Castellano | Euskara | Français | English
(Jatorrizkoa 1990eko 87. NAOn argitaratua, uztailaren 20an. Aldaketak: 120/1999 Foru Dekretua, apirilaren 19koa; 13/1991 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa; 130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa)
Atarikoa
Martxoaren 30eko Gizarte Zerbitzuei buruzko 14/1983 Foru Legea Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren arau bidezko oinarrizko ingurumaria da. Lege horren Azken Xedapenak baimentzen zuen Nafarroako Gobernuari bera garatzeko behar hainbat ebazpen arau zezan. Hain juxtu ere, ahalmen hori erabilita, gizarte zerbitzuen arloan prestazio ezberdinak arautzeko zenbait arau eman dira.
Honako Foru Dekretu honek norbanakoendako eta familia unitateendako prestazio ekonomikoen eraentza gaurkotu eta batzea du xede, baita ahalik eta onuradun gehienei horiek eskuratzeko bidea ematea ere.
Foru Dekretu honek bi prestazio mota generiko ezartzen ditu: zuzenekoak eta zeharkakoak. Zuzenekoek oinarrizko beharrak ase ditzaten irabazi batzuk erdiesteko bidea emanen die onuradunei. Atal honen barrenean aipamen berezia merezi du Oinarrizko Errenta delakoak, aldizkako laguntza orokorren ordezkoa izanik, haien aldean aitzinapen kualitatibo zein kuantitatiboa baitakar, aldi berean kontraprestazio gisa onuradunek lan-gizarte iharduerak burutzarekin lotzen dela.
Bertzalde, zeharkako prestazioek halako zerbitzuak behar dituzten onuradunak sorosteko zentru edo egoitza bati ematekoak izatea dute ezaugarri.
Azkenik, prestazioak eskuratzeko prozedura zehazten da, izapidetzan eraginkortasun haundiagoa lortzen saiatuz eta hiritarrei Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen bidez beren eskakizunak bideratzea erreztuz.
Horiek horrela, Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 1990.eko ekainaren 28an hartu zuen Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Gizarte zerbitzuen arloan prestazioak eta norbanakoendako eta familiendako laguntzak ezarri eta batzea da Foru Dekretu honen xedea.
2. artikulua. Prestazioen izaera.
Arautzen diren prestazio eta laguntzek ondoko izaera izaten ahalko dute:
a) Haien inguruarabar edo premiak direla eta laguntza beharra duten norbanakoendako zein familia unitateendako zuzeneko prestazio ekonomikoak.
b) Egonaldi hitzartuetarako prestazio ekonomikoak zentru edo egoitzetan, sorospen hauek behar dituzten pertsonendako.
3. artikulua.
4. artikulua. Aurrekontuetako kontsignazioa.
Beti ere, laguntzak ematea, eskeen ebazpen administratiboaren unean aurrekontuetan horretarako dagoen kontsignazioak baldintzapetuko du.
II. KAPITULUA. Zuzeneko prestazio ekonomikoak
5. artikulua. Kontzeptua.
Modu ezberdinetan ageri diren lehen premiak betetzeko irabaziak eskuratu beharrez, norbanakoei zein familiei ematen zaizkien laguntzak dira zuzeneko prestazio ekonomikoak.
Zuzeneko prestazio ekonomikoak ondoko modalitateetariko batean mamitzen ahalko dira:
Oinarrizko Errenta. Aparteko laguntzak. Familia eta gizarte integrazioa gerizatzeko laguntzak. Sorospen espezialduetarako laguntzak. Bakarlanerako proiektuetarako laguntzak.
Ume-zurztegitik ateratako helduendako laguntzak.
6. artikulua. Oinarrizko Errenta.
1. Bizilagun bakarreko etxeetarako eta familia unitateendako prestazioa, haien lehen premiak betetzea bermatzen duten diru irabaziak eskuratzean mamitzen dena, da Oinarrizko Errenta.
Haren zenbatekoa, hileoro hartuko dena, 33.000 pezetakoa da. Zenbaki hori 5.000 pezetatan gehituko da famili unitateko kide bakoitzeko, eskatzailea izan ezik, profesio arteko alokairu minimoa inola ere gainditzen ahalko ez dela.
Oinarrizko Errentatik pertsonak edo famili unitateak hartzen dituen irabaziei dagokien zenbatekoa kenduko da, nondik nahi heldu den ere.
Laguntza hamabi hilabetez eskuratzen ahalko da gehienez, luzapen eske berrirako parada bada ere. Eskea aurkeztu eta hurrengo hilabetearen lehen egunetik aitzina debengatuko da.
2.-Laguntza hauen eskatzaileak ondoko baldintzak bete beharko ditu:
a) Etxe independientea eratu, gutienez hemezortzi hilabeteko antzinatasunaz. Udalaren ziurtagiriaren bidez kreditatu beharko du. Salbuespen gisa, famili kargak dituzten pertsonek Oinarrizko Errenta eskuratzen ahalko dute, bizi-unitatea edozein delarik ere, baldin eta famili unitate horren "errenta per capita" Oinarrizko Errentan legokiekeen zenbatekoa baino txikiagoa baldin bada. Dena den, ezin izanen dira bi Oinarrizko Errenta eskuratu etxe independiente batean.
Halaber, epe hori salbuespenez murrizten ahalko da, familia kargak dituzten pertsonak ukitzen dituzten gizarte larritasun egoerak gertatzen direnean nahiz aldi bateko ezkontza haustura kasuetan.
b) 25 urte baino gehiago eta 65 urte baino gutiago izatea, edo 25 urte baino gutiago izanik ere famili unitatea eratzea.
c) Enplegu eskatzailea izatea.
d) Zer udalerritan bizi den, han herrilurrik baldin bada hura eskatu izana kreditatzea eta, hala baldin bada, ukapenaren arrazoia.
e) Pertsonaren edo famili unitate osoaren irabaziak, urteko konputoa oinarri harturik, epe berean laguntza hauen bitartez egokitzen ahal zaizkionak baino tikiagoak izatea.
f) Ez eskatzailea ez bere famili unitateko edozein kide, ondasun higiezin edo higigarrien jabe edo gozamendari ez izatea, haien ezaugarriek, balioespenak eta ustiatzeko edo saltzeko aukerek baliapide aski dituela erakusten badute.
Salbuetsirik gelditzen da norbere erabilpenerako etxebizitza, haren katastro balioak hamar milioi pezeta gainditzen ez badu.
Balioespen hori urteoro gaurkotuko da Kontsumorako Prezio Indizearen arabera.
3.-Frogatutako premia kasuetan, Oinarrizko Errenta bateragarria izanen da Nafarroako Gobernuaren aparteko laguntzekin. Hauek ematen baldin badira, Oinarrizko Errentaren aldikotasun bera izanen dute.
4.-Ez-ohizko kasuetan salbu, Oinarrizko Errentaren onuradunak beharturik egonen dira beren baldintza eta gaitasun pertsonalekin bat heldu den iharduera soziolaboralen bat egitera kontraprestazio gisa.
Iharduera horiek Herrialdeko Gizarte Ongizate Zerbitzuak proposatuko dizkie onuradunei, gizarteratzeko neurri gisa. Bertzeak bertze, ondoko tankera hauetakoak izanen dira:
a) Enpresetan edo entitate publiko zein pribatuetan sartu eta bideratutako lan iharduerak.
b) Ororendako interesgarri eta irabazi-xederik ez duten iharduera soziolaboralak (Babestutako gizarte enplegua).
c) Lanbide kualifikazioa hartzeko edo hobetzeko prestakuntza.
d) Lana bilatzeko ekintzak.
e) Gizarte autonomia errezteko edo berreskuratzeko ekintzak.
18 urtez goitikoek, Oinarrizko Errentaren onuradunak ez badira eta Herrialdeko Gizarte Ongizate Zerbitzuaren ustetan gizarteratu beharrekoak baldin badira, gizarteratzeko ihardueretan parte hartzen ahal dute.
Oinarrizko Errenta harturik arestiko a) eta b) ataletan biltzen diren iharduerak burutzen dituztenek bertzerik gabe utziko diote prestazio horren onuradun izateari.
Proposatutako kontraprestazioari uko egiteak edo hura funtsean ez betetzeak dirulaguntzaren ukatzea edo ezeztapena ekarriko du, behar ez bezala hartutakoa itzuli beharko dela. Halaber, kontraprestazio hori lan kontratu batean gauzatzen denean eta langilea epai judizial irmo baten bitartez hari egozten ahal zaiola botatzen dutenean, egitate hori kontraprestazioari egindako ukotzat hartuko da, ondorioz Oinarrizko Errenta eskuratzeko ezina gertatuko zaiola.
5.-Partaidetza organo gisa, Oinarrizko Errentaren arloko ekintzen Jarraipenerako Batzordea sortzen da. Administrazioaren hiru ordezkarik eta gizarte eta ekonomia interlokutoreen hiru ordezkarik osatuko dute, azken hauetarik bi Sindikal Erakunde errepresentagarrienetako kide eta hirugarrena Enpresari Erakunde errepresentagarrienetakoa izanen direla.
Batzordeko idazkari lanetan, Herrialdeko Gizarte Ongizate Zerbitzuaren Hitzarmen, Dirulaguntza eta Prestazio Ekonomikoetarako Atalburua arituko da, hizpidez eta boturik gabe.
Jarraipen Batzordekideen hautaketa Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariak eginen du, parteek proposatuta. Hiruhilabetean behin bilduko da programaren garapen eta bilakaeraz ihardukitzeko.
7. artikulua. Aparteko laguntzak.
1. Premia larriko egoerak konpontzea eta, bertzeak bertze, elbarrien higikortasuna sustatzea helburu dutenak dira aparteko laguntzak.
2. Laguntza hauek pertzepzio bakarrekoak dira eta ez aldizkakoak. Haien zenbatekoa kasuan kasuko ez-ohizko inguruabarren arabera moldatuko da. Ematerakoan ondoko erizpideei segituko zaie:
Sortutako behar mota. Haren premiazkotasuna. Eskatzailearen egoera sozioekonomikoa. Egoeraren ez-ohizkotasuna.
8. artikulua. Familia eta gizarte integrazioa gerizatzeko laguntzak.
1. Familia statusa eta gizarte eta geografi errotzeari eustea posible egiten dutenak dira familia eta gizarte integrazioa gerizatzeko laguntzak, pertsonak zentruetan barneratzea galeraziz, barneratze horren zioa behar hainbat diru baliabide faltan oinarritzen denean.
Salbuespenez, etxez etxeko sorospenerako laguntzak ematen ahalko dira, onuradunak zerbitzu pertsonalak bere etxean har ditzan, edo bere hartan egunerokoak burutu ahal izateko ezinbertzezko diren halako ondasunak eros ditzan.
2. Laguntzen hileko gehienezko zenbatekok ez du Profesio Arteko Alokairu Minimoa gaindituko.
3. Laguntza hauen onuradunak izanen dira artikulu honen 1. idatz-zatian deskribatzen den egoeran daudenak, baldintza hauek betetzen badituzte:
-18 urtetik gorakoak eta 65 urtetik beherakoak izatea.
-Laguntza eskatu aurreko bi urteetan Nafarroan bizi izan dela frogatzea.
-Edozein administraziotan eta Gizarte Segurantzan dagozkion pentsioak edo sorospenak, edozein motatakoak, eskatu izana aldez aurretik.
-Bazterketa sozial larriko egoeran egotea eta bizirauteko oinarrizko beharren kostuari aurre egiteko adinako baliabiderik ez izatea.
-Ingurune normalizatuan bizimodu autonomoa izatea galarazten dion narriadurarik ez izatea.
-Eskaera oinarrizko gizarte zerbitzu batek tramitatua izatea eta zerbitzu horren gizarteratze programan sartua.
9. artikulua. Sorospen espezialdurako laguntzak.
1. Ebazpen honen ondorioetarako, errehabilitazio izaerako anbulategiko tratamendua da sorospen espezialdua, baldin eta bertze prestazio batzuek bere gain hartzen ez badute eta Foru Komunitatean diren errekurtso arruntetan bideratzea ezinezkoa baldin bada.
2. Tratamendu hauek posible egiteko laguntzak pertsonak edo familia unitateak hartzen dituen irabazien araberakoak izanen dira, ondoko baremo honi loturik.
Errenta per capita Tratamenduaren kostearen laguntzaren portzentaia
Urteko PAMaren %25a bitarte %100
Urteko PAMaren %25-35 bitartean %95
Urteko PAMaren %35-50 bitartean %85
Urteko PAMaren %50-60 bitartean %75
Eman beharreko gehienezko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko profesio arteko alokairu minimoaren laurdena.
3. Laguntza hauen onura, artikulu honen 1. atalak aipatzen duen zentzu berean sorospen espezialdua egiazki behar dutenek hartzen ahalko dute, haien errenta per capita aitzineko atalak xedatzen duenari egokitzen baldin bazaio.
10. artikulua.
11. artikulua. Ume-zurztegiko pertsonendako laguntzak.
Nafarroako ume-zurztegitik heldu diren helduendako laguntzak abenduaren 10eko 256/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari lotuko zaizkio.
III. KAPITULUA. Zentru edo egoitzetako egonaldi hitzartuetarako zeharkako prestazio ekonomikoak
12. artikulua. Egonaldi hitzartuetarako prestazioak.
Egonaldi hitzartuetarako prestazio ekonomikoak, egonaldiaren ordainketari aurre egiteko diru baliabide aski ez izanik, zentru edo egoitza batean barneratu beharra duten zahar, minusbaliatu eta haurrendako ezartzen dira.
Prestazio hauek Zentru edo Egoitzari ordainduko zaizkio, haien helburua halako onuradun baten egonaldia pagatzea delarik.
Onuradunak edo haren legezko ordezkariak sortzen den zorra onartzen duen dokumentua sinatu beharko du. Zorraren kobrantza haren ondasunen bidez burutuko da jadanik zerbitzuak ematen ez zaizkionean edo, hala behar bada, hil ondotik.
Zorra onartzeak ondasunik eskuz aldatzeko ezintasuna dakar, kitatzen ez den bitartean.
13. artikulua. Egonaldien gehienezko zenbatekoa.
Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariaren Foru Agindu baten bidez, urteoro ezarriko da egonaldi hitzartuengatik gehienez eskuratu beharreko zenbatekoa, onuradunen baldintzen eta sarrera eta kosteetan izaten diren aldaketen arabera.
Lehen saila. Zaharrak sorosteko egonaldi hitzartuetarako prestazioak
14. artikulua. Zahar indardunak.
Egonaldi hitzartuetarako prestazioak eskuratzen ahalko dituzte ondoko baldintzak betetzen dituzten zahar indardunek:
a) 65 urte beteak izatea edo, adin hori ez izatekotan, bere buruz bizi ezina.
b) Zaintzera beharturik dagoen senitartekorik ez izatea edo, izatekotan, materialki zaindu ezina suertatzen zaienean.
c) Pentsio asistentzialaren edo haren ordezko kontzeptuaren zenbatekoa baino gehiagoko diru sarrerarik ez izatea, nondiknahi hartzen dituen ere, eta ondasunik eskuz aldatu ez, ezta pentsio, asignazio edo bertze sarreraren bati ez uko egina.
15. artikulua. Zahar ezinduak.
Zahar ezinduek egonaldi hitzartuetarako prestazioak eskuratzen ahalko dituzte ondoko baldintzak betetzen badituzte:
a) 65 urte beteak izatea.
b) Ezintasun egoeran egotea.
c) Zainpeko plaza eraentzan sorotsirik egoteko egiazko beharra izatea, organoetan edo funtzio motorean akats larriak direla eta, bertze pertsona baten laguntza nahitaez behar izateagatik.
d) Egonaldiaren kostea ordaintzeko diru sarrerarik aski ez izatea, eta ondasunik eskuz aldatu ez, ezta pentsio edo bertze sarreraren bati ez uko egina.
Bigarren saila. Ezinduak sorosteko egonaldi hitzartuetarako prestazioak
16. artikulua. Minusbaliatuen egonaldietarako prestazioak.
Pertsona minusbaliatuek, zentru espezialduetan edo egoitzetan egonaldi hitzartuetarako prestazioak eskuratzen ahalko dituzte ondoko inguruabarrak suertatzen direnean:
a) Minusbaliako agiri ofiziala izatea.
b) Barneratze eraentzan sorotsirik egoteko egiazko beharra izatea, organoetan edo funtzio motorean akats larriak direla eta, bertze pertsona baten laguntza nahitaez behar izateagatik.
c) Senitartekorik edo behar bezala sorotsita egoteko baliabiderik ez izatea. d)
Familia unitateak egonaldia ordaintzeko aski diru sarrerarik ez izatea.
17. artikulua. Elbarriendako, adimen eta zentzumen urrikoendako bekak.
1. Zentru okupazionaletan, zentru espezialduetan edo egoitzetan sorotsitako elbarriendako, adimen eta zentzumen urrikoendako bekak otsailaren 5eko 620/1981 Errege Dekretuak arauturik daude.
2. Laguntza horien kudeaketa Foru Administrazioari dagokio, arau horrek eta hura garatzeko emandako xedapenek dioten bezala.
Hirugarren saila. Haurrak sorosteko egonaldi hitzartuetarako prestazioak
18. artikulua. Haurren egonaldietarako prestazioak.
Haurrak egonaldi hitzartuetarako prestazioen onuradunak izanen dira ondoko baldintzak betetzen baldin badituzte:
a) Adinez tikia izatea eta burujabe ez izatea.
b) Nafarroan bizitzea.
c) Haurra behar bezala sorostea galerazten duen familia problematika larria izatea, edo egiazki barneratu beharra izatea.
d) Haurra sarturik dagoen familia unitateak egonaldiaren kostea ordaintzeko aski diru sarrerarik ez izatea.
IV. KAPITULUA. Kudeaketa eta prozedura
19. artikulua. Organoa.
Foru Dekretu honek jorratzen dituen prestazioen izapidetza eta ebazpena Herrialdeko Gizarte Ongizate Zerbitzuari dagokio. Hura Nafarroako Gobernuaren Erakundea Autonomoa da eta Lan eta Gizarte Ongizate Departamentuari atxikia.
20. artikulua. Eskagiriak.
1. Edozein laguntza eta prestazio eskuratu ahal izateko eskagiriak nork bere Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoaren bitartez bideratuko ditu eta zerbitzu horiek martxan ez baldin badira, gizarte sorospenaren arloko zerbitzu eskudunen bitartez.
2. Zerbitzu horiek, egoera eta, hala behar bada, laguntzaren beharra isladatuko duen gizarte txostena erantsiko diete eskagiriei.
21. artikulua. Dokumentazio orokorra.
