikuskaritza egiteko unitateei laguntza eskatuz.

2.-Oinarrizko Errentaren eskatzaile edo titular batek beharrezko datuak izkutatu edo gezurrezko informazioa ematen badu, galdu eginen du Oinarrizko Errenta eta zuzenez kontra jasotako dirua itzultzeko eskatuko zaio.

3.-Oinarrizko Errentaren titularrek honako eginbideak dituzte:

a) Oinarrizko Errenta bere helbururako erabiltzea.

b) Familia unitateko edozein aldaketa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari aditzera ematea, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean baldin aldaketa horrek Foru Dekretu honetan xedatzen denaren arabera titulartasuna aldatu edo Oinarrizko Errentaren zenbatekoa aldatu edo galtzea ekar badezake.

c) Foru Dekretu honetako 6. artikuluak aipatzen duen Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioa negoziatu, sinatu eta betetzea.

d) Lan eskaintza egokirik ez gaitzestea, kasuko araudiaren arabera eta sinatu duen Gizarteratzeko eta Lan-munduratzeko Akordioaren arabera.

e) Bere egoera ebaluatu behar duten pertsonen lana aisatu eta haiei lagun egitea.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Honako gizataldeentzako dirulaguntza periodikoak Foru Dekretu honetan xedatzen denaren menpe egonen dira:

a) 18 urtez gorako eta 25ez beherako diren, adingabeak babesteko programa batetik heldu diren eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak jarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak. Zilegi izango da kasu horietan laguntza zuzenean Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskatzea.

b) % 33 baino gehiagoko eta % 65 baino gutxiagoko ezintasuna duten pertsonak, ez badute ezintasun horrexegatik diru sarrerarik jasotzen eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren baldintzak betetzen badituzte. Talde horrentzako dirulaguntzen zenbateko gehienekoa Ezintasunagatiko Pentsio Zergaz Salbuetsia adinakoa izanen da.

Bi kasuetan, eskatzailearenak beste baliabiderik ez da kontuan hartuko 4. artikuluan xedatzen denaren arabera kontatu beharreko diru baliabideak finkatzeko.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik Oinarrizko Errenta berritzeko eskaerak bertan xedatzen denaren arabera tramitatu eta ebatziko dira.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean ebatzi gabe zeuden Oinarrizko Errenta jasotzeko eskaerak bertan xedatzen denaren arabera ebatziko dira, eta hala behar izaten bada, tramitatzeko behar den dokumentazioa osagarria eskatuko da.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar adinako eta behar bezalako sarbideak ez ditueino beste Administrazioetako datu baseak ikusteko eta Foru Dekretu honetako 10. artikuluko 10.3 lerroaldean eta 11. artikuluko 11.2 lerroaldean aipatzen diren dokumentuak eskuratzeko, honakoak erantsiko dira:

a) Familia unitateko kideek jasotzen dituzten INEMen prestazioak.

b) Familia unitateko kideek jasotzen dituzten pentsio edo prestazio publiko nahiz pribatuen frogagiriak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indargabetu egiten dira Foru Dekretu honetan xedatzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak, bereziki Familientzako eta Banakoentzako Prestazio eta Laguntzak Arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuko 6. artikulua aldatzen duen urtarrilaren 10eko 13/91 Foru Dekretua eta Foru Dekretu honetako 3. artikulua, Oinarrizko Errenta jasotzeko baldintzei buruzko guztian.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek 1999ko ekainaren 1ean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa