Castellano | Euskara | Français | English
175/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, ehorzketaren gastuak zehaztu eta mugatzen dituena, zahar-etxeetako zerbitzuen onuradunei nolako zorra eskatu behar zaien zehazteko ondorioetarako.
(2012ko 101. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 29an)
Atarikoa
Zahar-etxeetako egonaldiak finantzatzeko erabiltzaileek ordaindu beharrekoa arautzen duen abenduaren 29ko 17/2000 Legeak, 8. artikuluan, ezartzen du ezen, hilean ordaindu beharrekoarekin ez badute erabiltzaileek hileko prezio guztia ordaintzen, zorra eginen dutela Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Institutuarekin; zorraren zenbatekoa, hain zuzen ere, honakoa izanen da: erabiltzaileak ordaindutakoaren eta Institutuak bere zahar-etxeetarako edo itunduetarako ezarritako prezioaren arteko aldea.
Bestalde, 17. artikuluan adierazten da edozein arrazoi dela medio zerbitzua emateari utzi eta orduan eskatu ahalko zaiela zorra zor bateratua duten erabiltzaileei, edo, baita ere, zorrak bermeak gainditzen dituenean. Ordaindu gabeko zorra zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko da, eta diru-bilketarako ezarritako prozedura orokorren bidez eskatuko, premiamendu bidea barne.
Erabiltzailea hildakoan zerbitzua egiteari utzita, zor bateratuaren zenbatekoa zehaztu behar da, Foru Berriaren 318. Legean aurreikusitakoa aintzat hartuta, bertan adierazten baita ehorzketaren eta hileten gastuak herentziatik hartzekoak direla.
Kode Zibilak, 1924.2 b) artikuluan, ezartzen du hileten gastuak lehentasunezkoak direla hildakoaren herentziatik hartzerakoan.
Zor horien lehentasunak Administrazioaren eskubide ekonomikoei kalterik ez egiteko, zehaztu eta mugatu behar dira.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.b) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da ehorzketa gastuak zehaztu eta mugatzea, aintzat hartu beharrekoak zahar-etxeetako zerbitzuen onuradunei azkenean nolako zorra eskatu behar zaien zehazterakoan.
2. artikulua. Definizioa.
Ehorzketa gastutzat hartuko dira hildakoaren ehorzketarekin eta hiletekin zerikusia duten gastu guztiak, tokian tokiko usadio eta ohiturei jarraikiz.
3. artikulua. Zenbatekoa mugatzea.
Ehorzketaren zorra zehazterakoan aintzat hartu beharreko gastuak, guztira, ezin dira 4.500 eurotiko gorakoak izan, benetako zenbatekoa gorabehera hura gainditzen duenean.
4. artikulua. Justifikazioa.
Hildakoaren oinordekoei dagokie, edo, bestela, herentzia jasogabearen ordezkariei, gastu horien justifikazioa aurkeztea haiek ordaindu direla frogatzen duten faktura eta ordainagirien bitartez.
Hartutako zorra aitortzen duen eta hura ordaintzeko agintzen duen ebazpen administratiboa eman aurretik aurkeztu beharko da justifikazio hori.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Foru agindu honetan xedatua aplikatu beharko zaie foru agindu honek indarra hartu baino lehen kitatzeko tramiteak hasita dituzten ordaindu gabeko zorrei.
Azken Xedapenetako Lehena
Gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den kontseilariari ahalmena ematen zaio foru agindu honetan ezarritako muga eguneratzeko edo aldatzeko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.