1. Arau honek aipatzen dituen prestazioetarik edozein eskuratu ahal izateko, 11. eta 17. artikuluek jorratzen dituztenak izan ezik, horiek beren arauteria berarizkoari lotzen baitzaizkio, eskagiriari ondoko dokumentazioa erantsi beharko zaio:
Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
Izanez gero, Familia Liburuaren fotokopia, eta familiakide kopuruaren zerrenda, familiaburuarekiko zer ahaidetasun lotuera duten zehaztuz.
Erroldaketaren ziurtagiria, haren antzinakotasuna kreditatuz.
Foru izate zibilaren frogagiria Nafarroatik kanpora sortutakoendako, Foru Komunitatean bizitzen hamar urte baino gutiago baldin badaramate.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Aitorpen horiek aurkeztera legezko beharkizunik ez baldin badute, hartzen dituzten irabaziei eta dauzkaten ondasunei buruzko zinpeko aitorpena eginen da.
Nolanahi ere, urte horretako irabaziei buruzko zinpeko aitorpena erantsi beharko da.
2. Laguntza mota bakoitzerako hura emateko behar diren inguruabar berarizkoak kreditatuko dira.
22. artikulua. Epea.
Laguntzak ebazteko epea Prozedura Administratiboari buruzko Legeak agintzen duena izanen da.
23. artikulua. Prestazioen hastapena.
Aldizkako laguntzak eskagiria aurkeztu ondoko hilearen lehendabiziko egunean debengatuko dira.
24. artikulua. Iraungipena.
Laguntzak iraungiko dira ondoko arrazoietariko batengatik:
a) Galdatutako betebehar edo baldintzaren bat galtzea.
b) Onuraduna hiltzea.
c) Laguntza erdiesteko iruzurrez jokatzea.
Lehendabiziko Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu honen ondorioetarako, familia unitatetzat bik edo pertsona gehiagok osatutako elkar-bizitzako unitatea hartuko da, haien arteko lotuera ezkontzaz, edo ezkontzaren antzeko afektibitatezko harreman iraunkorraz, seme-alabaordetzaz, odolkidetasunez bigarren graduraino beherako lerro zuzenean eta lehen graduraino gorako lerro zuzenean, eta afinitatez lehen graduraino gauzatzen denean.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu honek jorratzen dituen prestazio eta laguntzek subsidiario izaera dute Estatuko Administrazioaren eta Gizarte Segurantzaren Entitate Kudeatzaileen zerbitzuetatik har daitezkeenekiko.
Lehendabiziko Xedapen Iragankorra
Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik, aldizkako laguntzen onuradunak bertzerik gabe Oinarrizko Errentaren onuradun izatera pasatuko dira. Haien bukaera aurreikusitako datan gertatuko da.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Foru Dekretu honek indarra hartzean oraino ebatzi ez diren aldizkako laguntzarako eskeak Oinarrizko Errentarako eskeak bilakatuko dira. Beharra balitz, izapidetzarako dokumentazio osagarria eskatuko litzateke.
Xedapen Derogatzaile Bakarra
Indargabeturik gelditzen dira Foru Dekretu honek agindutakoaren aurka egiten duten lerrun bereko edo gutiagoko xedapenak, eta bereziki martxoaren 10eko 91/1988 Foru Dekretua, zaharrak, minusbaliatuak eta haurrak egoitza eta zentruetan sorosteko dirulaguntzei buruzko Arautegia onesten zuena, eta 1988.eko martxoaren 2ko Foru Agindua, Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariak emana, Herrialdeko Gizarte Ongizate Zerbitzuak kudeatutako dirulaguntzak emateko erizpideak ezartzen zituena.
Azken Xedapenetan Lehendabizikoa
Esku ematen zaio Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariari, Foru Dekretu honek agintzen duena aplikatu eta garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko, eta bereziki, Kontsumorako Prezio Indizearen bilakaeraren eta aurrekontuetako kontsignazioaren arabera zenbateko ez aldagarriak urteoro gaurkotzeko.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean hartuko du indarra.